Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak V

miel a. elustondo

Apartamentu bat eman zidaten Kieven, eraikintzar handi batean, non sartu baitzituzten zentral nuklearreko denak. Apartamentua bera handia zen, bi geladuna, Vasya maiteak eta biok amestu genuena.

[Zutitu eta leiho aldera joaten da]

Gutariko asko gaude hemen. Kale osoa. Izen horixe eman diote: Txernobylskaia. Jende honek zentralean lan egin zuen bizi osoan. Haietariko asko bertan ari da lanean behin-behinean, engoitik inor ez da bizi bertan. Gaixotasun larriak dituzte, elbarriak dira, baina ez dute beren lanik uzten, erreaktorea itxi dezaketela pentsatzeak berak izutu egiten ditu. Nork behar ditu han beste inon ez? Sarri, hil egiten dira. Minutuan. Erori egiten dira, besterik gabe. Oinez dabil, erori egiten da, eta loak hartzen du. Loreak zeramazkion erizainari, eta bihotza geratu zitzaion. Hil egiten dira, baina inork ez digu ezer galdetzen. Inork ez digu galdetzen zenbat sufritu dugun. Inork ez du heriotzaz aditu nahi. Beldurtzen dituen horretaz.

Baina maitasunaz ari nintzaizun. Nire maiteaz…

Itzuli zirenak

O, ez dut gogoratu ere nahi. Izugarria zen. Ehizatu egin gintuzten, soldaduek ehizatu egin gintuzten. Makina militar handiak etorri ziren. Orotariko horiek. Gizon zahar bat, lurrean ordurako. Hiltzeko zorian. Nora joan behar zuen? «Oraintxe jaikiko naiz», negarrez ari zen, «eta joango naiz hilerrira. Neure kabuz joango naiz».

Bagindoazen. Lur pixka bat hartu nuen amaren hilobitik, eta zaku txiki batean sartu nuen. Belaunikatu egin nintzen: «Barkatu iezaguzu zu hemen uzteagatik». Gauez joan nintzen hara, baina ez nintzen beldur. Jendea bere izena idazten ari zen etxeetan. Egurrean. Hesietan. Asfaltoan.

Gauak luze dira hemen neguan. Batzuetan, jarri egiten gara, eta kontatu: Nor hil da?

Nire senarra bi hilabetez egon zen ohean. Ez zuen hitzik egin, ez zidan erantzun. Haserre zegoen. Belardiaren inguruan ibiliko nintzen, eta itzuli: «Zer moduz zaude, xaharra?». Inor hilzorian dagoenean, zuk ezin duzu negarrik egin. Haren heriotza etengo zenuke, borrokatzen segitu beharko luke. Ez nuen negarrik egin. Gauza bat besterik ez nion eskatu: «Agurtu gure alaba eta nire ama maitea». Erregu egin nuen, biok batera joan gintezen. Zenbait jainkok egingo zuen, baina Berak ez zidan utzi hiltzen. Bizirik nago…

Etxea garbitu nuen, sukaldea lixibaz garbitu. Ogi zati bat eta gatz pixka bat utzi behar zenuen mahaian, plater txiki bat eta hiru koilare. Etxeko arimak bezainbat koilare. Itzultzeko modua izan dezagun.

Oilaskoek gandor beltzak zituzten, ez gorriak, erradiazioagatik. Eta ezingo zenuen gaztarik egin. Hilabetea egin genuen gaztarik eta gaztanberarik gabe. Esnea ez zen gatzatzen, hauts bihurtzen zen, hauts zuri. Erradiazioagatik.

Erradiazioa neukan nire lorategian. Lorategia zuri bihurtu zen, izan litekeenik eta zuriena, zerbaitez estalia balego bezala. Zerbaiten pusketak. Baten batek basotik ekarri zuela ere pentsatu nuen.