Letra larriak eta arazo xeheak

Alfontso Mujika

Letra larrien erabilera, zenbaitetan, kontu nahasia da. Egia da. Gure inguruko erdara nagusietan, estandarizazioan eta normalizazioan gu baino nabarmen aurrerago izan arren, badira zalantzak[1]. Beraz, ez da harritzekoa euskaraz ere zalantzak izatea.

Gaurkoan, Euskaltzaindiaren Hiztegian (ala hiztegian behar luke? Uf! Goazen aurrera, izenburuan katramilatu gabe) atentzioa eman didaten kontutxo batzuk ekarri nahi ditut leiho honetara, ikusteko nola hizkuntza gehien zaintzen den tokietan ere badiren zalantzak eta badiren inkoherentziak.

Euskararen hiztegi ofiziala jaioberria da, 1. edizioan dago (gaztelaniaren hiztegi ofiziala, adibidez, 23. edizioan dago). Hori kontuan izan behar dugu epaitzen edo kritikatzen hasi baino lehen. Beraz, izan dezagun hori beti gogoan, eta izan gaitezen barkaberak. Baina, horrekin batera, izan dezagun erne espiritu kritikoa ere.

Eta luzagarri gehiagorik gabe, hel diezaiogun gaiari:

Zer gertatzen da letra larriz hasita idazten den hitz bat hitz-elkarte baten lehen osagaia denean? Hitz-elkarteak ere atxiki behar du hasierako letra larria? Hori da funtsezko galdera. Eta galderari erantzuteko, irizpidea behar dugu.

Hitz-elkarketa hitz berriak sortzeko baliabide nagusietakoa dugu. Hitz-elkarte mota ugari dago, baina emankorrenetakoa, eta guri hemen axola zaiguna, mendetasunezkoa da; hau da, «izen + izen» elkartea, zeinak izen berriak sortzen baititu. Hala sortutako hitz berria, hitz-elkartea, izena da kategoriaz, eta bigarren elementuak zehazten du hitz-elkartearen «izaera»:

esne + behi > esne-behi (eta esne-behi izenak behi mota bat adierazten du)

behi + esne > behi-esne (eta behi-esne izenak esne mota bat adierazten du)

Izen arruntak letra xehez hasita idazten dira. Beraz, behi eta esne letra xehez hasita idazten diren bezala, letra xehez hasita idaztekoak dira esne-behi eta behi-esne izenak ere.

Horraino, denok ados. Zer gertatzen da hitz-elkartearen lehen osagaia letra larriz hasita idazten denean? Adibidez, Gabon eta sari hitzak elkartzen direnean, gabonsari hitza dugu. Hitz arrunt bat da (gabonsari hitzak sari mota bat adierazten du), eta inori ez zaio bururatzen Gabonsari idaztea, letra larriz hasita. Hiztegi Batuan ere hala aurkituko dugu: gabonsari.

Zer gertatzen da loturik idatzi beharrean marratxoz (edo bereiz) idazten denean? Adibidez, Gabon eta kanta hitzak elkartzen direnean, gabon-kanta dugu hitz arrunta dugu. Ala Gabon-kanta behar du? Hor hasten dira komeriak.

Hasierako irizpideari jarraitzea aldezten dut nik (ez naiz bakarra, baina ez naiz ausartu «dugu» jartzen, ez baitakit oso ondo zein garen «gu» horiek). Alegia, gabon-kanta hitz arrunt bat da (kanta-mota bat da), eta, horrenbestez, hitz arruntez hasita idaztekoa. Hasierako letra larria jartzeko edo ez jartzeko irizpide bakarra izan dadila beste edozein hitzi hasierako letra larria jartzeko edo ez jartzeko irizpide bera, eta ez hitz horren tripetan zer dagoen (Izan ere, gabon-kanta marratxoz idatzi beharrean gabonkanta idatziko bagenu, loturik, uste dut inork ez lukeela tentaldirik izango hasierako letra maiuskulaz idazteko).

Baina irizpide hori ez dago, nonbait, oso finkatua. Ikus dezagun zer dakarren Euskaltzaindiaren Hiztegiak gabon sarreran:

Gabon eske, Gabon-eske iz. Gabonetan etxez etxe egiten den eskea. Haurrak etxerik etxe zebiltzan gabon-eskean.

Gabon kanta, Gabon-kanta Eguberrietan abesten den kanta alaia, Jesu Kristoren jaiotzaren inguruko gaia duena. Guraso eta seme-alabak gabon-kanta zaharrak kantatzen.

