Gabonak eta gurasoen biodiskografiak

Itziar Otegi Aranburu

Gabon gaua Hondarribian igaro ohi dugu, familiartean. Gau berezia izaten da oso, zeren, afalostean, kantuan hasten baikara. Familiako tradizioa da, aspalditik datorrena, eta oso serio hartzen dugu denok. Goizeko ordu txikietara arte aritzen gara kantuan. Sortzen den giroa ezin deskribatuzkoa da; ez naiz saiatu ere egingo, bai baitakit ez nukeela lortuko, baina seguru nago badakizuela zertaz ari naizen.

Duela urte batzuk amona konturatu zen batzuek lanak izaten genituela kantu batzuen hitzak gogoratzen, eta, laguntza gisa, Gabon gauean erabiltzeko kantu bilduma bat egiten hasi zen, handik eta hemendik kantu kuttunak, esanguratsuak, bilduz. Familiaren kantu bilduma moduko bat.

Lehengo Gabon gauean, mahai hartan eserita nengoela, bikoiztuta bezala aurkitu nuen neure burua, aldi berean barruan eta kanpoan. Barruan, neu ere kantuan ari nintzelako, gogotik aritu ere, eta, kanpoan, «kanpokoa» izateak ematen duen behatzaile estatusagatik edo. Nolanahi ere, iruditu zitzaidan kantu bilduma hura oso gauza berezia zela, eta, hein batean, «biodiskografia» moduko bat zela. Norena, ez nago seguru. Beharbada familia bakar batena, beharbada orokorragoa —ez naiz ausartzen esatera «belaunaldi batena», edo «herri batena»; hitz potoloak dira horiek—.

Bitxia da zer kantuk osatzen duten bilduma partikular hori. Pentsatzen jarrita, geure bizitzan garrantzia izan duten kantuak ez ditugu guk geuk aukeratzen. Etorri egiten zaizkigu, aurkitu egiten ditugu. Non jaiotzen garen, eta zer bizitzen dugun, kanta batzuk ala besteak biltzen ditugu. Kantuek aukeratzen gaituzte gu.

Normala den bezala, bildumako lehen kantuak eguberri kantak dira. Olentzero, Oi Betlehem, Mari Domingi, Gaueko izar, Haur eder baten bila, Hator hator… betikoak. Horien artean, Bordariren Arraunak bizkarrian ere badago:

Arraunak bizkarrian
surbesta eskutan
hasi gaiten guziok
iñalez kantetan
Jesus haur Jaungoikoa
larru gorrietan,
Belenen jaio zaigu
gure mesedetan

Edo beste Joxe pottotto hau:

Joxe pottotto puntalean
Karakola biltzen otarrian
Ziento bi errealean
Kukurruku zer diozu
Guk txikito behar dugu
Txikito, txikito

Hala kantatzen dute Hondarribiko neska-mutikoek, Olentzero egunean «eskean» ateratzen direnean: Txikito, txikito!

Edo Lurdes Zubeldiaren Kai zaharreko brixaran:

Kai zaharreko brixaran
Itsaso aurrean
Kilin kulun batelak dantzan
Eguzki diztiratan
(…)
Etzakela marloia kanta txistu motela
Ebatzi nak gozada trukatuz truaran

Hurrena, euskal kantu zaharrak abesten ditugu: Salamankara, Ameriketara joan nintzen, Hegoak ebaki banizkion, Gure aitak amari, Nire herriko neskatxa maite… Aldartea nola dagoen, gerta liteke giroak ukitu malenkoniatsua hartzea, eta Zuberoako kantuetara jotzea (Oi ama, Goizian argi hastian, Xalbadorren heriotzean, Azken dantza, Maitia nun zira, Prima eijerra, Lo hadi aingürüa…), edo, aldiz, aldarte alaia gailentzen bada, beste hauetara jotzea: Artillero dale fuego, Pello Joxepe, Pipa hartuta, Kinkiri kunkuru, Zezenak, Txantxibiri…. Asko eta asko itsasoarekin loturiko kantak dira: Itsasoa laño dago, Boga boga, Brodatzen ari nintzen… Eta batzuek, gainera, «jabea» dute: Markesaren alaba, amona Felisaren kanta da; Joxemielen batela eta Hegoak, izeba Veronicarenak. Kantu baten eta hurrengoaren artean, pasadizo, oroitzapen, txantxa eta ateraldi ugari.

Aitona hasten denean gazte garaiko —eta, batez ere, soldaduska garaiko— pasadizoak kontatzen, beste kanta mota batzuetara egiten dugu salto, eta habanerak, «mejikanadak» eta tangoak abesten ditugu: Por tu amor, Hace un año, Un viejo amor, La última copa, Cielito lindo… Gaualdi bakoitza desberdina izaten da, baina, batzuetan, La barca de oro kantatzen hasten garenean, ordurako airean dabilen dardarizoak goia jotzen du, eta besteok isildu eta aitonaren eta amonaren bi ahotsetakoari entzuten jartzen gara, mahai hartan erdigunea haiek direla berretsiz edo:

Yo ya me voy al puerto donde se halla
la Barca de Oro que debe conducirme.
Yo ya me voy; sólo vengo a despedirme,
adiós, mujer, adiós, para siempre adiós

Aitonak ez zuen ezagutzen Lila Downs, baina, orain, batez ere haren ahotsean maite ditu Fallaste corazón eta La cama de piedra:

Subí a la sala del crimen
le pregunté al presidente
que si es delito quererte
que me sentencien a muerte

Ordurako, alaba lo neukan, besoetan. Ez da harritzekoa: berandu zen, eta, gainera, badu ohitura. Haien etxean gaudenetan, aitonaren eginkizuna izaten da umeak loaraztea, kantuka. Behin, oharkabean harrapatu bainuen, ezezaguna nuen sehaska-kanta bat entzun nion, nire alabari kantatzen:

Dendatxoan, panpina bat ikusi dut
Zuk bezala, ez du bihotzikan
Panpina horrek ez du maitatzen (bis)
ez duelako bihotzikan
Bere begiak bi izar koxkor dira
eta bere ahoa azukre koxkorra da
Panpina horrek
ez du maitatzen
zu bezalakoa da
Panpina horrek ez du maitatzen
ez duelako bihotzikan

Gaztelaniaz ere badaki aitonak kanta hori:

En un bazar una muñeca ví
Y como tú, no tiene corazón
Esa muñeca no habla
Porque no tiene corazón (bis)

Sarea arakatuta, gaztelaniazkoa maiz ageri da, badirudi garai batean festa-giroan eta bolo-bolo ibilitako kanta bat dela, baina aitonaren bertsioak ez du batere antzik sarean aurkitu ditudanekin. Aitonarena sehaska-kanta bat da, eta, haren baxu-ahots sakonean, mila aldiz ederragoa. Galdetu diot, baina ez du arrastorik ere nondik ikasi ote zuen kanta hori. Alabak jaio zitzaizkionean, haiei kantatzen hasi omen zen, eta, gero, bilobei —neskei bakarrik—. Sarean ez dut deus aurkitu. Oso polita izateaz gainera, beraz, badu kanta horrek misterio puntu bat. Auskalo zergatik, Kafkaren panpina bidaiariarena ekartzen dit gogora.

Ordurako amona ere oroitzapenetan murgilduta, txikitan soka-saltoan ibiltzen zenean lagunekin kantatu ohi zuen doinutxo batez oroitu da. Gutxi gorabehera, horrela (transkripzioa ez da oso txukuna; ez dugu ideiarik hitz batzuk zer hizkuntzatakoak diren eta zer esan nahi duten):

Le trangué
Le regagné
Muxu la pa
Mademoiselle

Elle est chirón
Elle est borbón
Elle est gentille
Ali lerón

Eta aitonak arrapostu:

La guerre c’est finie
A America parti
Todos volvimos borrachos perdu
A la gendarmerie

Orduan, Hendaiako Pâtisserie Alonso (Ducasse) izenekoan lanean emandako urte luzeak oroitu ditu amonak. Gozo-denda haren jabea, Pepito Alonso, Euskal Herriko abesbatzetan zaharrenetakoa omen den Gaztelu Zaharren sortzaile izan zen, 1946an. Gozotegian bertan egiten zituzten entseguak, eta han ikasi omen zituen amonak bere errepertorioko kanta asko eta asko. Binilo zahar bat atera digu, erakusteko.

Ederra da Gaztelu Zaharren webgunea. Abesbatzaren diskografia ageri da, diskoen erreprodukzioak, eta argazki zaharren bilduma bat. Bereziki deigarriak egin zaizkit 1947ko Olentzeroarenak; gerraosteko lehena izan omen zen. Olentzero bidasotarra ere entzun daiteke, bai eta Maritxu nora zoazen zatitxo bat frantsesez irakurri ere:

Maritchu
Où allez-vous si élégamment belle?
À la fontaine si vous voulez venir avec moi

Gaua oso aurreratuta dago dagoeneko, eta mahaian eserita geratu garenoi begira jarri naiz. Hiru belaunaldi gaude han eserita. Biloba nagusia gurekin dago, baina beste batzuk joanak dira, norabait jolastera; txikien artean, gure ondoan besaulki batean eserita nire semea eta adin bertsuko lehengusu bat daude, izebaren sakelakoarekin jolasten, Subway Surfers edo Angry Birds edo antzeko jokoren batean. Ez digute jaramon handirik egiten. Aldian behin, sakelakoa utzi eta adi jartzen dira, baita gutxi batzuetan kantuan hasi ere, kantaren bat ikastolatik-edo ezaguna egiten zaienean. Tristura-zimiko bat sentitu dut. Jarraituko ote diote kantu-tradizio honi? Zalantza egiten dut. Non ikasiko —berenganatuko— dituzte kantu horiek guztiak? Hiru belaunaldi horien artean, erdikoa, gurea, giltzarri da transmisioa bermatzeko, katea ez apurtzeko, baina eginkizun zaila dugu. Ezkor samarra naiz.

Post-data: Gasteiz, abenduak 26

Atzo itzuli ginen Gasteizera, gure normaltasunera. Semea oraintxe aurretik jaiki da, eta, lehen gauza, ordenagailu aurrean jartzea egin du. Googlen «azken balea» jarri, eta YouTubek lagunduta Orioko balearena kantatzen hasi da, karaokean bezala.