Jan-edanaren gozamena

Irantzu Epelde Zendoia

Itzulpengintzaren historiak hamaikatxo ertz eta pasadizo dituela dio Iñigo Roquek bere azken sarreran (2013/12/04), Jean-Luc Ihartze medikuaren 1783ko liburua adibidetzat hartuta. Ez du arrazoi faltarik. Iñigoren testu polita irakurtzen ari nintzela, gogora etorri zait beste lan bat, medikuntzarekin zerikusirik ez duena, baina frantsesetik euskarara itzulitako perlatxo bat zuei erakusteko aitzakia ona eskaintzen didana. Goazen, ba, hegan, medikuntza eskuliburuetatik guztiz bestelako gai eta idatzi mota batera.

Sukaldeko errezeta bilduma bat da hau. Ez du izenbururik, eta egileak berak aipatzen du, zeharka, itzulpena dela, errezetetako batean: «Behiaren filetaren farsitceco maneria hao estuçu francian eçaguturiq içan lan hounen traductoraq erakhoussi artecan (sic)» (‘behiaren azpizuna betetzeko modu hau ez da Frantzian ezaguturik izan lan honen itzultzaileak erakutsi artean’) (124. or.). Halamoduzko kalitatea du eskuizkribua osatzen duen paper mordoak, baina letra guztiz argia da, eta, Ricardo Gómezen ahaleginari esker, hemen irakur dezakezue osorik. Lanaren berezitasunetako bat da zubereraz idatzitakoa izatea, eta eskuz: Pariseko Biblioteka Nazionaleko funts gordeetan dago eskuizkribua, eta, «Celtique et Basque 119» erreferentziaren azpian, osorik dagoela irakur dezakegu. 28 errezeta goxo biltzen ditu. Itzultzailea nor izan zen berririk ez dugu, ezta zein urtetakoa den ere. Halere, hizkeragatik eta hemeretzigarren mendean argitaratu ziren euskarazko beste sukalde liburu batzuekin duen antzagatik, pentsa dezakegu garai horretakoa-edo dela hau ere.

Gipuzkoako Tolosan, Eusebio Lopezen moldiztegian, argitaratu omen zen euskarazko lehenbiziko sukaldeko errezeta liburua, 1889an: Cocinan icasteko liburua. Azpitituluetan, chit bearra famili gucietan eta lendabicicoa euskeras. 58 orrialdetan 67 errezeta biltzen ditu sukalde liburuxka honek (hemen ikus dezakezue faksimilea), eta gipuzkeraz dago idatzia. Ez da, ordea, euskaraz argitaratutako aurrenekoa. Mende laurden lehenago, 1864an, argitaratu zen euskarazko lehenbiziko errezeta liburua, Baionan, Cluzeau argitaletxearen eskutik: Escualdun cocinera, ceinarekin nornahic cocina ona errechki eguin baiteçake. 60 orriko liburuxka da, eta 150 errezetatik gora biltzen ditu (faksimilea, hemen). Lapurteraz dago idatzia, baina ez dakar egilearen izenik.

Euskaraz argitaratutako sukalde liburuetan aurrena lapurteraz idatzitakoa, hortaz; gipuzkeraz bigarrena, eta bizkaieratik jatorrizko zumaiarretik baino hurbilago idatzitakoa hirugarrena: Julene Azpeitia zumaiarrak idatzi zuen, 1920 inguruan (ez dakar urterik) Osasuna, merketza ta yanaritzaz (faksimilea ikusteko, sakatu hemen). Jan festarako egun aproposak datozkigunez, lapurterazko, zubererazko, gipuzkerazko edo bizkaierazko errezetaren bati heltzeko astia hartzen baduzue, prestaketetan hasi aurretik kontuan hartu Azpeitiak esanak (7. or.):

Yakia izan daitela ona, garbia, eta ondo atondua; orretxek dira bear dabezan baldintza (kondiziño) nagosiak on egiteko eta gure soñean bear dituzan baldintzak betetzeko.

