Enpo egin arte irakurri nuen Etxeberriren “Manuala”

Gidor Bilbao Telletxea

Jon Casenave adiskideak gonbidaturik, “Zertarako irakurri behar ditugu euskal klasikoak?” izeneko mahai-inguruan parte hartu nuen oraintsu, Baionako Euskal Museoan. Bereziki 1545-1800 bitartean idatzitakoak zertarako irakurri behar ditugun argudiatzea zegokidan niri.

Munduko klasikoen aldean euskal klasikoek duten balio erantsiaren irudi gisa, bost-kantoi barietateko sagarra erakutsi nuen, amaginarrebari omen eginez. “Hau etxekua da, ama” esaten diot, eta hark inongo entziklopediatan eta inongo webgune espezializatutan aurkitu ez ditudan azalpen zehatzak ematen ditu: “hori bost-kantoia…”. Eta supermerkatuko beste edozein sagar koloretsuago eta zaporetsuago baino gozoago jaten dugu biok, etxekoa delako. Eta hor ez dago, jakina, kanpoko sagar bikainekiko mespretxurik, baina bai etxekoa geurea delako estimatzea.

Mahai-inguruan ere iradoki nuen zerbait nik etxeko eta kanpoko sagarrekin izan dudan erlazioaz, baina mahai-ingurua ez da toki egokia norberaren bizitza zehaztasunez azaltzeko, eta 31 eskutikeko txokoa baliatuko dut zabalago aritzeko. Hemezortzi urterekin, erabaki behar nuen euskal filologia ala filologia klasikoa ikasi nahi nuen, eta pentsatu nuen hobe nuela lehenbizi filologia klasikoa ikastea, eta gero euskal filologia, banekielako autore grekolatindarrak ikasketek beharturik ezagutuz gero nire barruko harrak gero ere eramango ninduela euskal autoreak ezagutzera.

Horrela, Bermeotik Gasteizerako trenak eta autobusak hartu, eta Oihenart, Etxeberri Sarakoa, Bizenta Mogel, Lauaxeta edo Lizardi bazenik ere ez zekiten irakasle jakintsuekin ikasi nuen, Euskal Herriko Unibertsitatean, Ovidio eta Katulo, Martzial eta Horazio, Tibulo eta Zizeron, Tazito eta Virgilio, Safo eta Homero maitatzen. Fakultatean ikasi nuen Homeroren Odisea grekotik gaztelaniara itzultzen, askotan José Manuel Pabónen gaztelaniazko itzulpena makulu gisa hartuta, baina neure kabuz ezagutu eta irakurri nuen Gaizka Barandiaranen Iliasena (Gasteiz, 1956), Rafael Moneo arkitekto ospetsuak gaztetan eginiko ilustrazioekin apaindua, eta argitaratu bezain laster erosi eta irakurri nuen Santi Onaindiaren Odisea (Bilbo, 1985).

Eta orain ere argitaratu bezain laster eskuratu eta irakurri nuen Matías Múgicak euskaraturiko Odisea (Balea Zuria argitaletxea, 2025). Noizbait hemen aipatzeko hautatua nuen (epiteto homerikoen itzulpenaz jardun nahi nuke noizbait), eta hara non ezin hobeto etorri zaidan orain hori egiteko parada. “Zertarako irakurri behar ditugu euskal klasikoak?”. Euskarazko Literatur Itzulpeneko Euskadi Saria irabazteko.

Azalduko dut nire baieztapena. Matías Múgicak 2017an irabazi zuen lehenengoz sari hori, François Villonen Testamentua euskaraturik. Itzulpenaren hitzaurrean azaldu zuen Villonen ahapaldiak euskaratzeko erabiliriko eredua:

Modutu dut, nere burutik asmatuz, zortzi lerroko kopla bat, euskal eredu tradizional bat oinarri harturik: zortziko txikia, hain zuzen, neurri txit usatua eta gozoa gure belarrirako, haren bi bertso zatiak (7/6) lerro bakarrean jarrita, batzuetan halakoak argitaratu ohi diren bezala. […] Halako bi elkarri erantsita modutu dut, beraz, nire zortzi lerroko kopla, eskema horrek Villonen zortzikuneak (Huitains) euskaratzeko behar adina leku eta zabalera ematen zidalako hizkuntzari eta testuari bortxa gehiegi egin gabe.

Eta koplagintza horretan trebatzeko erabili zuen bidea ere zehaztu zuen:

Asko leitu ditut xviii. eta xix. mendeko bertsolari eta koplariak itzulpena modutzen ari nintzela.

Oraintsu jakin dugu 2026ko Literatur Itzulpeneko Euskadi Saria ere irabazi duela Matías Múgicak, Odisearen itzulpenarekin. Kasu honetan ere, itzulpenaren sarrera gisakoan azaldu du zein ezaugarri dituen Homeroren hexametro-segidaren jarioa euskaratzeko hautaturiko moldeak:

Hautatu dut […] 15 silabako euskarazko bertso luze tradizionala, 8 + 7 silabako bi hemistikiotan zatitua, euskal literaturaren bidea urratu zuen bertsoa, hain zuzen, Detxepareren bertsoa eta Euskal Herriko hainbat balada eta kantore tradizionalen bertsoa, euskarazko konta-bertsorik ibiliena eta egokiena. […] Erabilera tradizionalean, 15 silabako bertso horiek errimaz binaka loturik etortzen dira, distikotan, alegia. Puntu honetan, ordea, tradiziotik aldaratu naiz.

Eta oraingoan ere, estilo jakin bateko bertsogintzan trebatzeko, itzultzaileak tradizioa irakurri du:

Horrelako hizkuntza eredu baten bila nenbilela, estilo klasiko batekin antzik handiena zuen gauza, nere ustez, Joannes Etcheberri Çiburucoa Doctor Theologoaren lanak ziren, Manual devotionezcoa, hain zuzen, zeina, gainera, nere bertso neurri berean egina zen, 8 + 7 hamabost silabako bertso luzean.

Enpo egin arte irakurri nuen, beraz, Etxeberriren Manuala, eta harengandik, bertso neurria ez ezik, beste makina bat gauza ikasi, mailegatu eta imitatu ditut.

Hara! Zertarako irakurri euskal klasiko zaharrak?

Utzi erantzun bat