Itzuli bai, baina nondik eta nora?

Ibon Plazaola Okariz

Aspaldi irakurritako esaldi baten arrastoari jarraika hasi naiz liburu batetik bestera, zer idatzi guztiz seguru ez jakitearen urduritasuna nolabait bridatzeko. Mentura dugun artean hartu dut liburutegiko apal batetik, Anjel Lertxundiren saiakera gogoangarria. Hantxe aurkitu dut, liburuaren hondar-hondarrean, bilatzen ari nintzena: «Itakatik itzulian bainentorren, dibisa bat jarri nuen etxeko atean: itzulpena itzulera da». Lertxundik maisuki harilkatzen ditu itzuli aditzaren bi adierak, itzulerarena eta itzulpenarena, Troiatik Itakara —etxera?— bueltan doan Ulisesen bidaia eta hitzek —eta zentzuak— hizkuntza batetik bestera egiten dutena parekaturik. Metaforaren ederrak hausnarrean jarri nau: Ulises itzuli itzultzen da, bai, baina nondik eta nora? Eta itzultzaileak, nondik ekartzen du eta nora eramaten itzulgaia?

Horretan nabilela, gogoak Itakatik Troiara eraman nau, eta Troiatik Marseillara, eta Marseillatik atzera ere Troiara, Simone Weil filosofoa bidaide.

Weil-ek Marseillan zegoela argitaratu zuen L’Iliade ou le poème de la force artikulu luze / saiakera labur bikaina, 1940. urtearen amaieran lehen zatia eta 1941.aren hasieran bigarrena, naziengandik ihesi Ameriketara abiatu aurretxoan. Indarrak gizakiongan zein arrasto sakona uzten duen aztertzea zen Weil-en asmoa; eta Iliadan, hain zuzen —eta betiere Weil-en iritziz—, indarra da gai nagusia eta egiazko protagonista: dena azpian hartzen eta gizakia gauzaki bihurtzen duen indarra. Lau urte lehenago hasi zen Iliadako zenbait pasarte grekotik frantsesera itzultzen (ehunen bat bertso-lerro, guztira), Espainiako Gerra Zibilean soldadu ibili ondoren eta Europa osoa osin beltz batean amiltzear zegoela. Saiakera Iliada itzuli ahala idatzi zuen, ahapaldiz ahapaldi kasik. Norbaitek pentsa lezake bere idazkia ilustratzeko itzuli zituela Weil-ek Homeroren poemako pasarte horiek, apaingarri gisa-edo erabili zituela, edo haren saiakera iruzkin literario hutsa dela, ariketa filologiko bat, garai ilunetan argi pixka bat egiteko libertimendu bat baino ez. Are gehiago: helenistaren edo filologoaren ikuspegitik, Weil-en itzulpena hondamendi erabatekotzat jo daiteke, akatsez eta interpretazio okerrez —interpretazio okerrez?— josia baitago. Hala diote dakitenek. Weil-enean, ordea, Iliadaren itzulpena ez da ez apaingarri, ez ariketa filologiko, ez libertimendu, baizik eta ispilu: itzuliz pentsatzen du filosofo frantsesak bere mundua, eta Iliadaren argitan interpretatzen 1930eko hamarkada malapartatu hartan eldarnio bat bezala denak itsutzeraino zabaltzen ari zen gerra-giroa. Zenbait adituren ustez, saiakerak ez luke duen balioaren laurdenik ere izango Weil-ek Homero propio eta itzuli zuen moduan itzuli ez balu: ez iraganetik orainera, ohikoa denez, baizik eta, nolabait ere, orainetik iraganera; atzera eginez, baina bere talaiatik eta bere talaiara, anakronismoaren bekatuan erortzeko beldurrik gabe, oraina iragana eta iragana oraina esplikatzeko lagungarri izango zitzaizkiolakoan.

Eta euskal itzultzaileak, nondik ekarri eta nora eraman beharko lituzke Weil eta haren Iliada? Bat-batean izerdi hotzak hartu nau goitik behera, eta neure artean pentsatu dut hobe dudala hori hurrengo baterako utzi.

Bibliografia

LERTXUNDI, Anjel. Mentura dugun artean. Irun: Alberdania.

WEIL, Simone. «Iliada edo indarraren poema», in Odolaren miztoa. Gerra eta indarraren legea (testu-aukeraketa eta itzulpena: Ibon Plazaola). Donostia: Jakin (oraindik argitaratzeke).