Armadiloa

Estitxu Irisarri Egia

Bazen behin jakin-minez beteriko armadilo bat, bere begiek, sudurrak, belarriek eta hankatxoek hara eta hona egiten zuten gauza berriak ikusteko, sentitzeko, ikasteko eta bizitzeko gogoz. Gauero bidaiatzea gustatzen zitzaion eta, ahal izanez gero, lagun berriak egitea. 

Udaberriko lehen gau hartan bidaia luze bat egiteko garaia zela pentsatu zuen, ausardia bildu eta ohi baino urrunago joan nahi izan zuen. Hankatxoen, buruaren eta bihotzaren indarra neurtzeko eskualde ezezagun ederretako lurrak bisitatu nahi zituen. 

Halere bere barruko beldurrak gainditzeko herriko jakintsuarengana joatea erabaki zuen:

―Gabon, jakintsu. Zure hitz lasaigarrien bila nator. Bidaia luze bat egitekotan naiz eta konfiantza eta lasaitasuna nahiko nituzke.

―Gabon, armadilo. Konfiantza eta lasaitasuna zure baitan daude beti, zurekin doaz noranahi. Bidaia ederra izan dezazula, ikusi arte.

Armadiloak muturra okertu zuen, zerbait lasaigarriagoa espero zuen. Baina urduritasun eta guzti bidaiari ekin zion. Dena dela, zalantzati eta beldurti sumatu zuen bere barrua. Are gehiago, gorputzaren kolorea ere ilundu zitzaiola nabaritu zuen. Ardurak loa ere nahastu zion. 

Nekeak jakin-nahiak baino pisu handiagoa zuen une hartan atseden hartzea ezinbestekoa zitzaion. Ur-ertz batean egin zuen pot. Flamenko bat hurbildu zitzaion:

―Ondo zaude? Zerbaitetan lagun zaitzaket, armadilo?

―Leher eginda nago. Inguru eta jende berria ezagutu nahi nuenez, nire lurraldetik urrundu nahi izan dut, baina beldurrak oztopoak jartzen dizkidala sentitzen dut.

―Armadilo, beldurra zerbait naturala da, egoera larrietan salba gaitzake, baina indar handiegia ematen badiozu, geldiarazi egingo zaitu. Beldurra izan arren, norberarenganako konfiantza indartzea ezinbestekoa da. Hori bai, pazientzia eta denbora beharko dituzu berriz ere zure buruaren lagun izateko.

Bekozko iluna jarri zitzaion eta eskerrik eman gabe bizkarra eman eta aurrera jarraitu zuen. Argi zegoen: bihotza itxita zuenez, zentzumen guztiak itxita zituen. Bidaia atsegin izan zitekeena sufrimendu-iturri bilakatu zitzaion. Belztasun hartan zarigueia batekin egin zuen topo. Hara eta hona zebilen, une berean hainbat gauza eginez, sekulako energia eta argitasuna helarazten zizkion armadiloari:

―Kaixo, zarigueia. Nola egin dezaket zu bezain kementsu izateko?

―Kaixo, armadilo. Galdera itzela egin didazu! Zure barnean izango duzu erantzuna. Zuk zeuk ezagutzen duzu ondoen zeure burua. Nire kasuan, egunean zehar indarra izateko, lo egitea, ondo jatea, kirola egitea eta pentsamendu positiboak izatea ezinbestekoa da, eta, noski, goizero nire barnearekin elkarrizketa izatea.

Erantzun bereziaren aurrean armadiloak bekain bat altxatu zuen. Eskerrak eman eta bideari jarraitu zion. Porru eginda zegoen. Hala ere, burua eta gorputza ez zetozen bat. Buruak ez zionez gorputzari kasurik egiten, halako batean, indarrik gabe ziplo erori zen lurrera.

Neke hark behartutako egonaldi hartan, barnearekin elkarrizketan hastea baino ez zitzaion gelditu. Begi-belarriak itxi zituen eta bihotza entzuten hasi zen une hartan, hainbat hitz eta irudi etorri zitzaizkion: Konfiantza eta lasaitasuna zure baitan daude beti, zurekin doaz noranahi; beldurra zerbait naturala da, egoera larrietan salba gaitzake, baina indar handiegia ematen badiozu, geldiarazi egingo zaitu; zure barnean izango duzu erantzuna. Zuk zeuk ezagutzen duzu ondoen zeure burua.

Hitz horiek guztiak berdez margoturik eta dirdira handiz agertu zitzaizkion barne-munduan. Maitasun handia sentitu zuen niarekin izandako elkarrizketa hartan, aurrez aurrekoetan ulertu ez zituen hainbat kontu ulertu zituen. 

Aginte-makila koloretsu eta miragarri batekin irudikatu zuen bere burua. Sekulako indarra eman zion irudi hark. Segurtasuna eta konfiantza berreskuratu zituela sentitu zuenean, begiak ireki eta kementsu ekin zion bideari.

Berehala sumatu zuen betikoa zela, gogoa eta kolorea berreskuratu zituen. Ematen zuen pauso bakoitza deskubrimendutzat hartzen hasi zen berriz. Begi-belarriak zabal-zabalik zituen berriro, bihotzak bere lekua berreskuratu baitzuen. 

Eta hala jarraitu zituen hainbat hilabete. Lagun, leku eta ikasketa nahikoa bildu zituela sentitu zuenean, jaioterrira itzuli zen eta herriko jakintsuaren etxera joan zen. Ez zegoen inor. Harritu egin zen. Ezohikoa zen hustasuna nabaritu zion etxeari. Pentsamenduetan zebilela, harri bati ostikoa eman eta paper bat ikusi zuen lurrean. Jakintsuaren ohar bat zegoen:

Armadilo, bidaian zehar hainbat gauza ikasiko zenituen, orain zurea da jakinduriaren makila, nire meditazio-txokoan utzi dizut, herrikoen gidaritza-lanari sendo ekin diezaiozun. Nire bidearen bukaerak eta zurearen hasierak bat egin dute. Ikusi arte edo sentitu arte.