Zure oinetara

Iñigo Satrustegi Andrés

Lehenengo atala: Irakurlea ohartu zenerako, han zeuden.

Izan zen garai bat ez nintzena oin-oharren sobera zale. Uste dut bat gatozela esaten badut ez dagoela oso argi noiz irakurri behar diren oharrok: agertu eta berehala, perpausaren elementuen artean; esaldia amaitutakoan, orriaren amaierara heltzean…

Lehen molestatzen zidaten: irakurketaren erritmoa galarazten didate, eta, batzuetan, luzeekin bereziki, haria galtzera iritsi izan naiz inoiz. Nori ez zaio pasatu? Baina jolas baten moduko zerbait bihurtu dira orain: ea zer dion honek honi buruz; ui, hau zergatik… Eta, bereziki, narratibako itzulpenetan (poesia itzulpen gutxi, eta saiakerak are gutxiago irakurtzen ditut beste hauen aldean).

Egile batek erabaki lezake idazten ari denaren gainean zerbait eranstea: estetikoki gustatzen zaiolako, azalpen pertinentea iruditzen zaiolako, edo dena delakoagatik. Testua berea da (Danele Sarriugarteren Erraiak-en amaierako oharrez betetako eranskina, edo Garazi Arrularen Dakigun hori liburuko esku-oharrak, adibidera). Editoreek ere jarri izan dituzte oharrak, ez hain sarri beharbada. Baina haiek ere badira testuaren jabe, nolabait, eta iruditu zainean behar zela, hara, salto bat orriaren beheko marjinetara. Aipatu jolasa dator itzultzaileen oharrak agertzen direnean.

Itzultzaileek, borondate onenarekin, liburua eusten dutenei zuzentzen zatzaizkie irakurketaren gatazka txikien berri emateko: testuinguru sozial, politiko, historiko, kulturala dela; erreferentzia intertestualak direla; gorputzean ageri den aipu baten itzulpena dela…

Eten txiki bat bitxikeria modura. Gogoan dut, aurtengo udaberrian, aspaldi argitaratutako liburu baten berredizioa prestatzen ari ginela zalantza sortu zitzaigula zer egin oin-oharrekin. Japoniako eleberri bat zen (gazteleraz), eta ez ziren gutxi orriaren azpiko aldera egindako erreferentziak: ramen, shashimi, geisha… Gisa horretakoak ziren. Tira, gaur egun, globalizazioaren eraginez-edo, gehienak ezagun genituen. Baina, hala ere, hor uztea erabaki genuen.

Ea, jolasa aipatzen nuen gorago, iruditzen baitzait batzuetan irakurlearen jakin-nahiari gailentzen zaizkiola itzultzaileen apetak edo zenbait erabakiren inguruko justifikatu-nahi bat. Ez diot gaizki daudenik xede horiekin egindako oharrak. Besterik gabe, ez ote dugun behar baino gehiago pentsatzen irakurleengan, irakurleek guregan pentsatzen dutenaren aldean (gure komunitatetik kanpo ari naiz; irakurle arruntaz alegia).

Eta hain justu, horixe izango da nire aurtengo aletxoaren norabidea. Gaur gaia aurkeztu dizuet. Mamia abenduan helduko da. Asmoa da bospasei titulu aukeratzea, euskarara egindako itzulpenak denak ere, eta bertan agertzen ahal diren oin-oharren inguruko azterketa tipologiko xume bat egitea, oharrok duten xedearen arabera sailkatuta. Hori guztia amaitzeko, martxoan emango ditugu ondorio batzuk. Ea zer ateratzen dugun hemendik.

Bitartean, oin-oharrengatik interesgarria izan daitekeen erreferentziarik okurrituz gero, pozik entzungo ditut ekarpenak[1].


[1] Zuek ere jausi zarete.

Utzi iruzkina