Hitz batzuen adiera ezezagunen gainean

Paskual Rekalde Irigoien

Berriki txio hau irakurri diot Gorka Bereziartuari (@boligorria):

Egunero hitz erabilgarri bat ikasiko bagenu: gaur ezagutu dut “ezaindu”-ren esanahia euskaltzaindia.net/index.php?opti… Dexente erabiliko dudala uste dut.

Niri ere ezezaguna egin zitzaidan eta hiztegietara jo nuen argibide bila. Gorkak paratutako estekatik (OEH) abiatu eta Euskal Hiztegia, Hiztegi Batua, Elhuyar, 3000 Hiztegia, Labayru, Euskaltzaindiaren Hiztegia… begiratu nituen. Horietan guztietan erraten da mendebaldeko hitza dela, Bizk. markaduna, eta ‘lohitu’, ‘itsustu’ edo ‘desohoratu’ hitzen “sinonimotzat” jotzen da. Sareko datu-baseetan, aldiz, gauza handirik ez: Ereduzko Prosa Gaur EPGn ez dut aurkitu (bai, ordea, “ezain” izenondoa), ezta Lexikoa Atzo eta Gaur LAGen ere. Egile klasikoen artean erabili zen, batik bat XVIII. eta XIX. mendeetan eta zertxobait gutxiago XX.ean.

Ezjakintasun hori aitzakiatzat hartuta, Hiztegi Batuan azterka ibili naiz eta zernahi hitz ezezagun harrapatu dut. Beheko koadrokoak, aldiz, ezagunak dira, baina ez hala ere adiera batzuk.

abendu 1 Hilabete izena. 2 Bizk. ‘mirua’.
agian 1 ‘beharbada, apika’ 2 Ipar. ‘oxala’.
aida 1 ‘behi-idiei eragiteko hitza’ 2 Bizk. ‘berehala’.
ardi 1 ‘animalia’ 2 Bizk. ‘arkakusoa’.
arotz 1 Ipar. eta Naf. ‘errementaria’ 2 Heg. ‘zurgina’.
behatz 1 ‘beheko hatza’ 2 Gip. eta Naf. ‘hatza’ 3 Lap. ‘azazkala’.
belena 1 Naf. ‘arteka, etxartea’ 2 Bizk. ‘ibai zoruko lohia’.
dendari 1 Ipar. eta Naf. ‘jostuna’ 2 Heg. ‘denda-jabea’; ‘dendako langilea’
eri 1 Ipar. eta Naf. ‘hatza’ 2 ‘gaixoa’
gaztigatu 1 ‘abisatu, ohartarazi’ 2 Ipar. ‘zigortu’.
hanka 1 Heg. ‘zangoa, oina’ 2 Ipar. ‘aldaka, mehaka’.
heldu (ad.) 1 ‘iritsi, ailegatu’ 2 Ipar. eta Naf. ‘etorri’ 3 Ipar. ‘gertatu’ 4 ‘lagundu, sorotsi’ 5 ‘umotu, zoritu’ 6 ‘oratu, eutsi’ 7 ‘ausiki, ziztatu’.
ilar 1 Pisum sativum 2 Ipar. eta Naf. ‘babarruna, indaba’.
kaserna 1 Ipar. ‘kuartela’ 2 Gip. ‘txabola’.
legar 1 ‘harri-koskorra’ 2 Ipar. ‘zerga’ 3 Bizk. ‘gatzagia’.
ogi 1 ‘jangaia’ 2 Batez ere Ipar. ‘garia’.
osatu 1 ‘osotasuna eman, oso bihurtu’ 2 Bizk. ‘sendatu’ 3 Naf. eta Zub. ‘zikiratu’.
pandero 1 ‘musika-tresna’ 2 Ipar. ‘pertza’.

