Zenbakiekin jolasean

Gotzon Egia Goienetxea

Aspaldi, @luistxo Fernandez adiskideari entzun nion (edo irakurri? ahaztuta nago) ItzuL zerrenda dela posta sare profesional aktibo eta eraginkorrena Euskal Herrian, ez bakarrik euskaraz aritzen diren posta zerrenden artean, baizik ere erdaraz aritzen direnen aldean.

Joan den abenduaren 8an 15 urte bete dituenez, bizirik eta osasuntsu, nahi nuke euskal itzultzaileen lan tresna profesional honen zenbakiekin pixka bat jolastu.

«Zenbakiek xarmatu egiten naute batzuetanidatzi zuen behin Mark Twainek–, bereziki neronek moldatu behar ditudanean, halakoetan Disraeliren esaldia zuzen eta indartsu etortzen baitzait gogora: “Hiru gezur mota dago: gezurrak, gezur hutsak, eta estatistikak”». Otoi, ez hartu, beraz, hitzez hitz segidan datozenak.

Zer aukera daukazu erantzunen bat jasotzeko ItzuL posta zerrendara galdera bat bidaltzen baduzu? Zerrendan apur bat ibili denak badaki galdera oso gutxi gelditzen dela erantzunen bat jaso gabe; denetarako irtenbideak aurkitzen dira, gaitz da topatzea zerrendan argitzen ez den korapilorik edo ezkutuko daturik. Ederki, baina badago zenbakitan jartzerik zerrendaren eraginkortasun maila?

Horixe egiten saiatuko naiz: hartu ditut azken bost urteetan (2008-2013) martxoan, ekainean eta urrian ItzuL zerrendara bidalitako mezu guztiak, erantzun tasa aurkitzeko. Hil horiek hartu ditut, urterik urte, itzultzaileon lanaren erakusgarri izan daitezkeelakoan, opor garai eta bestelako gorabeheretatik libre.

Esandako hamabost hilabeteotan, 2.506 mezu gurutzatu ditugu ItzuLen; batez beste, hilean 167,07 mezu, zehazki esateko.

Galderak, zalantzak edo laguntza eskeak, nolabaiteko erantzunen baten itxaropenetan bidalitako mezuak, alegia, 546 izan dira. Horien artean, erantzun batere gabekoak 40 izan dira; baina den-denak ez genituzke galdera erantzunen bat eskatzen duten horietakotzat hartu behar: 29 informazio emate hutsak, edo zerrendaren administrazio kontuak (proba, barkatu, harpidetza kendu nahi dut…) dira. Garbi, 11 galdera gelditu dira guztiz umezurtz. Gainera, galderei emandako erantzunak 1.960 mezu izan direla kontuan hartuta…

Ondorioa argi dago: ItzuL posta zerrendara galdera bat bidaltzen duenak % 97,99 probabilitate dauka 3,6 erantzun jasotzeko. Esan daiteke hori dela ItzuLen eraginkortasun tasa.

Azken bitxikeria bat. Kontuan hartu ditudan 15 hilabeteotan erantzun gehien jaso duten galderak izan dira:

  • Zer liburu ari gara irakurtzen?  (2012-10-07) 77 erantzun.
  • Copago (2012-06-04) 54 erantzun.