Udaberriko izokina

Castillo Suarez

Maite dut elurraz idaztea. Beharbada horregatik algoritmoak samiei buruzko artikulu bat ekarri dit hemen aipatzeko. Samiek ba omen dituzte 300 hitz baino gehiago elurrarendako. Areago, ba omen dute hitz bat elur-orein izutuak izendatzeko. Badirudi klima aldaketak ekarriko duela hitz horietako batzuk desagertzea.

Izokina ere desagertzen ari da bertako erreketatik. Izan ere, ozeanoa gero eta beroagoa eta gero eta azidoagoa da. Horregatik debekatu dute izokinen arrantza ibai batzuetan, geratzen diren aleak babesteko. Bertako bati galdetu eta arratza egitera joaten zireneko irteerak faltan sumatzen dituela erantzun du. Orduan izaten zituzten elkarrizketak.

Hitz zaurgarriak klima aldaketarekin oso lotuta daude. Jada ez dago udaberriko izokin goiztiarrik, alegia ibaiko izotza desegin eta berehala agertzen ziren haiek. Izan ere, arrantzaldia laburtu eta atzeratu egin da. Izotzik ez dago ibaietan arrantzan ari direnean. Iraganeko hitza dajiekklinaguolli, udaberriko izokin hitza. Iraganaz hitz egitean erabiltzen da soilik, arrainak ugari zirenean.

Samien jarduera tradizionaletako hizkuntza espezializatuak desagertzen ari dira, esate baterako arrantza eta elur-oreinen artzaintza. Eguraldiaren berri ematekoak ere bai. Alabaina, hitz berriak sortu dira, klima aldaketa aipatzeko, esate baterako.

Erabiltzen ez diren hitzak jaso eta gorde daitezke. Zer gertatzen da, ordea, izan ez diren elkarrizketekin?

Haurra nintzela, osabarekin joaten nintzen arrantzatzera. Orduak pasatzen ziren ezer harrapatu gabe. Ez genuen sakelakorik, ez genuen libururik eramaten. Hizketan aritzen ginen. Tarteka isilik egoten ginen, inguruari erreparatzen. Beti izan naiz isila eta behatzailea.

Lurrarekin eta urarekin dugun loturak ere eratzen ditu hizkuntza komunitateak, ez bakarrik hizkuntzak. Hori dio artikuluan arrantzale gazteenetako batek. Horregatik samiak hitz batekin moldatzen dira elurraren ezaugarri baten berri emateko; guk, ordea, esaldi bat baino gehiago behar ditugu. Izan ere, urtaro osoak ari dira desagertzen samieratik. Hizkuntzek beti erreparatzen diote naturari.