‘Herriko maisua, eta euskalduna’

Gorka Lekaroz Mazizior

Oinarrizko hezkuntza gutxi batzuen bereizgarri izateari utzi eta askorengana hurbiltzen hasteko urrats garrantzitsuak egin ziren gurean XVIII. mendearen erditik aurrera; Nafarroako hainbat ibarretan, urrutira gabe, 1800 inguruan agertu ziren lehendabiziko maisu laikoak. Ordura arte herri gutxi izan ziren eskoladunak; 1780-81etako Gorteek ezarri zituzten Nafarroan handik hara gorpuztu zen irakaskuntza-egituraren oinarriak.

Zoritxarrez, hezkuntza zabaltzeko asmo hark ez zuen euskara eskolaratu, ez hurrik eman ere. Ikasketa-araudietan euskarak ez zuen ez aipamenik ez arretarik merezi izan, non eta ez bazen hura erauzten ahalegintzeko, herritarren artean jakintza eta kultura hedatzekotan herritar haien hizkuntza bera trabagarri balitz bezala. Ordura arte aspaldiko euskal mintzoari eutsi zion Nafarroako eremu aski zabalean batera etorri ziren haurrak eskolan hastea eta euskararen jarraipena zartatzea: Gorraitz eta Badostain, esaterako, Iruñe ondoko herri txikiak ziren XIX. mendearen hasieran. Gorraizko abadeak 1820an adierazi zuenez, hamabost urte lehenago maisua ekartzearekin batera hasi ziren Badostainen gaztelaniaz hitz egiten.

Jimeno Jurio ikertzaile artaxoarrak jaso zuen agiri zaharretan Badostaingo adibidea, eta baita urte haietako eskolaratze-prozesuak leku frankotan eragindako hizkuntza-aldaketaren froga gehiago ere. Lizarra ondoko Deierrin, XVIII. mendearen hondarrean, eskola-umeei oinarriak irakasten hasi aurretik ‘hartzen duten lehendabiziko neurria [maisuek] euskara debekatzea da’, azaldu zuen funtzionario erdalzale batek. Neurriak hartzen zituzten haurrek euskarara jotzen bazuten, ‘adinaren arabera zigortuz’. Hurrengo mendearen amaierarako Deierriko euskararenak egin zuen.

Euskara alferreko eta are oztopo sentitu zuen hezkuntza-behar hura ez zuten, ordea, agintari arrotzek bakarrik sustatu. Herri euskaldun-euskaldun zenbaitetan ere, ezaguna da nolako irrikaz lotu zitzaizkion bertakoak haurren gaztelaniazko eskolaratzea bultzatzeari. Etxarri-Aranatzen, 1806an, bilera-deia egin zuten alkateak eta gainerako herri-agintariek; kezkatuta zeuden, mutikoek ez omen ziotelako probetxurik ateratzen maisuaren ahaleginari: gaztelaniaz jakin ez eta ez zioten ulertzen. Neurriak hartu zituzten bada, 5 eta 12 urte bitarteko gaztetxo guztiak eskolara derrigortzeko; esate baterako, herritar batek falta zirenen izenak idatzi eta alkateari jakinaraztea. Gaztelania hutsezko hezkuntza hura baitezpadako sentitu eta erabakia hartu zuten etxarriar gehienak ez ziren bilera-agirian sinatzeko gauza izan. Agian horrexegatik irudituko zitzaien egin beharrekoa egiten ari zirela.

Pentsa liteke, beraz, Nafarroako herritar euskaldunek beti utzi izan zutela eskola-asmotik bazter berezkoa zuten hizkuntza, kanpokoaren indarra eta heziketaren garrantzia antzemanda, ondorengo belaunaldien balizko ongizatearen mesedetan. Horregatik iruditu zait aipatzeko modukoa Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan dagoen 1782ko prozesu bat, 1780-81etako Gorteak elkartu eta berehalakoa.

Zaraitzuko Otsagabia ondoko Ezkarozen izan ziren gorabehera batzuk ditu kontagai. 1781ean bilera egin zuen herriko kontseiluak. Organoa nahi zuten ezkaroztarrek San Roman elizarako, eta erosteko proposamena egiteaz batera organo-jole lanpostua sortu zuten. Ordurako bazterrak harrotuz zihoan heziketa-beharraren haizeak eraginda beharbada, organojolea aldi berean herriko maisu izan zedila erabaki zuten. Ez da harritzekoa: leku askotan egokitu ohi zitzaizkion pertsona berberari bi zereginak. Basaburu Txikiko Labaienen, esaterako, XIX. mendearen erdialdean.

Azpimarratzekoa da Ezkarozekoen hezkuntza-interes hark ez zituela neskak kanpoan utzi. Organo-joleak nesken maisu ere beharko zuen, ez mutikoena bakarrik. Prozesu hartan herrikoen ordezkari aritu zen Nicolas Munarriz prioreak argi utzi zuen nolako garrantzia zuen heziketak orduko agintari ezkaroztar zibil zein erlijiosoentzat (jatorrizkotik neuk itzulia):

‘…kontuan hartuta (…) gazteen hezkuntza eta heziera ona, zeinaren eskuetan dagoen neurri handi batean —bistakoa den bezala— herrien zoriontasuna, haren bidez lortzen baitute beste herri batzuetarako aterabidea eta haietan aitzinatze hobea…’

(Iturria: IEA, 1993 kaxa, 8. zkia [1782] -Idazkaria: Moreno)

Baina are deigarriagoa iruditu zait organo-jole eta maisu-lanerako hautagaiaren profila zela-eta hartu zuten erabakia, dagoen-dagoenean utzi nahi izan dudana, itzuli gabe:

‘…prefiriendo como es justo y razonable en la obtencion de esos empleos al hijo del lugar con respecto a los estraños y a los bascongados respecto de los que no lo son.’ (Idem)

Ez du honek esan nahi XVIII. mendeko gizon haiek euskarazko irakaskuntza eskatzen ari zirenik; baina euskararen garrantzia aipatze hutsarekin, eta maisuak haurren hizkuntza bera jakitea irakaskuntzaren mesederako zela iradokiz, senak agindutakoari leial izateaz gain, XX. mendera bitarteko Nafarroako hezkuntza-araudi guztietan baino gehiago egin zuten.

Luze jo zuen auziak, Gotzaitegiko fiskal nagusiak entzungor egin baitzien hasieran ezkaroztarren eskariei. Munarrizen temak behartuta erantzun zuen azkenean San Roman parrokiak ez zuela organoa ordaintzeko adinako aberastasunik sortzen. Urtebeteko ika-mikaren ostean, zaraitzuarren asmoaren aldeko sententzia izan zen. Ez dakit 1780 inguruko herritarrek organoa eskuratu zuten ala ez; egungoa behintzat 1913koa da. Errazagoa izango zuten nolanahi ere hura lortzea, ondorengo berrehun urteetan zehar Ezkarozeko maisuek euskaraz irakastea baino.

