Baloreen balioa edo nola kudeatu erredundantzia hizkuntzaren garapenari begira

Igone Zabala Unzalu

Denok dakigun bezala, euskararen estandarizazio prozesuaren une honetan, protagonismo berezia du hiztegiaren estandarizazioak. Euskal hiztegiaren estandarizazioaren erreferentzia-ardatza den Hiztegi Batua (HB) garapenean dagoen bukatu gabeko baliabide lexikografikoa da. Hori dela eta, ez da harritzekoa erabiltzaileok HBn hartutako erabaki batetik abiatuta zenbait ondorio atera eta praktikan jartzea, kodifikatu gabe dauden hurbileko hitz edo adiera batzuk erabiltzerakoan. Zenbaitetan, ordea, gure aurreikuspenek talka egiten dute Euskaltzaindiak geroago hartutako beste erabaki batekin. Horrelako zerbait gertatu zait niri balore eta balio hiztegi-sarrerekin.

HBn ondoko informazio hau ageri da hizpide ditugun bi sarreretan:

balore 1 iz. Lgart. h. adore; kemen
balore
2 iz. Ekon. balore-burtsa.
balio
     baliozko

Bestalde, balio izenarekin lotutako beste sarrera batzuk ageri dira HBn: balioaniztun, baliodun, balioetsi, baliogabe, baliogabetu, balio izan, baliokide, baliokidetasun, baliokidetu, baliokidetza, baliokidetze, guztien oinarrian dagoen balio izenaren esanahia sendotzen laguntzen digutenak.

HBn balio eta balore sarreretan ageri den informazioak eraman ninduen ulertzera, batetik, aldagaiaren balioa eta ez #aldagaiaren balorea zela estandarrerako araua eta, bestetik, balio handiko pertsonabalore handiko pertsona = pertsona kementsua bereizketa sustatu nahi zela HBn. Bestalde, nire intuizio linguistikoak eraman ninduen pentsatzera Ekonomian burtsako baloreak terminoa jasotzen zen bezala, ulertu behar zela balore etiko, balore demokratiko edota balore unibertsal bezalako konbinazioak, jasota ez egonagatik ere, estandarrak zirela. Izan ere, begi-bistakoa zen niretzat diskurtso-egoera jakin batean bi esanahi bereizteko beharra, edo nahia behintzat, izan genezakeela. Esate baterako, Berdintasuna balio handiko balore unibertsala da moduko esaldi bat erraz asko aurki genezake diskurtsoan. Gainera, hiztegiren batean ere, Elhuyarren 1996ko argitalpenetan, esate baterako, ikusita nituen era horretako adibideak eta definizioak balore sarreran.

Nire harridurarako, ordea, nik balore hitzaren bidez adieraziko nukeen esanahia balio sarreraren laugarren adieran aurkitu nuen Euskaltzaindiaren Hiztegian (EH), eta beste hiztegi batzuetan, adibidez, Sarasolaren Euskal Hiztegian, Zehazki hiztegian eta Elhuyarren hiztegien 2000 urtetik aurreragoko argitaraldietan.

balio 1 iz. Zerbait edo norbait aintzat hartzekoa egiten duen ezaugarria edo ezaugarri multzoa. Balio handiko, txikiko, urriko gauzak…
2. iz. (dirutan-edo neurtzen denean). Ik. prezio. Ondasun, salgai baten balioa
3. iz. (neur daitekeen tasun batez mintzatuz). Balio absolutua, erlatiboa. Batez besteko balioa…
4. iz. Pertsona batentzat edo gizarte batentzat baliotsua edo garrantzitsua den gauza, ideia edo jarrera. … Gizarteak galduak dituen balio asko ditugu, familiaren ingurukoak batez ere.

balore iz. (Lgart.) Adorea, kemena.

Aurkikuntza horrek sortu zidan egoneza lasaitu nahian, Orotariko Euskal Hiztegira (OEH) jo nuen, eta bai balio eta bai balore sarreretan aurkitu nituen goian eman dudan adibidean ageri diren bi esanahiak, alegia, EHn 1. eta 4. adierekin lotutako esanahiak: “Valor, precio (de una cosa); valor, valía (de una persona)” eta “Valor, cosa (idea, actitud, etc.) considerada valiosa, importante”.

