Hiztegi demokratikoa

Gotzon Egia Goienetxea

Indarrak ahituta aurrera egiteko, ez duela karguan jarraituko iragarri zuen otsailaren 11n Joseph Aloisius Ratzingerrek, Eliza Katolikoaren eta Vatikanoko estatuaren burutzak utzita mojen komentu batera erretiratuko dela. Azken boladan, ez omen zebilen oso katoliko… atx, barka esamoldea!

Aitaren batean —hitz egiteko modu bat da, berriro— zabaldu zen albistea. Eguerdirako, Berria-k emana zuen izenburu azkar bat: «Aita santuak dimisioa emango du», azken ordukoen atalean. Hedabide handiek nola txikiek aho batez heldu diote sokari, besteak beste Sustatu-k, Zuzeu-k, Kazeta.info-k edo naiz:-ek. EITBk ere bideo sail bat zabaldu du, «Aita Santuaren dimisioa» errubrikaz. Wikipediak, zer duda, berehala eguneratu du Benedikto XVI.a orria, «Dimisioa» izeneko atal berri bat erantsita.

Albistearen hotsaz jabetuko zen Berria­-ko kazetaria, ziurrenik, agian berripapereko zuzendaritza ere bai, bi orduren buruan beste jira bat eman baitiote albiste buruari, berriaren gorputza ezertan aldatu gabe: «Aita santuak uko egin dio karguari». Dimisioa eman, estatu buru batez ari gara, estatu txiki bat, arrazoi, baina estatua, azkenean! Berehala hartzen diogu, baina, esamoldeari usain berezi bat, «hartarako hautatua izan zenak» ematen baitu dimisioa. Hala gertatuko zitzaion, diot nik, Berria-ko kazetariari: pentsatzen hasita, demokratikoegia iruditu zitzaion barrukietatik, bitan pentsatu gabe, sortutako dimisio hura.

Izan ere, hiztegi guztiak zentzu demokratiko hori indartzera datoz, nahita edo nahigabe, dimisio hitzaren definizioa argitzeko ematen dituzten adibideetan. Esate baterako, bazoaz Zehazki hiztegira:

dimisión f dimisio, kargu-uzte: el presidente ha aceptado la dimisión del primer ministro, lehendakariak onartu du lehen ministroak kargua uztea, lehendakariak onartu du lehen ministroaren kargu-uztea.

Eta hasten zara pentsatzen, Berria-ko kazetaria izango bazina bezala, nor izan daitekeen gai, katolikoen Erromako artzain nagusiaren dimisioa onartzeko, nor ote den haren gainetik dagoena.

Frantses gehienak, badakizu, ez ditu elizak azpian harrapatuko, gu baino aise ohituagoak dira laikotasunean, barneratuagoa dute demokraziaren zentzu sakona… Frantsesezko Wikipediara joan beharko duzu erantzun eta argi bila:

Renonciation du pape

La traduction française de la constitution apostolique Universi Dominici Gregis (22 février 1996) emploie une fois le mot « démission » et une fois le mot « renonciation ». Mais dans l’original latin, c’est bien le seul mot “renuntiationem” qui est employé les deux fois. Le pape, n’ayant pas de supérieur ecclésiastique, ne peut remettre sa démission à personne. Il ne peut que renoncer à sa charge, ou encore abdiquer, ce qui a le même sens.

Kontrara, baina berdin, gertatzen zaio aita santu berria izendatzeari: hautatu darabilte, orobat, hedabideek. Burua berehala joaten zaizu hauteskunde batzuk irudikatzera, frantsesezko Wikipedia, berriro ere, infernuko etsai guztiak epeltzera datorkizun arte:

Conclave de 2013

Les cardinaux élisent en principe l’un des leurs, bien qu’il leur soit théoriquement possible d’élire tout catholique adulte de sexe masculin.

Elizakin topo egin diagu… Konklabea, giltzez ixten dena zentzu hertsian (hertsiago, ezin!) ulertzen badugu, hautatze libre baten antonimoa da, ilunkeriaren paradigma, itzal arteko deliberamendu sekretuen harpe zuloa. Zer hauteskunde da hori, aukera teorikoak mugatzen badira «tout catholique adulte»-ra, baina, hori bai, «de sexe masculin»?

Eliza Katolikoaren aita santua, Erromako Burulehena edo, nahiago baduzue, ELMEB, sexu bakar eta bereko kardinal guztiek batera bilduta izendatuko dute, kuria iltzez eta giltzez itxirik. Bitartean, arrazoi emango diot Berria-ko kazetariari, hitzak zentzuz hautatzeagatik, bigarren idatzaldian bada ere.