Azkena, hainbat konturen gainean

Oskar Arana Ibabe

Mendebaldeko euskalkietan erakusleak erabiltzen diren modua estandarrean erabiltzerik ba ote den argitzeko, ez dut ezer aurkitu estandarrari buruzko liburuetan; hauxe baino ez (Euskal Gramatika, Lehen Urratsak,1, 88. or.):

Bestalde, erakusle hauek artikulu modura ere erabil daitezke:

a) Erlatibozko perpausetan, lehen edo bigarren pertsona singularrari
badagozkio:

(236) Hainbeste bidegabekeria egin duzunorrek ez duzu errukirik merezi

b) Erlatiboaren pareko egituretan, erlatiboaren aditza azaltzen ez bada ere:

(237) (a) Nik pekatarionek (nik, pekatari naizen honek)
(b) Zuk zerriorrek

(Hala ere, batipat bizkaieraz, pertsonari ez loturik ere azal daiteke, baina aurretik gradu bereko erakuslean doan neurrian:

(238) Hau etxeau benetan polita da

baina ez *etxeau benetan polita da).

Ikus beste adibide ezagun hau:

(239) Maritxu nora zoaz, eder galantori

Kantu honetan, –ori elementuak ez du ezer seinalatzen. Izen sintagma horrek eskatzen duen artikulua baizik ez da. Alde honetatik esan dezakegu erakusle bakoitza bilaka daitekeela (eta bilakatu dela) artikulu:

(240) Nik bekatarionek aitortzen diot ..

Azken batetan, –a bera ere hirugarren graduko erakusle artikulu bilakatua baizik ez da. Gaur egun, –au eta –ori, lehen eta bigarren pertsonari loturik erabil ditzakegu forma markatu bezala; –a, berriz, edozein kasutan erabil daiteke. Hain zuzen, –au, –ori oraindik ere maiz erabiltzen ditugu erlatibozko perpausen ondoren:

(241) Zeure bizitzan dirua barra-barra erabili duzunorrek, proba ezazu oraĆ­n nolakoa den miseria

Beraz, era horretako erabilerak mendebaldeko euskalkiaren eremukotzat deskribatzen ditu EGLU 1ak. Hala ere, era horretako zenbait egitura baliagarriak izan daitezke estandarrean ere. Aurreko batean, esapide honen inguruan gogoetan jardun nintzen, hiztun adindu baten ahoan entzun eta nire baliabideen errepertoriotik desagerturik edo desagertzekotan zela oharturik: “Ilobak Bilbora joan behar zuen domekan, eta bertantxe egunean joan nintzen neu ere”. Badakit ugariak direla estandarrak hori esateko ematen dizkigun baliabideak, eta, beharbada, debekatu ere ez du debekatzen nik aipatutako hori, baina esapide hori eta antzeko beste batzuk (orduan sasoian, ipuin edo kontakizun bati ekiteko egitura, bururatzen zait) estandarrezko erabileratik kanpo geratzen dira sarri, euskalkiaren eremuan hesiturik. Esango duzue Bertantxe egunean beste era askotara esan litekeela beste formula batzuekin, egun hartantxe, orduantxe, ber egunean, …baina tokia eman beharko litzaioke estandarrean. Badu beste baliabideek ez duten trinkotasun bat, indar bat, intentsitatea bat. Eta berdin orduan sasoian egiturak ere.

Ohar horrekin batera, gogoeta bat ere egin nahi dut nire azken ale honetan; ohiko kezka, gertaera baten inguruan. Beharbada ez nuke aipatu beharko, gure blog hau, berez, ez baita hizkuntzaren normalizazioaz aritzeko. Baina sarri erabili izan dugu bestelako kezkak, beti gure hizkuntzaren ingurukoak, husteko leku gisa, psikoanalistaren etzaleku baten moduan, eta halaxe egingo dut nik ere oraingoan, inor aspertzeko asmorik gabe. Hona hemen gogoeta: Arrasaten izan zen, hirurogei familia bizi diren dorre edo etxe-orratz bateko ugazaben batzarrean. Obra batzuen gainean berri eman behar zuela-eta, ugazaben komunitateko zuzendaritza-batzordeak batzarrerako deia egina zuen. Gai zail samarra zen, teknikoa, eta erdara hutsean egin zen osorik, hasi eta buka. Zuribidea, “erdaraz arinago egingo dugu batzarra”. Ez zen kexurik izan. Etxe horretan, euskaldun asko bizi da, baina inork ez zuen ezertxo ere esan, nik neuk ere ez. Jokabide horren zergatikoa, hortxe aipatua, zuribide labur horretan, “erdaraz arinago egingo dugu batzarra”. Garaion seinale. Efikazia, arintasuna. Ez dagokio, beharbada, gertaera bakar horretatik, gizarte osoan hizkuntzari buruz gertatzen dena azaltzeko estrapolazioa egitea. Baina Arrasate zen, ez Gasteiz, ez IruƱea. Gizartea bada bezeroa eta euskararen arloko profesionalok hornitzaileak edo saltzaileak, eskariaren ahula ikusita, gureak egiten hasia dela esango nuke. Corpusa, estatusa, prestigioa edo ospea, erabilera eta ezagutza omen dira, europar teknikarien esanetan, hizkuntzaren osasuna neurtzeko indizeak. Indize horien guzti-guztien oinarrian, hauxe dagoela esango nuke: norberak bere hizkuntzari edo hizkuntzei buruz duen jokabidea, norberaren baloreen eskalan zer maila dagokion, zer balio ematen dion, zer garrantzi duen norberarentzat norberaren hizkuntzak edo hizkuntzek mundualdi hau egiteko, eta zer balio aitortzen diogun gure hizkuntzari edo hizkuntzei gure ondorengoei utziko diogun munduan. Hori argituta, gero dator bigarrena: zer balio edo zer garrantzi aitortzen dioten botere publikoek, gureek zein gure gaien eta auzien gaineko agintea bereganatua dutenek, hizkuntzari, berezkoari (hala deitzen dio Gernikako estatutuak euskarari; Euskal Herri osoan ez du oraindik estatusik aitorturik), gure Euskal Herri honetan aditzen direnetan ahulenari. Baina lehen eta bigarren maila horietan, lehenengo maila igo behar da hasteko, lehena da oinarria. Bigarrena gero dator. Joan Fuster valentziarrak erantzun zion kazetari bati, Valentziar herriaren katalan izateko valentziar moldeari buruz galdetu ziolarik, ea zer nahiko lukeen Valentziar herriarentzat, autonomia, federalismoa, burujabetasuna edo zer; erantzun zion berak nahiko lukeela Valentziar herriak kontzientzia izatea bere valentziartasunaz, bere katalantasunaz, kontzientzia zela lehengo, berak hori nahiko lukeela, eta kontzientzia hori bermatuz gero, zernahi joko zukeela ontzat; kontzientzia hori zela, ez beste ezer, herri izateko bidean egin beharreko lehen urratsa…

