Euskararen erregistro akademikoen garapenaz eta harmonizazioaz

Igone Zabala Unzalu

Bueltan da 31 eskutik bloga! Mila-mila esker berpizteko ardura hartu duzuenoi eta, nola ez, eskerrik asko oraingoan ere ekarpenak egiteko aukera emateagatik. Askotariko gaiak jorratu genituen blogaren aurreko etapan. Zertaz idatzi oraingoan? Nire ekarpenen ildo nagusia gonbitea jasotzearekin batera etorri zitzaidan gogora. Talaia hau aprobetxatu nahi dut nire ingurune naturala denaz aritzeko, alegia, euskararen erregistro akademikoen garapenaz eta harmonizazioaz gogoeta egiteko. Eta lehen ekarpen hau testuingurua zirriborratzeko erabiltzea pentsatu dut.

1970eko hamarkadaren bukaera aldera hasi zen erabiltzen euskara unibertsitatean, eta egun denetariko gai espezializatuei buruzko eskolak eta hitzaldiak ematen dira euskaraz. Denetariko gaiei buruzko lan akademikoak ere idatzi eta ahoz defendatzen dira egunero unibertsitatean, bai irakasgaietako jardueretan eta bai ikasketa-maila bakoitzaren bukaeran ikerketa-gaitasuna egiaztatzeko ere: gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktoretza-tesiak. Espezializazio-maila desberdinetako artikuluak ere idazten dira espezialitate-alor askotako gaiei buruz, eta ikertzaile gazteei beren ikerlanak euskaraz aurkezteko Ikergazte kongresua bezalakoak ere egiten dira: bosgarren edizioa izango da maiatzean egingo dena. Iragandako urteak ez dira alferrik pasa, eta egun edozein gertaerari buruzko informazioa emateko orduan, ohikoa izaten da horrekin lotutako espezialitate-eremuko adituak entzutea euskaraz EITBn: mikrobiologoak, fisikariak, ingeniariak, psikologoak, medikuak, abokatuak…

Euskararen biziberritzerako gako izan den ezagutzaren igoera pentsaezina litzateke euskara hezkuntzan sartu izan ez balitz. Zalantza handirik ez dago horretaz, kontuan hartzen badugu igoera hori batez ere 16-24 adin-tartean gertatu dela eta, hiztun horien artean, % 67 inguruan hiztun berriak direla, alegia, euskara etxetik kanpo ikasi dutenak[1]. Ezin adierazgarriagoa da unibertsitatera sartzeko hautaprobak euskaraz egiten dutenen portzentajea, gora eta gora baitoa urtez urte, eta % 76,8koa izan baita 2022an. Datu horrek agerian uzten du beren bizitzarako guztiz erabakigarria den unean ikasle asko eta asko seguruago sentitzen direla euskaraz gaztelaniaz baino. Areago, unibertsitatea euskararako nolabaiteko arnasgunea dela ere esan daiteke. Izan ere, ikasleen ehuneko handiak dio euskara gehiago erabiltzen duela unibertsitatean lagunekin edo familiarekin baino eta, gainera, eremu soziolinguistiko desberdinetako hiztunen elkargunea da unibertsitatea, ikasleei askotariko hizkerekin harremana izateko aukera ematen diena.

Baina nola heldu gara puntu honetara? Askotan ahaztu egiten bazaigu ere, erronka ikaragarriari egin behar izan zioten aurre duela mende erdia euskararen erabilera unibertsitatean sustatzeko erabakia hartu zutenek. Izan ere, euskararako erabat berriak ziren eremuetan barrena sartzeko ausardia izan zuten horiek adierazpide akademikoak eta alorrez alorreko terminologia guztia sortu eta partekatu behar izan zuten, hastapenetan zegoen euskara batua ikasi eta inplementatzeaz gainera[2][3]. Egun ere ez da erronka makala aurrerapen zientifiko, teknologiko eta didaktikoei euskaraz erantzutea. Erregistro akademikoen garapena eta ezarpena bukatu gabeko prozesuak dira, eta mehatxu berriak dituzte une honetan, besteak beste, nazioartekotzearekin lotuta ingelesa hezkuntzan ere hartzen ari den gero eta pisu handiagoa.

