Labezomorroak eta kakalardoak

Martin Rezola Clemente

Ruper Ordorikaren azken diskoan bada kanta bat, Dionisio Cañas izeneko idazlearen poema baten itzulpena dena: «Zerutik gertu ez da ondo egoten»[1].

Arraroa egin zitzaidan «labexomorroaren muxu goxoa» entzutea, eta egiaztatzera jo dut: Dionisio Cañasek «el dulce beso del escarabajo» idatzi zuen, eta ez «el dulce beso de la cucaracha». Okertu ote zen gure musikari oñatiarra?

Ez dut uste. Nire hipotesia da euskaraz labexomorro hitza kakalardo baino goxoagoa dela, hala arrazoi fonetikoengatik nola osagai semantikoengatik, eta horregatik aukeratu zuela Ruperrek aurrenekoa (gaztelaniaz alderantziz dela esango nuke). Dena den, egiaren amoreagatik esan behar da askoz ere probableagoa dela zerua, lurra, natura… irudikatzen dituen kanta batean kakalardoa agertzea, eta ez labezomorroa. Baina bego lasai kantaria, barkatzen diogu-eta lizentzia, zeren eta ondo jakitun baikara ez duela gaur goizekoa labexomorroenganako isuria[2]; areago, garai bateko Pott bandaren sasoikoa dela esango nuke: «… ikatza bezalako labezomorroak…».

Munduko kakalardorik ospetsuena Gregor Samsa dugu, seguru asko. Tira, kakalardo edo labezomorro, edo beste motaren bateko intsektu, kontua ez baitago batere argi. (Metamorfosia-ren hasiera irakurrita, zalantza sortzen zaio irakurle erneari protagonistaren zertasunaz: «…mila zango…»/«…konta ezineko zangoak…»/«…zango ugariak…» –euskaraz ditugun hiru bertsioen arabera–; zeren, Samsa kakalardoa edo labezomorroa bada, benetan sei zango baino ez ditu, intsektu guztiek bezala.)

Jatorriz ungeziefer dugu, euskaraz piztia edo esan nahi omen duena. Kafkak berak misterioa gordean atxiki nahi izan zuela dirudi, espresuki agindua eman baitzion editoreari inolako irudirik ez jartzeko liburuan.

Idazleen artean ere nahasmenduak uste baino erro sakonagoak ditu. Iban Zalduak, adibidez, Samsa labezomorroa dela uste du[3].

Beste batzuk, ordea, ez datoz bat. Nabokov-ek, esate baterako, argi zuen kakalardo bat zela, elitroak eta guzti (eta Nabokov autoritate bat zen entomologian, batez ere tximeleten arloan)[4]. Eta gehiago ere badio, elitro horiek direla eta: «Gregor kakalardoak inoiz ez zuen jakin hegoak zituela bizkarraldeko estalki gogorraren azpian. (Nahi nuke bizitza guztian ondo gordetzea nire ohar polit hau: Gregor batzuek, Joes batzuek, Janes batzuek… ez dakite hegoak dituztela.)».

Iaz bete ziren 100 urte Metamorfosia argiratatu zenetik. Euskaraz oraindik orain plazaratu dute hirugarren bertsioa, Anton Garikanoren eskutik. Hementxe duzue ipuinaren hasiera, euskarazko hiru bertsioen arabera. Ea zer xomorro mota irudikatzen duzuen hitzon azpian…

Goiz batean, amets nahasi baten ondotik itzartzean, Gergor Samsak ohean zetzala bere burua intsektu izugarri bat bihurtuta ikusi zuen. Bizkar aldeko kaska gogorraz etzanda zegoen, eta burua pixka bat altxatzean, bere sabel ilun irtena ikusi zuen maskor borobilez aseta; bai, oso irtenak, ohe gainekoa nekez sostengatzen baitzen han eta behera linburtzen zen gutika. Konta ezineko zangoak, oso mehe eta ahulak bere lehengo bernen aldean, bere begien aurrean eragiten ziren funts gabeki. (Xabier Kintana)

Goiz batean, loaldi aztoragarriaren ostean, Gregorio Samsa zomorro zatar bihurturik esnatu zen. Oskol gogorraren kontra atzeraka etzanik zegoen eta, burua altxatzean, bere sabel borobil eta iluna ikusi zuen, zimurdura kiribilduez beteriko irtenune azaltsuez estalita. Haien gainean labain egin eta, bere tokian egon ezinik, lurrera erortzeko zorian zegoen oheko tapakia. Hanken lodiera normalarekin konparatuta harrigarriro iharrak ziren mila zango zerabilzkion dantzan, inolako harmoniarik gabe. (Rufino Iraola)

Goiz batean, Gregor Samsa amets nahasiak izanda esnatu zenean, zomorro beldurgarri bat bihurturik aurkitu zuen ohean bere burua. Oskol antzeko bizkar gogorraren gainean zegoen, eta burua pixka bat jasoz ikusi zuen bere sabel konkor marroia, uztai formako gogortasunekin, eta ohearen tapakia, noiznahi erortzeko zorian, ez zen hura estaltzeko gai. Bere zango ugariak, gainerako gorputzaren aldean mehe-meheak, errukarri astintzen ikusi zituen. (Anton Garikano)

(Ipuinaren izenburuaz ere zerbait esan liteke: gaztelaniaz, La metaformosis eta La transformación, biak aurki daitezke liburutegietako apaletan, euskaraz bezala; baina hori Xabier Olarraren espezialitatea denez, ez dut besterik esango.)

Samsa(Gregor Samsa, Nabovoken zirriborro batean)

[1] Zerutik gertu ez da ondo egoten
[2]
Labexomorro
[3]
Nuvol
[4]
Lecture on «The Metamorphosis» by Vladimir Nabokov

2 Replies to “Labezomorroak eta kakalardoak”

Utzi iruzkina