Shakespeareren Sonetoez Euskararen Egunean

Iñaki Iñurrieta Labaien

Shakespeare boladan da gure artean; Shakespeare euskalduna, alegia. Batetik, bada hilabete herririk herri dabilela Artedrama eta Dejabu-ren Hamlet; bestetik, Donostia 2016 ere arnasa handiko egitasmo bat martxan jartzekoa omen da Shakespeareren antzezlan baten inguruan; hirugarrenik, hor dugu Mikel Laboa Katedraren proiektua, Shakespeareren Sonetoak liburuan eta CDan argitaratzekoa.

Askok izango duzue dagoeneko proiektu horren berri: Juan Garzia da Sonetoen euskaratzailea, 1995eko edizioa osatu eta hobeturik; Joxean Goikoetxeak musikaz eta Koldobika Jauregik irudiz hornituko dute argitalpena; eta ehundik gora lagunen ahotsetan grabatuko dira Sonetoak CD batean. Egitasmo kolektiboa, inondik ere, euskal kulturaren eremuan gabiltzan hainbat itzultzaile, idazle, aktore, kazetari, irakasle… biltzen dituena; era, joera eta kolore askotako jendeak hartuko du parte.

Zer esan Shakespeareren Sonetoak euskaratzearen esanahiaz? Oskar Aranak, orain egun batzuk, hainbat arrazoi eman zituen Bruce Springsteen-en kanta bat itzultzeko. «Gogoak eman ahala beste hizkuntzetako testuak euskaratuz, zabaldu egiten dugu euskararen eremua», zioen, besteak beste. Horrek balio du Shakespeareren kasuan ere. Munduratu egiten gara, Shakespeare ─mundu osoarentzat literatur ikur, erreferentzia nagusi, behinenetakoa─, euskaratzen dugunean; eta munduaren zati bat geuretzen dugu Skakespeare geure alorrera ekartzean.

Horretarako, Juan Garziak euskal tradizioko baliabideak erabili ditu, jakina; ezin bestela izan. Hartara, Sonetoen probaleku zail horretan baliatu, berritu, ahalagotu du euskal tradizio poetikoa. Lantegi horretan, zedarri zorrotzak jarri dizkio bere buruari: Shakespeareren errima-eskema berari egin dio men; ez du ametitu ez sinalefarik ez hitz-laburdurarik (hots, uko egin die bertsolarien errazbide ohiko horiei). Bestetik, hala egin dituen hautuetan (adizki trinkoen erabileran, kontzeptu abstraktuen pertsonifikazioan…) nola hizkuntzak berak behartu duen estilizazio-trinkotzeetan (aditz laguntzailearen elipsiak, mugagabearen erabilera…), hizkuntz eredu dotore, jaso, klasikoen oihartzunez betea lortu du. Euskal belarriak Etxepare, Oihenart, Lizardi eta beste hainbaten oihartzunak sumatuko ditu Shakespeareren Sonetook entzutean-irakurtzean.

Hatsa hats, begia begi direino / hitz bizi hau biziz zaude, maiteño.

(So long as men can breathe or eyes can see / so long lives this, and this gives life to thee, XVIII. sonetoan).

Huts min hau dute min huts haren sari.

(and moan th’ expense of many a vanished sigh, XXX. sonetoan).

Horrelako perlak hamaikatxo aurkituko ditu entzule-irakurleak. «Baina hori ez da Shakespeare» esan lezake norbaitek. Esaldi horrek ez du zentzurik. Ingeles batek gaur Shakespeare irakurtzen duenean, ez du irakurtzen, ezin du irakurri, Shakespeare «jatorrizkoa»; ez du irakurtzen, ezin duelako, Shakespeareren garaian, duela 400 urte, irakurtzen zuten Shakespeare bera. Izan ere, kontu hau estu eta zorrotz hartuta, testu bat ezin da irakurri berdin bi aldiz; denboraren harian, gu, ingurua, Mundua, Bizitza, aldatu egin garelako eta, beraz, testu hura esanahi gehiagoz jantzi eta osatu, aldatu delako. Pierre Menarden Kixotea ez zen Cervantesen Kixotea, nahiz eta letraz letra, hots, literalki, berdin-berdina izan; Cervantesena baino Kixote aberatsagoa zen Menardena[i].

Beraz, abiapuntu hori hartuz gero, hortik aurrera dena dugu irabazteko. Dena dugu irabazteko, geure Shakespeare egin, asma, osa dezakegulako, geure neurrira, geure tradizioaren arabera, geure tradizioaren ondorio bihurtuta.

Shakespeareren unibertsoa aberastu egin da 400 urteotan egin diren bertsio guztietako bakoitza agertzearekin batera; dela jatorrizko hizkuntzan egin zaizkion irakurketetan, dela beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenetan. Shakespeareren garaian Sonetoek zuten esanahia, sortzen zituzten oihartzunak, ugaritu, aberastu, eraberritu egin dira harrezkero, hartaz egindako bertsio, interpretazio, itzulpen bakoitzarekin.

Denborak hobetu egiten ditu testuak. Itzulpenetan, aukera eta ahal berriak agertu ohi dira, aurrez ez zeuden alderdi berriak aurkitzen-sortzen dituztelako.

XXX. sonetoan, esate baterako, irakurriko dut «oinaze zahar gogoan emanok», eta Koldo Izagirreren Oinaze zaharrera poemarekiko lotura piztuko zait beharbada; hori ez da gertatuko ingelesez bertso-lerro horri dagokion «the sad account of fore-bemoanèd moan» irakurtzean. Edo XXXIII.ean, «argi bezain arin, arinik bazen» irakurri, eta igoal etorriko zait gogora Bilintxen «huraxe bai polita / han politik bazan». Hala, lotura, alderdi, ertz berriak aurkituko dizkiot Shakespeareri. Sonetoen bertsio honi esker, osatuago da orain Shakespeare.

Eta honenbestez, balia nadin abagune honetaz iragarpena egiteko: Shakespeareren Sonetoen ale batzuk errezitatuko dira aurki egitekoa den Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian; urtero EIZIE, EIE, Galtzagorri, Editoreen eta Ilustratzaileen Elkarteek batera antolatzen duten festan. Gonbidatuta zaudete.


[i] Iñigo Roquek duela pare bat hilabete hementxe bertan aipaturiko liburu batez baliatu naiz artikulu honetan: Borges y la traducción, Sergio Waissman (Adriana Hidalgo, 2005). Eskerrak, Iñigo.