Etorkizuna

Jaime Altuna Ramírez

«Pentsatuko dugun etorkizunak eleanitza izan behar du». Yásnaya Aguilar Gilek udazkenean Madrilen eman zuen hitzaldi batetik ateratako hitzak dira. Duela gutxi Reina Sofia Museoko irratian entzun dut solasaldia, baita Bartzelonako MACBA museoko irratian abenduan esan zituenak ere[1].

Yásnaya Aguilar Gil Mexiko hegoaldeko Mixe herriko idazle eta linguista da, eta Madrilgo hitzaldian hizkuntza gutxituen egoera azaltzeko arrazakeriaz, diskriminazioaz eta egiturazko presioaz hitz egin zuen; hizkuntza desberdinkeria ulertzeko hizkuntza eskubideak urratuak izan dituzten pertsonak daudela, zapalkuntza estrukturala pairatu duten pertsonak. Aguilar Gilen ustez hizkuntzak ez baitira espazio abstraktuan existitzen, gorputzetan existitzen dira. Horregatik honako hau dio: «ez dago hizkuntzarik, hizkuntza gara».

Beti bezala, oso interesgarriak suertatzen zaizkit Aguilar Gilek planteatzen dituen hausnarketa guztiak, baina oraingoan hitz hauek geratu zaizkit pentsamenduan (eta gorputzean) bueltaka:

Denborari buruz hitz egiteko espazio-metaforak erabiltzen ditugu, eta hori unibertsala dela dirudi. Ez dut aurkitu hori egiten ez duen hizkuntzarik; asko harrituko nintzateke. Orduan, metaforak erabiltzen ditugu diskurtsoan. Eta gaztelanian eta hainbat hizkuntza indoeuroparretan denbora lerro bat bezala pentsatzen da. Denboraren lerroaz ari gara, non etorkizuna aurrean dagoen eta iragana atzean. Honelako esaldiak esaten ditugu: «Ez kezkatu, etorkizun bat duzu aurretik» edo «Utzi iragana atzean». «Atzera» eta «aurrera» espazio-terminoak dira. Aimara bezalako beste hizkuntza batzuetan, etorkizuna atzean pentsatzen da, ez duzulako ikusi; ezagutzen dugun eta esperimentatu dugun iragana aurrean dago.

Ez dakit euskarak denbora pentsatzeko beste erarik izan ote duen noizbait, baina argi dago egun euskaratik eta euskaraz inguruko hizkuntzen modukoa dela: lerro bat, iragana atzean, etorkizuna aurrean.

Ideia hori buruan, Eibarrera joan nintzen maiatzaren 12an. Urtero bezala, bertan egin zen …eta kitto! elkarteak antolatutako euskararen sozializazio eta transmisioari buruzko mintegia. Eta, hara!, hortxe nuen hizkuntzaren geroari lotutako espazio-metafora bat lehen hitzaldiaren izenburuan: “Norantz doa euskara?”. Siadeco Ikerketa Taldeko Juanjo Allurrek eta Unai Oiartzunek eta UEMAko Miren Segurolak 2025ean egin zuten “Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036” proiekzio demolinguistikoaren ondorio nagusienak azaldu zizkiguten. Nire apunte koadernoan datu eta gogoeta interesgarri askoren artean, hizlarien esaldi hau idatzi nuen:

Ikerketa hau ez da iragarpena. Proiekzio bat da. Erabilitako hipotesiak beteko balira, eta hizkuntza-egoeran eragin dezaketen gainerako faktoreak kontuan hartu gabe, 2036an izango genukeen egoera demolinguistikoa irudikatzeko ariketa bat.

Esaldia azpimarratu nuen, ikerketa horren emaitzak argitaratu direnetik deserosotasuna sortu didan joera bat nabaritu dudalako: proiekzio-ariketa horren emaitzak ezinbestean gertatuko diren egitatetzat hartzea. Hau da, euskararen biziberritzearekin kezka duten batzuk ez ote diren pasa ikerketan planteatzen den “hau gerta daiteke” esatetik “hau gertatuko da” ziurtatzera: haur eta gazteen artean euskararen ezagutza-maila apalagoa izango da, gero eta gehiago izango dira nagusiki erdaraz inguratuta bizi diren euskal hiztunak, arnasguneak desagertuko dira…

Iragarpen autobeteak bihur daitezkeen horien ordez, nahiago nuke etorkizun anitzak pentsatzea. Yásnaya Aguilar Gilek etorkizuna pentsatzera dei egiten digulako, edo, hobe esanda, etorkizun anitzak eta eleanitzak pentsatzera:

Gure etorkizuna planteatzen ari garen etorkizun anitzak dira, eta kolonizazio-prozesua zeharkatu ondoren ―oraindik zeharkatzen ari garena―, hain bortitza izan dena (Mixe herriko hamar pertsonatik bederatzi hil ziren), denek adierazten zuten ez ginela XXI. mendera iritsiko: epidemien, gerren, bortxazko lanen, kolonizazioak eragindako goseteen artean. Desagertzera kondenatuta geunden eta, hala ere, hemen gaude. Etorkizunen eraikuntzan nolabaiteko eskarmentua dugula uste dut. Nire ustez, pentsatzen dugun etorkizun horrek eleaniztuna izan behar du, hizkuntza asko dituen etorkizuna.

Arraunaren metafora paradoxa gisa erabili izan da maiz: aurrera egiteko, atzerantz begira arraun egin behar da. Aimara kulturari jarraituz gero, ordea, arraunean ikusten ez den etorkizunerantz goaz, ezagutzen dugun eta bizi izan dugun iragana begi bistan dugula. Olatuek, ur-lasterrek, haizeek eta eguraldiak zer joera izango duten ziur jakin gabe, baina argi izanda norabidean eta norantzan (espazio-metaforak berriro ere!) eragiteko ahalmena dugula. Etorkizun eleanitzak pentsatzeko gaitasuna dugula.

Etorkizunen eraikuntzan adituak garelako. Euskara ere desagertzera kondenatuta zegoelako eta, hala ere, hemen gaudelako. Hemen gaude euskaraz hitz egiten dugunak. Hemen gaude euskaraz hitz egingo dugunak.


[1] Euskal Herrian urtarrilean egon zen, eta Urtzi Urrutikoetxeak elkarrizketa egin zion Gaur8 astekarirako.

Utzi iruzkina