Eskerrik asko denoi, antolatzaile, irakurle, idazlekide nahiz editatzaile, blog honetan parte hartzen uzteagatik. Gauza handia izan da. Ikasteko eta disfrutatzeko modua. Pozbidea izan da niretzat horrenbeste lagunen ondoan iritzia eman ahal izatea, eta hain jende ikasiaren ondoan idaztea, betiere gehiago ikasteko eta hizkuntza maitagarri honen zokomokoetan barrena argi eginez jolasteko eta atsegin hartzeko. Gustura irakurriko ditut zuenak aurrerantzean, eta, beharbada, aurrerago, neure burua jantziago nahiko nukeelarik, joko dut atea, tartetxo bat egin diezadazuen.

Laster arte.

1831, testamentu bat euskaraz

miel a. elustondo

ā€œGure ibilaldi folklorikoetako batean euskarazko testamentu hau aurkitu dugu Saran. Bitxitzat ematen dugu hemen –gauza arraro bat, menturaz–, ez dugulako gure hizkuntzan izkiriatuko testamenturik ezagutzen. Dokumentu honek ez du balio handirik testuaz denaz bezainbatean, egiazki; ukan lezake balioa, dena den, izkiriatu zuten aroa aintzat hartuz gero. Kasu bakarra da? Ba ote gisakorik? Baiezkoan, merezi luke argitaratzea.

Hona, beraz, erran delako dokumentua. Sarako Lehetchipia etxetik dator; Rosalie Dornaletchek sinatua da, egun etxearen nagusi diren Ariztia anderea eta Adrienne Diharasarry andereƱoaren aitzindarietarik izan baitzen Rosalie Dornaletche.

Sare mayaxaren 25, 1831. Ditudan guciez eguiten dut iloba Caroline ondoco ditudan ontasun linya muble guciez solamente emanen dio ene aispa Virginiri ontasunaren erdiaren goƧamena, Virgini biƧi deino eta hura hil ondoan gucia carolinaenƧat… ene ascen disposioneac dire hauc. Rosalie Dornaletche ne varietur. E. Barbet, J. ff. de P. (Juge faisant fonction de PrĆ©sident).

Eta hona hemen itzulpen ofiziala:ā€¦ā€

Itzulpen ofizial horixe, frantsesez egina, gorde dizugu…

Itzulpen automatikoaren azala eta erraiak: deep learning-a

Karlos del Olmo

Gero eta jende gehiagok jotzen du aspaldi honetan itzulpen automatikora, batez ere sarean doan (?: espazio birtualean denak badu kostu bat, erabiltzaileak nahitaez pagatu beharrekoa, konturatzen ez bada ere) topa daitezkeen tresnen bitartez. Itzultzaile profesionalek badakigu emaitzak ez direla oso erabilgarriak izaten (oraindik) eta edizio lan handi eta neketsua behar izaten dutela (hasieratik itzultzea baino neke handiagoa gehienetan). Eta zergatik diogu ā€œoraindinokarrenā€? Abiadura esponentzialean doalako garapena.

Horrelako robot batzuen erraietan datzan teknologiaren oinarria zelakoa den jakiteak lagundu diezaguke itzulpen ekintzan datzan adimen mekanismoa hobeto aditzen. Dirudienez, gainera, 2014. urtea itzultzaile automatikorik bikainena lortzeko lasterketa jomugaren batera ailegatuko omen da, eta itzultzaileak, apurka, zuzentzaile edo estilo jorratzaile bihurtuz joango gara: erne!, interpreteen lana ere heldu daiteke urte batzuen bueltan murriztera, azken xedea pertsonen ahozko berbaldia aldi berean beste hizkuntza batzuetara ahoz ere ematea, ahoak bota ahala —eta 80 bat hizkuntza dute, egun, laneko berbetatzat, hortaz…—.