Askorentzat ezezaguna bada ere, 1979. urtean Euskara Zientifikoaren Plana (EZP) jarri zen abian unibertsitate publikoan, UPV/EHU izendapen berria ezarri baino hilabete batzuk lehenago. EZPari esker, Euskara Zientifikoa I eta II (EZ) irakasgaiak hasi ziren eskaintzen zenbait fakultatetan (Leioako Zientzi Fakultatean, Donostiako Petrokimikan eta Filosofia Fakultatean). EZ irakasgaien eta horien irakasleen zeregina zen hastapenetan zegoen euskara batuaren ezarpenean eta erregistro akademiko berrien garapenean laguntzea, betiere alorrez alorreko irakasle eta ikasleekin eskutik lotuta. Izan ere, euskararen erabilera eremu berrietan normalizatzeko, denetariko profesional euskaldunak behar ziren orduan: administraziorako langileak, kazetariak eta, batez ere, irakasleak. Baina irakasle horiek prestatu behar zituztenek nahitaez aritu behar zuten lankidetzan erregistro espezializatuak garatzen ari ziren denetariko adituekin. EZPak ezarritako irakasgai horiek urte hauetan guztietan titulazio guztietara hedatu eta ikasketa-planen aldaketa guztietan egokitzen joan dira. Europako Goi Hezkuntzaren Eremuari begira diseinatu ziren ikasketa-planetan ere mantendu ziren gradu guztietan hautazko irakasgai modura. Gradu berri guztietan euskara akademiko eta profesionala lantzeko bi hautazko irakasgai sartzea UPV/EHU Euskararen Plan Gidaria (2007/08-2011/12) hizkuntza-plangintzan arautu zenez, EPGko irakasgai ere esaten diegu egun EZParen ondorengoak diren irakasgaioi. Azken ikasketa-planak diseinatu zirenetik hamar urte baino gehiago joan direnez, berriro ere ari gara irakasgaiok egokitzen hainbat gradutan[4]. EPGko irakasgaietan, ikasleek ahozko eta idatzizko hainbat testu-generotako testuak sortu, berrikusi eta aurkeztu behar dituzte, baina batez ere gogoeta eta azterketa kritikoa egin behar dute testu horietan erabiltzen dituzten hizkuntza-baliabideez. Hizkuntza-baliabide horietako asko haien ikasketetan jaso dituzte irakasleengandik, EPGko irakasgaiak hartzen dituzten ikasle gehienek ikasketa guztiak egin baitituzte euskaraz bi urte dituztenetik. Beste hizkuntza-elementu batzuk Interneten eskuragarri dauden kontsulta-baliabideek eta laguntza-tresnek eskaintzen dizkieten aukerak dira.

EPGko irakasgaien helburu garrantzitsuenetako bat da ikasleek kontzientzia har dezaten euskararen biziberritzean goi mailako gradudun euskaldun modura duten erantzukizunaz, eta alorrez alorreko aditu euskaldunek beren alorreko erregistroen garapenean duten erantzukizuna lotuta dago, hain zuzen ere, kontsultaguneek, hiztegiek, terminologia-datubaseek, ortografia-zuzentzaileek eta itzultzaile automatikoek ematen dituzten emaitzen azterketa kritikoarekin. Izan ere, erregistro akademikoen garapena (elaborazioa) euskara batuaren kodifikazioarekin gainezarri da, Haugen-en arabera[5] hizkuntzen normalizazio prozesuetan ohikoa den bezala. Euskara batu orokorraren kodifikazioak aldakortasun dialektalaren murrizketa edo berrantolaketa bilatzen zuen, eta elaborazioak, aldiz, aldakortasun funtzionala areagotzea eskatzen du. Aldakortasuna desberdin kudeatzea eskatzen duten bi prozesu horiek egokiro ez bereizteak zenbait tentsio sortzen ditu[6]. Izan ere, aldaera estandarrek egonkorrak eta malguak izan behar dute aldi berean[7] eta, Haugen-ek azaltzen duen bezala, egonkortasunaren eta malgutasunaren arteko oreka kodifikazioaren eta elaborazio funtzionalaren arteko tentsioan oinarritzen da, kodifikazioaren helburua egonkortasuna baita eta elaborazioak malgutasuna behar baitu. Horrelako tentsioa begi-bistakoa da Euskaltzaindiaren Hiztegian edo Euskaltermen gaineratzen diren edota urteetan aldatu gabe uzten diren zenbait sarreratan, zenbait azpisarreratan edota zenbait adibidetan. Izan ere, horietako batzuetan hainbat hamarkadatako erabilera akademikoari edota erabilera okerren bat zuzentzen joateko egindako ahalegin handiari ezikusia egiten zaie. Hartara, irakaskuntza-prozesuaren euskarri izan beharrean, oztopo gertatzen zaizkigu behin baino gehiagotan kontsulta-baliabide horiek.