Hara! Gabon-eske eta Gabon-kanta dira azpisarrerak, letra larriz hasita biak, baina, adibideetan, gabon-eskean eta gabon-kanta ageri dira, letra xehez hasita biak.

Goazen orain Hiztegi Batura, eta ikus dezagun Biblia sarrera:

Biblia

biblia-paper edo biblia paper

Alegia, Biblia letra larriz hasita, baina biblia-paper letra xehez hasita (Antzeko zerbait esan liteke Hiztegi Batuko sanjose-lore sarrerari buruz ere). Niri jokabide hori iruditzen zait zuzena, eta Gabon-kanta, berriz, ez zait hautu egokia iruditzen. Adibidez, hor dugu Hiztegi Batuan gabonzale hitza ere, letra xehez noski. Eta gabonzaleren sinonimoa den gabon-eskale ere halaxe idatziko nuke nik, eta ez Gabon-eskale (Orotariko Euskal Hiztegian ageri da gabon-eskale hitza).

Ulertzen dut, dena dela, maiuskula erreberentziala eta tradizio kristau idatzia tartean sartzen zaizkigula eta irizpidea lausotzen dutela (hitz arruntak ez dira letra larriz hasita idazten, eta Gabon-kanta hitz arrunt bat da, gabonsari bezain arrunta, idazkera dena dela). Baina hortik ateraz gero, uste dut garbiago ikusiko genukeela.

Adibidez, badakigu astronomian astroak izen bereziak direla eta letra larriz hasita idazten direla: Marte, Eguzkia, Artizarra… Bada, astronomian, ohikoak dira eguzki-erupzioa, eguzki-haizea, eguzki-abiadura… gisakoak, eta ez zaigu bururatzen Eguzki-erupzioa, Eguzki-haizea, Eguzki-abiadura… idaztea. Hiztegi Batuan bertan, adibidez, hau aurkituko dugu:

eguzki-sistema edo eguzki sistema

Bide batez, astroez ari garela, komeniko litzateke Euskaltzaindiaren Hiztegiak hurrengo edizio batean modu uniformean jokatzea astro guztiekin. Adibidez, honela dago, orain, lur sarrera:

lur 1 iz. (L larriz eta mugatua). Astron. Gizadia bizi den planeta, Eguzki sistemako hirugarrena. Ik. lurbira. Gure planeta, Lurra da. Biribila dela Lurra. Lurra eguzkiaren inguruan biratzen da. Ilargia Lurraren satelitea da. Lurraren erdigunea. Lurraren bihotzean.

Modu egokian jaso da astronomiako adieran letra larriz hasita idaztekoa dela. Beste hainbeste behar litzateke ilargi eta eguzki sarreretan ere:

ilargi 1 iz. Lurraren satelitea, Eguzkiak argitzen duena, gaueko argizagi nagusia; haren itxura Lurretik ikusten den bezala. Ilargia agertu, sartu. Ilargi ederra zegoen bart. Ilargiaren argitan. Horra mendiak ilargitan. Ilargirik gabeko gaua. Ilargiaren adarrak. Ilargi izpiak. Ilargiaren azpiko izaki apalak. Ilargi amandre, zeruan zer berri? (…)

eguzki iz. Lurra argitzen eta berotzen duen argizagia; argizagi horren argia. Ik. eki. Eguzki amandrea. Eguzkia atera, sortu, jaiki. Eguzkia sartu. Eguzki ederra dago.

Alegia, Gure planeta Lurra da adibidean «lur» letra larriz hasita idaztekoa den bezala, halaber dira letra larriz hasita idaztekoak «ilargi» eta «eguzki» ere astroei buruzko testuetan. Alegia, lur sarreran dagoen Lurra eguzkiaren inguruan biratzen da adibideak honela behar luke:

Lurra Eguzkiaren inguruan biratzen da.

Eta hurrengo adibidea, Ilargia Lurraren satelitea da, ondo dago, baina txiripaz (alegia, perpausaren hasieran dagoelako). Hasieran ez balitz ere, letra larriz hasita behar luke:

Denok dakigu Ilargia Lurraren satelitea dela.

Baina, horretarako, ilargi sarrerak (eta eguzki sarrerak) hori zehaztu behar lukete, lur sarreran egin den bezala.

Eta letra-festa honi amaia emateko, beste kontutxo bat: Eguberriak ala eguberriak?