Estatistika eta ekonomia dira, besteak beste, horrelako makinen bihotza eta odola. Adimen artifizial ere esan diezaiokegu. Eta zergatik esan dugu hizkuntzari eta itzultzeko ekintzari bestela begiratzera behartzen gaituztela? Hiztegiak eta gramatikak, haragizkoen tresna nagusiak, ez darabiltzatelako itzultzaile elektronikoek.

Internet arakatzeko bilatzailerik ezagunenetako batek linean eskaintzen duen itzultzaile automatikoak, egunean, mila milioi itzulpen ekintza automatiko gauzatzen ditu (ahaztu gabe haragizko itzultzaileek itzulpen memorietarako eskaintzen diguten lineako tresna erabiltzean ematen diegun bazka): milioi bat liburu adina, EGUNEKO!

Gaur arte, oraindik ez dute lortu ordenagailuak hizkuntza natural bat bera ere ikasterik, zer esanik ez, askozaz ere gutxiago 80, ahalegin titanikoa behar luke.

Oinarria linguistikoa barik estatistikoa bada, zelan dihardu?: ā€œdena delako hizkuntzako kate / hitz hau honela itzultzen da beste xede hizkuntza horretara beste berba edo segida horretatik hurbil egonez geroā€. Gure burmuinak ere antzera dihardu? Ezetz? Zer egiten du itzultzaile on baten barruko ordenagailuak (sen deritzonak )? Estatistika erabili, helburuaren, testuinguruaren eta lortu nahi duen efektu estetikoaren arabera aukeratzeko.

Baina Interneteko zerbitzu-emaile horiek datu-base ikaragarri handiak eta haiek prozesatzeko makinak behar dituzte, hain suertez, erabiltzaileei esker egunik egun lortzen dituzten gauzak (doako corpusak eta publizitate bidezko dirutzez erositako makinak eta ordainduriko adituak).

Kalitatea hobetzeko bide bakarra, gero eta feedback handiagoa lortzea, baina pertsonei tresnak doan eskainita, erraz lortu ohi dute.

Nondik datoz, dena dela, akats horietako batzuk? Hizkuntza batetik bestera zuzen eta artez itzuli beharrean, ingelesa zubi hizkuntzatzat erabilita. Horren zioa ez da, dena dela, anglosaxoien egozentrismoa edo inperialismoa (hori ere bai?) ekonomia baino: zenbait industriatan edo aireportutan bezala, errazago gertatzen da salgai banaketa edo hegaldiak izar baten antzera antolatzea erdigune baten inguruan eta erdialde hartatik gero beste edonora bidaltzea. Hizkuntzekin, antzera dihardute, hau da spoke-hub edo hub and spoke bat darabilte: edozein berbetatik ingelesera itzuli eta, ostean, ingelesetik beste edozein mintzotara. Gainera, estatistikoki, beti izango zaie errazago horrelako tresnei ingelesaren eta beste edozein hizkuntzaren arteko testu itzuliak topatzea beste ezein hizkuntz bikoteren artean baino. Funtzionamendu ekonomiko horren zorra: akats tasa handiagoa gertatzea hizkuntz bikoteka jardunik baino. Esaterako: ingelesa zubi hizkuntza baliatuz, vous ĆŖtes formak ia beti izango du ordain bakarra, ingelesean tasun batzuk galdutakoan: ā€œ(zu) zaraā€

Eta zer da guztiaren oinarrian datzan dena delako deep learning hori? Algoritmo multzo bat, pertsonen garuna imitatzeko formula logiko eta matematikoen bilduma bat (besteak beste, egun zenbait telefono mugikorren ahozko morroiek darabilten sistema). Ikaskuntza sakon horri neurona sare sakon ere deritzote, bestela esanda, burmuinak hitzak edo aurpegiak ezagutzen saiatzen denetako ekina simulatzen du. Neuronen antzera, geruzak eta geruzak antolatzen dituzte makinan. Duela gutxi arte, geruza kopuru txikia erabiltzen zuten ingeniariek; egun, aldiz, gero eta gehiago (azken buruan, erabiltzaileen agindu zenbait ulertzeraino heldu dira mugikorrak).

Guztiarekin ere, neurona mota guztiak ez dituzte antzeratzen, ahotsa, ikusmena eta testuak besterik ez dutelako ulertu gura; azken helburua erabiltzaileei esker publizitatearen bitartezko irabaziak emendatzea da merkataritzako xedea, ez pertsonek eta kulturek elkar ulertzea.

Hizketak ezagutzeko orduan, beste programatzaile batzuk semantikaren alorrera hurbildu dira; gauza jakina baita sintaxi aldetik perpaus bat ondo eratuta egon arren, semantika aldetik esangurarik ez izatea gerta daitekeela. Hala, informatikari eta ingeniariekin batera, softwareari hitzen esangura irakasten ahalegin ari dira, ā€œgarun semantikoā€ halako bat sortzeko, makinak erabiltzailearen esana eta idatzia uler ditzan, ikaskuntza automatiko halako bat abiarazten duelako ikaskuntza sakoneko sistema horrek.