Hau ez da itzulpen bat

Angel Erro

இது மொழிபெயர்ப்பு அல்ல.
This is not a translation.
Detta är ingen översättning.
Questa non è una traduzione.
Αυτό δεν είναι μία μετάφραση.
Haur ezta translatione bat.
Dette er ikke en oversættelse.
Esto no es una traducción.
To ni prevajanje.
זו אינה תרגום
Это не перевод.
Dit is geen vertaling.
Ceci n’est pas une traduction.
Això no és una traducció.
이 번역되지 않습니다
Dies ist keine Übersetzung.
Dette er ikke en oversette.
Bu bir çeviri değildir.
Hoc non est interpretatio.
Isto não é uma tradução.
http://translate.google.es/?hl=es#auto/eu/Ceci%20n’est%20pas%20une%20traduction

Paradoxa-txinpartak

Xabier Aristegieta Okiñena

Zehaztasuna, jatortasuna, komunikagarritasuna, adierazkortasuna, egokitasun terminologikoa, xede-irakurleriaren nolakotasunak… zer esanik ez, gramatika eta ortografia, Euskaltzaindiaren arauak… Horiek guztiak kontuan hartu eta, horrela ere, lantzen ari garen testua ez zaigu, batzuetan, behar bezain on ateratzen. Gure itzulpena beste bahe batetik iraganarazi beharra egoten baita, oraindik ere: ustekabeko txinpartak balira bezala, xede-testuan sor daitezkeen efektu paradoxikoen oharmenarena.

Zapaterok onartu zuen gaur egungo langabezia-tasa onartezina dela, zioen euskarazko albiste batek. Berez, esaldia ez da kontraesanezkoa (irudi hori emateko merezimenduak badituela aitortu behar zaion arren): Zapaterok onartezintasuna zuen onartzen (langabezia-tasarena), eta ez langabezia-tasa bera. Dena dela, halako zorabio bat behintzat sortzen du esaldi horrek, ez?

Sarbide bidegabea, ohartarazten zuen idazkun batek. Gaztelaniaz: acceso indebido. Biderik gabeko bidea? Bere burua ukatzen duen burua? Burua bera ukatzen diogun burua?

Orain dela bizpahiru aste aurrezki-kutxatik posta elektroniko bidez bidali zidaten publizitate-mezu batek bizi-aseguru bat iragartzen zidan. Eskainitako baldintzen artean honakoa dago: «…hil bat doan, aseguru bat kontratatuz gero (…) 2 hil doan, asegurua 2 lagunek edo gehiagok kontratatuta”. Mezuaren goiburua: “oso aukera osasungarria». Gaitz erdi.

Batzuetan efektua ez da paradoxikoa, baizik eta arras enfatikoa: supermerkatuko lata hartan gaztelaniazko espárrago blanco de Navarraren ordez euskarazko Nafarroako zainzuri zuria irakurri nuenean, haien koloreaz behinik behin ez zitzaidan, alajaina, zalantzarik gelditu. Zainzuri berdeaz, ordea, ezin gauza bera esan.

Efektu paradoxiko, enfatiko eta are komikoak, detektatuak zein detektatugabeak, ez dira inola ere, jakina, euskarazko testuen esklusiba. Adibidez, orain dela hilabete batzuk argitaratutako egunkari-informazio batek (oraindik ere dago aurkigarri Interneten, datu gehiago jakin nahi dituztenentzat bidenabar esanda) honela zioen: La artista asegura que su condición de incondicional del PP no le ha supuesto ningún trato de favor. Argi dago horrelako esaldi batek ez ziola hozkirik sentiarazi kazetariari.

Eta bukatzeko: deigarria egin zitzaidan John Berger arte-kritikariak aspaldi batean Picassori buruz idatzitako biografia baten gaztelaniazko itzulpena. Izan ere, ustez misteriorik ez zeukan ingelesezko izenburu jatorrizkoa (The success and failure of Picasso) gaztelaniaz Fama y soledad de Picasso hitzekin emana agertzen zen, eta halatan, jatorrizkotik dezente aldenduta. Esanahi-lerratze funsgabe bat? Ez oraingoan. Nire kolkorako hitzez hitz itzultzeari ekin, eta irribarre batekin konturatu nintzen arrazoiaz: success… failure… éxito… fracaso…

…de Picasso.

Euskararen arrastoaren bila Espainiako hizkuntza-akademiaren hiztegian

Alfontso Mujika Etxeberria

Oporretatik egunerokora berriki itzulia bainaiz —eta lan seriotarako nagi aurkitzen baitut neure burua—, dibertimendu gisa doa gaurkoa, zeren eta, Joanes Haranederrek idatzi zuen moduan, baitezpada behar dire zenbeit aldiz utzi, bai gure spiritua, bai gure gorputza pausatzera eta zenbait dibertimenduaren hartzera.

Azaroaren 6an Iñigo Astizek Berrian idatzitako «Itzultzailearen esku ikusezina» artikuluak eman dit idazpidea: Atxagak, Soinujolearen semea liburuaren gaztelaniazko itzulpenean, «escondrijo» erdaratu zuen jatorrizko bertsioan «zulo» zena, eta, horren harira, Astizek dio gaztelaniaz euskarazko hitzak ez direla neutroak, ideologikoa dela hitzen itzala.

Hortik abiaturik ikusi nahi izan dut zein den euskararen itzala RAEren hiztegian. Eta, horretarako, Goodrae tresnari heldu diot, oso erabilgarria baita: RAEren hiztegia hipertestu bihurtzen du, eta, hala, artikuluen barneko testuan bilaketak egiteko aukera ematen du.

«vasco», «vasca» eta «eusk.» hitzak zer artikulutan agertzen diren eskatu diot Goodraeri, eta zerrenda hau itzuli dit (iragazi egin dut, «País Vasco» gisako agerraldiak bazterreratzeko):

abertzale, aguín, agur, aizcolari, alud, amachinarse, amarreco, amilamia, anavia, anchoa, angula, aña, aquelarre, arán, arangorri, arnasca, arrabio, astabatán, aurragado, aurresku, azcona, bacalao, bálamo, barrunte, batúa, boruca, burga, cáncamo, carpancho, carramarro, carranca, cartolas, cencerro, cenzaya, chabola, chacolí, changurro, chaparro, chapela, charro, chatarra, chimbo, chirimbolo, chirula, chistera, chistorra, chistu, chistulari, chueca, cinzaya, cococha, donostiarra, ertzaina, ertzaintza, escarrio, esguín, etarra, euscalduna, euskera, gabarra, gamarra, gambalúa, ganzúa, gardama, gardubera, guiri, ikastola, ikurriña, irasco, izquierdo, jorguín, larra, lastón, lasún, laya, lendakari, libón, lurte, maqueto, mochil, mogote, molso, morena, moscorra, motil, mozcorra, muga, muñeca, mus, narra, narria, nava, órdago, orzaya, pacharán, pelotari, pitarra, pote, sabaya, sagardúa, sagarmín, sarde, sinsorgo, talo, tobera, versolari, zacuto, zamarra, zarandilla, zarrio, zatico, zorcico, zurriaga, zurrón.

Batzuk guztiz gardenak dira (pelotari, aquelarre, amarreco, chapela, versolari…); beste batzuk, aski berriak, euskal neologismoak dira (abertzale, ertzaina, ertzaintza, ikastola, ikurrina, lendakari), eta badira neologismo horiek baino berriagoak diren beste hitz batzuk ere (batúa, etarra).

Orobat, badira bitxikeriak edo atentzioa ematen dutenak. Adibidez:

Zer ote da amachinarse? Amotinarse izan zitekeela pentsatu dut, euskal matxinatu hitzetik. Ez, ba:

amachinarse.
(De a-1 y Machín ‘Cupido’, y este del vasco Matxin ‘mozo de herrería’, por alus. al nacimiento de Cupido en la herrería de Vulcano).
1. prnl. Can. y Am. amancebarse.
2. prnl. Pan. Abatirse, perder energías, acobardarse

Badira gauza txundigarriak ere (Etimologia bigarren adierari bakarrik dagokio, ala adiera guztiei dagokie? Nola ulertu behar da?):

guiri.
(Acort. del vasco guiristino, cristino).
1. m. coloq. Ál. tojo (‖ planta papilionácea).
2. com. Nombre con que, durante las guerras civiles del siglo XIX, designaban los carlistas a los partidarios de la reina Cristina, y después a todos los liberales, y en especial a los soldados del gobierno.
3. com. coloq. Turista extranjero. La costa está llena de guiris.
4. com. coloq. Miembro de la Guardia Civil

Eta hau? «de mosca»?

moscorra.
(De mosca).
1. f. coloq. P. Vasco. Embriaguez, borrachera.

