Iñigo Satrustegi Andrés
Azken bat idazteko indarra bildu behar izan dut ―ideiak ere bai― zuoi azken gogoetaren bat edo partekatzeko.
Azken egunetako sentsazio sorta bat jasotzea besterik ez zait okurritu, denak ere euskaldun izatearen albo kalte gisako.
- Tesien ekarpenez aritu ginen eztabaidatzen koadrilakoak. Ea letretako tesiek balio ote zuten benetan zerbaitetarako. Adibidera ekarri zituzten (ez kasualitatez) euskal literaturako zenbait ikerlan: emakumeen errepresentazioak, idazleen arteko loturak… Lagun batek nahiko hasieratik (sic.): “Ez dut ulertzen zertarako. Ondorioztatzeko zapalduak garela, hori badakigu”. Plantxatuta geratu nintzen.
- Beste lagun batek Iruñeko euskarazko kultur eskaintzaren harira galdetu dit egunotan. Susmoa du gero eta gehiago dagoela. Badagoela zer aukeratu, eta, are, batzuetan aukeratu bakarrik egin daitekeela. Hots, lehen euskarazko kontzertu bat zegoela, eta orain biren arteko barne gatazka izaten duela. Joerak pozgarria irudi lezakeen arren, nago hau ez ote den 2008ko burbuilaren antzeko zerbait: gure gaitasunen gainetik ari gara programatzen euskaraz, hitzaldiak, aurkezpenak, kontzertuak, emanaldiak, etab. Eta metafora horretan inbertsoreak ginatekeenok (euskaldunok) “Hiriburuzagiaren” eskaintzari eusteaz nekatzen ari gara: zama handiegia da euskara kulturatik ERE horrela salbatu behar izatea.
- Miresten ditut liburuzainak. Duela ez asko ikusi nuen Xn baten batek jarrita honelako zerbait: “Liburutegien kontzeptua gaur sortu izan balitz, ordainpekoak lirateke”. Hainbeste maite ditugu eredu publiko-pribatuak. Gaur-gaurkoz oraindik doakoak dira, baina euskal irakurlearentzat hain desesperantea. Liburu batzuetatik (nobedadeenak ere bai) bi-hiru-lau ale baino ez daude erkidego osoan…
Baina tira, bizitzan gauza inportanteak ez dira horiek. Zeren berdin zait zuen tesiek balio duten edo ez, baizik eta ongi pagatzen dizueten zuen lanaren truke, eta euskaraz egiteko aukerarik eskaintzen ote dizueten, hala nahi duzuelako. Berdin zait inoiz pentsatu izan baduzue ezetz, ez duzuela gogorik, “eske gaur tokatzen da joatea X ikustera, ze klaro zerbait antolatuko dute euskaraz… ba joan beharko”, zeren euskaraz bizitzea ere bada lanetik etxera joatea eta lagunari bost minutuko audio bat bidaltzea (euskaraz). Eta berdin zait zuen herri eta auzoetako liburutegietan nahi beste titulu baldin badituzue euskaraz, zeren biblioteka batek ez du herri bat euskaldunduko, inork ez duelako irakurtzen gaur egun, baina, literaturarekin euskaldundu nahi duenik baldin bada, ez du aurkituko behar-nahi duen guztia.

