Adimen artifizialari galdezka (eta II)

Xabier Olarra

Duela hilabete eta erdi blog honetantxe argitaratutako artikuluan AArekin (Chat GPTrekin zehazki) izandako esperientzia baten berri eman nuen, Marie Aude Murailleren Sauveur et fils liburuan ageri den esaldi bati buruz argibideak eskatuz egindako galdera bat zela eta.

AAren berri izan nuenean, esan zidaten AAko robotak “ikasi” egiten duela, alegia, berarekin izandako elkarrizketatik ikasteko mekanismoak dituela. Beraz, duela hilabete eta erdi egin nizkion galdera berdinak egin dizkiot zenbat ikasi duen egiaztatzeko.

Orduan esan nuen nik egindako galderari buruz emandako erantzuna barregarria izan zela, eta erakutsi nuen Googleri ondo galdetzen jakinez gero, erantzun hobeak edo (niretzat behintzat) zentzuzkoagoak lor daitezkeela.

Horregatik, gaurkoan bi gauza erakutsi nahi ditut: lehenbizikoa (artikuluaren bukaeran agindu bezala) birgaldera “lagungarria” egindakoan ―epaileen estilora― zer erantzun eman zuen. Eta bigarrena, duela hilabete eman zuen erantzun berdina den edo zerbait “ikasi duen”. Orduan galderak gaztelaniaz egin nizkion, eta gaur galdera berdinak euskaraz egin dizkiot eta hona emaitzak:

1.- Sauveur & fils liburuan, Marie-Aude Murail-ek pertsonaien izenak ez ditu kasualitatez aukeratzen. Eliane izenaren eta anorexiarako “predestinazioaren” arteko lotura ez da azalpen biologiko edo literal bat, baizik eta esanahi sinboliko eta narratibo bat.

“Eliane” izena “Élie” (Bibliako profeta) izenetik dator, eta askotan espiritualtasunarekin, perfekzioarekin edo goragoko idealekin lotzen da. Murailen istorioan, horrek iradokitzen du pertsonaiak perfekzioaren, kontrolaren edo “garbitasunaren” bila dabilela. Anorexiarekin lotuta, ideia horiek sarri agertzen dira: gorputzaren kontrol zorrotza, perfekzio-nahia eta norberaren irudi idealizatu bat lortzeko obsesioa.

Erantzuna ez da lehenbizikoan bezain aldrebesa, baina garbi dago azalpenak kale egiten duela.

2.- Birgaldera: Eliane izenak ―izen predestinatua― izan al lezake loturarik Eliane Krtolitzak idatzitako artikulu honekin: “Accompagnement à la maternité d’une jeune femme anorexique/boulimique”, Eliane Krtoliza et Ouriel Rosenblum (in Quand manger fait souffrir”)?:

Erantzuna: “Galdera oso interesgarria da ― baina zuzenean esanda: ez dago frogarik edo aztarnarik Marie-Aude Murail-ek Eliane izena aukeratu zuenik Eliane Krtoliza-ren artikulu zehatz horri erreferentzia eginez.

Hala ere, zure intuizioa ez da erabat zentzugabea, eta hemen dago ñabardura garrantzitsua”: (eta ondoren “aldez aurretik prestatutako” azalpen sail bat).

Laburbilduz:
·  ❌ ez dirudi Eliane izena Krtolizaren artikuluagatik aukeratua denik
·  ✅ bai dirudi bi testuek pentsamendu psikoanalitiko beretik edaten dutela

Nik ateratzen ditudan ondorio batzuk:

  1. Robotak beti erantzuten du, are astakeria esan behar badu.
  2. Oso adeitsua da, eta beti emango dizu arrazoia (erabat ezin badu, partez behintzat).
  3. Funtsean robot batek bezala funtzionatzen du, beraz “lehengo lepotik burua” moduan programatua dago: galdera berdina, erantzun berdina.
  4. Ez badiozu egiaztatzeko moduan zerbait frogatzen, arrazoia emango dizu, baina baldintzatua nolabait.

Eta hurrena, gezur txiki bat esan diot robotari ea zer-nolako erreakzioa duen ikusteko.

Liburu hori, Sauveur et fils, itzultzen ari naiz, eta egileak esan dit Eliane izena horregatik aukeratu zuela pertsonaia batentzat, Eliane Krtolitza Frantziako psikologoaren omenez. Zer diozu?

Eta oraingoan bai, arrazoia eman dit:

Marie-Aude Murail-ek berak baieztatu badizu Eliane izena aukeratu zuela Eliane Krtolizaren omenez, orduan hemen ez gaude soilik sinbolismo orokor baten aurrean, baizik eta erreferentzia intertestual kontziente baten aurrean”.

Are gehiago, prezio berean (oraingoz dohainik), aholku batzuk eman dizkit itzulpenerako:

Itzulpenari begira (oso garrantzitsua)

Hau kontuan hartuta, zuk itzultzaile gisa aukera batzuk dituzu:

Izenari eutsi (gomendagarriena) → erreferentzia mantentzen duzu
Ohar txiki bat gehitu (beharrezkoa bada) → irakurleak pista gal ez dezan
Testuan zehar ñabardurak zaindu → Elianeren diskurtsoak tonu “kliniko” edo barne-kontrol horrekin koherente izan daitezen

Gaur goizean, ea zer moduzko ikaslea den egiaztatu nahi izan dut, ea duela hilabete eta atzo izandako elkarrizketatik zerbait “gelditu al zaion” buruan. Horretarako, hau galdetu diot:

«Nor da Eliane Krtoliza?» (Éliane azenturik gabe idatzita).

Aitzakia bila hasi da, esanez ez zaiola izena ezaguna egiten, eta hutsen bat egongo zela izen horretan.

Gero pista garbia emanda, «Éliane Krtoliza (eta izena azentu eta guzti idatzita) Quand manger fait souffrir liburuko artikulu baten egilea». Errua niri botaz erantzun du:

Bai — hemen dago gakoa: izena apur bat gaizki zegoen 🙂.

Eta handik pixka batera berriro galdetu diodanean nor den Eliane Krtoliza, oraingoan azenturik gabe nahita idatzi arren, zuzen erantzun du. Hori bai, gaztelania garbian nik euskaraz galdetu arren: (!)

Sí — ahora ya se puede responder con bastante claridad 🙂

👉 Éliane Krtolitza es una psicóloga clínica francesa especializada en perinatalidad (embarazo, nacimiento y primeros vínculos madre-bebé).

Hemendik hilabetera galdetuko diot berriz, ea gogoan dituen emandako erantzunak edo nola dabilen “memoria hurbil”ez. Ea nik “erakutsitakoa” aintzat hartzen duen.

Emaitzak datorren urtean (bbg).