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, letra larriz hasita idaztekoa da:

Eguberri 1 iz. Abenduaren 25a, Jesu Kristoren jaiotza ospatzen den eguna. Eguberri egun batez. Eguberri bezpera gauean. Eguberriren aurreko astean. Eguberritik Errege eguneraino. Eguberri kantak: Gabon kantak. Eguberri gaua, Eguberriko gaua: Gabon gaua. Eguberri on.

2 iz pl. Eguberri eta Errege egunen arteko egunak. Abendua ere aurrera zihoan, eta Eguberriak hurbiltzen. Eguberrietako aroa. Eguberriak baino lehen.

Ondo ezkontzen ote da hori Hiztegi Batuko sarrera honekin?

Mendekoste

mendekosteak iz. pl.

Eta hauekin guztiekin (bai, denak sarrera dira Hiztegi Batuan)?

sanagustinak iz. pl., sanandresak iz. pl., sanantolinak iz. pl., sanantonak iz. pl., sanantonioak iz. pl., sanbartolomeak iz. pl., sanestebanak iz. pl., sanfaustoak iz. pl., sanferminak iz. pl., sanignazioak iz. pl., sanikolasak iz. pl., sanisidroak iz. pl., sanjoanak iz. pl., sanjoseak iz. pl., sanlorentzoak iz. pl., sanmarkoak iz. pl., sanmartinak iz. pl., sanmartzialak iz. pl., sanmateoak iz. pl., sanmigelak iz. pl., sanpedroak iz. pl., sanpelaioak iz. pl., sanprudentzioak iz. pl., sanrokeak iz. pl., sansebastianak iz. pl., santafeak iz. pl., santaisabelak iz. pl., santakatalinak iz. pl., santakruzak iz. pl., santaluziak iz. pl., santanak iz. pl., santanastasiak iz. pl., santelmoak iz. pl., santiagoak iz. pl., santomasak iz. pl.

Edo, oro har, Euskaltzaindiaren 125. arauarekin?

(…) Leku askotan erabiltzen diren sanferminak, santakatalinak, sanprudentzioak eta beste ontzat hartzen dira auzo, herri edo hirietako jaiak adierazteko garaian. Adibideetan ikusten den bezala, letra xehez idatziko dira honelakoak, eta pluralean deklinatuko.

Tradizioari begiratzen badiogu, lasai esan dezakegu Eguberriak letra larriz idatzi dela, eta, beraz, salbuespena dela. Baina ez dugu ahaztu behar horri buruz euskaraz idatzi duten gehien-gehienak sotanadunak izan direla; hau da, maiuskula erreberentziala dela. Alegia, tradizio kristaua baztertu gabe, gizarte laiko batean guztiz zilegi irudituko litzaidake/zait eguberriak letra xehez hasita idaztea, ez baita jai-egun bat (Eguberri, berriz, bai). Hitz batez, eguberriak eta sanferminak maila bereko hitzak dira, eta lehenengoa letra larriz hasita idaztea maiuskula modu erreberentzialean erabiltzea da, sinesmen erlijioso bati lotua.

Eta gaztelaniaz? navidades ala Navidades?

Zer erantzun duzu? Seguru zaude?

Begira zer dioen DRAEk:

navidad

Escrito con mayúscula inicial en acepciones 1 y 2. Escrito mayormente con mayúscula inicial en acepción 3.

1. f. En el mundo cristiano, festividad anual en la que se conmemora el nacimiento de Jesucristo.

2. f. Día en que se celebra la Navidad. Hoy es Nochebuena y mañana Navidad.

3. f. Tiempo comprendido entre Nochebuena y la festividad de los Reyes Magos. U. t. en pl. con el mismo significado que en sing. Se harán los pagos por Navidades y por San Juan.

4. f. coloq. Año de edad de una persona. U. m. en pl. El abuelo tiene ya muchas navidades.

Eta begira zer dioen Fundéuk:

Navidad, Navidades, Nochebuena, Nochevieja, Año Nuevo y Reyes se escriben con mayúscula inicial, por tratarse de nombres propios de festividades, según indica la Ortografía académica.

En el caso de Navidades, referido al periodo, se admite también la escritura con minúscula: «Cerca de 2,4 millones de pasajeros pasarán estas navidades por los aeropuertos canarios».

Luzeegia atera da gaurkoa. Mea culpa.

 [1] Hona hemen adibidetxo bat: http://blog.cajaalta.es/administracion-local-o-la-rae-versus-fundeu/