Dena dela, neurona sareak alorretako bat besterik ez da, bestelako ikasbide batzuk ere dituztelako makinek: erabaki zuhaitzak, elkarketa arauak, kasuen araberako arrazoitzea, azalpenean oinarrituriko ikaskuntza… Halere, ikaskuntza sakona da teknologi enpresa erraldoien kuttunena, bakarra ez bada ere, galdera-erantzunen metodoa darabilelako beste enpresa handi batek gaixotasunak makina bidez diagnostikatzeko, neurona geruzen teknika erabiltzeke.

Gaurko sistema horietako batzuek makinaren neuronak entrenatu dituzte 20 orduan 500 milioi hitz ikasi eta itzulpen automatikoan erabiltzeko. Semantikan oinarriturikoek oso emaitza onak lortu dituzte makinak dakien hiztegiari tasun semantikoak maila sakonean txertatuta, besteak beste, ingelesa eta alemanaren artean nahiz frantsesaren eta ingelesaren artean.

Azkenean, makinek halako maila bat lortzen dutenean (eta ez du horrek oso luze joko), itzulpengintza eta interpretazioa izango dira, ezinbestean, teknologia berrien albo kalteetako batzuk —egun, teknologia horien onuradunak diren arren—: makinak itzulitakoa pertsonaren batek zuzenduko du, baina zuzenketa berori erabiliko du makinak berriro akats hori ez errepikatzen ikasteko; hortaz, gero eta haragizko zuzentzaile gutxiago beharko. Ba ote irudikatzerik Nazio Batuen Erakundea edo Europako Legebiltzarra interpretazio kabinarik gabe edo itzultzaile gehienak (guztiak?) makinen laguntzaile bihurtuta?

Gehiago jakin gura? http://research.microsoft.com/apps/pubs/?id=209355

Marta Merajver-en hitz batzuk

Fernando Rey Escalera

Marta Merajver esperientzia handiko itzultzailea da, idazlea ere bai. Argentinan bizi da, eta, berriki, El Ulises de James Joyce: una lectura posible argitaratu du. Txikitatik eginkizun zirraragarria iruditzen zitzaion itzulpen-lana.

Elkarrizketa bat irakurri nion orain dela hilabete batzuk, eta interesgarriak iruditu zitzaizkidan Martak esandako gauza batzuk. Erantzun honetan, zeresan asko ematen duten bi gai aipatu ditu: bata, itzulpen-lana zenbateraino den edo izan behar duen liburuaren bertsio bat; bestea, zer egin behar duen itzultzaileak jatorrizko liburua gaizki idatzia dagoenean.

Batean zein bestean, itzultzaile-lanaren irudi bat proposatzen digu: itzultzaileak zubi ikusezin bat izan behar du, oharkabean pasatu, eta egileari hitz egiten utzi.

Dena dela, hemen utziko dizuet elkarrizketa horretan irakurritakoa, neronek itzulia gaztelaniatik, eta balio diezazuela gogoetarako, niri balio izan zidan bezala. Iritziak, gero, libre. Eta eztabaida, jeneralean, aberasgarria.

Batzuek uste dute itzulpena ia-ia liburuaren beste bertsio bat dela, beste idazle baten lana. Zuri zer iruditzen zaizu?

-Uste dut ez lukeela hala izan behar. Itzultzaileak gordean egon behar du, oharkabean pasatu, eta egileari bere ahotsez hitz egiten utzi. Kontua da hizkuntzen arteko desberdintasunek, bai kulturalek bai egiturazkoek, zenbait distortsio egitera behartzen gaituztela, ezin baititugu helburu-hizkuntzaren mugak hautsi, baina ahalik gehiena egin behar dugu egileari traiziorik ez egiteko. Egileak zerbaitengatik erabaki zuen hitz bat eta ez beste bat, eraikuntza gramatikal bat eta ez beste bat, esamolde edo hitz-segida jakin bat. Nire iritziz, itzultzaileak zubi ikusezin bat sortu behar du egilearen eta irakurlearen artean, eta, egia esan, hori ez da lan makala. Cien aƱos de soledad liburuaren ingelesezko bertsioa harribitxi bat da, eta ohartu ere ez zara egiten itzulpena dela. Bestetik, maiz ikusten duzu obra bat oso gaizki egina dagoela; halakoetan, ā€œhobetuā€ behar duzu liburua? Nik uste dut ezetz. Hori bai, jakin behar duzu jaso zenuen bezala uzten baduzu irakurleek zuri aurpegiratuko dizkizutela egilearen akatsak.

Metafora hilak

Maialen Berasategi CatalƔn

1967-1968ko ikasturtean, Borgesek poesiari buruzko zenbait hitzaldi[1] eman zituen Harvardeko Unibertsitatean. Besteak beste, metaforei buruz aritu zen, eta eman zituen adibide batzuk txit ederrak eta jakingarriak:

Gogora ekartzen saiatuko naizen metafora ugarietan lehena Ekialde Urrunetik dator, Txinatik. Oker ez banago, txinatarrek hamar mila gauzak deitzen diote munduari, edo –itzultzailearen gustuaren eta apetaren arabera– hamar mila izakiak.