Eta honi buruz, zer esan?

mozcorra.
(Del vasco mozcor, muchacha tetuda).
1. f. coloq. p. us. prostituta.

Amaitzeko, goazen idazpidea eman didan zulo/escondrijo itzulpenera. Orain arte, zulo hitza ez zegoen RAEren hiztegian (22. edizioan), baina prestatzen ari diren 23. edizioan sarrera izango da. Honela:

Artículo nuevo.

Avance de la vigésima tercera edición

zulo.
1. m. Lugar oculto y cerrado dispuesto para esconder ilegalmente cosas o personas secuestradas.

Kasu honetan, ez dago hitzaren jatorriari buruzko aipamenik. Ezin jakin zergatik den: sarrera berria denez oraindik osatu gabe dagoelako edo jatorriaren azalpena deserosoa delako.

Lehen eta orain

Asier Larrinaga Larrazabal

Telebistaren historian ez dira asko izango Egun on, Euskadi bezalako kasuak, goizetik gauera aldatu baitzuen emisio-hizkuntza, gaztelaniatik 2013ko martxoaren 22an euskarara 2013ko apirilaren 8an, Aste Santua tarteko. Orain, Egun on, Euskadi ETB1en eskaintzen da, goizeko zortzietan, eta albistegietako hizkuntzalarientzat —niretzat, behintzat, bai— gozamen handia da garai bateko kontakizun-moldeak berriro aurkitzeko aukera hau.

Lehen, orainaldi burutua zen nagusi albistegietako kontakizunean, berri gehienetan ordu batzuk lehenago —askotan, aurreko egunean— izandako gertakariak azaltzen baitziren. Orain, aldiuneko informazioaren mendean erorita, orainaldi puntukari perifrastikoa egin zaigu albiste-testuetako nagusi eta jabe. Egun on, Euskadi aireratzen denean, ostera, egunak artean berri bakanen bat baino ez du eman, eta kontakizunean ia ez da izaten ari-ren beharrik. Nekez esango dugu «Gaur, suitzarrak goi-kargudunen soldatak mugatzea erabakitzen ari dira» edo antzekorik.

Egungo grina ari-zaleak, guzti-guztia ari-rekin kontatu behar gorri honek, ez nau oso zoriontsu egiten. Egun on, Euskadi-k eta ETBren gainerako albistegiek eskaintzen diguten talaiatik begiztatu ditugun beste hizkuntza-berrikuntza batzuek ere, ez naute oso zoriontsu egiten.

Lehen, arratsaldeko zortzietan jotzen zuen musika-bandak herriko plazan. Orain, arratsaldeko zortzietatik aurrera jokatzen ditu Osasunak futbol-partidak.

Lehen, udako planak egiteko orduan, esposari «iaz ere, horra joan ginen» esan arren, jaramonik ere ez zigun egiten. Orain, «pasa den urtean horra joan ginen» esan, eta, magia!, berehala prestatzen digu beste plan bat.

Lehen, etxeko txikiak ezkutaketan edo harrapaketan jolasten ziren. Orain, txikienak pantailaren batera itsatsita egoten dira egun osoan.

Lehen, goizez, hiru langile izaten ginen, eta, arratsaldez, bi aldiz gehiago. Orain, goizez, hiru langile izaten gara, eta, arratsaldez, goizez halako bi.

Lehen, Euskal Herrian, hotz egiten zuen neguan, eta bero udan. Orain, gurean ez du sargoririk egiten neguan, eta ez ipar beltzik udan.

Lehen, emakumeenganako indarkeriaren aurkako manifestazioak zirenean, euskaldun gehienok edo irten, edo jalgi egiten ginen. Orain, atera egiten gara, salbuespenik gabe.

Ene! Marimaistra handiarekin egin beharko dut berba, ea bere umorearekin kontu hauek ez handiegitzen laguntzen didan.

Ihartzek jakin-goseei

Iñigo Roque Eguzkitza

Itzulpengintzaren historiak baditu hamakaitxo ertz eta pasadizo. Aldiro halakoak hona ekartzen saiatu gara orain artekoan, bederen.

Gaurkoan, Jean-Luc Ihartze medikuak idatzitako liburu baten berri eman nahi dizuet: Mirikuntzaren gaineko populuiaren faltak (Paris, 1783). Liburua goitik behera frantsesez idatzia da, baina euskarak badu leku txiki bat; ez nolanahikoa, gainera: barruko azala euskaraz ageri da, frantsesezkoaren ondoan.

Gaurko grafiara ekarrita hauxe dio:

MIRIKUNTZAREN
GAINEKO
POPULUIAREN FALTAK

LIBURU, ofizio hartako eztirenen argitzeko, Mirikuntzako termino bada eta ezbada zerbitzatu behar izan direnen esplikazioniarekin.

De IHARTZE, Eskutari, Miriku, eta ERREGEREN Miriku izendatuiak egina.

Eta horra liburu zer den, lañoki, garai hartako usadioan azalduta. Bitxikeria horrainokoa litzateke, azalaren behealdean frantsesezko ohar hau erantsi ez balu egileak.

Je done ici le titre de mon livre en Basque, écrit come on doit le pronocer ; les curioeux le liront , s´ils veulent.

Grafia gaurkoturik eman dugunez, irakurlea ez zitzaion ohartuko frantses moldeko grafiari (hemen duzue faksimilea), baina hori gutxiena da, zinez harrigarria ondoko baieztapena baita: jakin-nahiek irakurriko dute, hala nahi izanez gero.

Zer asmotan jokatuko zuen hala Ihartzek? Bistan da, bere jatorria erakutsi nahi izango zuen nagusiki, baina baita, seguruenik, irakurleei euskararen bitxia begietara eman ere.

Mirikuntzarengainekofaltak

Shakespeareren Sonetoez Euskararen Egunean

Iñaki Iñurrieta Labaien

Shakespeare boladan da gure artean; Shakespeare euskalduna, alegia. Batetik, bada hilabete herririk herri dabilela Artedrama eta Dejabu-ren Hamlet; bestetik, Donostia 2016 ere arnasa handiko egitasmo bat martxan jartzekoa omen da Shakespeareren antzezlan baten inguruan; hirugarrenik, hor dugu Mikel Laboa Katedraren proiektua, Shakespeareren Sonetoak liburuan eta CDan argitaratzekoa.

Askok izango duzue dagoeneko proiektu horren berri: Juan Garzia da Sonetoen euskaratzailea, 1995eko edizioa osatu eta hobeturik; Joxean Goikoetxeak musikaz eta Koldobika Jauregik irudiz hornituko dute argitalpena; eta ehundik gora lagunen ahotsetan grabatuko dira Sonetoak CD batean. Egitasmo kolektiboa, inondik ere, euskal kulturaren eremuan gabiltzan hainbat itzultzaile, idazle, aktore, kazetari, irakasle… biltzen dituena; era, joera eta kolore askotako jendeak hartuko du parte.

Zer esan Shakespeareren Sonetoak euskaratzearen esanahiaz? Oskar Aranak, orain egun batzuk, hainbat arrazoi eman zituen Bruce Springsteen-en kanta bat itzultzeko. «Gogoak eman ahala beste hizkuntzetako testuak euskaratuz, zabaldu egiten dugu euskararen eremua», zioen, besteak beste. Horrek balio du Shakespeareren kasuan ere. Munduratu egiten gara, Shakespeare ─mundu osoarentzat literatur ikur, erreferentzia nagusi, behinenetakoa─, euskaratzen dugunean; eta munduaren zati bat geuretzen dugu Skakespeare geure alorrera ekartzean.

