Elipsiak eta komak

Aitor Blanco Leoz

Blogaren etapa berri honetan, aurreikusitako artikuluren batek huts eginez gero, kolaboratzaile gonbidatuen ekarpenak argitaratuko dira tarteka. Hala izan da gaur, eta, horregatik, egungo kolaboratzaileetako bat ez naizen arren, aurreko batean lantokian komentatutako gai bat ekarri nahi dut plaza honetara.

Ekintza segidetan aditz laguntzaileen elipsia egiteko moduari buruz ari ginen hizketan, eta, halako batean, orain dela hilabete batzuk zuzentzaile batek egin zidan iradokizuna etorri zitzaidan gogora. Nik idatzitako testu batean, honela antolatu nuen zenbait ekintzako esaldi bat:

“Bosgarren istorioan, gizon batek eskutitz bat jaso, eta, hura irakurritakoan, krisi larri bat sufritu eta hil egin da.”

Zuzentzaileak gerora bidalitako zuzenketa eta iruzkinetan baina, esaldiaren antolaketa aldatzeko proposatu zidan, ohartxo honekin: “Juan Garziaren sistema, nire ustez ongi funtzionatzen duena”. Hona hemen zuzentzailearen proposamena:

“Bosgarren istorioan, gizon bat, eskutitz bat jaso, eta, hura irakurritakoan, krisi larri bat sufritu, eta hil egin da.”

Une horretan ez nion buelta askorik eman, baina, aurreko egunean, lantokiko eztabaidaren harira berriz ere testu hartara jo nuenean, zer pentsatua eman zidan. Bi esaldiak erakutsi nizkien lankideei, eta zuzentzat jo zituzten biak, noski, nahiz eta lehenbizikoa nahiago izan zuten. Niri bezala, buruan zerbait piztu zitzaien ikusi zutenean bigarrenean subjektuak ez zuela kasu-komunztadurarik egiten ondoko lehenbiziko aditzarekin, segidako laugarrenarekin baizik. Bestalde, zalantza izan genuen azken bi aditzen artean (“sufritu” eta “hil”) koma jarri behar ote zen ala ez; izan ere, bi aditzek subjektu bera dute, baina batak NORK kasuan eta besteak NOR kasuan.

Euskaraz, puntuazioaren alderdi asko zorrotz arautuak daude, baina iruditzen zait aditz laguntzaileen elipsia eta harekin lotutako komaren erabilera gai bihurria dela askorentzat. Euskaltzaindiaren Euskararen Gramatika berrira jo nezake gaia aztertzera, baina nekeza zait 2.412 orrialdeko ozeano horretan murgiltzea erantzunaren bila. Horregatik, irakurleok, iritzia eskatzen dizuet. Zein eredu hobetsiko zenukete? Zuen ustez, halako ekintza segidetan, zenbatgarren aditzarekin egin beharko litzateke subjektuarekiko komunztadura? Eta zer deritzozue azken bi aditzen arteko komaren kontuari?

One Reply to “”

  1. Esango nuke elipsien jokoan aukera ugari direla eta komen jokoan ere, zer erritmo eman nahi den, aukera bat edo beste baliatuko genukeela. Alegia, ez dut uste formula bakarra dagoenik. Adibidez, Aitorrek jarri duen bigarren adibidean aldaera batzuk egin litezke (arintzearren, “hura” kendu dut, ez dirudi-eta ezinbestekoa denik). Esaldiak sei koma ditu (bi hitz, bi hitz, hiru hitz, hitz bat, bi hitz, hiru hitz, lau hitz) eta, nire ustez (nire gusturako esan behar nuke, gustu-kontua ere izan baitaiteke), esaldiaren jarioaren kalterako da. Uste dut hiru komarekin utz litekeela:
    – “Bosgarren istorioan, gizon bat, eskutitz bat jaso eta irakurritakoan, krisi larri bat sufritu eta hil egin da.”
    Edo honela, baina beste manipulazio bat eginda:
    – “Bosgarren istorioan, gizon bat, eskutitz bat jaso eta irakurritakoan, krisi larri bat sufrituta hil da.”
    Eta, elipsi-kontutan ari garenez, beharbada gauza gehiago ere isilduko nituzke:
    – “Bosgarren istorioan, gizon bat eskutitz bat jaso, irakurri, krisi larri bat sufritu eta hil egin da.”
    Aitorrek jarri duen lehen adibidean, berriz, ziur asko ez nuke isilduko lehen aditz laguntzailea:
    – “Bosgarren istorioan, gizon batek eskutitz bat jaso du eta, irakurritakoan, krisi larri bat sufritu eta hil egin da.”
    Eta lehen galderari dagokionez, ez dut uste kontua denik finkatzea aditz-segida batean zenbagarren aditzarekin komunztatu behar duen subjektuak; alegia, ez dut uste ordena denik faktore bakarra edo erabakigarriena; esango nuke badirela faktore gehiago.
    Eta bigarren galderari dagokionez, azken bi aditzen arteko koma ez dut uste ezinbestekoa denik. Koma jarrita, gertaerak markatuago edo nabarmenago geratzen dira, eta, efektu hori lortu nahi bada, koma erabil liteke, baina esango nuke esaldi neutro batean ez dela beharrezkoa.
    Baina igande-arratsalde batean punpa lasterrean egindako gogoetatxo hauek ez dira, beharbada, ganora handikoak.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina