Euskal (kazetaritzaren) aitzindariak

Estitxu Irisarri Egia

Jakina den bezala, historian zehar emakumeen lan asko geratu dira itzalean, ezkutatu, erre, desagertu edo desagerrarazi egin direlako. Emakumeen etxetik kanpoko jarduna arlo askotatik azter daiteke, baina guk oraingoan idatziari erreparatuko diogu, 1930 inguru hartan kazetaritzaren aurrekari izan ziren emakume haiengan jarriko dugu fokua.

Aipatu beharra dago emakumearen kazetaritzarako joera hasita zegoela 1912a baino lehen, Bizkaitarra, Gipuzkoarra, Napartarra, Aberri eta Euzkadi aldizkarietan. Horietako batzuk izan ziren Maria Barbier «Mirentxu», Purificacion Gorostiza «Garbiñe», Rakel de Alda «Katalin», Sorne Unzueta «Sorne» edo «Utarsus». Baina 1922an, EAJren barruan Emakume Abertzaleen Batza (EAB) sortu ostean, emakumeen kultur jardueretako parte-hartze (publiko)a handitzen eta lekukotasunak gehitzen joan ziren. Talde horretakoak izan ziren, besteak beste, Zumaiako Julene Azpeitia irakasle eta idazlea eta aurrerago aipatuko ditugun beste hainbat.

Primo de Riveraren diktaduraren garaian, Espainiako II. Errepublikan eta frankismo garaian argitaratutako lan haietan, ezizenez betetako zerrendak ditugu. Beraz, haien benetako izen-abizenak, jaioterria eta aurpegia zein diren jakitea ez da lan samurra. Hori horrela, garai hartako Elgoibarko kronikagileen[1] artean izen hauek dira aipagarri: Gotzon Osoro «Aberri»[2], «Agurtzane», Gorostiza «Aixerixa», «Atxolin», «Garbiñe», Ixaka Azpiazu «Ixaka», Miren Gabilondo «Maitxo», Miren Joaristi «Mirentxu» eta Andoni Astiazaranen anaia zen «Xapi».

Aipatutako kronikagile horietatik «Agurtzane»[3] (Rosario?), «Garbiñe»[4] (Purificacion?), Miren Gabilondo «Maitxo»[5] eta Miren Joaristi «Mirentxu»[6] emakumeak zirela badakigu, baina «Atxolin» zalantzazkoa[7] da. Hala ere, «Luzear»ek «Maitxo»ren lehenengo testuaren jarraian aipamen hau egiten du: Jo, Maitxo, jo, sei neskatil bazerate oraintxe ta. Ekin («Luzear», El Día, 1930-06-20). Dirudienez, sei emakume zebiltzan Elgoibarko berriak ematen, baina guk ziurtasun osoz 4 zenbatu ditugu.

Konplexuek eta gutxitasun sentimenduek urteetan zehar baldintzatu dute euskalduna, eta zer esanik ez emakume (euskaldun)a. Ardura hori, emakume kronikagile batek baino gehiagok plazaratu zuen:

  • (…) Ari naiz zerbait idazten dedalakuan, ta gañera bildurrez, nere buru auste guziak alperrik izango ote diran ere banago ta. Ez ote da ordea EUSKAL ORRIan toki apurtxo bat neretzat izango, ala emakumia naizelako guxatuko ote nazu? (Ikusi dezu orrelako asmorik ez dedala) [sic]. Norbaitek bear bada esango bai du, emakumiak onela jardunian baño etxeko zeregiñetan obeto ematen duala! Guk ere euskera maite ordea, ta maitasun onek zeredozer egiteko eskatzen. Euskera semeen ez ezik, ¿alabien bearrean ez ote dago ba? («Agurtzane», El Día, 1930-06-19).
  • Ixaka’ri. (…) Nik euskeraren alde zerbait egiteko gogoa badet, baño ezjakinbat naiz, ta lotzaturik egoten naiz neure lan parregari aueri begira. (…) («Maitxo», Euzkadi, 1931-10-01).
  • Aspaldiko denporan egon naiz zertxo bait idazteko asmoan. Uretara sartu nai-eta-nai ez dabillen umetxuba legez. Nere lotza guztijak alde batera utzi-ta, gaur baña, emen natorkizu, nere ezer-eza erakustera. EUZKADI geure ama dan ezkero, esketsiko didat. Ausarkeri txikiña baita. (…) Gure laguntza oso txikia izango dezu, baña gaur beñere baño indartsuago eta gogotsuago arkitzen gera zeure alde lan egiteko, baita geure azkenengo odol tantoa eman biar bada ere. (…) «Garbiñe», Euzkadi, 1931-10-02).

Honaino iritsita, eskerrak eman nahi dizkiet beldurrak alde batera utzi eta mamuei aurre eginez era kontzientean zein  inkontzientean emakumeen hitzek argia ikus zezaten lan egin zuten guztiei: Milia Lasturkoari, Bizenta Mogeli, Julene Azpeitiari, Errose Bustintza «Mañari’ko»ri, Margarita Untzalu «Amagoya»ri[8], «Agurtzane»ri, «Garbiñe»ri, Elgoibarko «Maitxo»ri, «Mirentxu»ri, Loiola-Azpeitiko «Bat»i eta «Olatx»i, Zarauzko «D.Z.»ri, Elgoibarko «Bestea»ri, («Garbiñe»?) Oiartzungo «Mirentxu»ri, Donostiako «Ira»ri, Arruako «Maria´ren Alaba Bat»i, Tolosako «Yolanda»ri, Oiartzungo «Pillipa»ri, Zarauzko «Lau Uxo»ri, «Tene»ri, «Arantxa»ri, «Onintza»ri, «Txiki Alai»ri, «Punpalatx»i[9], «Iñor ez»i, «Lilitxo»ri, «Andereño bat»i[10], eta abarri.