Horretarako, Juan Garziak euskal tradizioko baliabideak erabili ditu, jakina; ezin bestela izan. Hartara, Sonetoen probaleku zail horretan baliatu, berritu, ahalagotu du euskal tradizio poetikoa. Lantegi horretan, zedarri zorrotzak jarri dizkio bere buruari: Shakespeareren errima-eskema berari egin dio men; ez du ametitu ez sinalefarik ez hitz-laburdurarik (hots, uko egin die bertsolarien errazbide ohiko horiei). Bestetik, hala egin dituen hautuetan (adizki trinkoen erabileran, kontzeptu abstraktuen pertsonifikazioan…) nola hizkuntzak berak behartu duen estilizazio-trinkotzeetan (aditz laguntzailearen elipsiak, mugagabearen erabilera…), hizkuntz eredu dotore, jaso, klasikoen oihartzunez betea lortu du. Euskal belarriak Etxepare, Oihenart, Lizardi eta beste hainbaten oihartzunak sumatuko ditu Shakespeareren Sonetook entzutean-irakurtzean.

Hatsa hats, begia begi direino / hitz bizi hau biziz zaude, maiteño.

(So long as men can breathe or eyes can see / so long lives this, and this gives life to thee, XVIII. sonetoan).

Huts min hau dute min huts haren sari.

(and moan th’ expense of many a vanished sigh, XXX. sonetoan).

Horrelako perlak hamaikatxo aurkituko ditu entzule-irakurleak. «Baina hori ez da Shakespeare» esan lezake norbaitek. Esaldi horrek ez du zentzurik. Ingeles batek gaur Shakespeare irakurtzen duenean, ez du irakurtzen, ezin du irakurri, Shakespeare «jatorrizkoa»; ez du irakurtzen, ezin duelako, Shakespeareren garaian, duela 400 urte, irakurtzen zuten Shakespeare bera. Izan ere, kontu hau estu eta zorrotz hartuta, testu bat ezin da irakurri berdin bi aldiz; denboraren harian, gu, ingurua, Mundua, Bizitza, aldatu egin garelako eta, beraz, testu hura esanahi gehiagoz jantzi eta osatu, aldatu delako. Pierre Menarden Kixotea ez zen Cervantesen Kixotea, nahiz eta letraz letra, hots, literalki, berdin-berdina izan; Cervantesena baino Kixote aberatsagoa zen Menardena[i].

Beraz, abiapuntu hori hartuz gero, hortik aurrera dena dugu irabazteko. Dena dugu irabazteko, geure Shakespeare egin, asma, osa dezakegulako, geure neurrira, geure tradizioaren arabera, geure tradizioaren ondorio bihurtuta.

Shakespeareren unibertsoa aberastu egin da 400 urteotan egin diren bertsio guztietako bakoitza agertzearekin batera; dela jatorrizko hizkuntzan egin zaizkion irakurketetan, dela beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenetan. Shakespeareren garaian Sonetoek zuten esanahia, sortzen zituzten oihartzunak, ugaritu, aberastu, eraberritu egin dira harrezkero, hartaz egindako bertsio, interpretazio, itzulpen bakoitzarekin.

Denborak hobetu egiten ditu testuak. Itzulpenetan, aukera eta ahal berriak agertu ohi dira, aurrez ez zeuden alderdi berriak aurkitzen-sortzen dituztelako.

XXX. sonetoan, esate baterako, irakurriko dut «oinaze zahar gogoan emanok», eta Koldo Izagirreren Oinaze zaharrera poemarekiko lotura piztuko zait beharbada; hori ez da gertatuko ingelesez bertso-lerro horri dagokion «the sad account of fore-bemoanèd moan» irakurtzean. Edo XXXIII.ean, «argi bezain arin, arinik bazen» irakurri, eta igoal etorriko zait gogora Bilintxen «huraxe bai polita / han politik bazan». Hala, lotura, alderdi, ertz berriak aurkituko dizkiot Shakespeareri. Sonetoen bertsio honi esker, osatuago da orain Shakespeare.

