Haurrek bataioetan oihukatzen dutena

Santi Leoné

Jose Maria Iribarrenek 1952an argitaratu zuen bere Vocabulario Navarro. Bertan, liburuan horrela inoiz adierazten ez den arren, Nafarroako erdararen hiztegi bat egin nahi izan zuen idazle tuterarrak. Halere, erdarazko hiztegi horretan euskarak badu tokia, eta bildutako hitz batzuk nahiko harrigarriak dira, batez ere egilearen ideologiari erreparatzen badiogu: inoiz EAJtik hurbil ibili bazen ere, gerra ondoko navarrismo ofizialaren figura nagusietarik izan zen Iribarren.

Nolanahi ere, badira ustekabe batzuk Nafar hiztegi horrek dakartzan hitzen artean: Euskalerria, Euskaria, euskaro, euskera (eta escuara). Iribarrenek euskal hitz anitz bildu zituen bere hiztegian, eta, sarreran, hiru arrazoi eman zituen horretarako: lehenik, bildu nahi zituen euskara galdu den zenbait tokitan artean erabiltzen ziren euskarazko hitzak; bigarrenik, bildutako hitz gehienak ez omen ziren euskal hiztegietan ageri; eta, azkenik, Hiztegiko zenbait hitz interesekoak izanen ziren etorkizuneko ikertzaileendako.

Geroaldiak zer ekarriko duen alde batera utzita, interesgarria da ikustea Iribarrenek aipatzen dituen solas anitz eta anitz, lehenagoko hiztegietan agertzeaz gainera, ez direla euskara galdua zen eskualdeetakoak, eremu euskaldunekoak baizik. Adibidez, Iribarrenek aipatzen du mendian («en la Montaña») «ach» erraten dutela min hartzen dutelarik; Baztanen eta Malerrekan, goizerdian hartzen den mokaduari «amequetaco» deitzen diote, eta bi toki horietan «meta» erabiltzen dute «una pila de hierba en forma cónica» izendatzeko; Leitzakoendako, lanik egiten ez duena «alperra» da; eta, Luzaiden, «pelar el maíz» da –nola izanen da, bada, bertzenaz– «artoxuritzea». Adibideak erraz biderkatzen ahalko nituzke, baina bertze bat baizik ez dut hona ekarriko: «unat» (batuan, hona) solasaren ondoan, honako definizio hau dugu: «Bataioetan haurrek oihukatzen dutena, dirua edo gozokiak bota diezazkieten [Malerreka]». Eta, ondoren, itzulpena: «Es voz vasca que significa ¡aquí!».

Iribarrenek artean navarrismoa euskararen etsai ez zelarik prestatu zuen bere Hiztegia, eta garaiko badaezpadako euskaltzaletasun ofizial baten islatzat har daiteke. Alde horretatik, esanguratsua da idazlearen ikuspuntua. Euskara, batetik, hitz xelebreen bilduma da, baina, bertzetik (eta batez ere), baserri giroari edo herri txikiei lotua dagoen eta testuinguru etnografikoa behar duen hizkera osatu gabea eta dialektala da; unat ez da bertzerik gabe «aquí»: unat da haurrek bataioetan egiten duten oihua, etnografo bati egoera erritual bat ulertzeko giltza emanen liokeen hitza alegia.

Batzuetan, vascuence-ren tradizio luzea aipatzen da erdal usadioan, eta berriki hitz hori berreskuratzeko aldarrikapen bat ikusi ahal izan dugu blog honetan. Nire ustez, vascuence-a, unerik eta kasurik hoberenetan, Iribarrenen hiztegikoa da: herriko hizkera xamurra eta xinplea, maitagarria hain zuzen ere herrikoa eta xamurra eta xinplea delako. Alde horretatik, bahitu omen diguten hitz horren truke nik ez nuke inolako bahisaririk ordainduko: erdaraz ari garelarik, gure hizkuntzari erreferentzia egiteko euskara ez zait gaizki iduritzen, edo, bertzenaz, vasco. Jose Javier Uranga Diario de Navarrako zuzendari ohiak azpimarratuko lukeen bezala, vasco hori XIX. mendean mugaren alde honetara hedaturiko neologismoa da, baina, egia erran, euskara ere, euskara batua (ezen ez vascuence-a) nahiko gauza berria da. Eta zer hobe, neologismo bat baino, fenomeno berri bat izendatzeko? Zeren, neurri handi batean, euskara batuarekin mendeetako tradizioa ukatzen eta urratzen ari gara. Baina, batere ahalketu gabe, harro egon beharko genuke horretaz.