Hizkuntza oro dago metaforaz betea. Baina, Borgesek hitzaldi hartan esan zuenez, batzuk bizirik daude, irudizko zentzuari argi eta garbi eutsita; beste batzuk, aldiz, hilik, irudizko zentzua galtzeraino ihartuta.

Ez dakit txinatarrek hamar mila gauza –edo izaki– irudikatzen ote dituzten munduaz mintzatzen direnean, baina susmoa dut hiztunok askotan ez garela askorik ohartzen zeinen metaforikoak diren barra-barra erabiltzen ditugun hitz batzuk. Niri neuri, beti gustatu izan zaizkit zurtu eta harritu, pare bat adibide aipatzearren. Ezustekorik ezustekoena izanda ere, inor ez da harrizko bihurtzen, Medusaren begirada hilgarriak jota, baina, hala ere, eder-ederra da metafora.

Eta, oharkabean joaten direnekin segituz, zer esan zabalkuntza semantikoaz. Iragan uztailean bertan jakin nuen, Berria-ren estilo-liburuaren txio bat irakurrita, nondik zetorren izerdi-patsetan egote hori. Orduan bai gelditu nintzela zur eta lur! Ez bakarrik pats horren jatorriaren berririk ez nuelako, baizik sekula ez niolako neure buruari galdetu ere egin zer esan nahi ote zuen hitz horrek benetan.

Hartzen dugu adiera jakin bat duen hitz bat, hasten gara erabiltzen beste zerbait ere izendatzeko, eta, ohartzerako, ahaztua dugu zer esan nahi zuen hasieran. Edo hartzen dugu zenbait esanahi zituen hitz bat, hasten gara adieretako batean bakarrik erabiltzen, eta ahazten zaizkigu beste esanahi guztiak. Hizkuntz prozesu natural askoak biak.

Eta ez dakit nola izango den beste hizkuntzetan, baina, euskaraz, euskaraz eta gaur, irudipena dut –nahiko seguru nago– bizimodu moderno kaletar honetan hazitako belaunaldioi etengabe gertatzen zaigula hori; bereziki –patsaren ildoan–, beste garai eta bizimodu ez hain urrunekoetako hitzen zabalkuntza semantikoekin. Burura datozkit, esate baterako, alor, jorratu, ardatz, ataka eta uztartu. Burura datozkit, halaber, eguzkiarenak ez diren printzak –egurrarenak, adibidez– eta izpiak –ile-izpiak…–. Orain dela ez hainbeste, batzuk hasi ziren telefono mugikorrari segapoto esaten ere –ez dakit azkenean bidea egin ote duen erabilera horrek, baina badakit askok orduan ikasi genuela zer zen segapoto bat–. Eta egongo dira beste hamaika adibide, sarri oharkabean joaten zaizkigunak.

Adi samar egon behar –edo memoria zorroztu behar–, metafora hilen poesia ezkutuari antzeman ahal izateko.

[1] Entzun nahi dituenak hementxe du aukera: http://www.openculture.com/2012/05/jorge_luis_borges_1967-8_norton_lectures_on_poetry_and_everything_else_literary.html

Sotanak eta bestelako gonak

Bego Montorio Uribarren

Lanbide zaharra da itzulpengintza; zaharrenetako bat seguruen, ahozko jardunari erreparatzen badiogu. Gaur egungo aldibereko itzulpenaren edo interpretazioaren hastapenak 1945-46an kokatzen dituzte liburuek, Nurenbergeko prozesuan hain zuzen, baina auskalo zenbat gizon eta emakume arituko zen, hori baino lehen, ahozko mezuak hizkuntza batetik bestera pasatzen, trujaman zereginetan. Baita euskaraz ere; dokumentaturik dago, esaterako, Pierre de Lancrek sustatu sorginkeria–epaiketetan –XVII. mende hasieran– euskara-frantseseko interpreteak egon zirela, alabaina, lepoa egingo nuke haiek ez zirela izan lehendabizikoak.

Noizbait, beharbada, jakingo dugu nortzuek egiten zuten hizkuntza-bitartekotza urruneko herrietatik etorritako merkatariekin (sosaren hizkera toki guztietan bat bera izan arren, hiztun eleanitzen beharra izango zutelakoan nago). Edota nola ikusten zituen jendeak gure aitzindariak: traidore?, laguntzaile? Ba ote zen, lehenagoko garaietan, bizimodua jardun horretatik ateratzen zuenik?

Galderak ez dira falta, idazteke eta idazteko dugun historia luze horretarako; ez naiz, ordea, hain atzera joango, iragan hurbilean geratuko naiz.

Nor da Nor datu-baseak[1] EIZIEko ohorezko bazkideen bio-bibliografiak jarri berri ditu sarean, eta horiei begira ibili naiz egunotan, XX. mende hasierako euskal itzultzaile aipagarrienak nor ziren-edo jakin guran. Eta begiratzen hastearekin batera, datu batek egin dit kosk: EIZIEk izendatu dituen 51 ohorezko bazkideetatik bi baino ez dira emakumezkoak, Maria Dolores Agirre eta Maritxu Urreta, biak antzerki itzulpenetan aritutakoak. (Esker bereziak zuei, Maritxu eta Maria Dolores).

