Atzera berriz?

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Oker egongo nintzen, ziur aski, baina nik, lañotasunez, uste nuen euskarazko kulturak errazago zuela kulturgintza «nazionala» eraikitzea, euskarazko kulturak politikak baino gehiago batzen zituela euskal lurraldeak, euskararen lurraldeak, nahi baduzue. Hortik abiatuta, handinahiki agian, edo gure txiki-konplexua gainditzearren, euskararen unibertsaltasuna aldarrikatzera igarotzea pauso logikoa ere iruditzen zait, eta hor dabiltza batzuk euskara #mundiala dela eta matraka saltzen.

Azken bolada honetan, ordea, bizpahiru kontutan oinarrituta, sentsazioa dut euskal kultura probintzializatzeko joeran sartuta dagoela, atzera berriz (bi zentzuetan, atzera), eta, horren eraginez, zenbait kasutan, euskaldun guztiok ez dugula euskarazko kulturarako sarbidea bermatuta. Lehen adibidea euskarazko zineari dagokio: Gasteizen eta Araba osoan ezin izan dira ikusi umeentzat euskarara bikoiztu diren azken bi filmak, Zipi eta Zape bata (azkenik bai ikusi ahal izan da hau, baina erdaraz ematen hasi eta hilabete geroago, dagozkion ondorioekin) eta Doraemon eta Nobita Holmes bestea. Gaur bertan ere ikusi dut Esbastika bat Bidasoan ere ez dutela emango euskaraz Araba osoan, baina bai Gipuzkoa eta Bizkaian; Nafarroan eta Iparraldean, ez dakit. Baina kulturaren beste esparru batzuetan ere gertatzen da halakorik: euskaratu berri den Hamlet antzezlana ere ez dago aurreikusita Arabako leku bakar batean oraingoz. Operara etorriz, Bilboko Operaren Adiskideen Elkarteak urte batzuk daramatza urtero haurrentzako opera bat euskaraz sartzen bere Abaotxiki programaren barruan, eta kasu honetan Bilbon soilik: opera bat euskaraz muntatzeko ahalegin handia hartu eta gero, zergatik ez zaio zirkuitu zabalagoa ematen, hitzarmenak bilatuz beste lurraldeetako erakundeekin, adibidez?

Beste adibide bat, joan den urtean Bergarako talde amateur batek meritu handiz taularatu zuen Olentzero musikala, zenbait herri eta hiritan bakarrik ikusi ahal izan zena, baina, berriro ez, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik, oker ez banago.

Berriki jakin dugu Bizkaiko Aldundiak kultura bonoa eskainiko duela ere, Jaurlaritzak amore eman eta gero, eta, euskarazko kultura produktuei soilik eragingo ez dien arren, bizkaitarrek bakarrik izango dutela aukerarik horrelako laguntza publikoak jasotzeko, eta horrek, ondorioz, produktu horien «salmenta» Bizkaian bakarrik ugalduko du.

Bizkaiko Aldundiarentzako galdera: bonoa eskuratu daiteke txisteak dioen argudioaz baliatuz? Alegia, bilbotarrek nahi duten lekuan jaiotzen direla?

Utzi iruzkina