Korrika. Urrutiko intxaurrak

Amaia Lasheras Perez

Badira ia bi hilabete Korrika bukatu zela, eta oraindik dauzkat burutan aurtengo edizioaren irudi zirraragarriak. Hirietako kaleak jendez gainezka. Euskararen aldeko aldarriak kale eta hiribideetako paretetan oihartzun ozena sortzen. Euskal Herriko errepideetan zehar, 11 egunez, 24 orduz, jendea lasterka. Milioi bat pertsonak parte hartu omen zuen lasterraldi osoan zehar. Gure ikastetxean, adibidez, telebista erraldoi bat paratu zuten atarian, Korrika zuzenean ikusteko. Ikasleak zein irakasleak sartzen ginenean, hipnotizatuta begiratzen genion pantailari, eta nik neuk emozio-zimiko bat sumatzen nuen urdailean handik pasatzen nintzen bakoitzean. Fisikoki posible izan zuten ikasle guziak atera ziren ikastetxeak erositako kilometroan parte hartzera, eta talde handi batek, familiaren baimenarekin, segitu zuen lasterka hainbat kilometroz, gure eskualdean barrena. Gure familian, adibidez, kilometro bat erosi genuen denon artean. Goizean izan zenez, gosari eder batekin burutu genuen gure ekinaldia. 60 lagunetik goiti elkartu ginen. Denak, bizipen hunkigarriak, ikaragarriak. Ez dakit munduan bertze horrelako ekimenik bat ote dagoen. Hain arrakastatsua izan zen, non euskararen kontrakoek ez baitzekiten zer aitzakia bilatu haren kontra jotzeko. Betiko erretolika erabili zuten: ez dakit zer pankarta ageri zela, ez dakit nork irakurri zuela azken mezua… 

Baina, Korrika bukatu eta hurrengo egunean, zer? Urrutiko intxaurrak hogeita hamalau, gerturatu eta lau. Astelehenean, institutura joan nintzen, eta, atsedenaldian, Korrikan sutsu parte hartu zuen neska kuadrilla hura berriz ere gaztelaniaz ari zen, jo eta su. Unibertsitateko lagunekin lasterketan eta haren inguruko ospakizunetan parte hartu eta hurrengo egunean, gaztelaniaz mintzatzen segitu zuten euskal ereduko ikasleek euskaraz jasotako saioen ondoren. Hiri eta herri kozkor gehienetako kaleetan, eskolako jolastokietan, parkeetan, dendetan, gaztelania erabat nagusi zen egun horretan ere.

Badakit Korrikan parte hartu zutenen artean bazirela euskaraz ez dakitenak edo euskara ongi-ongi menderatzen ez dutenak baina aldeko jarrera dutenak, baina gaur ez naiz horietaz ari; gaur, euskaraz dakiten eta erabiltzen ez duten horietaz ari naiz, bai. Badirudi horiek ere ohartzen direla garrantzitsua dela euskararen alde kalera ateratzea. Baina zergatik suertatzen zaie hain zail gure hizkuntza erabiltzea? Ohiturari egozten diote batzuek errua; prestigioari, bertze batzuek: gazteek beharrezkoa duten “modernotasuna” falta omen zaio euskarari… Ez dakit zer esan eta zer pentsatu, baina etsigarria eta sumingarria suertatzen zait egoera.

Zer dago fenomeno horren gibelean? Hipokresia hutsa? Egoera “eskizofreniko” samarrean gaude, nire ustez. Izan ere, datu anitzek erabileraren beherakada erakusten dute; ematen du hiztunen kopuruak goia jo duela eta ez dela gehiago haziko; proiekzioek diote 10 urte barru ez dela “arnasgune”rik egonen. Eta, hala ere, aurtengo Korrika inoiz baino jendetsuagoa izan da.

Azterketa soziologiko konplexu eta sakonak egin litezke fenomenoa ulertzeko, baina nik uste dut arrazoia sinple-sinplea dela. Euskaldun gehienak errazago moldatzen dira gaztelaniaz euskaraz baino; beraz, erosoenera jotzen dute. Kito. Ez dut uste bertze azalpenik dagoenik.

P:D.: Artikulutxoa bukatu eta gero, Leire Azkargortak hilaren 6an argitaratukoa irakurri nuen. Azken batean, fenomeno berari buruz ari gara biok. Ea hor aipatzen dituen eztabaida horiek gizarte osora zabaltzerik dugun, hausnarketa denok egin ahal izan dezagun.