Peonak eta mangitoak

Sarai Robles Vitas

Bertso munduaren bueltan gabiltzanontzat ia sinonimo bihurtu dira udazkena eta txapelketa; ulertuko duzue, beraz, hona ere bertsolaritzaz mintzatzera banator. Baina ez zaitezte berehalakoan aldendu, bertso-haterrok (ziur bainaiz hemen ere badela baten bat), benetan beste gai bati heltzeko aitzakia baino ez baita hau.

Bat-bateko bertsolaritza nahiko ariketa kamikazea da bere horretan: segundo gutxi batzuetan erabaki behar duzu bota berri dizuten gaiaren inguruan zer eta nola esan, zugandik espero ez dena espero duen jende andanaren aurrean. Bakoitzak ahal duguna egiten dugu, ditugun helduleku eta tresna gutxiekin, eta hori asko da. Garrantzitsua dirudit hau presente edukitzea, ez dudalako ostean esanen dudana bertsolariekiko kritika gisa hartzerik nahi.

Finalaurrekoen lehenengo itzulia ospatzen ari da asteotan (lau saiotik hiru joan dira jada), eta pentsatu nahi dut inork ez duela zalantzan jarriko Euskal Herriko Txapelketako finalaurrekoetara heldu den bertsolari baten euskara maila bikaina. Lekunberriko saioan, ordea, gure atzean eserita zegoen lagunak behin baino gehiagotan arbuiatu zuen bertsolarietako baten jarduna: “pffff, honek erdarakadak, bata bestearen atzetik”. Zorotzat har nazazue, baina uste dut ez zela kasualitatea, hain justu, saioko hiritar ez-gipuzkoar bakarrari buruz aritu izana (barkatu, ez ditut bertsolarien izenak aipatuko; baina nahi duenak bertsoa.eus-era jo dezake bertsoaldiak ikustera).

Saio horretan entzun genituen, beste bertsolarien ahotan, “lepo gaineko melokotona” eta “nik gutxienez ez dut gorro beharrikan”. Baina atzeko lagunaren komentarioek “mangito” eta “monitore” hitzak erabili izana gaitzetsi zuten, ez besterik. Zenbait egun lehenago, Gorka Azkaratek Bertsozale Elkartearentzat idatzitako kronika irakurri nuen eta bertan Tolosako kanporaketako zortziko txiki ‘gogoangarri’ bat goraipatu zuen, aurretik ere Berria egunkarian egin bezala. Bada, bertsoaldi horretako hirugarren bertsoan hala esan zuen bertsolariak: “gaur hiru izango gara, ta txakurra peon (…) beste txakur bat badut, izena du Leon”. Nire iritziz, ez dago alde handirik “peon”-etik “mangito”-ra. Eta egunotan ezin izan dut galdera hau burutik kendu: beste bertsolari mota batek bota izan balu “peon” hitza errima gisa (demagun bertsolari ez kontsakratu batek, demagun hiriguneko bertsolari batek…), berdin goraipatuko litzateke adituen kroniketan? Ala atzeko lagunen komentarioak entzunen genituzke orduan ere?

Hau ez da kontu berria. Maiz aditu dugu bataren euskara “ez dela naturala”, eta “ez dela hain ongi geratzen bertsotan”, besteak “etxia” eta “grazia” bertso berean errimatzen dituen bitartean (euskalkia zorrotz errespetatuz gero, “etxia” eta “graziya” behar luketenean).

Hala ere, sumatuko zenutenez, nire kezkaren funtsa ez da euskararen zuzentasun erabatekoa (garrantzia baduen arren, noski). Oinarrian dagoena autoritatea da, zeinek duen eta zeinek ez eta, ondorioz, hizkuntzarekiko lizentziak zeini onartzen zaizkion eta zeini ez. Entzuleak bertso bat ulertzen ez duenean, noiz pentsatzen duen bertsolaria nahastu dela eta noiz “joe, hori poesia hutsa zen”. Entzuleak ere segundo gutxi batzuk baino ez ditu iritziok osatzeko, baina maiz bat-batekotasunean geratzen dira agerian norberaren joerak eta uste isilak.

Uxue Alberdiren Kontrako Eztarritik saiakeran jasota dauden Oihana Bartraren hitzak datozkit burura: “nire lehen oroimena umetan Kanpatxuko egonaldietara joaten ginenekoa da. Izututa joaten nintzen, pentsatuz ea denei ulertzen diedan. Ohartzen nintzen nire euskalduntasuna ez zela haiena bezalakoa. Bertso-munduan sartu ahal izateko, propio ikasi nuen bizkaiera, dialektoaren beharra sentitzen nuen euren artekoa izateko. Sentitzen nuen epaia zela ‘hemen dator Bilboko pija hau, euskaraz ondo ez dakiena, nora eta bertso mundura’”.

Noski, liburua kaleratu zenetik gauza asko mahaigaineratu dira eta, neurri batean, egoerak hobera egin duela esanen nuke. Baina Txapelketa Nagusietan beti nabarmentzen dira indartzen dabiltzan joerak, eta egungo eztabaida handietako bat “naturaltasunarena” da (Ibil Bediren abesti bat izan zitekeen; tamalez, ez da). Joerak bertso-mundutik kanpokoak ere badira, eta horregatik komeni da norbere buruari galderok egitea:

Pareko lagunak erdarakadak botatzen dituenean, s eta z nahasten dituenean… berdin begiratzen al diozue bilbotarra, aulestiarra, iruindarra edo lesakarra izanda ere? “Kanarietako bolkanak” esaten badu, beti pentsatuko duzue “hara, horrela ere esan daiteke” edo “eeeeepa, sumendiak, aizu!” esateko gogoa sartuko zaizue noizbehinka? Norbaitek euren euskalduntasuna erakutsi behar al dizue oraindik ere?

Niretzat, egiteke dudan barne-ariketa handi baten lehen urratsa izan da testu hau. Hurrengo urratsa: atzeko lagunarengana biratzea eta, gutxienez, gaizki begiratzea.