Alfabeto silabikoaren amaiera?

Aiora Jaka Irizar

Aurreko hilabeteko artikuluan aipatzen nuen zein zaila den hizkuntza bat ikastea hizkuntza horren hiztunek inolako kontzientzia linguistikorik garatu ez badute. Ni bizi naizen herriko bi hizkuntzez ari nintzen, criaz eta inuktitutaz. Gaurkoan, kanpotarroi bi hizkuntza horiek ikastea zailtzen digun —eta, ondorioz, hizkuntza horien iraupenean hil edo biziko eragina duen— beste faktore bat aipatu nahi nuke: idazkera sistema. Azaldua dut dagoeneko blog honetako beste sarrera batean criek eta inuitek idazteko erabiltzen duten sistema silabikoa James Evans izeneko misiolari anglikano batek asmatu zuela, XIX. mendearen erdialdean, Kanadako ojibwa hizkuntza transkribatzeko. Hasiera batean alfabeto erromatarra erabili nahi izan zuen ojibwa hizkuntzako soinuak idazteko, baina hots haiek letra latindarretara ondo moldatzen ez, eta hogeita hamasei karaktereko sistema silabiko bat garatu zuen azkenean. Idazkera sistema hura berehala hedatu zen ojibwa hiztunen artean ez ezik baita Kanadako beste hizkuntza batzuetako hiztunen artean ere, eta, XIX. mendearen bigarren erdirako, bere egina zuten bai criek, baita Quebeceko inuitek ere, eta, gaur egun, horixe da cria eta inuktituta idazteko erabiltzen den sistema.

Eta hain zaila al da ba idazkera silabiko hori ikastea, artikuluaren hasieran iradoki dudan bezala? Ez horixe. Pazientzia, denbora eta motibazio pixka bat nahikoa dira inuktitutaren nahiz criaren alfabetoak ikasteko. Arazoa, beste behin ere, testuinguru soziolinguistikoa da, erabilera, baliabideak, teknologia… Idazkera silabikoak oso ondo funtzionatu du mendebete inguruz, criek eta inuitek inguruan cria eta inuktituta beste hizkuntzarik ez zutenean, irakurtzeko zeuzkaten testu ia bakarrak Bibliako pasarteak eta kantu erlijiosoak zirenean, gutunak nahiz mezu pertsonalak baizik idazten ez zituztenean.

Gaur egun, ordea, idatzizko kultura bisualak munduko txoko ia guztiak okupatu dituenean eta ingelesak munduan duen nagusitasuna eztabaidaezina denean, zenbatekoa da cria, inuktituta eta beste hizkuntza «txiki» batzuk idazteko garatutako sistema silabikoaren bizi-itxaropena?

Herri honetako cri eta inuit gehienak harro daude beren idazkera sistemaz: beren identitatearen parte da (beste behin ere, kolonizatzaileek «inposatutako» ezaugarri bat kolonizatuaren identitatearen parte garrantzitsu bilakatu da). Arazoa da, bereziki crien kasuan, hiztun gehienek ez dakitela beren hizkuntzan idazten. Eskolako irakaskuntza-hizkuntza ingelesa da adin batetik aurrera (9 urtetik aurrera, inuiten kasuan; 7 urtetik aurrera, crienean). Inuktituta eta cria atzerriko hizkuntza moduan irakasten dira, guri ikastolan ingelesa irakasten ziguten bezala. Alfabeto silabikoa irakasten da, noski, baina bigarren hezkuntza bukatzea lortzen duten ikasleak ez dira gai izaten silabikoz idatzitako liburu bat naturaltasunez irakurtzeko. Criak eta inuktitutak, beraz, ahozko hizkuntza izaten jarraitzen dute XXI. mendean. Herritar ia guztiek erabiltzen dute bata zein bestea beren eguneroko ahozko jardunean, baina, idazteko orduan, denek jotzen dute ingelesera. Eta, idatzi, egunero idazten da; ez soilik eskolako umeek edo bulegariek, baizik eta herritar guztiek. Facebook, esaterako, oso-oso popularra da herrian. Dena gertatzen da Facebooken. Baina Facebooken silabikoa instalatzea gauza konplikatu samarra denez, eta, gainera, inork ez dakienez oso ondo silabikoz idazten, Facebooken den-dena idazten da ingeles hutsez: ekitaldi baten iragarpenetik hasi eta maitasunezko mezu intimoenetaraino. Bai crien aldean, bai inuitenean.

Eta zein da soluzioa? Ba ez dakit ez ote den beranduegi soluzio bat bilatzeko (ingelesak ordezkatuak baititu jada hizkuntzaren erabilera-esparru asko eta asko), baina nik egingo nukeen lehen gauza idazkera silabikoa alde batera uztea litzateke, eta cria eta inuktituta alfabeto erromatarrarekin idazteko sistema sendo bat garatzea. Badago dagoeneko silabikoa «gure» alfabetoan transliteratzeko modu estandarizatu bat, baina, crien kasuan behintzat, ez du inork ezagutzen eta, ondorioz, Facebooken eta halakoetan agur hitzen bat criz idatzi nahi duenak ahal bezala transliteratzen du, ingelesaren fonetikari jarraituz (Quebeceko crien lurraldearen izen ofiziala ere ᐄᔨᔨᐤ ᐊᔅᒌ/Eeyou Istchee da, nahiz eta, transliterazio sistema estandarizatua erabiliz, Iiyiyiu Aschii behar lukeen).

Sistema estandarizatu hori bera, nahiz gaur egungo ahoskerara moldatutako beste sistema bat, baina alfabeto erromatarrera egokitzea hil edo biziko pausotzat jotzen dut halako hizkuntza mehatxatuen kasuan, hori egin ezean ingelesak ordezkatuko baitu hizkuntzaren idatzizko esparru osoa, eta, pixkanaka, baita ahozkoa ere (Groenlandiako inuitek, adibidez, ez dute inoiz sistema silabikorik izan; hizkuntza idazten hasi zirenetik, alfabeto erromatarra erabili dute, eta, gaur egun, hizkuntza askoz ere osasuntsuago dago hemengo inuiten artean baino). Badakit txinerak, arabierak eta beste hamaika hizkuntzak arazorik gabe iraun dutela bizirik beren idazkera sistemari eutsiz, baina ez naiz orain hasiko hizkuntza handi eta sendo horien eta criaren, inuktitutaren edo Ameriketako beste edozein hizkuntza autoktonoren arteko indar-alderaketa egiten.

Badakit oso gai delikatua dela, eta halako proposamen batek hautsak harrotuko lituzkeela crien eta inuiten artean, baina, gure hizkuntzarekin alderaketa eginez, ezagutzen ditugu euskara batua sortu zenean euskalki desberdinen arteko hiztunen artean izan ziren ika-mikak, nork bereari eutsi nahi ziola-eta. Idazteko modu estandarizaturik asmatu ez bagenu, euskaldunok ere erdaraz idatziko genioke elkarri oraindik ere, garai batean egiten zen bezala.