Izan ere, gaur egun ez geundeke gauden tokian, ideologiak ideologia eta iritziak iritzi, gure amona haiek bidea ireki ez baligute, ardurak hartu ez balituzte, idatzi ez balute, irakatsi ez baligute, elkartzen hasi ez balira (1930. urteko Zarauzko Lehenengo Andereño Idazle Batzarra[11], 1931ko Elgoibarko EAB, etab.), nahi zuten hura lortzeko borroka egin ez balute. Ahal  izan zuten bezain ondo egin zieten aurre emakumearen lekua etxea zela esaten zuten haiei.

Beraz, zenbaiten esanetan[12], gizonaren zeregin politikoaren osagarri moduan aritu ziren arren, eta batzuen begi-belarrietara plazaratu zituzten notizia haietako askok mitinen, deialdien edo lagunarteko elkarrizketen itxura eta kalitate eskasa izan, ukaezina da euskararen, kulturaren, abertzaletasunaren, informazioaren eta komunikazioaren alde egin zuten lana. Hortaz, gaur egungo herri-kazetaritzaren aitzindaritzat har ditzakegu.

Zentsurak zentsura, bizi, sinesten eta sentitzen zutena idazteko izan zuten adorea, indarra eta kemena ez ziren izan ahuntzaren gauerdiko eztula. Horregatik guztiagatik, 8 + 8 = 16 delako (martxoaren 8a Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna + irailaren 8a Kazetarien Nazioarteko Eguna[13]) eta askoz gehiagogatik nahi dut gorritu martxoaren 16a eta Emakume Kazetariaren egun ofizial izendatu.

_______________

[1] Lagina mugatu nahian Elgoibarko berri-emaile ibili zirenak hautatu ditut.
[2] Fusilatuen zerrendan agertzen da.
[3] «Aberri» mutill gazteari.— (…) Nere lagun «Maitxo»k sei alkandora erregalatu dizkit nire senargayantzako (…). («Agurtzane», El Día, 1930-09-18).
[4] Uarra.— «Garbiñe» ixen-ordia dezu, emakume liraña. Euzko-emakume batek ixen ederragorik ezin erabilli lezake [esaldiaren kritikagarritasuna alde batera utzita]. (…) («L.», Euzkadi, 1931-10-02.)
[5] Nere aizpatxo maitiei.— Poz-pozik arkitzen naiz, Miren’en Alabak egin bear degun Bidezkunde ta idazle batzar ortarako zaletasun aundia zabalduaz dijuala ikusita, (…) Bidezkunde ta idazle batzar bero-bero bat Itziar’en egiñ arte. (…) jarraitu ortan Gipuzkoa’ko Maria’ren Alaba guztiak Itziar’ko Ama’ren aurrean elkar ikusiko degun egun zorioneko iritxi arte. (…). («Maitxo», El Día, 1931-02-04).
[6] Baña Miren, sarri sarri etorri biarko dezu emengo emakumen askoren biotzak ikutuko badituzu. Ez dakit ba nola leikian ere olako buru gogorekuak izatia… Esnatu gaitezen ba aizpa maitiak. Ikasi dezagun noizbait badare, geure ama maitatzen beti (…) («Mirentxu», El Día, 1932-07-13).
[7] ¿Emakume Abertzale Batza’ko ikurriñan onespena noiz?.— Galdera au askok galdetzen digu ta oni erantzun leike datorren dagonila’ren 21’tan ixango dala, egun orretarako jaya antolatzen ari dira, (…) Bere pasarte horri («Atxolin», Euzkadi, 1932-07-01) erreparatuz gero, galdetzen digu aditzarekin barnean sartzen du bere burua, baina antolatzen ari dira aditzarekin distantzia hartzen du gizona edo beste herri batekoa bailitzan. Adibide honetan ere ekintzatik urrundu egiten dela ikus dezakegu: Emakume Abertzale Batza.— Gogor aidira emengo emakumeak uri onetan ere Emakume Abertzale Batza jartzeko. («Atxolin», Euzkadi, 1931-10-01).
[8] Lizundia, J.L., Emakumeak idazle Durangerrian saretik.
[9] Euskal Prentsaren Lanak webgunean garaiko argitalpenean ez da ezizena argi ikusten.
[10] Zarauzko Lehenengo Andereño Idazle Batzarrari buruzko artikulutik.
[11] Galder Unzalu Etxabek Uriolan idatzitako artikulutik.
[12]Ik. 6. or., azken paragrafoa: http://www.euskara.euskadi.net/appcont/sustapena/datos/emabatza.pdf [Azken kontsulta: 2016-03-06].
[13] Ik. https://es.wikipedia.org/wiki/D%C3%ADa_del_Periodista