Bost letratan arakatzen

Isabel Etxeberria Ramírez

1984ko abenduan jaio zen. 250 g inguru, 23,5 cm luzean eta 17 cm zabalean. Azala, gorri-urdina. Izena, bost letrakoa —palindromoa ia—, letra tipo biribilean, minuskula sendokotean. Bost letra xehe, arrandiarik gabeak, baina mardul eta guriak, beren kurbotasunean malguak, edozertara egokitzeko gai direla erakutsi nahian bezala. Eta elkarri lotuak; pega-pega eginda. Metafora bat, bost letratan bildua.

42 urte pasatu dira Senez aldizkariaren lehen zenbaki hura argitaratu zenetik, eta harrezkero beste 56 etorri dira; 813 artikulu guztira. 2004az geroztik Senez aldizkariaren zenbaki eta artikulu guztiak Interneten irakurgai zeuden, weberako bertsioan zein PDF formatuan. Baina zenbakiz zenbaki arakatuta bilatu behar ziren testuak. Berriki bilatzailea estreinatu du aldizkariak. Orain, bilatzailearen hiru aukera nagusiei esker (bilaketa arrunta, bilaketa aurreratua, egileen aurkibidea), askotariko kontsultak egin daitezke.

Hala, “bilaketa arrunta” tresnaren bitartez jakin ahal izan dugu adimen artifizial terminoa 1995ean agertu zela lehen aldiz Senez aldizkarian, Umberto Ecok idatzi eta Juan Mari Arzallusek euskaratutako artikulu batean. Bilatzaileak diosku, gainera, hurrengo urtean Xabier Mendigurenek hartu zuela termino hori ahotan, eta Karlos del Olmok 2002an. Hamabost urteko isilaldi baten ondoren, 2017tik aurrera ia urtero idatzi dira bi hitz horiek jarraian aldizkariko artikuluren batean.

Feminismo hitza Bakartxo Arrizabalagak ekarri zuen aldizkarira lehenengoz, 2007an. Eta transfeminismo terminoa 2023an iritsi zitzaigun, Leire Vargasen eskutik.

Ergatiboa 30 artikulutan hartu dugu ahotan itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteok. Lokuzio hitza 51 artikulutan agertzen da. Interferentzia, 57tan. Baina, aizue: bihotz hitza 139 artikulutan erabili da; lagundu hitza, 248tan; zeru 110etan, eta jolas beste horrenbestetan. Ez dago gaizki, ezta?

Beste datu jakingarri bat: itzultzaile hitza 704 artikulutan aipatu da, zuzentzaile 179tan, eta interprete 114tan. (Tira, ez gaitezen elkarrekin haserretu. Gogoratu hasieran aipatu dugun metafora: elkarri lotuta, pega-pega eginda…).

Bilaketa aurreratuan maite idatzi eta besterik zehazten ez badiogu, 185 artikulutan agertu dela azalduko digu bilatzaileak. Baina soilik “egilea” izeneko eremuan bilatzeko eskatzen badiogu, Maite Imaz egile dituzten artikuluak bistaratuko dizkigu: 8.

Aldizkariak bere historian zehar izan dituen ataletan ere kuxkuxea dezakegu. (Bide batez, inori jakin-mina piztu balitzaio-edo, jakizue Senez aldizkarian kuxkuxeatu hitza ez dela egundaino erabili; bai, ordea, kuxkuxean). Aldizkarian idatzi diren editorialak bakarrik bistaratzeko eska diezaiokegu bilatzaileari, adibidez, eta itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteok 42 urte hauetan izan ditugun kezka, ardura eta interes nagusien bilakaera aztertzeko corpus ederra lortuko dugu horrela. Edo azken urte hauetan itzulpengintzaren inguruan gradu amaierako lan (GRAL), master amaierako lan (MAL) eta tesietan zer aztertu den araka dezakegu.

Egileen aurkibideak, bestalde, aldizkariaren historian argitaratu diren artikulu guztien idazleen izenak zerrendatzen ditu: 249 pertsona. Alfabetikoki ordenatuta kontsulta daitezke, baita bakoitzak idatzi duen artikulu kopuruaren arabera ere. Eta hona hemen datuek agerian uzten duten dedikazioaren eta lanaren gailurra: Karlos del Olmok 66 artikulu idatziak ditu gaur-gaurkoz Senez aldizkarian; Xabier Mendiguren Bereziartuk 32 sinatu zituen; Josu Zabaleta 28 testuren egile da; eta Koldo Bigurik eta Gotzon Egiak 25na idatzi dituzte.

Eta aitortza egiten hasi garenez, nori berea. Bilatzaile hau Maider Ramírez Martínen proposamen batean oinarrituta sortu da. EHUn Itzulpengintza eta Interpretazioko graduko azken ikasturtean zela, bere gradu amaierako lan gisa Senez aldizkariaren historia eta izaera aztertu zituen, eta beste aldizkari batzuetako bilatzaileak arakatu zituen ondoren Senezentzako eredu bila. Haren proposamenetik abiatuta, Dijitalidadea arduratu da bilatzailea garatzeaz. Eskerrik asko eskura jarri diguzuen lanabesagatik. Badugu zertan entretenitu.