Eta honenbestez, balia nadin abagune honetaz iragarpena egiteko: Shakespeareren Sonetoen ale batzuk errezitatuko dira aurki egitekoa den Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian; urtero EIZIE, EIE, Galtzagorri, Editoreen eta Ilustratzaileen Elkarteek batera antolatzen duten festan. Gonbidatuta zaudete.


[i] Iñigo Roquek duela pare bat hilabete hementxe bertan aipaturiko liburu batez baliatu naiz artikulu honetan: Borges y la traducción, Sergio Waissman (Adriana Hidalgo, 2005). Eskerrak, Iñigo.

Atzera berriz?

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Oker egongo nintzen, ziur aski, baina nik, lañotasunez, uste nuen euskarazko kulturak errazago zuela kulturgintza «nazionala» eraikitzea, euskarazko kulturak politikak baino gehiago batzen zituela euskal lurraldeak, euskararen lurraldeak, nahi baduzue. Hortik abiatuta, handinahiki agian, edo gure txiki-konplexua gainditzearren, euskararen unibertsaltasuna aldarrikatzera igarotzea pauso logikoa ere iruditzen zait, eta hor dabiltza batzuk euskara #mundiala dela eta matraka saltzen.

Azken bolada honetan, ordea, bizpahiru kontutan oinarrituta, sentsazioa dut euskal kultura probintzializatzeko joeran sartuta dagoela, atzera berriz (bi zentzuetan, atzera), eta, horren eraginez, zenbait kasutan, euskaldun guztiok ez dugula euskarazko kulturarako sarbidea bermatuta. Lehen adibidea euskarazko zineari dagokio: Gasteizen eta Araba osoan ezin izan dira ikusi umeentzat euskarara bikoiztu diren azken bi filmak, Zipi eta Zape bata (azkenik bai ikusi ahal izan da hau, baina erdaraz ematen hasi eta hilabete geroago, dagozkion ondorioekin) eta Doraemon eta Nobita Holmes bestea. Gaur bertan ere ikusi dut Esbastika bat Bidasoan ere ez dutela emango euskaraz Araba osoan, baina bai Gipuzkoa eta Bizkaian; Nafarroan eta Iparraldean, ez dakit. Baina kulturaren beste esparru batzuetan ere gertatzen da halakorik: euskaratu berri den Hamlet antzezlana ere ez dago aurreikusita Arabako leku bakar batean oraingoz. Operara etorriz, Bilboko Operaren Adiskideen Elkarteak urte batzuk daramatza urtero haurrentzako opera bat euskaraz sartzen bere Abaotxiki programaren barruan, eta kasu honetan Bilbon soilik: opera bat euskaraz muntatzeko ahalegin handia hartu eta gero, zergatik ez zaio zirkuitu zabalagoa ematen, hitzarmenak bilatuz beste lurraldeetako erakundeekin, adibidez?

Beste adibide bat, joan den urtean Bergarako talde amateur batek meritu handiz taularatu zuen Olentzero musikala, zenbait herri eta hiritan bakarrik ikusi ahal izan zena, baina, berriro ez, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik, oker ez banago.

Berriki jakin dugu Bizkaiko Aldundiak kultura bonoa eskainiko duela ere, Jaurlaritzak amore eman eta gero, eta, euskarazko kultura produktuei soilik eragingo ez dien arren, bizkaitarrek bakarrik izango dutela aukerarik horrelako laguntza publikoak jasotzeko, eta horrek, ondorioz, produktu horien «salmenta» Bizkaian bakarrik ugalduko du.

Bizkaiko Aldundiarentzako galdera: bonoa eskuratu daiteke txisteak dioen argudioaz baliatuz? Alegia, bilbotarrek nahi duten lekuan jaiotzen direla?

