Lanaren nekeak

Leire Chertudi Ozamiz

Ogibidez itzultzaileak garenok askotariko nekeak izan ohi ditugu lankide gure etxeko bulego bakartian: epemuga zorrotzak, zalantza etengabeak, esamolde itzulezinak, ogasuneko inprimaki bihurriak eta abar. Ugari dira horien artean gure lan baldintzen ondorio zuzena diren kalteak, eta beste hainbat bakarrik lan egiten dugun itzultzaile autonomooi sortzen zaizkigun kexken artean zerrenda daitezke. Edonola ere, gaiok beste baterako utziko ditut lanbideak eragindako buruhauste bereziaz hitz egiteko: nire itzultzaile burmuina itzaltzeko ezintasuna.

Nerabezaroan, gustura ikusten nituen azpititulatutako filmak eta telesailak jatorrizko hizkuntzan ingelesa hobetzeko, eta hizkuntza menderatuz joan ahala, azpitituluak jartzeko ohitura galdu nuen. Unibertsitate garaian, pozik joaten nintzen zinemara atzerriko beste zenbait hizkuntzatan azpititulatutako filmak ikustera. Egun, ordea, ozen egiten dut hasperen norbaitek etxean azpitituluen botoia sakatzen badu edo azken estreinaldia jatorrizko bertsioan ikusteko sarrerak erosi eta azpititulatuta egongo dela gogoratzen dudanean. Zergatik? Nire itzultzaile burmuina itzaltzeko ezintasuna itzulpenez gozatzeko ezintasun bihurtu delako. Duela lauzpabost urte hasi nintzen ikus-entzunezko itzultzaile lanetan, eta, ordutik, azpitituluak ingelesetik euskarara itzultzen edo beste norbaitek egindako itzulpenak zuzentzen ematen ditut lanordu gehienak; tamalez, ez dut zenbateko zehatzik, edo zorionez, egunean mugikorra begiratzen eman dituzun orduak kontsultatzea baino beldurgarriagoa izango bailitzateke. Hala ere, lana bukatu ostean telebista piztu eta nire telesailik gogokoena jartzen dudanean, egun osoa ordenagailuari begira ematea aski izan ez balitz bezala, hona hemen nire erronka: nire buruak hitzez hitz itzultzen du dena euskarara, aldibereko interpretazioa egingo banu bezala. Ezin dut saihestu. Lanez lepo ez nabilenean, ostera, itzultzaile burmuin hori tarte batez lokartzen da eta ikusten dudanaz goza dezaket, betiere jatorrizko hizkuntzan. Azpitituluak jarriz gero, akabo, goitik behera aztertu behar dut itzulpena, arau orokorrak bete diren egiaztatu, inongo akatsik ez dagoela ziurtatu, itzultzaileak egindako aukerak ulertu eta naturala ez den edozer moldatzeko era aurkitu. Ikusleak antzematen ez dituen gauzak letra larriz idatzita egongo balira bezala ikusten ditut nik, burura honelako pentsamenduak datozkidala: «Hori kalko okerra da! Jasota egongo da hitz hori Euskaltzaindiaren Hiztegian? Aurrekoan gaizki itzuli nuen hori… Hobe al daiteke hitz-joko horren itzulpena?».

Ziur nago askok izango duzuela arazo berdina, dela bikoiztutako edukiekin, dela itzulitako liburuekin. Izan ere, zaila izan daiteke euskararen esparruan lan egiten dugunontzat gure egunerokoan aurkitzen ditugun idatzitako eta ahozko testuetan hizkuntzaren zuzentasunari ez erreparatzea. Zenbatetan ezin izan diozue eutsi zerbait euskaraz nola jarri duten egiaztatzeko tentazioari? Nire kasuan, neke horren ondorio nagusia itzulitako edukiak saihestea da, eta horrek hainbat gatazka sortzen dizkit euskarari dagokionez. Aitortu beharra dut maiz behartu izan dudala neure burua euskaratutako azpitituluak jartzera lankideen lanetik ikasteko eta nire itzulpenak aberasteko asmoz, baina orduan, gozamen behar zuenak zeregin itxura hartzen du. Jatorrizko hizkuntza arazorik gabe ulertzeko gai banaiz, neketsua suertatzen zait itzulpena irakurtzea. Errezelo horrek euskarara itzulitako nahi adina eduki ez kontsumitzera narama, gustatu ala ez, eta arazo hori nolabait konpondu nahian nabil. Horiek horrela, itzultzaileon lana arlo askotan euskararen erabilerarako mesedegarria dela deritzodan arren, denetariko edukiak euskaraz sortzea behar-beharrezkoa iruditzen zait gero eta hirueledunagoa den gizartean; eta bereziki onuragarria itzultzaileontzat!