Jaki-edariak

Xabier Aristegieta Okiñena

Ingelesezko hitzen nonahiko agerpena dela-eta zabalduta daukagu kezka, ez soilik euskaldunon artean, baizik eta ingelesa ez diren gainerako hizkuntzen hiztunen artean ere. Modernotasunaren arlo guztietatik datorkigu ingelesezko hitz-uholdea: zientzia-ikerketa, informatika, sare sozialetako ohitura eta jokabideak izendatzeko hitz berriak, hedabideetakoak, eta abar.

Ez dut zalantzarik asaldura hori justifikatuta egongo dela kasu batzuetan, baina ez, nire ustez, salatzen diren guztietan; eta uste dut ingelesari aitortu beharko geniokeela bera izan daitekeela ez soilik gaur egungo mailegu-emaile handiena, baizik eta, ziurrenik, mailegu-hartzaile handienetako bat ere (ezaugarri hau askotan aipatzen da ingelesezko hitz-altxorrari buruzko azterlanetan).

Uda honetan, herrialde ingelesdun batean nintzela, kafetegi batean sartu eta arbel batean klarionez idatzitako zerrenda honekin egin nuen topo:

Espresso
Latte
Cappuccino
Americano
Mocha
Macchiato

Ez zen kafetegi italiar bat, baizik eta estilo zehaztugabeko establezimendu estandar horietako bat. Italierazko hitzen erabilera ez zen inolako tematizazio-keinu bat, baizik eta bertakoek kafe-mota ezberdinei deitzeko daukaten izendatze-era arruntaren isla. Jatetxe askotako menuetan ere (ingelesezko menuetan, esan nahi dut) jalapeño, enchilada, quesadilla eta abar aipatzen ziren.

Zer esanik ez, jaki eta edariez ari garela, frantsesezko sukaldaritza/ostalaritzatik zuzenean eta beren horretan hartutako hitzei dagokienez: sautéed (infinitiboa to sauté izaki), crème brûlée, hors-d’oeuvre, entrée, bouillabaisse, “three courses from the à la carte menu”… eta abar (frantsesezko azentu guztiekin idatzita).

Japoniako sukaldaritzak ere makina bat hitz eskaintzen ditu. Iaz, ingelesezko beste menu batean, naturaltasun osoz txertatuta agertzen ziren honakoak:

“The sushi menu includes varieties of nigiri sushi, sashimi, uramaki, futomaki, hosomaki…”

Kasu horietan guztietan, hitzak inolako ingeles itzulpenik eta esanahi-azalpenik gabe erabiltzen ziren. Ingelesezko eskubide osozko hitz bezala.

Italiar sukaldaritzak ere hitz-samalda barreiatu du, hala ingelesdunen nola geure artean. Esate baterako, zenbat aldiz ez ote garen eztabaidetan murgildu maccheroni, spaghetti, tagliatelle, rigatoni, penne, ravioli, tortellini, fettuccine, pappardelle eta gainerakoen artean dauden antzekotasunak edo aldeak argitu nahian! Hots, kasuko jakiari dagokion hitz zehatza erabili nahian. Ez digu balio guztia “pasta” delako ideia hutsak. Ez, ez: hitz zehatza ongi erabiltzen jakin nahi izaten dugu.

Berdin gertatzen da garai batean hain exotikoak iruditzen zitzaizkigun eta gaur egun aski etxeratuak (edo, behintzat, jatetxeetaratuak) ditugun zenbait fruiturekin. Kiwia, adibidez. Papaia, adibidez. Mangoa, txinatar litxiak…

Nire irudipena da hizkuntza bakoitzeko hiztunok oharturik edo oharkabeki barneratuta daukagula aski absurdoa litzatekeela bilatzen ibiltzea, horrelako hitz bakoitzerako, tokian tokiko hizkuntz ordainak, aurretiaz finkatuta dagoen ordain zehatzik ez daukagunean; gehienez ere, “egokitu-edo” egiten dugu haien ortografia –ez beti oso modu koherentean, esango nuke; baina kontu hori beste artikulu baterako bezainbesteko gaia litzateke–. Jaki-edari kontuetan nahiko unibertsala dirudi beste hizkuntza batekoak diren hitzekiko abegikortasun horrek.

Bidenabar: euskal hitzek ere, gaztelaniazko menuetan behinik behin, harrera ona izaten dute: las kokotxas, el marmitako, los hongos beltza(s), el talo, la intxaursaltsa…

Eta euskararen esparruaren barrenean ere, gogoko izaten dugu jaki bakoitzari bere izena ematea, eta ez soilik osagaiak deskribatzen dituen izendapen bat (nahiz eta horretara ere jotzen dugun): pantxineta ez da “almendra eta kremazko tarta”; errusiar pastela ez da “merenge egosizko pastela”; Tolosako xaxuak ez dira “gorringozko gozagarriak”; Azpeitiko inazioek ere beren izena daukate. Egia esateko, izen berezidun gozoki ugari daukagu: merlitoiak, carolinak, jesuitak, Bergarako rellenoak (haientzat euskarazko izenik ez dut inoiz aditu), Bilbo aldeko forofogoitia xelebreak… nazioarteko klasiko diren Sacher tarta, Tatin tarta…

Ogia erostera joaten zara eta aukeran daukazu baguettea, ciapatta/ciabatta/txapata –askotariko agerpen ortografikoekin–, sopakoa, espainiar ogia, alemaniar ogia, erromatar ogia, pitta ogia…

Oharmenari pixka bat eraginez, konturatzen gara oso ezagunak zaizkigun jakiak izendatzeko maileguak zenbateraino dauzkagun gure eguneroko hiztegian naturaltasun osoz sartuta: croissant, brioche, vol-au-vent/volovan/boloban (esan bezala, egokitzapen ortografikoaren gaia ez dut gaur jorratuko), chatka/txatka/txaka, kabiar… aspaldidaniko polboroiak, gâteau basque, pudding eta plum cake, modernoagoak zaizkigun brownie, tiramisù, panettone eta muffinak… azken bolada honetan hain modako bihurtu diren cupcakeak… stracciatella, cro(c)canti… (inork tutti frutti zaporea euskaratzeko premiarik sentitu al du inoiz?)… foie gras, soufflé, panaché/panatxe, crêpeak/krepeak, fondue, minestrone, paella, kebab, muesli… guztiak, hitz arras ezagunak.

Halako batean, esaten dizute Hiztegi Batuak baztertu egiten duela albondiga.

Goraldiya

Irantzu Epelde Zendoia

Uretan geldirik dagoen harriari nahiz beste edozeri egiten zaio goroldioa. Uretan denbora handian erabili gabe geldirik egon den txalupari ere goroldioa egiten zaio. Uraren azpian egonik, marea jaisten denean bakarrik agertzen diren harriak ere goroldioz jantzita azaltzen dira. Horrelako harri baten gainean hanka jarriz gero irrist egitea segurua izaten da. Ondarruberbetan webgunean lekukotasun politak irakurri ditugu berriki:

Mari beian euala atxetatik Ondarruko plaittik Saturranea aringaingan juten giñanin bagenkixen oaldixe eukan arrixan gañin ezin gendule ainkaik ipiñi. Sikotan dan arrixai, mille urtin geldik eon arren sekule ezgako oaldirik eingo. Oaldixe etteko, umedaziñoi ero bustixe birde.

Marea behean zegoenean Ondarroako hondartzatik Saturraranera harkaitzez harkaitz korrika joaten ginenean, bagenekien goroldioa zuen harriaren gainean ezin genuela hankarik jarri. Lehorrean dagoen harriari, mila urtean geldirik egon arren, ez zaio inoiz goroldiorik lotuko. Goroldioa sortzeko, hezetasuna edo bustia behar da.

Euskarazko botanika liburu batean (1888ko jatorrizkoaren faksimile edizioan), goroldio hitzaren etimologia berezi hau topatu dut; ea zer zaizuen:

Cast. musgo en general; fran. mousse; vas. goroldioa, D. T.: en esta comarca [Bertizen] goroldiya, de goraldiya cambiando la a en o y significa levantamiento o acción de levantar, aludiendo al fenómeno que se nota en su esporangio o cápsula que contiene sus esporos o semillas. Esta caja está encerrada dentro de otra membranosa y creciendo a la maduréz, el pedícelo del esporangio o cápsula interior parte horizontalmente y por medio a la membranosa exterior, elevando consigo a la facción superior, que despues sirve de capucha al esporangio. Fenómeno es este, que en nuestros días es ignorado de la mayoría de las gentes, pero que parece fue observado por los que pusieron a las plantas de este grupo nombre tan propio y característico y cuya observación indica una civilización avanzada y estudios muy delicados.

Lakoizketa

Lakoizketako erua deitzen omen zioten botanika liburu horren egileari: Jose Maria de Lakoizketa apeza (1831-1889). Beti belar xaharren eta era guztietako harrien bila ibiltzen omen zelako… Ordea, euskal lexikografiari ezin utzizko ekarpena egin zion bere Diccionario de los nombres euskaros de las plantas hiztegiarekin. Interneten eskura dago orain.

Ez baitago beti «ordezko aukerarik» ‘alternatiba’rako

Alfontso Mujika

1995eko irailaren 29an onartu zuen Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren lehen hitz-saila: a-alkohol. Hil honen bukaeran, beraz, 19 urte beteko dira. Ez dira urte asko (batez ere, urte asko dituenarentzat), baina urte gutxi ere ez dira.

Hiztegi Batuan badira hitz batzuk izartxo batez (*) eta e. batez markatuak. Hau da marka horren esanahia, Hiztegi Batuak berak adierazia:

e. erabil: aurreko (edo sarrerako) forma izartxoz markatu da: Euskaltzaindiaren ustez, baztertzekoa da (ez derrigor forma okerra), eta ondotik ematen dena da ordezko egokia.

Hitz horiek, automatikoki, hitz debekatu bihurtu ziren/genituen, eta hala jarraitzen dute gehien-gehienek.

Hitz horiei erreparaturik, berehala ikusten dira bi sailetakoak direla: batetik, grafia finkatzekoak daude, eta sail horretakoak dira gehienak. Hau da, hitz batek grafia batekin baino gehiagorekin idazten bazen, forma bat ontzat ematen da estandarrerako, eta bestea baztertzen. Adibidez:

abots* e. ahots
ahalbait* e. albait.
aina* e. adina.

Bestetik, badira hitz gutxi batzuk sail horretan sartzen ez direnak: hitz gaiztoak, nolabait esateko. Hitz horien arazoa ez da grafia, jatorria baizik: kalko berri eta desegokitzat jo ditu Euskaltzaindiak, eta baztertu egin nahi ditu. Halakoetan, asmo didaktikoz, hitz horien ordezko egokia-edo ematen digu Hiztegi Batuak. Adibidez:

abenida* e. etorbide; hiribide
abiadore* e. pilotu; hegazkinlari
abioneta* e. hegazkin txiki
abenderri* e. nazio

Bigarren sail horretan, askoz arrisku handiagoa hartu zuen Euskaltzaindiak, garbi dago, ez baita grafia-aldaketa proposatzen, baizik eta hitza bera testu (eta mintzo) estandarretatik desagerraraztea. Hitz madarikatu bihurtu ziren/genituen berehala itzultzaileen ofizioan, zuzentzaileok boligrafo gorria zorroztu genuen, eta Pierre de Lancre baino gogotsuago ekin genion sorgin-ehizari. Hitz madarikatuen bila jardun dugu geroztik, bazterrarazteko. Esanekoak baikara.

Geroago, 2012an, Euskaltzaindiaren hiztegia etorri da. Debekua gozatu nahi izan du Euskaltzaindiak, hitzez gozatu, baina hitz madarikatu horiek baztertzen jarraitzen du. Honela dio Euskaltzaindiaren hiztegiak aurkezpenean:

4. Hitz baztertuak eta ez-hobetsiak

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren eta Hiztegi Batuaren arteko desberdintasun nabariena, trataeraren aldetik, bigarren honetan h. edo e. marka duten hitzei dagokiena da. (…)

Hiztegi Batuan e. markaz agertzen ziren hitzei dagokienez, Euskaltzaindiak horiek baztertzen jarraitzen du, baina baztertze forma leunduz, hots, erabilera debekatzetik ez erabiltzera gomendatzera pasatuz.

Ikus dezagun, adibidez, nola jasotzen duten baztertu nahi hori Hiztegi Batuak eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak hitz berean:

abiadore* e. pilotu; hegazkinlari
——————
abiadore
iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, abiadore-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. pilotu eta hegazkinlari].

Hitz legendunen zerrenda horretan, badira bi (ez dira bi bakarrik, baina gaur, behintzat, biri buruz jardun nahi dut) atentzioa eman zidatenak (ez niri bakarrik, jakina). Honatx:

alternatiba* e. aukera; aldizkatze
alternatibo* e. aldizkako; ordezko; txandakako

Ulertzekoa da, neurri batean, Euskaltzaindiak hitz horiei galga eman nahi izatea. Alegia, “ez duzu beste aukerarik” gisakoetarako, ez dugu “ez duzu beste alternatibarik” esaldia behar, edo “higidura alternatibo” ere ez dugu behar “atzera-aurrerako higidura” edo “joan-etorriko higidura” esateko. Ados. Baina, debeku bat ezartzeko, ondo aztertu behar da hitz bakoitzaren esparru semantiko osoa, batetik, eta erabilera, bestetik. Eta hor egin du huts Euskaltzaindiaren asmo bestela laudagarriak.

Hiztegi elebidunek, ordea, ez diote itsuan jarraitu Euskaltzaindiari (azpimarratua nirea da):

Elhuyar hiztegia (eu > es atala) (ohartu: alternatiba/alternatibo sarreren 1. adiera ez du ontzat ematen, eta aldizkatze/aldizkako sarreretara bideratzen du):

alternatiba

  • 1 Ik. aldizkatze
  • 2  iz. alternativa, opción ezkerraren alternatiba: la alternativa de la izquierda
  • 3  iz. (Taurom.) alternativa alternatiba hartu: tomar la alternativa

alternatibo

  • 2 Ik. ordezko
  • 1 Ik. aldizkako, txandakako
  • 3  izond. [joera nagusiaren kontrakoa] alternativo, -a

Eta gaztelaniaren ataletik sartuta:

Zehazki hiztegia

alternativa 1 f (cambios) txandakatze: con alternativas de frío y calor, hotzaldi-beroaldiekin.

2 (opción) hautabide, aukera, alternatiba: la tercera alternativa, hirugarren aukera; no tienes alternativa, ez duzu hautabiderik.

  • tomar la alternativa, (un torero) zezenketari oso bihurtu.
  • tomar una alternativa, hautatu, aukeratu.

alternativo adj aldizkako, txandakako.

  • energías alternativas, energia alternatibo(ak)
  • movimientos alternativos, higikunde alternatibo(ak)
  • opción alternativa, hautabide, ordezko aukera.

Elhuyar hiztegia

alternativa

  • 1  s.f. [alternancia, cambio] txandakatze, aldizkatze; aldaketa

hubo muchas alternativas en el marcador: markagailuan aldaketa asko izan ziren

  • 2  s.f. [posibilidad, opción] hautabide, aukera; alternatiba

no me has dejado alternativa: ez didazu aukerarik eman

hoy en día ese partido no es una alternativa real de gobierno: gaur egun alderdi hori ez da egiazko gobernu-hautabidea

la alternativa de la izquierda: ezkerraren alternatiba

  • 3  s.f. (Taurom.) alternatiba

tomar la alternativa: alternatiba hartu

alternativo

  • 1  adj. txandakako, aldizkako

pensamientos y sentimientos alternativos: txandakako pentsamendu eta sentimenduak

  • 2  adj. [opcional] hautazko, aukerako

si esta proposición no es de su agrado, existe una opción alternativa: proposamen hau gustuko ez baduzu, bada beste aukera bat

  • 3  adj. [sustitutivo] ordezko

cultivo alternativo: ordezko laborea

fuentes alternativas de energía: ordezko energia-iturriak

  • 4  adj. [opuesto a lo establecido] alternatibo

movimiento social alternativo: gizarte-mugimendu alternatiboa

  • 5  adj. (Tecnol.) atzera-aurrerako, joan-etorriko

movimiento alternativo: atzera-aurrerako higidura

Behinolako KAS, KAS, KAS herriko alternatiba! eslogan hark (“herriko” gabe, “herriaren” beharko zuen, ezta?) nahikoa plazaratu zuen alternatiba hitza aldi luze batean, baina ez zuen limurtu Euskaltzaindia, bistan denez. Dena dela, Googlen bilatuta, behin bakarrik aurkitu dut KAS aukera testu batean. Eta politika- edo gizarte-arloko adieran ordezko mugimenduak/mugimendu ordezkoak bilatuta, bat ere ez dago; mugimendu alternatiboak dira agerraldi guztiak. Badirudi idazleok garbi dutela/dugula.

Ez dira Hiztegi Batuko lehen itzulikoak alternatiba eta alternatibo sarrerak, eta ez dira, beraz, Euskaltzaindiaren hiztegian agertu oraindik, baina badut esperantza txanda iristen zaienean absoluzioa emango dietela. Alegia, ez dietela erantsiko “Euskaltzaindiak, alternatibak euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du” oharra. Gainera, argi esan behar da duela zenbait urtetik hona Euskaltzaindiak jakin duela bere hiztegi-irizpideak modulatzen eta hizkuntzaren errealitatea jasotzeko badituela gaur egun duela 15 urte eskura ez zituen baliabide ahaltsu batzuk. Bestela, alternatiba eta alternatibo hizkuntza estandarretik erabat aienatzen tematuko balira, Xabier Leteren abesti hura parafraseatuta abestu beharko genuke:

Ez baldin badu guztiz galdu nahi
nahiko eskas duen fama
errealitatera itzul liteke
Euskaltzaindia elizama.

Uztailean idatzitakoaren haritik

Iñaki Iñurrieta Labaien

Uztailean idatzi nuenaren haritik ekingo diot iraileko honi. Lorea donostiarrak “Loreak diozun hori” moldea arrotza zitzaiola esan arte, uste nuen berbeta modu hori arrunt samarra zela. Haren erreakzioa ikusita, ordea, pentsatu nuen kanalak edo egoerak bihurtzen zuela esaldia ezohiko, hau da, lagunartean ez baina interneteko foro batean erabiltzeak bihurtzen zuela bitxi, eta hori arrazoitzen saiatu nintzen Tu est un autren. Gero, Alfontso Mujikaren erantzuna jasota, ohartu nintzen kontua ez zela kanal-aldaketa, baizik eta moldea bera zela arrotza bi donostiarrontzat.

Eta hala, ikerketatxoa egitea otu zitzaidan, gertuenetik hasita. Soraluzen, familiakoek eta lagunek berehala berretsi zidaten: normalak, naturalak, “betidanik” erabiliak dira “Iñakik ezer hartu behar duk?” eta gisakoak. Berdin Bergarako Juan Martin Elexpuruk ere; “hori da esateko modurik normalena” esateraino iritsi zen hura. Eibarren, berriz, nire harridurarako, ezezaguna egin zitzaien nire informatzaile Koldo Zuazo, Aitor Sarasua eta Serafin Basauriri. Baita Jesus Mari Makazagari eta Txipi Ormaetxeari ere, zeinek Elgoibarko eta Aramaioko euskerak aztertu baitituzte hurrenez hurren.

Beraz, nik uste baino mugatuagoa da esamoldearen erabilera, baina Alfontso Mujikak uste zuena baino hedadura handiagokoa, nolanahi ere, ez baita niri –esperimentatzeko– bururatu zaidan zerbait.

Esan liteke hizkuntzak, kasu honetan, posibilitate bat garatu duela inguru batean, beste leku batzuetan beste batzuk garatu dituen bezala.

Hain zaila ere ez da imajinatzea nola etor zitekeen molde hori forma normalagoetatik. Ez legoke urrun erregistro jasoan edo idatziz erabili ohi diren “idazten ari naizen honek uste dut…”, “zuk, irakurle horrek,…” eta gisa horretakoetatik, non “honek” eta “irakurle horrek” hirugarren pertsonatik bigarrenera pasatutako formak baitirudite.

Hizkuntzaren bilakaeran eragiten duten bi indar ageri zaizkit hor, hurrenez hurren: anbiguotasuna argitzekoa lehenik, eta hizkuntza-ekonomia ondoren. Alegia, hainbat zu posibleren artean, kasuan kasuko esaldia zein zuri zuzentzen zaion zehaztu nahia, batetik: “Zuk, Lorea horrek (ez nirekin zaudeten besteok)…”; eta, bestetik, berbeta modu luzeagoak (“Zuk –nirekin ari zaren Lorea horrek– diozuna…”, “Aizu, Lorea, zuk diozuna…”) laburtzekoa: “Loreak diozuna ondo iruditzen zait”.

Bizitzen jakin

Fernando Rey Escalera

Oraingoan, poema bat uzten dizuet.

Literatura –poemak bereziki– iradokizun iturri handia da. Horregatik dute hainbesteko indarra.

Nire itzultzaile ibilbidean, gauza batez ohartu naiz: zerbait asko gustatuz gero, barrena ukituz gero, berehalaxe pizten zait hura euskaratzeko gogoa: itzulpen-lana, horrela, gozamen ere bihurtzen zait. Eta ohartzen naiz itzulpen lana, maiz, nekagarria gertatzen dela, baina, gustuko kontuak direnean, nekearekin batera gozamena nahasten dela.

Erraza izan edo zaila izan, gustuko itzulgaiek poxa ematen digute. Beharbada, horregatik lerratu gara itzulpen literariora astea testu juridikoekin eta administratiboekin pasatzen dugun hainbeste itzultzaile.

Lehengoan, bada, poema hau ailegatu zitzaidan, aste berezi batean. Eta gustatu zitzaidanez, euskaratu egin nuen. Hemen duzue.

Egilea Cora Coralina da, poeta brasildar bat (Ana Lins dos Guimarães Peixoto) (Goiás, Brasil, 1889-1995).

Saber viver

Não sei… se a vida é curta
ou longa demais para nós,
mas, sei que nada
do que vivemos tem sentido,
se não tocamos o coração das pessoas.

Muitas vezes basta ser:
o colo que acolhe,
o braço que envolve,
a palavra que conforta,
o silêncio que respeita,
a alegria que contagia,
a lágrima que corre,
o olhar que acaricia,
o desejo que sacia,
o amor que promove.

E isso não é coisa de outro mundo,
é o que dá sentido à vida.
É o que faz com que ela não
seja nem curta, nem longa demais,
mas que seja intensa, verdadeira,
pura enquanto ela durar…

* * *

Bizitzen jakin

Ez dakit… gure bizitza laburra ote den
edo luzeegia.
Baina ongi dakit
bizi dugun deusek ere ez duela zentzurik
pertsonen bihotza ukitzen ez badugu.

Maiz, izatea aski da:
babesten duen altzoa,
inguratzen duen besoa,
adoretzen duen hitza,
errespetatzen duen isiltasuna,
kutsatzen den poza,
isurtzen den malkoa,
laztantzen duen begirada,
asetzen duen irrika,
bihotz ematen duen maitasuna.

Eta hori dena ez da beste munduko gauza,
baina zentzua ematen dio bizitzari:
horri esker bizitza ez da ez laburra ez luzeegia,
baizik eta bizia,
egiazkoa, garbia… dirauen bitartean.

«Crudivegano»… eta beste

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Izenburua halakoa izanik ere, ez dut hemen abereekiko harreman mota horren gainean mintzatzeko asmorik, baina aitzakia zait hitz hori itzulpenetan maiz gertatzen zaigun arazo baten hona ekartzeko.

Beti sortu zait nolabaiteko ezinegon eta kezka «Nola esaten da *?» galdera, hitzetik hortzera, bota izan didatenean. Eman diodan erantzunak balioko ote dio? Zentzurik ote du erran diodanak, galdetu duenaren egoera niretzat ezezagun hartan? Beharbada zalantzetarako dudan jaiduratik etorriko zait hori; zuri ala beltz erabakitzeko nire zailtasuna izanen zait hor eragozpen. Gauza da lehengo egunean hala galdetu zutela ItzuLen: «Nola esaten da crudivegano?», eta niri horrek milaka demonio piztu zidan kasko barnean. Azkenean, gogoeta ildo nagusiaren haritik erantzutea bururatu zitzaidan, alegia: «Haragirik ez eta dena gordin jaten duena».

Bestelako erantzunak ere jaso zituen: «gordinjale» bat eta «gordinbegano» bat.

Ez dakit baten bat balio izan zitzaion, baina eskerrak emateko besterik ez zuen, horren ondoren, idatzi; moldatuko zen, nonbait, haiekin, edo moldatuko zuen besterik, bere kontura.

Hona heldurik, barka biezat Maddik nire erantzuna, bi aldetatik barka ere; lehenik, begano izateak ez dakarrelako, jateari dagokionean, soilik haragirik ez jatea, ezpada, abere produkturik (aberekirik?) batere ez jatea, eta beste aldetik, zalantza bat ezabatzeko baino, zalantza berriak plazaratzeko baliatu nuelako erantzuna. Bai, nire erantzunak txanponetik txanpon jokamoldetik urruntzeko ahalegina egin zuen, hau da: ez dakit zein testuingurutan erabilia zen gaztelaniazko hitz hori, eta, hartara, mila arrapostu iruditzen zitzaizkidan posible edo ezinezko; zein, baina, zitekeen ezagutzen ez nuen testuinguru baterako egokia?

Egunero itzultzen ari garenoi maiz gertatzen zaigu jatorrizko hizkuntzak eramaten gaituela, eta han izen dena izenez ordezkatzen dugu, eta izenondoa, izenondoz, eta hala eginik, esaten duguna desitxuratzen joaten zaigula. Espainolak erraz eramaten du dena izen-izenondo alorrera; berezkoa du eta oso lasai eta oparo dabil espainola izenondotan; euskarak ez du halako joera eta, gaztelaniazko hari jarraiki edo jarraitzen ahaleginduz, maiz baztertzen ditugu euskaraz esan nahi den hori laburrago, errazago, adieraz lezaketen moldeak. Esamolde nabarmenenetan ez da hala gertatzen, gehienetan bederen, edo itzultzen gutxieneko eskarmentua dugunon artean behintzat: «Sufrió una caida», gehienetan «Erori zen» bihurtzen zaigu euskaraz, nola esaten den gehiegi pentsatzeari ekin gabean, baina hizkera zerbait korapilatzen denean, horren segur ez zaigun esparru bateko esamoldeekin –maiz administrazio hizkerako ustezko teknizismoekin–, sekulako errespetua gorde ohi diogu jatorrizko estiloari eta haren kalkoa egitera mugatzen gara, badaezpada ere.

Nire erantzunaz, atzerasalto bat egin nahi nuen, bai eta egitera gonbidatu ere, hitzak ez baitira testuingurutik at sortzen; hitz baten sorlekua adierazpen eremu bat da eta hortik aldentzen badugu, hitza makal eta azkurririk gabe da sortuko, ezinbestean, beste testuingururen bat bilatuko du, eta beste hizkuntza batean du aurkituko. Hitz bat euskarara ekarri nahi badugu, euskarazko alorretan behar dugu landatu edo hazia bota, testuinguru desberdinetan baliagarri gertatuko bada. Hitz bat ez da soilik hitz bat; kontzeptu unibertso oso baten barruan den aletxoa da; hara nahi nuen crudivegano eraman.

Gaur egun hizkuntza anitzetan hedatu da titulutan mintzatzeko ohitura, gizarteak hala ari direlako, sailka eta sailka, nortasun eta zertasun eskean: crudivegano, vegetariano, ecologista, español, vasco, vasco-español (isilpean, baina), feminista, heterosexual, celiaco eta abarreko etiketen bitartez adierazi eta mugatu nahi dugu bizitza. Hartara, beharbada, euskaraz ere beharko dugu hitz bakar batean erran crudivegano hori, baina, kasu, espainolezko adjektiboak –eta espainolezko beste molde anitz ere– euskaraz ere gaztelaniazko molde berean emateko ahalegin ikaragarriak egiten ari garela iruditzen zait; euskaraz ez da espainolez bezainbeste adjektibatzen eta espainolezko adjektibo oro, hortaz, ez dira euskaraz adjektibo. Norbaitek galdetuz gero –«Nola esaten da *?» hori bezala–, beste honako hau: «Zer zara zu?». Erantzun dakioke gordinjale begano (gordinjale begana?), lesbiano (lesbiana?) rockzale, babarrunjale amorratu, feministo (feminista?), euskaldun, euskaradun, basko (baska?), basko-espainol, hego-euskal herritar eta abar garela, baina hainbat eta hainbat testuingurutan, «ez dut aberekirik jaten» edo «babarrunak gustuko zituenez» edo antzeko adierazpideak zaizkigu egokiagoak. Lehen esan dut kasu gordinenetan hala egin ohi dugula, baina iruditzen zait ez dugula oraindik, beste hizkuntzetatik euskaratzerakoan, jatorrizko hizkuntzetan agertzen zaizkigun hitzenganako lilura galdu. (Horrenbeste lan «luzemetraila» ikasten eta hara non, orain «flim» den!)

Nola esaten da *? Maiz ez da inolaz ere esaten; beste hizkuntzetan ere, sortu berria da hitza eta euskaraz sortu beharra dugu –sortu behar bada– eta horretarako, azter dezagun zein alorretan mugi dadin dugun ekartzen, zein duen lur emankor, non emanen dioten abaro; erein dezagun, lehenik, lur emankorrean, haziko bada.

Administrazio hizkera aipatu dut lehen, lilura horren gerta eremutzat, baina ez da leku bakarra; honako esaldi hauek, adibidez, literatura alorrekoak ditugu:

«Arrotzaren promesak esker-adierazpenik beroena eragin zuen nigan»

edo:

«Hala ere, ohiz kanpoko gogo baten jabe zen C* eta berezkoa zuen adorea ere laguntza ematera etorri zitzaion halako zoritxarraren aurrean».

Ingelesaren kutsua dute bi esaldiok; euskaraz horrela ere esan daiteke, noski, hor esanikoa, baina hala esango genuke ingelesez hala sortua ez balitz? Euskara garatzen, aberasten, laguntzen du ala alorrak nahasten ditu, bideak ezabatzen eta irudiak lausotzen?

Horra gogoeta baterako hari mutur bat, tiratu nahi dionik bada.

Eta barka, berriz ere, Maddi eta milesker zure galderak eman baitit aspaldi buruan dabilkidan zerbaiterako tira hari mutur bat!

Helburu estrategikoen estrategikotasunaz

Estitxu Garai Artetxe

Estrategikoa. Horra hor modako hitza. Ildo estrategikoa, erabaki estrategikoa, ekintza estrategikoa, eta abar luze estrategikoa. Ezer ez da aintzat hartzekoa “estrategikoa” ez bada. Ezin ukatu alboan daramanari oihartzun berezia ematen diola, puztu egiten duela.

Estrategikoen artean estrategikoenak, nola ez, “plan estrategikoak” dira. Egunak joan egunak etorri, han-hemengo erakunde eta enpresek eurenak aurkezten dizkigute. Baina, nola jakin plan horiek benetan “estrategikoak” diren ala ez? Abiapuntua helburuak (beno, barkatu, helburu estrategikoak) aztertzea da, horiek esango baitigute planaren mamia zein den.

Herrialde anglosaxoietan, helburu estrategikoen egokitasuna xedatzeko, S.M.A.R.T.[1] akronimoa erabiltzen dute, hau da, honako ezaugarri-zerrenda: Specific (zehatza); Measurable (neurgarria); Achievable (egingarria); Realistic (errealista); Time-bound (denboran mugatua).

Tresna baliagarria iruditzen zaidanez, ADIMEN hitzaren bidez euskarara moldatzeko ahalegina egin dut. Eta, aldez aurretik, jakin ezazue: ingelesezkoa baino hobea da, aldagai gehiago hartzen baititu kontutan. Hori hala da nire iritzi-apalean (alegia, nire iritzien bilduman).

Hemen dituzue helburuek bete beharreko A.D.I.M.E.N ezaugarriak:

  • Argia: Idazketa argia izan behar dute. Formulazio egokiaren bidez lehenengo irakurketan ulertu behar dira helburuen nondik norakoak.
  • Doia: Zehatzak izan behar dira. Ondo adierazi behar dute zer aldatu asmo den, nola, noiz eta non.
  • Ikerketan oinarritua: Egoeraren analisi zorrotza izan behar dute oinarrian, ezinbestekoa da jakitea non gauden eta nora iritsi nahi dugun.
  • Mugatua denboran: Noiztik nora beteko diren zedarritu behar dute. Helburuek ez dute zertan plan estrategikoaren indarraldiarekin bat etorri.
  • Egingarria: Eskura ditugun tresna eta gaitasunen arabera lorgarriak izan behar dute.
  • Neurgarria: Jarraipena egiteko aukera eman behar dute. Gomendagarria da xedea eta onurak kuantifikagarriak izatea.

Azken ezaugarria, neurgarria izatea, funtsezkoa da, eta, oro har, hori da helburu gehienek duten gabezia. Egia da alor batzuetan zenbakietara makurtzea arriskutsua izan daitekeela, baina beste zenbaitetan zenbakiei ihes egitea makurra da. Kuantifikatzeak, onerako eta txarrerako, zera dakar: egindakoa (eta egin gabea) lehen begi-kolpean ikustea.

Gonbitea luzatzen dizuet, hartu edozein plan eta helburuei ADIMEN zerrenda pasa. Emaitzaren arabera, zuek erabakiko duzue bertan azaltzen diren helburuak zer diren: estrategikoak ala itxurakeria estratosferikoak.

[1] Ingelesez SMART hitzak “adimentsua”, “azkarra” esan nahi du, beste adiera batzuen artean.

Hainbat gauza

Oskar Arana Ibabe

Idatzi ditudan ia guztien haritik, garai batean eta zenbait pertsonaren ahotan entzuten nituen hitz bat eta esapide bat aipatuko ditut gaurkoan, geroz eta bakanago entzuten ditudanak, eta neure buruan eta oroimenean ere geroz eta urriago agertzen direnak, erabiltzeko aukera ematen duten egoerak eta solaskideak ere urritzen ari-eta; neure buruarekiko solas txiki bat ere bai, horien ostean.

Saikolo… Gure inguruan bizirik egon den hitz bat, izenondoa; gaitzespenezkoa, burlazkoa, edo isekazkoa du adiera, beharbada tankera bereko kokolo, zozolo, momolo… eta abarren bidetik eratua, sai + ko + lo edo sai + kolo elementuak batuz. Ez dut aurkitu inongo hiztegitan jasorik, eta, erabiltzen duten hiztunei berei galdetuta, hau da eman izan didaten definiziorik zehatzena: saikoloa da ganorabako haundi bat. Gero, hitz hori zein egoeratan erabili izan den gogoratuta, zertxobait zehaztu ahal izan diot esanahia, zeren eta, esango nuke, ganorabakoa izateaz gainera lotsabakoa behar duela hori esaten zaionak, hau da, bere ganora eskasaz lotsatzen ez den pertsona bat izaten dela, alegia, gibel handia, eta, gainera, bere lotsarik ezaz eta gibel handiaz ere harrotu-edo egiten dena, isekari berari halako trufazko barre sendo eta geldoarekin erantzunez. Adar-jolea ere bada batzuetan, trufa edo trikimailu lotsagaberen bat baliatu ostean ere esaten zaio… Horregatik harritu izan naiz, sarritan, hala deitzen zaionak saiarekin izaten duen antzarekin, hegoak lasai zabaldu eta presarik gabe, urduritasunik gabe, jateari edo edateari edo potro jorran aritzeari ematen zaiolarik.

Euskaraz guk baino ahalegin txikiagoarekin egiten zuten pertsona horiek berek erabili ohi zuten Zer da berau? esapidea, haserrezkoa, sumindurazkoa, beren aginpidean edo eskumenean zituzten umeei edo adingabeei buruz. Umeak ginen, eta, hori esaten zigutenerako, oso-oso haserre egon ohi zen familian egun horretan gure ardura hartua zuen heldua, oso-oso petralduak behar genuen guk ordurako, helduak hori esana zuketenerako. Esapide horrek, sarrera gisa, Baine-baine… hitzak eramango zituen: “Baine, baine… Zer da berau?”… Eta, berau hori, gu geu ginen, umeok, zaborreria, katalanez la canalla, ordurako behar ez den bat edo bihurrikeriaren bat edo arduragabekeria larriren bat eginik. Egoskorkeriaren kontrako esapidea izaten zen, agintea nork zuen argi uzten zuena, eta urrun gabe izaten zen hori esan ostean zaplaztekoa edo belarrondokoa, edo etxe barrurako oinetakoren bat hegaz gure atzetik eta gu arineketan ihes… Petral-aldietako edo kasketaldietako esapidea, inondik ere, eta, beraz, oso erabil-eremu berezitukoa.

Itzultzaile aritu garenez, ezin edonon eta edonoiz eta edonola itzulpen-ariketak egiteko ohitura edo inertziari galga eman. Kalean oinez, edozein pareta edo zokotan hain ohikoak izaten diren idazkun beltz larderiazko bat: “Euskalduna naiz, edozer, ostia!”… Hori eta antzeko asko irakurria naiz gure paretetan, eta idazkun horri antzeman uste diodan esanahiaz oso bestera, pentsatu nahi nuke edonongo eta edonoizko eta edonolako pareta-mezu hori ez dela betikoa, alegia, idazkunak aditzera eman nahi uste duen izaera hori ez dela gure idiosinkrasiaren tasuna, areago dela industrializazio gaizki digeritu edo bolada beltz eta hipernegatibo baten lekuko aldi baterako, koiunturazko, bolada bateko. Zeren eta, ulertu, lehenbizikoan ulertu baitut, nahiz eta gero itzulpen ariketak egitera jarri: beharbada tabernariak “Zer hartuko duzu?” galdetu ostean emandako erantzuna da, auskalo zer kantatako lerroa, punk-a, edozein modutan ere… Edo zernahitarako gaitasunaren adierazlea, edo eroapen ezin handiagoarena, edo erresistentzia-gaitasun itzelezkoarena, nik dakit zer. Baina nahigabea sentitu dut. Euskara, kalean, hedabideetan, sarriegi ikusten dut antzeko kolorearekin loturik, estekaturik: haserrearekin, sumindurarekin, kritika garratzarekin. Edonor uxatzeko moduko giroarekin nabarmentzen da gure hizkuntza, sarriegi. Kalean eta paretetan, batez ere. Erantzungo nioke, haserrealdi horretan hori idatzi zuen gazteari, euskalduna izatea, gaur behintzat, gauza oso-oso soila eta, gaur egun, aldi berean, zaila dela: euskaraz egitea, zenbat eta txukunago, zenbat eta bizitasun handiagoa duela hizkuntzak ahoan, orduan eta euskaldunago, ez besterik. Beste alde batera okertu ditut begiak, erreka aldera, sahatsei eta haltzei begiratzeko; ez dute euskaraz egiten, baina baretu eta goxatu egin zait gogoa…

Santiago eguna

Mikel Taberna Irazoki

Mikel Laboak kantatu zizkigunetatik aparte, Xenpelarrenak bide diren bertze bertso batzuk ere badira haien gisara xexen moduko batek Pasai Donibanen eginiko balentriak kontatzen dituztenak. Segur aski lehenago ere irakurriak izanen nituen, baina ahantziak ere bai, eta orain, nire gaurko testua prestatzeko gai bila nenbilela ustekabean berriz ere begiz jo baititut, haietan eta bertso haien inguruko kontaketan kateatua gelditu naiz, gatibu.

Nire testua gaur argitaratuko zela jakinik, neure baitan pentsatu nuen zer egokiago Pasaiako herritik bertsoetatik abiatzea baino. Beraz, bertsio jatorrizko samar bat eskuratu nahiz, aita Zavalaren Xenpelar bertsolaria hartu, eta leitzen hasi naiz Pasai Sanjuan’go zezenak izenburua daraman kapitulua. Honat ekarriko ditut, zerttobait bakandurik, hango hitzak:

“Pasaia’ko zezenai buruz bi jarri-aldi arkitu ditut (…) Jarri-aldi aueri buruz argibide auek eman dizkigu ainbeste denboran Xenpelarren illobarekin bizi izana dan Florentina Pérez Salaberria’k:

«Pasai San Juan’go plazak aieka batetik itxasoa du, bañan bestetik etxeak. Ta mendi-aiekatik dute sarrera ango etxerik geienak.

Santiago-egun batez, zezenak iges egin zuen barrera-tartetatikan, eta mendi aldera jo zuan.

Jendea, ura libre ikusi zuanean, etxe-barrenetara sartu zan; baita zezena ere atzetikan. Orduan danak, nun izkutaturik etzutela-ta, oi-azpietan ta al zuten tokietan sartu ziran. Tellatura igoak ere izan bear zuten.

Bañan zezenak usaia-edo aditzen zuan, da sobrekama ta maindireai tira ta tira asi zan. Traba billatzen zuan ta orduan ta larriago zezena.

Gero, ixpillu baten aurrera joanda, ura txikitu bearrean asi zan adarrakin kolpeka, an beste zezen bat zualakoan.

Urrena, balkoira atera omen zan, bere maindire ta sobrekamarekin, ta jende dana kaletik karraxika.

Andik beera noizbait ere jetxi ta jendeari segika asi zan. Batzuk beren burua putzura bota zuten, ta bai zezenak ere berea atzetikan.

Andik atera egingo zuten nola edo ala arakiñak edo norbaitek, bañan eztakit ori.

Gu ere, neska koxkorretan, Pasai’ra joaten giñan Santiagotan ango zezenak ikustera, ta Joxepa Antonik, Xenpelarren illobak, onela esaten zigun:

– Gaur ere San Juan’a al zoazte? Joan, joan! Len ere an festa pollita pasia da ta zoazte! Or ibilli bearko dezute itxasora zeuen burua bota ta larri! Joan bestela mendira; ikusiko dezute zer daukazuten atzetik: zezena!

Pasai’ko gertaera ori bein baño geiagotan kontatu zigun.» (…)”

Hitz horien ondotik heldu dira segurtasun osoa ez izanagatik aita Zavalaren ustez Xenpelarrenak diren bertsoak (“liburu ontan jarri degu… Xenpelarrena ote dan susmo egiteko motiborik pranko badala iritzirik”): Bertso berriak Pasaia’ko zezenari jarriak. “Bertso berri batzubek, konsola gaitezen…”

Ez ditut hemen guziak paratuko, baina jakin ezazue denok ezagutzen ditugun sortakoak bezain ederrak direla, hauek ere dudarik gabe balio dutela konsolatzeko triste daguen guziya. Irakurgosea bizteko, hona hemen zazpigarrena eta hamalaugarrena (azkena):

“7) Bestia an zeguan
oiaren azpiyan,
eztul asko egin bage
nere iritziyan;
orlako konturikan
juan dan aspaldiyan
ez dala pasa nago
gure probintziyan

 

14) Balkoyian ziranak
ez dira errez gorde,
franko arrapatu ditu
aberats ta pobre;
maindiria ostuta
juan da gero ere,
asaltuan sartuta
sakiua libre.”

 

Liburuan, gero, jarraian datoz aboak ezagutarazi zizkigun Bertso Berriak: “Pasaia’ko plazatik dator notiziya … “. Horiei buruz, aita Zavalak Luis Jauregi apaiz jaunaren hitzak txertatu zituen liburuan, 1958ko bertze argitalpen batetik ekarrita: «Pasaia’n, Santiago-egunez, xexenak izan oi dira. Orretarako, erriko Enparantza Nagusian, esia ipintzen dute. Beste zenbait urtetan bezela, ba, juan zan gure Xenpelar xexenak ikustera egun ortan, ta ara nun esitik salto egin, ta jende-tartera jotzen dun zezenak. Ango zalaparta ta iskanbilla … !»

                        *                      *                      *                      *                      *

Eta horrekin guziarekin zer?, galdetuko duzue honaino irakurtzeko pazientzia izan duzuenok. Auspoako ale horretatik ebatsirik honat ekarri ditudan lerroetan bada hizkuntza konturik hemen ohi dugun maneran aztertzeko modukorik, eta nahi duenak egin lezake, baina, nire aldetik, iruditzen zait gaurko hau eskaintza bat izan daitekeela, bertzerik gabe, nire irakurketa bat zuekin partekatzeko. Hurrengoan itzuliko gara xehetasunetan piko egitera, xorroxtasunera.

Amaitzeko, pare bat ohar: nahiz eta Xenpelarren izena Joan Frantzisko/Prantxisku Petrirena zela jakin, ez nuen gogoan haren aitona, “Juan edo Juaquin Cruz de Petriarena”, Sunbillatik joana zenik Errenteriara. Pentsatzen hasi naiz blog honetako gobernadoreetako bat ( 😉 ) haren ondorengo jendakia ez ote den.

Bertzalde, Santiago eguna seinale Pasaian, bai, baina baita bertze hameka tokitan ere; eta Alkaiagan ere bai. Gure auzo koxkorrean ez da inoiz adardunik erabili, nik dakidala, ez libre ez sokaz loturik, jendea harekin jostetan (hura sufriarazten) aritzeko; gu baino zaharragoen denboran antzarak edo piroak paratzen omen zituzten zintzilik, Lekeition bezalatsu, eta haiek baino salbaiago zirenak behor gainetik lepoa kentzera saiatzen ziren tiraka. Gaur egun, horrelakorik ez da egiten, ezta nahi ere. Programako ekitaldi nagusia bizilagunen bazkaria izaten da, eta gero han ibiltzen da jendea salto eta irrintzi (aurten Balentin joan zaigu, eta sumatuko dugu haren falta inor ez baita plaza erdira aterako kriskitinak eskuetan dantza egitera); horretaz aparte, aurrekontu ttikiko bertze gauza mordoxka bat ere antolatzen dute bertako gazteek, gehienbat haurrei begira; azkeneko urteotan mendiko lasterketa polit bat asmatu dute, neska-mutilek taldeka egiten dutena. Inor animatzen bada, badakizue…

Uda ona pasa!