Ene iduriko hitz horiek ez dute arazo handirik sortzen. Bai, ordea, hitz horien adiera batzuek. Ezagutu beharrekoak dira (nik hala uste) arotz, dendari, eri, heldu, ogi edo osatu hitzen adiera gehientsuenak; ezagunxeagoak dira ardiren bigarrena (‘arkakuso’) eta legarren lehena (‘harri-koskorra); ezezagunagoak dira agianen bigarrena (‘oxala’), gaztigaturen bigarrena (‘zigortu’) edo ilarren bigarrena (‘babarruna, indaba’). Kasernaren bigarrena (‘txabola’) arrotz egiten da. Nik behinik behin ez nituen ezagutzen abenduren bigarren adiera (‘mirua’), behatzen hirugarrena (‘azazkala’), belenaren bigarrena (‘ibai zoruko lohia’), hankaren bigarrena (‘aldaka’), legarren bigarrena (‘zerga’) eta hirugarrena (‘gatzagia’) eta panderoren bigarrena (‘pertza’). Soberaxko, aukeran.

Hitz eta adiera horiek guztiak eskura baditugu ere, uste dut ez ditugula euskalki markadun adierak maizegi erabiltzen, ez hedapen orokorreko testuetan, ez literaturan, ez irrati-telebistetan… Kontua da, besterik pentsatu izan bada ere, Euskaltzaindiak ez dituela euskalki markadun hitzak baztertu nahi izan, bultzatu baizik. Hara zer erraten den Hiztegi Batuaren Argibideak atalean:

Hainbat hitzen formaren ondoan Bizk., Ipar. eta Naf., Gip…. ikurrak ematen ditugu. Euskalki markaren bat azaltzen duten hitz horiei buruz esan behar da ez dela inondik ere Euskaltzaindiaren asmoa, marka horiek eranstean, horrelako hitzak baztertzea; aitzitik, euskalki hitzok Hiztegi Batuan sartzeak adierazten du Euskaltzaindiak bultzatu egin nahi dituela idazleak hitz horiek erabiltzera —jakinaren gainean eta nori bere senak agintzen dion eran, jakina— horrela euskaldun guztien ondare komuna bihurtuz joan daitezen.

Beraz, Akademiak hitz horiek erabiltzera bultzatzen gaitu «jakinaren gainean eta nori bere senak agintzen dion eran, jakina». Libre gara, beraz, euskara estandarrean eremu edo hiztun kopuru txikiagoko hitzak txertatzeko eta hura aberasteko. Eta horretan ari gara eta anitz aitzinatu da hondar urte hauetan. Baina halako hautua egiten dugunean, barne-barnetik hizkuntza hala ateratzen zaigunean edo bestela idazten ez dakigulako hala idazten dugunean, gertatzen ahal da uste izatea ez dela guk idatzitakoa konprenituko, zailagoa gertatuko zaiola irakurleari, azken finean, markatuegia edo euskara estandar horretatik urrunegi geldituko dela testu sortutakoa edo itzulitakoa. Nire kasuan, “nafarregia edo lapurtarregia” izanen dela.

Fernando Reyk ere kezka erakutsi digu urtarrileko artikuluan, norbaitek erran duelako italieratik itzulitako Hilabete bat Montalbanorekin liburua nafarrerara itzuli duela. Bere hitzak hona ekarriz: «nor den aintzat harturik [idazten du] eta, horregatik, komunikazioa eta ulergarritasuna izanik helburua, garbi [du] euskara aski estandarrean egin behar dela, baina, bestetik, [bere] euskara ez den batean idazteko nolabaiteko deserosotasuna sentitzen [duela]. (…) Egunero aditzen [duen] euskararen oihartzuna dute [bere] testuek».

Akitzeko, erran dezadan gure esku dagoela euskara aberatsa egitea ahoz zein idatziz, Gorkak egin duen bezala, hitz ezezagunak edo ez hain ezagunak ikasiz eta erabiliz edo euskara estandar hori Hiztegi Batuko euskalki markadun hitzekin osatuz. Halabiz!