Garazi Goldarazena Sanchez eta Leire Lakasta Mugeta
Aurtengo ikasturtean lehenbizikoz izan dugu euskararen erabilerari buruzko blog honetan aritzeko aukera, eta hau dugu gure azken artikulua. Horregatik, kontu bat argitu eta aitortu beharra dugu: hasiera batean, ikasturteko artikuluen plangintza egin genuenean, bestelako gai batzuei buruz idazteko asmoa genuen, baina argitalpen datak hurbildu ahala, gertu zeuden efemerideak pisua hartzen joan ziren gure egunerokoan, baita geure buruan ere. Ez dugu uste kasualitate kontua denik, urteurrenez josia baitago egutegia, horiei arreta jarriz gero, behintzat. Kontua da nolabaiteko ardura sentitu dugula egun horiek blog honetara ere ekartzeko, eta gure jardunarekin lotzeko.
Hala, gaurkoan, iragan ostiraleko efemeridea ekarri nahiko genuke gogora: 78 urte bete berri dira 1948ko maiatzaren 15ean ofizialki Israelgo Estatua indarrez sortu zutenetik. Palestinarrek Nakba deritzote horri, “hondamendia” arabieraz. Izan ere, hilabete gutxian 500 herrixka inguru suntsitu zituzten kolonia israeldarrak eraikitzeko, milaka eta milaka palestinar haien bizilekuetatik kanporatu zituzten eta beste milaka erail zituzten. Aukera ona iruditu zaigu oraingoan ere aurretik adierazi izan dugun literaturaren “tresnatasuna” azpimarratzeko, poesia mailu izan daitekeela uste dugulako.
2025eko Senezerako hamalau itzultzaileren artean hamahiru poeta palestinarren poemak ekarri genituen euskarara[1], eta esangura eta indar handiko errezitaldia prestatu zuten gero itzultzaileetako batzuek[2]. Aukera polita iruditu zaigu, oraingoan ere, eta efemeridea probestuta, poesiaren bidez palestinar erresistentziaren ahotsa zenbait bertsotan ekartzeko.
Hori dela eta, Tawfiq Ziyad-en poema labur bat ekarri dugu euskarara. Tawfiq Ziyad (Nazaret, Palestina, 1922 – Jordan harana, Palestina, 1994) poeta eta politikari palestinarra izan zen. Erresistentziak toki garrantzitsua izan zuen haren poesian, eta poema bakarra dugu euskaraz, Joseba Sarrionandiak Hezurrezko xirulaken itzulia: “Hementxe geratuko gara”. Hona hemen “أناديكم” (“Deitzen dizuet” euskaraz):
| Deitzen dizuet. Eskutik heltzen dizuet estu. Oinpean duzuen lurrari egiten diot muin, eta diotsuet: bizia emanen nuke zuengatik. Nire begien argia ematen dizuet nire bihotzeko sua, dudan mina zuen zorigaitzaren zati bat baita. Deitzen dizuet. Eskutik heltzen dizuet estu. Ez diot aberriari uko egin ezta burua makurtu ere. Zapaltzaileen aurrean paratu nintzen: oinutsik, biluzik eta umezurtz ahurrak odolez blai banderak jaitsi gabe eta arbasoen hilobietako belarra defendatu nuen. Deitzen dizuet. Eskutik heltzen dizuet estu. |
[1] https://eizie.eus/eu/argitalpenak/senez/senez-56-2025/hamahiru-poeta-palestinar-gailendu-dadila-hitza
[2] «Ahotsak eta harriak tankeen aurka: poeta palestinarren erresistentzia», Eider Beobide, Olatz Esteban, Oihane Gurrutxaga, Miren Irizar eta Ainhoa Salaberria.

