Politikera ikasteko metodoa (2. maila)

Karlos del Olmo

Geure ikastaroaren bigarren ikasgaian, egun hegoaldeko mintzalekuetan moderno aritu ahal izateko ezinbestekoak diren beste trepeta batzuk. Ezin ukatuzkoa da, bestalde, eguneroko hizkera biziaren erakusle eta ikur direla horiek gehienak, baina gauza da bizi indar hori maileguan hartu dugula, eta maileguak ordaindu beharra duela zor. Eta zerez ari gara abonatzen mailegu hori, zein euskal txanpon emanda? Segituan agertzen diren lekukotasun guztiak saretik jasota daude, egileak aipatu ez arren, datu pertsonalak babestearen gaineko arauen ondorioz.

-«Bai ala bai»= hizkera demokratikoaren adibiderik ederrena. «Beroketa: bai ala bai», «Bai ala bai egin behar da».

-«Europa gehiago»= hona hemen soldata eta zerbitzu publikoak murriztu eta zergak handitzearen sinonimoa edo, kontrakotik, gaitz guztien sendabidea, nondik ere begiratzen diogun: «Europa gehiago, irtenbide gisa». «Europa berri bat behar dugu. Europa gehiago eta Espainia gutxiago». Europa bakarra da, eta ez dakit Europa bat baino gehiago edukita ezer konponduko dugunetz.

-«Meloia zabaltzea»= meloia Euskal Herriko baratzetako igali ezagun-ezaguna izanik, ez da harritzekoa horrelakoak entzun edo irakurtzea: «Nafarroan Aralarrek zabaldu du meloia», «Beldur handia ematen dit meloia zabaldu eta okerrera egiteak» (politikagintzaz eta gizarteaz ari da).

-»Mahaigaineratu»= inflazio handikoa, duela dozena bat urte heldu eta eroso-eroso sustraitu da-eta gure lur emankorrean, zenbateraino eta, berez, zail samar egin daitekeen zeozer bururatzeraino, alegia, galdera bat mahaigaineratzeraino: «Ildo horren baitan, eztabaida-taldeko lagun batek bere buruari egin ohi dion galdera mahaigaineratu du».

-«Pilota teilatuan egotea»= esangura argikoa da, baina politikarien eta politologoen ahoan lar agertzen da, tradiziozko beste aukera gehienak ia ordezkatzeraino: «Teilatuz teilatu doan pilota», «Erruaren pilota teilatu batetik bestera doa orain», «Pilota ETAren teilatu gainean dago, ez Gobernuarenean». «EAJk eta PPk diote pilota Elorzaren teilatuan dagoela».

-«Fitxa mugitzea»= mahaigaineko joko batekin erlazionaturik ei dago, eta atxikimendu handikoa da, teilatuko pilotaren antzera: «Lehen fitxa mugitu du (…)», «Madrilek mugitu du fitxa». «Gobernuak ‘fitxa mugitu’ behar duela dio EAk». Halere, ezin hobeto datoz horiek biak 31 eskutik deituriko koaderno elektroniko baterako.

-«Orri(alde)a pasatzea»= orri metaforiko bat, ahaztearekin eta barkatzearekin zerikusiduna, zelan edo halan: «Jendarteak hemen orria pasatu nahi du; azkar erran behar da», «Su-etenarekin eta Lizarra-Garazirekin, orrialdea pasatu genuela uste genuen», «Malko garratzez bizi izan ditugun hainbat gertakari mingotsen orrialdea pasatu eta bakeari aukera bat emateko abagunean gaudela deritzogu».

-«Errekorrido / ibilbide (ibilaldi) politikoa izatea»= nonbait, politikagintzan aurrera egiteko moduren bat izan dezakeen zerbaiten gainean esanda: «Proposamenak aurrean ibilbide politikoa dauka, baldin eta horretarako (…)», «ostiralean aurkeztutako planari ‘errekorrido handiegirik’ ikusten ez diotela nabarmentzen dute talde parlamentarioko kideek».

-«Kondairazkoa»= garaipen politikoak, golak, partidak eta abarrak «mitikoak» eta «kondairazkoak» izaten dira gaur egun. Kontua da kondairazkoa edo mitikoa den gauza bat ezin dela benetakoa izan, alegia, ez dela egiatan jazorikoa. «(…) ezin izan zuen Benficarekin titulurik eskuratu Europan. Menderaezina dirudi belaunaldiz belaunaldi piztuta iraun duen kondairaren sugarrak». «(…) garaipen garrantzitsuak lortu zituen, boxeoaren kondairaren parte ziren boxeolarien aurka». «Hala ere, gazteen artean gero eta desafektazio politiko handiagoa dagoelako kondaira desegin zuen (…)».

-«Enblematiko izatea»= ezein garaipen, manifestazio, parte-hartze eta abar historiko den modu bertsuan, gaurko hizkeran edozer ere izan daiteke «enblematiko»: «(…) aurten jai enblematiko horretan parte ez hartzea erabaki du, bere karguaren aitzakia jarrita». «Kontzienteki egin genuen izaera ‘enblematikoa’ ez zuen museoaren alde». «(…) azaldu du IV. Ingurumen Esparru Programak 75 jarduera dituela eta sei ekimen enblematiko». «Programarik enblematikoena, ezinduak gizarteratzeko, HELIOS da (…)». Sarritan, adierazgarri, nabarmen, deigarri, ospetsu, entzutetsu, ezagun… adirazi gura dute horiek guztiek.

-«Etorkizun(erako) plana»= ezin baita lehenaldirakoa izan, ezta? «Etorkizunerako plana da, gure uren egoera ekologiko ona (…)». «(…) iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko etorkizunerako plana aurkez dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute».

-«Gizarte(-)eragile»= esangura lausoko bikotea, azken buruan, banakoak zein taldeak izenda baititzake, testuinguruaren eta erabiltzailearen arabera. Beharbada, «gizarte zibila» bezain zentzugabekoa izan daiteke. «(…) sindikatuek eta ehundik gora gizarte eragilek irailaren 26rako Greba Orokorra iragarri dute». «Zortzi gizarte eragile akusazio gisa aurkeztu dira». «Ekonomi eta gizarte eragile garrantzitsuen partaidetza 2014-2016ko Industrializazio Planean (…)». «Udalak zein gizarte eragile desberdinek antolatutako ekintzak web orriko Agenda atalean topatuko dituzue».

Zertan esanik ez, mailegu bidez aberasten dute elkar hizkuntzek eta, hortaz, maileguak ez dira, bestelako barik, txarrak edo gaitzesgarriak. Baina, espezie inbaditzaile bihurtuz gero, euskararen ohiko flora eta fauna gal litezke. Horra zergatik honen «temati» jardun gai honen ingurukoekin.

One Reply to “”

  1. Ez dakit ba, Karlos, inausi hemendik, inausi handik, ez ote dugu hizkera erkitzen horrelako jarrerarekin. “Ibilbide orria”, “argi berdea”, “marra gorriak”… gure inguruko hizkuntza guztietara zabaltzen badira (eta gehienetan ingelesa dute ama, ez gaztelania), zergatik ez gurera? Hain diferenteak al gara?

    Atsegin dut

Utzi iruzkina