Datu berriagoek gizon-emakumeen proportzio guztiz bestelakoa agertzen dute: 2006an SIADECOk egin zuen ikerketan, galdetegiari erantzun zioten 220 itzultzaileetatik %50,5 emakumezkoak ziren; EIZIEko bazkideen artean (ohorezkoak salbu), %56 gara emakumeak, eta EHUko itzulpengintza ikasleen gehiengo erabatekoa neskak dira.

Oso irudi desberdina, beraz, azken estatistikek eta ohorezko bazkideen zerrendak erakusten digutena: batean, erdia baino gehiago emakumeak, bestean berriz, bi emakume eta 49 gizonezko; horietatik 26, apaiz edo fraide. Bitxia koadroa: 26 sotana, 23 praka eta bi gona.

Egia da mendebaldeko emakumeon egoera ikaragarri aldatu dela azken hamarkadetan. Egia da, halaber, Biblia dela Europa-Ameriketan gehien itzuli den liburua (batzuek diote mundu osoko itzuliena dela), eta ukaezina da horrek itzulpengintzan oro har izan duen eragina; gurean, Elizen Arteko Biblia eta liturgia euskaratzeko egin duten lan handia errekonozitzeko izendatu zituen ohorezko zenbait bazkide EIZIEk 2002an. Eta gogoan hartzekoa da eliz gizonek XX. mendeko (lehen erdian gehienbat) euskal kulturan izan duten garrantzia. Nolanahi ere, zeharo harritzen nau itzulpengintzaren estanpa horrek, non sotanak diren nagusi.

Esango nuke begiratzeko moduek ere badutela zerikusirik. Eta hori diodanean ez naiz ari jasotako informazio horren irakurketaz (nik neuk generoaren elementua baino ez dut kontuan hartu, nahiz beste irakurketa ugari egin ahal eta behar diren, denak baititugu beharrezko: zer testu mota itzuli zituzten, norentzat, noren eraginez…). Errealitateari begiratzeko moduaz ari naiz. Kontziente izan ala ez, nork bere heziketa, kultura, interes eta abarren arabera bideratzen dugu begiratua, eta hala, aurrean mundu bera izan arren, ez dugu denok gauza bera ikusten: batentzat figura nagusi agertzen den hori, fokoz kanpo gera daiteke beste batentzat; batek orban lausoa baino ikusten ez duen tokian, zehaztasun handiko irudia antzeman dezake ondokoak.

Argiago esanda: ondo legoke euskal itzulpengintzaren garai horri berari beste begi batzuekin ere begiratzea; seguru nago oraingo argazkian azaltzen ez diren asko agertuko litzaizkigukeela.

A! Eta soinu apur bat jarri nahi badiozue testuari, hemen duzue Imanol, Koldo Izagirreren testua kantatzen: …Nire euskaltasuna liburu bat da, eta ez du sotanarik…

[1] Asteartean, irailak 16, aurkeztuko da webgunea jendaurrean, Donostiako KM Kulturunean.

Ikusi eta ikasi

Igone Zabala Unzalu

Uste dut edozein euskaldunek esan lezakeela ikustea eta ikastea oso gauza diferenteak direla, nahiz eta ikusteak ikasten laguntzen digula ere esan lezakeen batek baino gehiagok. Esanahi konposizionalari begiratuko bagenio, erakutsi ā€˜ikusarazi’ eta irakatsi ā€˜ikasarazi’ ere jarduera mota desberdintzat joko genituzke. Nolanahi ere, maiz entzun edota irakur ditzakegu honelako esaldiak:

Ez naiz hona etorri inori erakustera euskara maitatzen.
Amak erakusten die janaria bilatzen.
Euskara erakusten du.

Euskaltzaindiaren Hiztegira jotzen badugu, hiru adiera aurkituko ditugu erakutsi sarreran.

1 Ikusarazi, begien aurrean ipini; ikusten utzi: …Gorputz zuria biluzik erakutsi zionean. Idatzi nion gutuna bere emazteari erakutsi ziola…
2 (Gauza abstraktuez mintzatuz) Guregana erakutsi duzuen leialtasunagatik.
3 Zerbait egiteko jakituria edo trebetasuna eman. Ez dakienari erakutsi.

Hizpide dugun hirugarren adiera hori jasota dago baita Orotariko Euskal Hiztegian, eta ohar hau darama: Ā«Menos usado en esta acepción, aunque encontramos testimonios de todas las Ć©pocas y dialectos.Ā». Hortaz, euskararen hizkera desberdinetan ondo sustraitutzat har daitekeela dirudi erakutsi aditzaren adiera ez konposizional hori. Nolanahi ere, erregistro berekotzat hartuko genituzke gaur egun irakatsi eta erakutsi testuinguru berean erabilita? Duela gutxi sortutako adiera balitz, ez ote genuke hartuko erakutsi aditzaren adiera hori estilo zaindutik baztertzekotzat edota ā€œkalko okertzatā€?

