Cailleach

Amelia Pérez Conde

Euskal mitologian Mari jainkosa dugu, eta Anbotoko dama ere esaten diogu. Jainkosa, sorgina, emakumea, dama, zaharra, gaztea, ederra, itsusia, Lurraren pertsonifikazioa da. Naturaren indarra irudikatzen du, eta bere botereez baliatuta, naturaren indarrak gobernatzen ditu. Emakume oso dotorea izan daiteke, baina baita animalia, haize bolada edo suzko igitai ere. Edonola ere, emakume boteretsu eta indartsua da.

Mitologia zeltan badago beste emakume indartsu eta boteretsu bat, Cailleach, eta bereziki ezaguna da Irlandan eta Eskozian. Bera ere Lurraren pertsonifikazioa da, eta paisaiaren itxura zehazten du. Cailleach izen irlandarra da, eta ingelesez «hag» esaten diote. Euskaraz «sorgin» eman ohi da. Dena den, hobe da Cailleach hobeto ezagutzea, euskarazko baliokidea asmatzen hasi baino lehen.

Cailleach emakume zaharra da ipuin gehienetan, baina Cailleach betierekoa da, eta ez du adin zehatzik. Beraren azala urdin zurixka da, hagin gorriak ditu, eta jantziak buru-hezurrez edertzen ditu. Salto egin dezake mendi artean, eta ekaitzak ere gidatzen ditu. Ipuin batzuen arabera, bizitzaren putzua kudeatzen du.

Ez da erabat zintzoa, ezta erabat maltzurra ere; natura eta animaliak zaintzen ditu, baina indar basati eta suntsitzailea ere bada. Subiranotasuna eta agintaritza ordezkatzen ditu; beraz, printzeek Cailleachen oniritzia behar dute errege bilakatu aurretik. Hori dela eta, Irlandako ipuin askoren amaieran printze indartsu, azkar eta lirainena emakume zahar, benetan itsusi baina, aldi berean, oso erakargarriarekin ezkontzen da. Emakume horri beldur pittin bat badiogu ere, maite dugu, eta ipuinaren tarteren batean hiltzen denean, triste jartzen gara; aldiz, poz handia hartzen dugu aurrerago jakiten dugunean emakume bitxi horrek bizirik irautea lortu duela.

Gaur egun, Cailleachi lotutako tradizio batzuk oraindik kontserbatzen dira. Otsailaren batean, neguan, Cailleach zur bila ateratzen omen da, zur guztia agortu zaiolako. Txori bihurtzen da, eta mokoan garraitzen du zura. Negua luzatu nahi duenean, egun eguzkitsu eta distiratsuagoak sortzen omen ditu. Hortaz, otsailaren batean eguraldi ona egiten baldin badu, biztanleek badakite negua luzea izango dela.

Cailleach hag») euskaraz nola eman galderaren harira, hona hemen orain arte erabilitako irtenbide batzuk: Gailur ekaiztsuak liburuan «atso zahar» dugu (idazlea Emily Brönte da; eta itzultzailea, Irene Aldasoro); Salomon erregearen meategiak liburuan «sorgin» da (idazlea H.R. Haggard da; eta itzultzailea, Aintzane Ibarzabal); Parisko Andre Maria liburuan, esanahia aldatu ahala, «sorgin» eta «atso zahar» deitzeaz gain, «lupeme» ere esaten zaio (idazlea Victor Hugo da; eta itzultzailea, Iñaki Azkune).

«Cailleach» hitzak «beloduna» (veiled one) esan nahi du; «hag» hitzaren etimologian alemaniar «hexe» hitza topatzen dugu; bestalde, «witch» hitza anglosaxoierako «wicca» hitzarekin lotu ohi da, eta definizioan «sorceress» ere esaten zaio. Euskaraz, «sorgin» hitzak «sor» aditzarekiko lotura du; beraz, «sorgin» hitzak sormena eta bizitza ekartzen dizkigu gogora. Cailleachen ñabardurak (sakratua, magikoa, jakintsua) biltzen dituen beste hitz bat asmatu arte, «sorgin» hitza egokia eta oso ederra da.

One Reply to “”

  1. Nire ustez, ez dago hain argi ‘sorgin’ hitzak sor(tu) erroarekin lotuta dagoela.

    Bertze azalpen batek latinezko sors eta hartatik eratorritako frantsesezko sorcier hitzekin lotzen du. Ingelesezko sorcerer frantseszkotik dator. Niri, egia erran, sinesgarriago iruditzen zait azalpen hau bertzea baino.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina