Euskararen prosodiaz (I)

José Ignacio Hualde

Dudarik gabe, munduko hizkuntzen tipologiaren ikuspegitik, euskararen berezitasunik interesgarrienetariko bat hizkera batzuetan aurkitzen dugun sistema prosodikoa da. Orixek honakoa idatzi zuen Euskaltzaindian sartzerakoan eman zuen hitzaldian:

Oraindio bizirik irauten du bere beretasun ederrean gure euskeraren doiñuak: eta beste alderdi askotatik begirata arrigarria baldin ba’da gure izkuntza, doiñuarengatik arrigarriago esan diteke. (Ormaetxea, Nikolas. 1958. Euskera, 2. garaia, 3: 29-36)

Nire iritziz arrazoi osoa zuen Orixek honetan. Ordutik hona gauzak asko aldatu badira ere, Orixek aipatzen duen «doiñuera harrigarria» oraindik ere entzun daiteke zenbait eskualdetan.

Bizkaiko kostaldeko hizkerek, adibidez, azentu bereizgarria dute —hau da, azentuak hitzak bereizteko balio du hizkera hauetan, gaztelaniaz bezala—; baina gaztelaniarekin konparatuta, oso bestelakoa da euskal hizkera hauen prosodia.

Entzun Lekeitioko bi adibide hauek:

Lehen adibidean lagúnen hitzak azentua du bigarren silaban. Ikus irudia:

hualde1

Irudi honetan, goiko partean soinu uhina ikus daiteke. Erdiko zatian esaldiaren doinu edo intonazioaren kurba duzue, goranzko eta beheranzko doinu aldaketekin. Beheko zatian, silabak ipini ditut, beste bi zatiekin lerrokatuta. Ikusten denez, gailur handi bat dugu lagúnen hitzaren bigarren silaban eta hurrengo silaban tonu beherakada arin bat. Hau da, azentu bat dugu –– silaban. Galdegaiaren bukaeran (alabia hitzaren azken silaban) beste azentu-gailur ttikiago bat dugu.

Ikus dezagun orain bigarren adibidearen doinu-kurba:

hualde2

Ikusten denez bigarren adibide honetan azentu-gailur bakar bat dugu, galdegaigunean dagoen alabia hitzaren bukaeran. Bestalde, lagunen hitzak ez du erakusten lehen adibidean duen gailurra. Hau da: lehen adibidean, lagúnen hitzak azentua dauka bigarren silaban, eta bigarren adibidean, aldiz, lagunen hitza azentugabea da.

Beraz, azentu bereizkuntza bat badugu ere, bereizkuntza hau ez da gaztelaniaz sábana eta sabana edo canto eta cantó hitzen artekoa bezala. Egia esan, azentuera mota honek, hitz azentudun eta azentugabeen arteko bereizkuntza batekin, ez dauka parerik Europako hizkuntzen artean. Aldiz, antzekotasun harrigarria erakusten du japonieraren sistema prosodikoarekin.

Bi adibideon esanahia desberdina da. Badakizu zer esan nahi duten bi esaldi hauek? Euskara batuan nola izango lirateke bi adibideok?

Gehiago jakiteko:

Hualde, J. I.. 1997. Euskararen azentuerak. ASJU-ren gehigarriak 42.
Hualde, J. I., G. Elordieta & A. Elordieta. 1994. The Basque dialect of Lekeitio. ASJU-ren gehigarriak 34.
Hualde, J.I. & X. Bilbao. 1992. A phonological study of the Basque dialect of Getxo. ASJU-ren gehigarriak 29