Kontu honek gogorarazten dit unibertsitatean euskaraz ikasten hasi nintzenean Gaur ez dago eskolarik edota Lau eskola-ordu ditut entzuten nuen bakoitzean berehala burura etortzen zitzaidan txikitako esperientzia bat. Izan ere, nire txikitako ingurune erdaldunean ohikoa zen zenbait umek ā€œHoy no hay escuelaā€ eta antzekoak esatea. Eta ohikoa zen baita baten batek berehala erantzutea ā€œEscuela si pero clase noā€ leloarekin. Zalantzarik ez dago gaztelaniaz eskola gutxiko hiztunen hizkerakotzat hartuko genituzkeela halako esaldiak. Euskaraz, ordea, bestelako ibilbidea izan du eskola izenak. Aitzakia modura erabili nahi izan dut gogoeta txiki hau agerian uzten saiatzeko ā€œhizkuntzaren zaintzaileekā€ adiera edo erabilera bat estigmatizatzeak (edo ontzat emateak) erabateko eragina duela hiztunok hizkuntza-baliabide jakin bat zuzentzat edota estilo zaindukotzat edukitzeko.

Gatzik gabeko ogia bezala

IƱaki Segurola

Honako jardun honek ez dio ezertan lagunduko itzulpenetan eta itzulminetan ari denari.

Aditu nahi lukeenari adierazi nahi litzaioke nolaz sentitzen garen batzuk euskarazko bihotz-belarrien alderditik.

Orobat erakutsi nahi nuke ez naizela ari iritzi pertsonalen zorrotik, baizik-eta sentiera inpertsonal baten zakutik.

Nere sasi-kalkuluen arabera, milakatxo batzuk gara sentiera bihotz-belarrizko honetan partaide garenok.

Pentsaera hiritar eta parahiritarretik, kulturmundu belarri-moztaka eta bihotz-estutik, ā€œanti-intelektualismoā€ izenez gaitzesten da gure zakuko sentiera hau.

Pentsamendu (para)hiritar buru-begizkoak ezin adi lezake sentiera inpertsonal batean ezin egon litekeela inolako ismorik, ez gaitzestekorik eta ez onestekorik.

Ni kulturmunduarekin gero-eta etenago eta sorrago nago, baina halere kulturgauzek kutsatuegia nago.

Hargatik dakart beste ahots bat hona, nerea baino xinpleagoa eta, beraz, argiagoa eta gehiago balio duena: bihotz-belarrietatik ni baino garbiroago mintzo dena.

Pasaiako deserritik ari zaigu Iosu Salegi Uztarria deritzan Azpeitiko aldizkariaren uztaileko alean, eta Pasaia dioenak ia edozein euskal herri edo hiri dio.

(Oraindik ere honi Euskal Herri deitzen diote askotxok, baina gure zakuko jendea zinki eta minki ohartzen da hobeko genukeela Euskal Deserri deitzea, salbuespenak salbuespentxo.)

Jar gaitezen Iosu Salegiren esanak entzuten:

Pasayen lanien jardutie tokau zat azken denboran, eta hamen jendiek euskeraz dakibenak batuan eitebe geyenak; beste batzuk juxtu hitzeitebe, ta beste batzuk batez. (…)

Nahi detena adierazi da ze ear dan bixitasun hori, freskurie, hitz gutxikin entenditzeko moue (…). Naon lekuen gustoa bizi naiz, baƱo nere barrenien beti dao herriko txispa hori erten nayen bezela; ta ertetzeu askotan, baƱo iruitze zat hor beste era batea entenditze geala. Ta konturatze naiz nere euskerie, etxien ta herriyen ikixi nun hori dala benetakue ta biziye. Ta periodikotan, liburutan ta denboriekin ikixten jun nitzen hori, berriz, beste euskera desberdin bat dala, eta hor murgildute ta galdute sentitzeala nere barreneko parte bat.Ā 

Euskera batua inportantie dala ta hori dana badakit, baƱo intelektualtzen ai geala iruitze zat sarritan, batipat komunikabidetan ta, euskerie nortasunik peko gauze bat bezela ibiltze deula, naturaltasune ta benetako inderra galduiez. Hori kalien imitatzen hasten bagea, orduntxe aspertuko gea danok, ta gatzik peko ogiye bezela geauko gea azkenien. (Letra lodituak neuk lodituak dira.)

Honako jardun honek ez dio ezertan lagunduko itzulpenetan eta itzulminetan ari denari, baina ehunkatxo batzuei poz pixkat emango dielakoan nago.

Goxokiaren bilgarria

Koro Garmendia

Testuen edukia era batera edo bestera lantzen dugunok emaitza hori jendarteratzeko orduan maiz kide izaten ditugunez nahi nituzke hitz bi egin. Liburu-azoka batean nenbilela konturatu nintzen zenbateko garrantzia duen, idazle zein itzultzaileon eginahalaren fruituak hartzaileei helarazteko orduan, mami hori aurkezteko edo ikusarazteko moduak. Erosleen profila bat eta bakarra ez da, baina asko dira liburuaren itxurari edukiari bezainbesteko garrantzia ematen diotenak. Izango da, dudarik gabe, itxura bera lehenesten duenik ere.

