Huts edo bete

Iratxe Goikoetxea Langarika

«Nola jakin jaioberri bat arra ala emea den? Begiratu matrikulari: bi zero baditu, arra da; zero bakarra badu, emea».

Herri txiki, infernu handi-n entzundako txiste hori ez genuen ulertuko orain ehun urte: matrikula gutxi orduan, eta zeroak ere urri euskaldunen ahotan (edo idatzietan, behinik behin). Harrezkero, ordea, matrikulak adina ugaritu da zero hitzaren erabilera, batik bat neguan, termometroak 0 °C-ko marrara heltzen ez direnean.

Zer erabili holakoetan? «Zeropeko tenperatura» esanda, eztabaidarik ez. Bestela, «zero azpitik» esan behar da? Okerra da «zeroz azpitik»?

Gotzon Garatek, zero hitza gaitzetsiz, adibide hauxe jaso zuen Erderakadak liburuan, 1988an: «ZERO azpitik bost grado». Parean, baserritarrei entzundakoak eman zituen ordain jatortzat: Hutsaren azpitik bost grado (V-gip, G-azp, AN-gip);  hutsaz behetik bost grado (G-azp).

Bi egiturok bi bide erakusten dizkigute. Alde batetik, toki postposizio batean oinarritutakoa dugu: hutsaren azpitik. Halaxe adierazten zaizkigu zeropeko tenperaturak termometro analogikoetan, zeroko marraren azpitik. Eta horretan bat dator Gipuzkoa hegoaldeko euskara liburuan jasotako adibide hau: «Zeron azpiti sei. Zeroren azpitik sei. (Tenperaturaren gainean)». Formula bera ageri da Herria aldizkariaren 2991. zenbakian, negu bortitzen berri emanez: «[1956ko neguan] Miarritzen, goizetan hamar bat grado zeroren azpitik, ez baita holakorik usu gertatu». Eta ildo horretakoa da gaur egun zeropeko tenperaturak aipatzeko zabalen dabilen egitura ere: zero azpitik[i].

Bigarren bidea, mugatzeko edo zedarritzeko postposizioak dira. Toki adieratik harago, neurgarri edo zenbagarri den edozerekin darabiltzagu: adina, denbora, pisua, distantzia, edukiera, kopurua… Halakoa da Garatek jasotako hutsaz behetik bost grado. Baita Erran aldizkarian irakurritako «zero graduz beheitiko eguraldi ikaragarri hotza», eta goian aipatutako Herria-ren artikulu berean idatzitako beste hau ere: «[1709ko neguan] Parisen 30 grado zeroz azpitik ukan zuten».

Tenperatura kontuetatik harago, ugari erabili izan dira halako postposizioak mugatzeko, marra baten alde batekoak edo bestekoak aipatzeko:  bi urtetik beherako mutiko guztiak hiltzeko agindu zuen Herodesek; haritza, zumarra eta makala mila metroz azpitik ipini behar direla zioen Munitak; 90 mila durotik gora esanarazi zion Toribio Altzagak bere pertsonaia bati herentzia bati buruz…

Gaur egun ere, kiroletako pisu kategoriak direla, legeek ezarritako adin mugak direla, lokalen gehienezko edukiera edo elur mailaren gorabeherak… egunero aipatu behar izaten ditugu halakoak, eta beheko taulan jaso ditudan postposizioen bidez egiten dugu gehienbat.

Taula horretan, sarrera bi gorriz markatu ditut: «-tik azpi-» eta «ø azpi-». Itxuraz ez dute tradizio handirik, baina azkenaldian gero eta gehiago ageri dira, batez ere «ø azpiko»: 18 urte azpiko selekzioa, 55 kilo azpiko kategoria… Elhuyarrek «-z azpiko» dakar «por debajo de» sarreran, eta horixe izan da tradizioa oraintsura arte. Eta hemendik aurrera?

ZEDARRITZEKO POSTPOSIZIOAK[ii]

koadro1koadro2

[i] Denok dakigunez, genitiboarekin zein gabe erabili daiteke ‘azpi’ hitza: mahaiaren azpitik = mahai azpitik. Baina izena zehaztuta dagoenean, NOREN atzizkia sartu egin behar da: mahai gorriaren azpitik. Eta berdin tenperaturarekin: atzo izan genituen 5 graduen oso azpitik.

[ii] Orotariko Euskal Hiztegian oinarrituta eratu dut taula. “Aparteko aipamena OEHn” diodanean, esan nahi dut aparte jasota dagoela erabilera hori.

2 Replies to “Huts edo bete”

  1. Iratxeren gaurko artikulu hau martxoaren 3an Euskadi Irratian agertu zen iritzi honen kontrastea izango da, ezta?:
    “Tenperaturari erreferentzia egiten diogunean, ‘zero azpitik’ edo ‘zeroz azpitik’ esan beharko genuke? Ibon Sarasolak argitu ditu ‘zero azpitik’ dela modu egokia.”
    (http://www.eitb.eus/eu/audioak/osoa/3883324/ibon-sarasola-hizkuntzalaria-zero-azpitik-esapideaz/)

    Iratxek, hain ondo dokumentatutako testuaren amaieran, galdera hau utzi digu: “(…) horixe izan da tradizioa oraintsura arte. Eta hemendik aurrera?”

    Hemendik aurrera, dirudienez, biak izango ditugu. Begira, adibidez, “tenperatura” sarrera Euskaltzaindiaren Hiztegian (azken adibidea da):
    “tenperatura iz. (…) Zero azpiko tenperaturetan.”

    Atsegin dut

  2. Bai, tenperaturari buruz ez daukat zalantzarik ‘zero azpiko’ dela erabiliena ‘zeropeko’-rekin batera. Nire galdera gehiago da ’21 urte azpiko selekzioa’ motakoei buruz, eta lotuta dago lagun batek egin zidan itaun honekin: Zergatik ematen diogu hainbesteko garrantzia tradizioari? Noiztik noiz arteko tradizioa hartzen da aintzat?

    Atsegin dut

Utzi iruzkina