Hiztegi espezializatua eta morfopragmatika

Igone Zabala Unzalu

Komunikazio espezializatua, alegia, adituen arteko komunikazioa, komunikazio naturala da adituentzat. Hori dela eta, aurreko artikuluan esaten genuen bezala, terminoak hizkuntza naturalaren parte dira. Artikulu horretan aipatzen genituen Teresa Cabré-ren hitzak berriro ere hona ekarriz, hiztegi espezializatuaren berezitasuna alderdi semantiko-pragmatikoetan datza. Izan ere, jakintza espezializatua oro har zehatzagoa eta sistematikoagoa da jakintza orokorra baino, eta jakintza hori adierazteko erabiltzen den hiztegia ere, zehatzagoa eta sistematikoagoa izan ohi da. Berezitasun horren adibide argigarriak dira Maite Imazek azken bi artikuluetan azaldutakoak: desberdintasunak eta diferentziak eta riesgo/peligro.

Askotan jakintza espezializatua jakintza orokorraren birformulazio batean oinarritzen da, eta baliatzen duen hiztegiak aipatu birformulazioa islatzen du. Hiztegi espezializatuaren garapena ulertzeko, hiztegi hori garatzen eta erabiltzen den diskurtso espezializatura jo behar dugu. Aspaldian egokitu zitzaidan Ekaia EHUko Zientzia eta Teknologia aldizkariko artikulu baten1 hizkuntza-berrikustapena egitea, eta hiztegi espezializatuak hiztegi orokorraren aldean dituen berezitasunak azaltzeko behin baino gehiagotan erabili dudan paragrafo honekin egin nuen topo:

SOKEN PROPIETATE MEKANIKOAK

Propietate mekanikoek erabakitzen dute tentsio mekanikoen eraginpean dauden materialen erantzuna nolakoa den: zurruna, malgua, erresistikorra, deformakorra, hauskorra, etab. Sokek ohiko erabilpenetan trakziopean lan egiten dutenez, trakziopeko propietate mekanikoak aztertuko ditugu atal honetan.

Aztertzen dituzten fenomenoak, objektuak, ezaugarriak eta, oro har, kontzeptuak denominatzeko eta sailkatzeko beharrak eramaten ditu adituak zenbait elementu lexiko birformulatzera eta berrantolatzera eremu semantiko baten barruan. Jakintza espezializatuak bereizgarri duen kontzeptuen sistematikotasun horrek denominazio kopuru handiagoaren eta semantikoki xehekiago mugatuagoen beharra sortzen du. Goiko testuan ageri den sailkapenean, zurrun, malgu eta hauskor guztion eguneroko hiztegi orokorrean dauden hitzak dira, baina erresistikor eta deformakor adjektiboak deigarri gertatzen zaizkigu. Sortu diren diskurtsoaren logikaren barruan, aldiz, erraz azal daitezke. Izan ere, zurrun eta malgu elementu bakunak direlarik, ez dute eskaintzen paradigma zabaltzeko aukerarik baina, hauskor, eratorria denez, eremu semantiko bereko denominazioak sortzeko moldea eskaintzen du: hauskor ‘hausteko joera duena’, erresistikor ‘erresistitzeko joera duena’ eta deformakor ‘deformatzeko joera duena’. Nabarmendu beharrekoa da, bestalde, diskurtso honetan ageri diren elkartasun lexikoak testu orokorretan ez bezalakoak direla: erantzun malgu / zurrun / hauskor

Ildo honetatik, corpusetan egindako hainbat ikerketek2 3 4 agerian utzi dute espezialitate-alor desberdinetako testuetan atzizki eratorleen ustiapen bereizgarria egiten dela, eta ustiapen hori testu orokorretan egiten denetik ere bereizten dela5. Ustiapen bereizgarri hori komunitate diskurtsibo bakoitzak aurre egin behar dien eskakizun semantiko-pragmatikoekin lotuta dago. Gure artean ohikoa izaten da eratorriak erabiltzen diren diskurtsoetatik isolatuta aztertzea, zuzentzea edota kodifikatzea. Aitzitik, erregistro espezializatuen garapenari laguntzen dion edozein interbentziok edo harmonizazio-ekimenek ez lioke ezikusia egin beharko, nire iritziz, garapen hori hobeto ulertzen lagun gaitzakeen ikuspegi morfopragmatikoari.