Letraren tamaina, letra mota, maketazioa, irudiak, azala… Alderdi horiek guztiek bat egiten dute hitzei euskarria ematen diegun azken pauso horretan. Sukaldarien plater goxoak, ahoratu baino lehen, usaimenaren eta begien bidez Ā«sartzenĀ» diren bezala, idazten dugun oro ere itxura zehatz bat duela heltzen da irakurlearengana, eta, edukian murgildu aurretik, aurkezpen horretan oinarrituz hasten da lehen iritzi edo ikuspegia osatzen.

Erraza da proba egitea. Joan liburu-denda batera, eta ikusi jendeak aleak nola aztertzen dituen eta zer iruzkin egiten dituen. Aukeraketak egiteko orduan, izenburua eta gaia funtsezkoak dira, noski, baina xehetasunen indarra handia da oso: koloreak, marrazki eta irudiak, grafia… Teknologia berrien kasuan, webguneei dagokienez, beste horrenbeste. Irakurgaiak eta jakingaiak eskaintzen dizkigun blog hauxe bera, kasurako.

Eskerrik asko, beraz, goxokiari forma eta bilgarri egokia jartzeko lanak hartzen dituzuen guztioi.

Bakarrik

Esti Lizaso

Gaztelaniak aspaldi finkatu zituen bere idazketa-arauak. Gaztelaniaz alfabetatua izan den orok argi izan du beti zer zegoen ongi eta zer ez; eta, inoiz zalantzarik izanez gero, bazekien nora jo erantzun bila. Ziurtasun horrek, batetik, segurtasuna eta babesa eskaini izan ditu hizkuntza idatzia erabiltzean eta, bestetik, bateratu egin ditu joerak, uniformetasuna erraztu du.

Euskaltzaindiaren gaztetasuna kontu, denbora gutxian arauak sortu, berritu, aldatu eta gehitu egin behar izan ditugu euskaran. Alfabetatze-prozesuan etengabe aritu gara, eta ari gara oraindik, arauak ikasten, desikasten eta berrikasten. Horrek, esan beharrik ez da, ezinegona eta segurtasun falta pizten ditu gugan.

Hala ere, beldur, zalantza eta ziurtasun gabeziok eramangarriagoak egin zaizkigu, inguruko hizkuntzei erreparatuta jakin baitugu azkenean gu ere hizkuntza biziek eskain dezaketena besteko egonkortasunera iritsiko garela.

Baina, batzuentzat segurtasuna izan zitekeena besteentzat zurruntasuna izango zelakoan edo, 2010eko ortografiaren eguneratzeaz geroztik, gaztelania ere zanbuluka hasi zaigu. Izan ere, guk ezagutzen genituen ā€œarauezā€ gain, orain ā€œgomendioakā€ gehitu dizkigute RAEkoek.

ā€œSoloā€ hitza izan da adibide sonatuenetako bat. Ortografia berriak gomendatzen duenez, aurrerantzean ā€œsoloā€ hitzari ez zaio inoiz azentu-marka diakritikorik jarri behar. Aldaketaren zergatia ere azaldu dute, baina ez dira ausartu arautzat ematera, eta ā€œgomendioā€ bezala utzi dute.

Tolerantziaren eta aniztasunaren garaian bizi garelako izango da agian, edo zuriak eta beltzak modaz pasa direlako gris-aukera zabalaren mesedetan, edo lehen jende gutxiegik eta orain gehiegik iritzia ematen dutelako, edo batek daki zergatik. Kontuak kontu, badirudi erakunde araugileak arauak zehazteko beldur direla, orain nahiago dutela ā€œhobespenakā€ eta ā€œgomendioakā€ bakarrik eman.

ā€œSoloā€ azenturik gabe idazteko gomendatu zutenetik lau urte luze pasa dira eta emaitzak ikusi besterik ez dago: bakoitzak sudurraren puntan jartzen zaiona egin dezake, eta dena dago ondo. Eskola-liburuetan eta joera normatiboeneko idazle, zuzentzaile eta argitaletxeen artean guztiz desagertu da azentua. Baina beste askok nahiago izan dute bereizketa egiten jarraitu, eta ortografia berria indarrean sartu ondoren argitaratutako liburuetan nahiz bestelako euskarrietan ā€œsóloā€ barra-barra agertu da oraindik.

Gomendioen arazo nagusia hori da: zaildu egiten duela guztiok bide beretik egin ahal izatea. Orain alfabetatzen ari direnei zer erakusten diete eskolan gomendioetara iristean? Estilo-liburu bana sortu behar al dugu eskola, argitaletxe, enpresa edo marka bereko langileen artean denek irizpide bera jarraituko dutela ziurtatzeko? Eta zer itxura emango du horrek edukia talde horretatik kanpokoa den eta irizpideon berri ez duen norbaitek irakurtzen duenean? Eta zer pentsatuko du idazketarekin harreman esturik ez duen jendeak azentu, marratxo, puntuazio eta abarren sikulu-saltsa hori ikusten duenean?

Zein da arauen ordez gomendio hutsak ematearen abantaila?

Auzi honen inguruan, itzultzaile edo zuzentzaileak ez du gomendio eta irizpide desberdinen artean dantzan ibili beste erremediorik. Gainean bezero edo nagusiren bat badu, hari men eginez. Eta bestela:

Sólo con su conciencia.

Solo con su conciencia.

Bere kontzientziarekin bakarrik.