Terminologia akademikoaren eboluzioa

Igone Zabala Unzalu

Oraingoan terminologia akademikoari buruz hitz egitera eraman naute aurreko asteetako gertaera bik: batetik, martxoaren hasieran Maite Imazek hementxe argitaratutako «Hiztegi terminologikoak» artikuluak eta, bestetik, bi egun beranduago Maria Jesus Esteban honoris causa doktore izendatzeko ekitaldian entzun nituen hitzaldiek Berrian egin zioten elkarrizketan irakur daitezke hitzaldietan aipatutako zenbait kontu–.

Maite Imaz Eusko Jaurlaritzak argitaratutako hiztegi terminologiko berriez aritu zen, eta horiek egiteko UZEIk, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordeak eta alorreko zenbait adituk izan duten parte-hartzeaz. Estebanen omenezko ekitaldian, aldiz, Matematika Aplikatuaren alorrean mundu mailan erreferenteetako bat izatera eraman duten askotariko merituak ez ezik, puntako matematikari horrek euskara akademikoaren garapenari egindako ekarpen garrantzitsuak aipatu ziren, besteak beste, euskaraz idatzitako Matematika alorreko lehen tesinaren egile izatea, UEUk argitaratutako unibertsitate mailako lehen liburuen egileetakoa izatea eta UZEIk 1982 urtean argitaratutako Matematika Hiztegiaren arduradun eta egileetakoa izatea.

«Gure hiztegian sartu genituen hitzetatik batzuk ez dira sustraitu. Ilobekin hitz egiten dudanean konturatu naiz horretaz», zioen Estebanek Berriako elkarrizketan, eta hitz horiek gogora ekarri zizkidaten Auger-ek 1984an[1] zehaztutako terminologia-plangintzaren sei etapak: a) ikerketa, b) normalizazioa, c) zabalkundea, d) ezarpena, e) ebaluazioa eta d) eguneratzea. Maite Imazek deskribatutako prozesuak Terminologia Plangintzaren etapekin lotuz, erraz ondoriozta dezakegu ikerketa faseari dagokiola hiztegi terminologikoetan UZEIk zenbait adituren laguntzarekin egiten duen lana. Terminologia Batzordearen lanak, aldiz, normalizazioa eta zabalkundea dira, eta normalizatutako terminologiaren zabalkundea argitaratutako hiztegien eta Euskalterm terminologia-banku publikoaren bitartez egiten du.

Ezarpena da, zalantzarik gabe, terminologia-plangintzaren gakoa, «pièce maîtrise de l’aménagement terminologique», Auger-en hitzetan. Izan ere, terminologia-plangintzaren azken xedea da normalizatutako terminologia diskurtso errealetan erabil dadin. Terminologiaren ezarpena erronka handia da, oso zaila baita errazten edo zailtzen duten faktoreak identifikatzea eta, are zailagoa, kontrolatzea. Faktore horien artean bereizi ohi dira aldagai terminologikoak (trinkotasuna, eratorriak sortzeko gaitasuna, gardentasuna…) eta aldagai sozioterminologikoak (hizkuntza-jarrerak, diskurtso motak, aldaketaren aurreko erresistentzia…). Terminologia Batzordearen «Terminologia-lanerako irizpideak» dokumentuan aldagai horietako batzuk aipatzen dira. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da irizpide horiek termino berriak proposatzeko edota termino baten aldakiak harmonizatzeko orduan hartzen direla kontuan eta, beraz, terminoak erabileran ezartzeko balizko erraztasunaz (implantabilité) ari direla benetako ezarpenaz baino areago.

Terminoek diskurtso errealetan duten ezarpenaz zerbait esan ahal izateko, ezarpenaren ebaluazioa egin behar da. Hona hemen zer zioen Auger-ek (1986: 52-53) ebaluazioari buruz:

…un projet d’aménagement terminologique ne doit pas être mené à l’aveuglette. Il est important que tout au long du processus, une évaluation des résultats obtenus soit effectuée. Est-ce que les termes adoptés “passent” auprès des utilisateurs? Quel est le sentiment des personnes visées par le changement? Le standard terminologique adopté correspond-il aux attentes des futurs utilisateurs?

Terminologiaren ezarpenaren ebaluazioa oso prozesu korapilatsua da eta duela gutxi hasi dira lantzen prozesu hori aurrera eramateko metodologiak eta tresnak. Lan horien berrikuspen interesgarria aurki daiteke Teresa Cabré-k 2010eko Ugarteburu Terminologia jardunaldietan aurkeztu zuen lanean[2]. Ezarpenaren ebaluazioan erreferentetzat hartzen den Jean Quirion-ek[3] honela laburbiltzen du Auger-ek terminologia-plangintzaren azken urratsaz, alegia, terminologiaren eguneratzeaz egiten duen gogoeta:

…Corollaire obligé, une évaluation de l’implantation des terminologies devra être périodiquement effectuée, afin de rafraîchir les données sur l’évolution des usages, récents ou non. Par exemple, une implantation réussie à un moment donné de l’histoire d’une langue ne signifie pas que le but visé soit définitivement atteint. Le calcul de l’implantation terminologique doit donc être par intervalles, afin de tenir compte de cette mutation temporelle.

Gure artean, nik dakidala, terminologiaren ezarpena neurtzeko egindako saio bakarra da UZEIko Miel Loinazek 2008an argitaratu zuena[4]. Quirion-en (2003) metodologia erabili zuen Loinazek, eta balio terminologikoa izan zezaketen Hiztegi Batuko 1.333 sarreraren (552 kontzeptu) ezarpena neurtu zuen 2004-2006 urte-tarteko testuekin osatutako 500.000 hitzeko corpus batean. Corpusa lau alorretako testuez osatu zuen: administrazioa, hezkuntza, komunikabideak eta alor sozioekonomikoa. Azterketa horren ondorioa izan zen hobetsitako aldakien ezarpena % 90etik gorakoa zela erabilera-alor guztietan. Emaitza hori biziki harrigarria da kontuan hartzen badugu Quirion-ek Quebec-en aztertu zituen ofizializatutako eta normalizatutako terminoen[5] ezarpena nabariki baxuagoa zela. Ofizializatutako terminoen ezarpena aztertutako alor guztiak kontuan hartuta, % 69koa zen eta normalizatutako terminoen ezarpena alor guztiak kontuan hartuta % 85ekoa bazen ere, alde handia zegoen erabilera-alor batetik bestera: administrazioan eta arlo sozioekonomikoan % 100eko ezarpena neurtu zuen, baina hezkuntzaren alorrean, aldiz, % 56koa baino ez. Aztertu zituen normalizatutako terminoekin lotutako nozioak, gainera, ez ziren agertu ere egiten komunikabideetako testuetan. Azpimarratu beharrekoa da ezarpenaren neurria oso lotuta egongo dela neurketa egiteko erabilitako corpusen ezaugarriekin eta kontuan hartutako aldaki konkurrenteekin. Esate baterako, oso emaitza diferenteak emango dituzte, ziurrenik, zuzenketa eta kontrol prozesu bat izan duten testuez osatutako corpusek eta «testu espontaneoez» osatutakoek. Ildo beretik, espero daitekeena da alde handia egotea ahozko eta idatzizko testuen artean. Bestalde, ebaluatu nahi den termino baten aldakiekin konkurrentzian dagoen aldakiren bat kontuan hartuko ez balitz, erabat distortsionaturik gera liteke ezarpenaren neurria.

Alorrez alorreko erabilerari dagokionez, kontuan hartu beharrekoa da euskararen erabilera oso urrun dagoela homogeneo izatetik. Adibidez, alor sozioekonomikoetan oso presentzia txikia du euskarak, eta terminologia-lanaren helburu nagusia da, hain zuzen ere, erabilera sustatzea. Ikusi besterik ez dago zenbateko garrantzia duen alor sozioekonomikoak Terminologia Batzordeak azken urteetan landutako hiztegietan. Baina mundu akademikoan oso bestelakoa da egoera. 80ko hamarkadan landu ziren jakintza-alor nagusietako oinarrizko terminologiak euskara mundu akademikoan erabil zedin sustatzeko. Nagusiki, UZEIk unibertsitateko hainbat irakasle eta ikaslerekin landu zituen hiztegi haiek. Baina zenbait hamarkada daramatzagu denetariko gaiak euskaraz irakasten eta ikasten unibertsitatean. Unibertsitatean prestatzen dira, gainera, etorkizuneko profesional euskaldunak eta neurri handian irakasleengandik jasotako terminologia bereganatzen dute. Unibertsitateko ikasgeletan erabiltzen den terminologia, edo terminologiaren zati bat behintzat, ikusgaitza da, ordea, eta nekez hartuko da kontuan ezarpenaren ebaluazioan ezin ikus daitekeena. Bi eratako informazioa lor liteke terminologia-plangintzarako, unibertsitatean erabiltzen den terminologiaren berri zehatza izanez gero:

  • Deskribatu gabeko terminoak eta termino-aldakiak identifika litezke.
  • Normalizatutako terminoek unibertsitateko ikasgeletan gertatzen diren komunikazio-egoera errealetan duten ezarpena neur liteke.

Hain zuzen ere, unibertsitateko ikasgeletan erabiltzen den terminologia ikusgai egiteko beharrak eraman gintuen Terminologia Sareak Ehunduz (TSE) programa abian jartzera. Programan parte hartzen duten irakasleek irakaskuntzarako erabiltzen dituzten testuak kontsultagai jartzen dituzte Garaterm corpusean eta, bigarren urrats bat emateko prest daudenek, testu horietan erabiltzen duten terminologia bildu eta landu egiten dute, TZOS (Terminologia Zerbitzurako Online Sistema) datu-basean kontsultagai jartzen diren termino-zerrenda eleaniztunak osatzeko. –Hurrengo hilabeteetan espero dugu TZOSen bertsio berri osatua edukitzea–. Jakina, testu- eta terminologia-bilketak, terminologia-plangintzarako izan lezakeen balioa ez ezik, berezko balioa ere badu, eta helburu horri begira diseinatu zen TSE programa. Izan ere, adituek beren diskurtsoetan erabiltzen dituzten hizkuntza-baliabideak balioetsi eta kodifikatu egiten dira programari esker, eta kodifikatutako hizkuntza-baliabideek aukera gehiago dituzte erabileran sustraitu eta arrakasta izateko, ikusezinak diren baliabideek baino.

_____________

[1] AUGER, Pierre (1986) “Francisation et terminologie: l’aménagement terminologique”. In Guy Rondeau eta Juan Carlos Sager (ed.), Termina 84: terminologie et coopération internationales: la terminologie outil indispensable au transfert des technologies. Colloque international de terminonolgie, Luxembourg, 1984ko abuztuaren 27-29an. Québec: Girsterm, 47-55.
[2] CABRÉ, Maria Teresa (2010) “La implantación de la terminología: conceptos, estrategias, recursos y estudios realizados sobre el francés de Quebec y el catalán” In Espezialitate hizkerak eta terminologia IV Ugarteburu Terminologia Jardunaldiak. Euskararen Garapena Esparru Akademikoetan. Bilbo: EHUKo Argitalpen Zerbitzua.
[3] QUIRION, Jean (2003) La mesure de l’implantation terminologique: proposition d’un protocole. Étude terminométrique du domaine des transports au Québec. Québec: Office québécois de la langue française. (Langues et sociétés, 40).
[4] LOINAZ, Miel (2008) “Estudio de un sistema de medición y diagnóstico de la implantación de la terminología en euskera (proyecto de investigación TEIS)”. In Fargas, F. Xavier (2008). Espais Terminològics 2007. Neologia terminològica: el tractament dels manlleus. Barcelona: Eumo Editorial, Termcat Centre de Terminologia, 167-174.
[5] Quirion-ek terminologia ofizializatu esaten dio “Commision d’officialisation linguistique de l’Office de la langue française du Québec” batzordeak gomendatutako edo normalizatutako terminologiari. Terminologia normalizatu deritzo, aldiz, batzorde berak normalizatutako eta Administrazioak ekoitzitako edota kontrolatutako testuetan ezinbestez erabili behar denari.