Gaztelaniaz, nik beti «abuela»

Juan Luis Zabala Artetxe

–¿Y el txiki?

–Está con su abuela.

Azken hitz hori ahoskatzearekin batera, «abuela», zerbait oker esan nuelako irudipen lausoa izan nuen. Berehala jabetu nintzen zergatik: gure auzoan –Donostiako Txomin-Enean–, inguruko beste herri eta auzo denetan bezala, inork ez du gaur egun «abuela» esaten, «amoñi» baizik; «amoña» edo «amona» bestela.

Orduantxe berean erabaki nuen, ordea, barruak hala eskatuta, gaztelaniaz aritzean nik beti «abuela» esango nuela. Trapuzko panpina zaharkitu beldurgarri baten irudia ekartzen dit niri burura «amoñi» hitzak; baina ez da hori baztertzeko dudan motibo bakarra.

Facebooken izan nuen eztabaida moduko bat gaiari buruz. Blog honetarako, oraingoan, gaia poema baterako aitzakia bihurtzea otu zait. Gaztelaniaz, nik beti «abuela» izan liteke poemaren izenburua:

Zure hizkuntzan ari natzaizu

nirean ez dakizunez

nik zurean dakidan bezala.

Baina barkatu beharko didazu

ez badut «amoñi» esaten

edo «amoña» edo «amona»;

barkatu beharko didazu

«abuela» ahoskatzen dudanean

arrotz sentiarazten bazaitut,

edo delitu preskribitu bat

gogoraraziko banizu bezala;

barkatu beharko didazu

«sidrería» esaten badizut,

gordin, zakar, bihotzik gabe,

«caserío», «niña» edo «niño»,

«padre», «madre» edo «escuela»,

limosna bati uko egiten dion

eskale ardozale baten antzera.