Zenbaitetan badirudi euskararen normalizazioaren ardura nagusia duten erakundeek eta batzordeek ahaztu egin dutela hizkuntzen normalizazioan aldaera estandarraren kodifikazioa bezain garrantzitsua dela, garrantzitsuagoa ez bada, lantze funtzionala, alegia, erregistroen garapena. Izan ere, erabaki batzuek, batez ere hiztegi alorrekoek baina ez bakarrik hiztegi alorrekoek, erregistroen garapenari lagundu beharrean garapena oztopatu edota “desgarapena” eragiten dutela esan liteke[8]. Zertaz ari naizen hobeto azaldu nahian, Euskaltzaindiaren kide edo batzorde bik hamar urteren tartearekin erakutsitako bi jarreraren arteko aldea agerian uzten saiatuko naiz. Lehendabiziko aipua Euskaltzaindiak 1986. urtean argitaratu zuen Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak liburuaren sarreratik aterata dago, eta honela dio:

«Hitzen eskasia erremediatzeko, ordea, bide bat baino gehiago du euskarak, hots: 1) Hitzak kanpotik etxeratu (Mailegu bidea); 2) Elkarketaren, eta 3) Eratorketaren bidez hitz berriak sortu.
Denak behar ditu, noski, baliatu euskarak; baina Euskaltzaindia oraingo Agiri honetan lehen bideari buruz bakarrik ari da. Nahi du, alegia, oinarrizko erizpideak finkatu eta arau gidari batzuk eskaini, hartzen diren hitzak zein itxura eta idazkeratan hartu behar diren adierazteko…
[…] Hitz mailegatuak euskaraz darabiltzagunean nola idatz: hori da lan honen helburu bakarra. Ez inola ere, ordea, esate baterako, hitz mailegatuetatik zeintzu diren jadanik euskal hitz bilakatu direnak esatea, are gutxiago aipatzen diren hitzak euskal hitzak direnik ez diogu, beraz. Ez ditugu horiek hobesten, alegia, inork horien ordez erabil ditzakeen euskal errotikakoak baino. Lan honetan ez gara, izan ere, lexiko lanetan ari.
Lan honetan hauxe bakarrik irakatsi nahi da, berriro esan: inork euskara idaztean lan honetan exenplu gisa aipatzen diren hitzak edo horien antzeko maileguak erabili nahi baditu, horiek euskaraz nola idatz. Gaurdaino ez baita izan gure artean horrelakoetan batasunik eta nork bere gogara idazten baitzituen. Aniztasun hori moztu nahi dugu eta idazleei horrelako hitzak erabili nahi badituzte modu berean idazteko bidea eskaini.»

Euskararen garapen funtzionalerako hiztegi ugari behar zela aurreikusi, idazleei egokientzat hartzen zituzten hiztegi-elementuak hautatzeko askatasuna eman, eta maileguen ortografia estandarrerako oinarriak ezarri zituen Euskaltzaindiak liburu horretan. Alderatu dezagun orduko diskurtsoa hamar urte beranduago Hiztegi Batuko Batzordeak erakutsitako jarrerarekin. Hiztegi Batu Oinarridunaren portzentaje sarreran ondokoa irakur daiteke:

Zer pentsatu handia ematen du fitxa labur horrek. Izan ere, bi iritzi-emaile ageri dira bertan. Lehenengoak euskaldun guztion izenean hitz egiten du, eta aurreikusten du inork ez duela inoiz behar izango portzentaje mailegua, alegia, edozein komunikazio-egoeratarako ehuneko hitza nahikoa izango dugula denok. Hiztegi ortografikoa erabakitzen ari zen unean garrantzi handikoa zen bigarren iritzia, aldiz, ez zuen kontuan hartu Hiztegi Batuko Batzordeak, eta portzentaje idazkera utzi zuen Hiztegi Batuan, erabat deserosoa eta ahoskera zaindurako oztopo den idazkera hain zuen. Hogeita hiru urte beranduago ere edozein irizpide funtzionalen kontrakoa den forma horrek badirau Euskaltzaindiaren Hiztegian, agian ea nekearen nekeaz hiztunek erabiltzeari uzten dioten. Hala ere, hiztegien eta zuzentzaileen, baita ortografia-zuzentzaile automatikoaren, presio ikaragarria hor egonda ere, Garaterm corpus akademikoan, 1.053 (% 55,57) agerraldi ditu portzentaje aldakiak, eta 842 (% 44,43) portzentaia aldakiak. Ez al da heldu sarrera berrikusteko unea? Izan ere, ez da ahaztu behar normalizazio-arauak ez direla behin betikoak, eta normalizazio-plangintzaren bai eta terminologia-plangintzaren azken fasea dela ezarpenaren ebaluazioa eta arauen berrikuspena egitea.