5 Replies to “Euskararen prosodiaz (I)”

  1. Diozun lez, eta zu aritu zara bereziki fenomeno hori aztertzen, badirudi ‘Bizkaiko kostaldeko hizkeretan’ azentuaz desberdintzen dela maiz hitz ‘bere’ baten aldaera singular eta pluralaren artean (lagunen ≠ lagúnen). Nere irudipena da mendebaldeko beste zenbait hizkeratan ere (Bizkai barru aldean, Gipuzkoa hego eta mendebalean…) egiten ote den / edo behintzat gaur arte ‘zaharrek’ ere egin ote dituzten antzeko bereizketak (láunen ≠ laúnen -cf. lagun(ar)en-; ámai ≠ amái cf. amari ≈ amei). Esan ote genezake ezer azken hauetaz?
    Bestetik, nik ez dakidana da zenbaterainokoa den azentu ezaugarri hauen sistematizazioa diskurtso errealean, eta ez dakit halako azterketarik inoiz egin/argitaratu duzuen -ez dut uste, baina oker egon ninteke-. Normalean erakusten dituzuen adibide guztiak ‘laborategian edo’ sortutakoak dira, apropos idatzitako esaldiak irakurraraziz hiztunei eta aldez aurretik hauei ongi azalduz kasuan-kasuan esaldiari eman behar dioten ‘esanahia’ eta hala bide batez ‘intonazioa ere’, gero grabagailuan ikertzaileek gura legez grabatuak geratu daitezen, eta zuk hemen bertan erakusten dituzun grafiko argi-argiak lortzeko edo lortu arte.
    Niri gustatuko litzaidake jakitea benetako diskurtsoan halako anbiguotasunak zenbateraino bereizten diren azentuaz, eta zenbateraino beste barik testuinguruaz, baldin eta halako daturik baldin baduzue behintzat, jendeari (elkar)hizketa librean-edo jasotakoak, eta non dauzkazuen erakusgarri.
    Eta hau dena diot zuen azterketa prosodikoekin beste kontu batean inguruan dudan esperientziagatik. Artikulutxo honetan ere bi adibideetan aipatzen duzu ‘galdegai’ kontzeptua, batean ‘galdegaigune’ kontzeptua ere, hain justu bi esaldietan ere ‘ez kasualitatez’ hauen amaieran emaniko aditzaren aurreko osagaia eta gunea aipatzeko, eta bi kasuetan ere osagai honi ‘azentu-gailur bat’ lotuz, ttikiago edo handiago kasuaren arabera.
    Bestetan ere aipatu dizut, gauza bat dela euskaraz aditzak, bereziki aditz jokatuak, duen jokaera enklitikoki emana agertzeko, eta beraz deazentuatua (f0, oinarrizko frekuentzian jaitsiera batek markatu ohi duena -h.d. marrazkietako kurbaren jaitsiera-), eta beraz honen aurretik emaniko osagaiaren f0 ‘azentu goi’ gehiago edo gutxiago markatuari lotua eta subordinatua, eta beste gauza bat da aditzaren ezaugarri hori ‘bere aurreko osagaiari’ atxiki ordez ‘galdegaiari’ erantsi gura izatea. Noski, aditza esaldi amaieran ematen denean, honen ‘aurreko osagaia’ eta ‘galdegaia’ bat izan ohi dira. ‘Galdegaia’ ordea, badakigu esaldi (oso) laburretan izan ezik, aditzaren ondoretik eman ohi dela (3tik bitan edo), eta hala hirutik bitan-edo ‘galdegaigunea’ aditzaren ondoretik denean, zuen azterketetan ez duzue (inoiz?) aipatzen honen azentuerarik.
    Horregatik eskatu dizuet behin baino gehiagotan ‘ahozko testu errealak’ -(elkar)hizketa errealak, libreak- aztertzeko. Eta ‘neutral’ batzuk, esaterako, zuek zeroriek erakusten dituzuenak zuk aipatu 1994ko The Basque dialect of Lekeitio-n erakusten dituzuenak (215-236 orr.), non barra-barra jasotzen dituzuen ‘galdegaia’ batere zalantza barik aditzaren ondoretik ematen duten esaldiak. Lehenengo testu, M.N. Alzibarrenetik, eta baten bat erakusteko, ondokoak bezalakoak:
    • da aurten emon dau, e, emon dau, ene!, aixa arrantzak!
    • orduan e, eon dias preparata gitxiaorako, da erosteko, erosteko gitxio
    • da ekarte ixan dabe antxobia ba, ortik, kanpotik
    Eta zalantzarik balego esaldion ‘galdegaiaren’ inguruan, zeroriek ematen dituzuen ingelesezko itzulpenei begiratu baino ez daukazue.

    Atsegin dut

  2. Azpeitian ere holaxe dira gauzak. Baina nik beti “sentitu” izan dut pluraleko “lagúnen”-en bezala, ez-pluraleko “lagunén” forman ere azentu moduren bat dagoela azkenengo silaban. Baina ez da horrela, nonbait.

    Atsegin dut

    1. Azpeitiko azentueraz ikusi eta ikasi dudanaren arabera, azentua sentitzen duzun lekuan dago, bai. Beste modu batean egiten da berizkuntza hori Azpeitian; zuk esaten duzun moduan, hain zuzen. Gai honetaz zerbait gehiago esango dut hurrengo batean.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina