Kontzientziaren krisia

Iker Zaldua Zabalua

Joan den astean bilkuratxoa egin genuen, itzulpengintzaren egoerarekin kezkatuta, sektore horretan gabiltzan zortzi lagunek. Hainbat gai jorratu genituen, ertz ezberdinak ukitu genituen, eta astindu genituen, zertxobait, erraiak. Patrikara gauza asko eraman nituen, baina hitz batekin nago kezkatuta, eta mahai atsegin hartan, kafe beroaren eta ur freskoaren aldamenean, atera zen: kontzientzia.

Eta uste dut ardatz eragilea dela hainbat esparrutan, uste dut edozein motor martxan jartzeko ezinbesteko erregaia dela, guztiak funtzionatu dezan, ezinbestekoa. Gizartea, oro har, kontzientzia-krisiak jota dago, ez bada norberaren onurarekin lotua, indibidualtasunarekin besarkatua. Baina, kontzientzia kolektiborik gabe, nekez egingo dugu norbanako modura aurrera, gure garapena inguruak, testuinguruak, kolektiboak baldintzatzen baitu erabat, nahi eta nahi ez. Gizarte bateko kide gara, eta gizarte horri besteak egiten dion ekarpenak, edo lapurretak, eragin agerikoa du gugan.

Aipatu genuen itzulpenak eskatzen dituzten askok kontzientziarik gabe egiten dutela eskaera, eta, horrenbestez, erantzunean ere ez dutela kontzientziarik espero. Berdin zaie itzulpenaren kalitatea, berdin zaie bikaina edo balekoa; beraientzat balekoa den bakarra garaiz jasotzea da, ziurrenera nonbait justifikatu egin beharko baitute. Itzulpena jasotzean, arnasa hartuko dute, irakurri ere ez agian testua, kontzientziarik ez egiten ari diren horrekin. Jaso eta birbidali, ireki ere egin gabe.

Hori kezkagarria da, baina are kezkagarriagoa da kontzientziarik eza noraino iritsi den ikustea, gaixotasunak zer agerraldi izan dituen, eta zer sektore kutsatu dituen. Administraziora ere iritsi baita, euskara sailean ari diren pertsona batzuk ere harrapatu ditu gaitzak, eta hori, kezkagarria ez ezik, arriskutsua ere bada, ez gara itzulpen batekin jolasten ari, hizkuntza baten etorkizuna dugu jokoan, gure nortasunaren oso zati esanguratsua ari gara arriskatzen.

Ez dakit zer eragin duen kontzientzia-krisiak. Bakoitzaren zilborrari begiratzeko gonbidapenek eta besteari zer garen erakusteko akuiluak badute, noski, eragina, baina, uste dut atxikimendurik ezak ere baduela zerikusi handi samarra.

Euskara debekatua izan da (eta da), euskaraz hitz egitea debekatuta egon zen (eta dago, horren modu agerikoan izan ez arren), zigortua egon zen (eta dago), eta horrek euskarari sekulako kaltea eragin zion (eta dio), baina onura ere ekarri zion, atxikimenduaren labea piztu baitzuen egoerak. Grina, sentimendua, gogoa, zaindu beharra, defendatu beharra… Mugimendu kolektiboak sortu ziren, ikastola klandestinoak sortu ziren, euskararen aldeko hamaika ekimen plazaratu zen. Han ibili zirenek atxikimendua banatu zuten han-hemenka, eta haien ondorengoak atxikimendu hori barnean genuela hazi gara, eta min ematen digu euskarak eztula egiten duenean, min ematen digu euskara zurbil ikusten dugunean, kontzientzia dugu euskararekin, eta kezkatu gara euskara zer den jakiten, zer historia duen, eta zirrarak gain hartzen digu Irulegin esku bat agertzen denean, euskarazko esaldi pare batekin, zer esan nahi duen jakin ez arren; euskara da, bizirik zen orduan, bizirik da oraindik, eta bizirik nahi dugu, eta ondo nahi dugu, osasuntsu.

Uste dut atxikimendua eta kontzientzia estu lotuta daudela, eta agian, atxikimendua suspertzeko, kontzientzia berpiztu behar dugu, eta, horretarako, pedagogia egin behar dugu, esfera guztietan erakutsi behar dugu zer garrantzitsua den euskaraz egitea, eta euskaraz ondo egitea, kalitatez. Esfera horiei ikusarazi behar diegu zer galduko duten euskara idortzen badute, zer galera izango duten kolektiboki, baina baita pertsonalki ere, eta agian, gordinagoa izan arren, ikusarazi beharko diegu, batez ere ardura bat duten horiei, eskumena duten horiei, beren axolagabekeriarekin, beren kontzientziarik ezarekin, euskara larriki zauritzen ari direla, kolpatzen, akabatzeraino ia, eta beraz, nolabait, horren konplize izango direla. Eta euskara ez da folklorea, euskara hizkuntza bat da, euskara kultura bat da, euskara herri bat da, euskara bizitzeko modu bat da, bakana, berezia, bitxia, gure arbasoek, mendez mende, honaino ekarri dutena. Ez gaitezen gu izan, axolagabekeria eta kontzientziarik ezagatik, komunetik behera botatzearen protagonistak.