Euskaltzaindiaren Hiztegian ikusi nuenean harritu ninduen beste erabaki bat izan zen mitokondria sarrerarena, Euskaltermen eta beste hiztegi espezializatu batzuetan berdin jasota dagoena. Izan ere, 1979-80 ikasturtean Biologia euskaraz ikasten hasi nintzenean jadanik mitokondrio erabiltzen genuen, eta ikasleei edota irakasleei besterik ikusiz gero, zuzendu egiten genien. Niretzat antzekoa zen bakterio / bakteria aldakien kasua. Bikote hori 1993. urtean zabalik utzi zuen Hiztegi Batuak (bakteria h. bakterio), baina 2020. urtean, Biologian betidanik erabili dugun bakterio formaren alde egin dute Euskaltzaindiaren Hiztegian. Mitokondrio aldakiaren arrastorik ez dut aurkitu, ordea, Hiztegi Batu Oinarridunean, 2001. urtean mitokondria aztertu zenean. Hona hemen bi sarrerei buruz ageri den informazioa:


Mitokondria sarreran ez dago informazio askorik. Bakteria / bakterio sarreran, aldiz, harritu egin naute erabilerari buruzko informazioak eta erabilitako baldintzazko adizkiek eta dirudienez modalizatzaileak: «Zientzietako erabileremuan, bakterio darabilte, dirudienez; batzordeak -o amaieraduna hobetsiko luke, hori balitz erabiliena».

Egun Garaterm corpus akademikoak erabilerari buruzko datu zehatzagoak eskaintzen dizkigu: bakterio 2.925 (% 93,9), bakteria 190 (% 6,1); mitokondrio 382 (% 72,49), mitokondria 145 (% 27,51). Kontuan hartzekoa da, hala ere, erabilerari buruzko datu horiek datu baldintzatuak direla, hiztegien, zuzentzaileen eta, agian, itzultzaileen presiopean sortuak baitira. Nolanahi ere, gehien harritu nauena da hitzen etimologiari buruzko inolako informaziorik ez ikustea sarrerei buruzko fitxetan. Izan ere, goian aipatutako Euskaltzaindiaren Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak liburuan (1986) jadanik maileguak egokitzeko irizpide garbiak ematen ziren. Ingelesezko formek (bacterium sg. / bacteria pl. eta mitochondrion sg. / mitochondria pl.) salatzen duten bezala, bi hitz horiek grekeraz sortu eta, ondoren, latinizatu egin ziren. Gaztelaniaz erabiltzen diren bacteria eta mitocondria formak plurala femenino modura asimilatzearen ondorio dira:

βάκτρον ‘makil’ + txikigilea -> βακτήριον (baktḗrion ‘makiltxo’) -> bacterium

μίτος (mitos = ‘hari’) χόνδρος (khondros ‘pikortxo’) -> mitochondrion

Etimologia kontuan hartuta, nire iritziz, bakterio eta mitokondrio egitea da hitz horiek euskaraz egokitzeko modu zuzena, alegia, biologiako diskurtsoetan nagusi zirenak eta hainbat hamarkadatan gure klaseetan, mintegietan eta zuzenketetan lehenetsi ditugunak. Ez dakit Euskaltzaindiaren Hiztegian mitokondrio / mitokondria terminoari buruzko erabakirik hartu behar zen ere, baina uste dut erabaki horrek ez diola inolako ekarpenik egiten biozientzietako erregistroen garapenari.

Jadanik luzeegi geratzen ari zaidan artikulu honi bukaera emateko, mikrobiologia alorreko beste adibide bat ekarriko dut. Ez dakit zer dela eta Euskaltermen kontsultaren bat egin eta, halako batean, Petri-ren kaxa terminoarekin topo egin nuen: laborategian mikroorganismoen kultiboak egiteko erabiltzen den plater moduko beirazko ontzi txikia. Aurrekoan bezala, oso harrituta geratu nintzen sarrera honekin ere, zeren eta duela berrogei urte Biologia ikasten nuenean Petri kutxa erabiltzen baikenuen objektu hori izendatzeko. Berriro ere Garaterm corpus akademikora jo, eta egiaztatu ahal izan nuen Petri-ren kaxa terminoaren aldakiak zero agerraldi zituela, eta Euskaltermen jasota ez dauden hiru aldaki ageri zirela:

Petri-ren kaxa (0 agerraldi)
Petri kutxa (51 agerraldi; 10 egile)
Petri kutxatila (9 agerraldi; 4 egile)
Petri plaka (25 agerraldi; 15 egile)

Datuak oso interesgarriak dira, erabilera deskribatzeko maiztasuna ez ezik dispertsioa ere kontuan hartu behar baita. Maiztasuna kontuan hartzen badugu, Petri kutxa da erabiliena, baina aldakia erabili duten egileen kopurua (dispertsioa) kontuan hartzen badugu, Petri plaka da erabiliena. Harrituta geratu nintzen konturatu nintzenean Euskaltermen ageri den data 2002. urtekoa bada ere sarrera hori UZEIk 1980. urtean paperean argitaratu zuen Kimika Hiztegitik zuzenean hartutakoa zela, eta inoiz ez dela berrikusi. Zenbat sarrera ez ote dira egongo berrikusi gabe erregistro akademikoak garatzen hasi ziren garaietatik?

Azken adibide honekin agerian utzi nahi dudana da hiztegiaren normalizaziorako erreferentziatzat hartu behar diren Terminologia Banku Publikoan edota Euskaltzaindiaren Hiztegian diskurtso-komunitate espezializatuen erabilera edota erabilera horren atzean egon daitezkeen arrazoi funtzionalak kontuan ez hartzeak oztopatu egin lezakeela erregistro akademikoen garapena. Funtsezkoa da hiztegiaren kodifikazioa prozesu dinamiko eta bizia izatea. Nahitaezkoa da kodifikazioaren aurreko ikerketa sakona. Nahitaezkoa da baita hiztegi-elementuen eta aldakien ezarpenaren azterketa zehatza egitea eta, azterketa horietan oinarrituta, noizbehinka sarreren eta azpisarreren berrikuspena egitea ere.


[1] Amorrortu, Estibaliz; Ortega, Ane eta Goirigolzarri, Jone. 2017. “Euskararen hiztun aktibo bihurtzeko gakoak”. BAT Soziolinguistika Aldizkaria, 104 (3). 11-49.

[2] Txurruka, Jesus Mari. 2020. “Nola sartu zen euskara Zientzi Fakultatean”. In Jacinto Iturbe, Jesus Mari Txurruka eta Aitor Castañeda (arg.). Amets bikoitza. Euskara zientiifkotzea eta zientzia euskaratzea, 57-190. Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.

[3] Zabala, Igone. 2019 .”The Elaboration of Basque in Academic and Professional Domains”. [“Euskararen lantze funtzionala esparru akademiko eta profesionaletan”]. In Grenoble, Leonore, Lan, Pia & Unn Røyneland (arg.) & Ivan Igartua & Lourdes Oñederra (euskal arg.). Linguistic Minorities in Europe Online. De Gruyter Mouton

[4] Zabala, Igone; Aranzabe, María Jesús eta Aldezabal, Izaskun. 2021. “Retos actuales del desarrollo y aprendizaje de los registros académicos orales y escritos del euskera”. Círculo de Lingüística Aplicada a la Comunicación 88, pp. 31-50

[5] Haugen, Einar. 1983. “The Implementation of Corpus Planning: Theory and Practice”. In Juan Cobarrubias & Joshua A. Fishman (ed.), Progress in Language Planning. International Perspectives, 269˗289. Berlin & New York & Amsterdam: Mouton Publishers.

[6] Elordui, Agurtzane eta Zabala, Igone. 2009. “Euskara batuaren garapen lexiko-diskurtsiboa: batasunetik aniztasun funtzionalerantz”. ASJU XLIII. 231˗246.

[7] Garvin, Paul. 1973. “Some comments on language planning”. In J. Rubin & R. Shuy (ed.) Language Planning: Current Issues and Research, 24˗73. Washington D. C.: Georgetown University Press.

[8] Zabala, Igone; San Martin, Itziar eta Lersundi, Mikel. 2014. “Linguistic and sociolinguistic factors that influence the detection, implantation and circulation of natural terminology in academic uses of Basque”. In Pascaline Dury, Jose Carlos de Hoyos, Julie Makri-Morel, François Maniez, Vincent Renner & Maria Belén Villar Díaz (ed.), La néologie en langue de spécialité. Neology in specialized languages. La neología en lengua de especialidad, 141˗164. Lyon: Publications du CRTT.

Utzi iruzkina