Quandoque bonus dormitat Homerus (eta III)

Xabier Olarra

Gaurko «pherediki» honetan Ulyssesi eta haren itzulpenei helduko diet berriro, azkenekoz oraingoz, eta intsentsuaz ariko naiz, Eliza Katolikoaren errituetan erabiltzen den erretxin-hauts usaingozo hori garraiatu eta erretzeko erabiltzen diren ontziez, zehazki.

Hona Ulisesen lehenbiziko orrialdeetan ageri den esaldi bat, eta aurreko artikuluan aipatu nituen itzultzaileen ordainetan nola ageri den:

So I carried the boat of incense then at Clongowes (Ulysses, I. episodioa).

– Halaxe eramaten nian nabeta Clongowesen. (X. O. lehen zirriborroan)
– Halaxe eramaten nian intsentsu-ontzia Clongowesen. (X. O. 2015eko argitalpenean)

– Así llevé yo aquella vez el incensario en Clongowes. (Salas Subirat, 1947 eta 2015eko berrinprimaketa batean)
– Así llevaba yo el incensario entonces en Clonglowes) (Valverde, 1976)

– Del mismo modo llevé la naveta con incienso entonces en Clongowes (García Tortosa-Venegas Lagüens, 1999)

– Daquesta manera portava l’encenser aleshores, a Clongowes. (J. Malafré, 1981)
– Era así como levaba daquela o incensario en Clongowes. (Eva Almazán eta beste hiru, 2014)

– C’est ainsi que je portais l’encensoir à Clongowes (Morel, 1929)
– C’est ainsi que je portais la navette d’encens jadis à Clongowes (Aubert et alii, 2004)

– So trug ich damals den Weihrauchkessel in Clongowes. (Georg Goyert, 1927)
So hab ich das Weihrauchschiffchen getragen damals in Clongowes. (Hans Wollschläger, 1975)

– Cosí un tempo portai il bossolo dell’incenso a Clongowes. (G. Celati 2013)
– Così reggevo il bossolo dell’incenso in quel tempo a Clongowes. (Giulio de Angelis, 1950)

Argi eta garbi dago Eliza Katolikoaren hainbat erritutan erabiltzen diren bi tresna diferente direla: intsentsua eramateko ontzia bata (nolabaiteko itsasontzi-eitea izan ohi duena, eta naveta, navette, navicella nahiz ingelesezko «boat» eta Schiffchen) eta intsentsua erretzen dena eta usain gozoko kea zabaltzeko  erabiltzen dena  bestea (intsentsario, intsentsatzeko edo intsentsu-ontzi, OEHn agertzen denez).

intsentsua

Googlek, ahalegin handirik gabe, berehala ematen dizkigu biak. Eta hona hemen goian aipatutako hizkuntza horietan nola bereizten diren:

intsentsu-ontzi

Kontua da Joycek oso ondo bereizten zituela biak, gaztetan katoliko sutsua izan baitzen, eta halaxe ageri da Artistaren gaztetako portretan, kasuan kasuan egokia den hitza: thurible bi aldiz eta censer bizpahiru aldiz.

he had shaken the thurible only slightly like such a one,

He would never swing the thurible before the tabernacle as priest.

The earth was like a swinging swaying censer

Ulisesen Joycek oroitzen duen eszena Portretan ere ageri da. Oraingoan ez da ageri «boat of incense», baina bai, ordea, «boatbearer», ‘intsentsu-ontziaren eramaile’ alegia.

He remembered the summer evening he had been there to be dressed as boatbearer.

Intsentsuaren kaxa eramateko janztera hara joan zeneko uda arratsa (Irene Aldasoro, 1992)

Hor goian aipatutako intsentsu arteko peregrinazio horretan honako hauetaz ohartuko gara:

  1. Bai alemanera, bai frantsesera, bai gaztelaniara egindako lehen itzulpenetan bi tresnak nahastu dituzte itzultzaileek, eta jatorrizkoan ageri den «boat of incense» (intsentsua eramateko ontzia, nabeta) «intsentsario» bihurtu dute. Joycek berak «gainbegiratu» omen zituen bi itzulpenetan ageri da akats hori. Frantsesezkoak beste bi gainbegirale ere izan zituen (Stuart Gilbert, Valéry Larbaud), baina inor ez zen ohartu edo ez zion garrantzirik eman.
  2. Hiru hizkuntza horietara egindako bigarren (frantsesera eta alemanera) edo hirugarrenean (gaztelaniara) akatsa zuzendu dute.
  3. Gaztelaniara Valverdek 1976an eta geroago Malafrék katalanera eta Eva Almazánek eta beste hiruk galegora egindakoetan, abiapuntuko frantsesezkoa bidelagun harturik agian, ez dute akatsa zuzendu.
  4. Akatsaz oharturik, euskarazko lehen bertsioan «nabeta» jarri nuen, hala ageri delako UZEIren Erlijio-hiztegian eta Elhuyarrenean. Bigarrenean, ordea, emandako hitzaldi batean entzuleek iradokitako bidetik, «intsentsu-ontzi» utzi nuen, horrek ekar zezakeen nahastearen jakinaren gainean.
    Orduan ez nuen aztertu ahal izan Artistaren gaztetako portreta, eta orain ikusi dut han Irene Aldasorok  thurible, censer = «intsentsu-ontzi» egiten duela eta boat of incense = «intsentsuaren kaxa».

Eta zer ateratzen dugu intsentsu arteko peregrinazio luze honetatik? Nik, behintzat, bitarteko itzulpenak erabiltzen direnean kontu handiz ibili behar dela ikasi dut, are nolabaiteko mirespena diegun itzultzaileen lanez baliatzean, oroituz itzultzailerik onenek ere tarteka kuluxkaren bat egiten dutela.

Garbi dago horrelako akatsek ez dutela baliogabetzen, berez eta besterik gabe, itzulpen bat, are gutxiago Ulisesen  tamainakoa, baina jainkozkotasun merezigabea bere lekuan jartzeko balio dezake.

Bestalde, gure gazte-denboran Salas Subiraten «itzulpen txarra edo oso txarra» omen zenean trabatuta J. M. Valverderenera itxaropenez beterik pasatzen ginenean «hura ona edo oso ona» zelakoan, ez ginen Lur Agindura besterik gabe iristen. Valverdek izan zuen bere itzulpenaren zuzenketa egiteko aukera, Hans Walter Gablerrek 1984an egindako edizio kritikoaren aitzakiarekin Lumenek 1988an egin zuen argitalpen berrian («Esta edición sigue exactamente las directrices de la edición crítica Garland, New York, 1984»).

Pena da Valverde goraxeagoko adibidean eta aurreko artikuluan aipatutakoan ageri diren akatsak zuzentzeko aukeraz baliatu ez izana, zuzenketa batzuk egin baitzituen testuan, 1988ko argitalpeneko Itzultzailearen oharrean dioskunez: «En esta nueva edición he podido retocar mi traducción, en dos sentidos: ante todo, he corregido algún error tipográfico y he modificado alguna palabra o frase en forma que ahora me ha parecido más feliz». Esaldi hori irakurrita, badirudi ez zuela berrikuspen sakonik egin nahi izan. Agian intsentsu gehiegi arnastu izanak galaraziko zion bere lanari begi zorrotzagoz erreparatzea.

Dena dela, Ulisesen gaztelaniazko nahiz frantsesezko bertsio berrietan hemen eta aurreko artikulutxoan aipatutako akatsak eta beste asko zuzenduta aurkituko ditu irakurleak. Eta euskarazkoan, berriz, goian ageri den moduan.

One Reply to “”

Utzi iruzkina