Testuetako erabilerak aztertzea erabaki nuen orduan. Corpusetara jo eta bietariko adibideak aurkitu nituen bai balio eta bai balore lemetarako. Adibide bana emango dut Web-corpusen ataritik aterata:

1. ADIERA:

  • Irudiak erakusten duenez, modulu horrek balio maximo bat atzematen du eta ondoren gutxitu eta handitu egiten da txandaka.
  • Kasu gehienetan z-ren balioa 0,15-0,35 tartean egoten da. Balore zehatza bizidun-motaren eta habitataren araberakoa izaten da

4. ADIERA:

  • Aro honetan aldaketa afektibo sakonak, gizarte-harremanenak eta balioenak gertatzen dira, motoa beraientzat garraiobidea baino gehiago da eta ez dira abiaduraren beldur.
  • Elkartasuna askoz ere emankorragoa da materialak ez diren baloreak direnean orekaren helburua.

Bigarren adibidean ikus daitekeen bezala, egile eta testu desberdinetan ez ezik, testu bakar baten barruan ere ikus ditzakegu bi lemen arteko zalantzak. Horren adibide ona iruditu zitzaidan Eneko Barberenak duela aste pare bat erabili.com-en idatzitako “Hizkuntzaren balioez” artikuluan irakurri nuen paragrafo hau:

…azpi-mailatua den hizkuntza batean ez ei da komeni hizkuntza balio batzuei hertsiki lotzea, hori azpi-mailatua dena gehiago azpi-mailatzea litzatekeelako. Hizkuntza “handiek” ez ei dute balore atxekiturik, balore ezberdindun pertsona askoren topaleku dira hizkuntzok. Horrenbestez, hizkuntza feminismoari, anti-kapitasmoari edota AHTren aurkako borrokari (berdin erlijio katolikoari, “legezarrari” edo moral jakin bati) lotzea arriskutsua da hizkuntzarentzat, at uzten duzun biztanle kopuruagatik (balio horiekin bat egiten ez dutenak) eta bestetik balio horiek gehiegi lehenetsiz gero, izan litekeelako hizkuntza bigarren plano batean geratzen joatea progresiboki.

OEHko eta corpusetako informazioak erakusten digute hizpide ditugun bi izen horiek nonbait erredundanteak (izan) direla aztertzen ari garen bi adieretarako: zenbait adieratarako polisemia bera partekatzen duten sinonimoak (izan) dira erabilera oro har kontuan hartzen badugu. Pentsa liteke, beraz, erredundantzia murriztea izan dela Euskaltzaindiaren helburua polisemia balio izenera mugatu eta balore sarrera esanahiez hustu duenean. Nolanahi ere, nire iritziz, aberasgarriagoa zatekeen euskara baturako erabileran ikus daitekeen bestelako joera bereizleago bati erreparatzea.

Izan ere, hizkuntzen joera naturala da erredundanteak diren baliabideei balio semantiko-pragmatiko bereiziak ematen joatea. Ildo horretatik, Web-corpusen atarian, erabilera asistematikoa erakusten duten adibideak ez ezik, badira baita balore eta balio lemen arteko bereizketa semantikoa agerian uzten duten adibideak ere.

  • Horrelako gaiekin hemen lotsatiagoak gara, zenbait balorek balio handiagoa dute, gutxienez kanpora begira.
  • Ama-hizkuntzaren irakaskuntza berez da balore garrantzitsua, balio linguistikoaz gain, norberaren adimenaren garapenerako ere, baita familiarekin eta etorkinen komunitateekin loturak mantentzeko ere.
  • Ildo honetan diharduen komunitatearen helburua osasuna balio handiko balore gisa sustatzea da, bere inguruko ongizate fisiko eta psikikorako osasungarriak diren bizimodu eta ohiturak sustatuz.
  • Lerdoak baino ez ditu gauzen balioa eta baloreak nahasten.

EHrako aukeratutako kodifikazio modua hizkuntzaren garapenari begira atzerakoitzat joko nuke nik, zeren eta, euskarari diskurtsoaren eraikuntzarako jokoa ematen dion bereizketari lagundu beharrean, balio sarreraren polisemiari eutsi eta bi hiztegi-sarrera izateak ahalbidetzen dituen bereizketa semantiko-pragmatiko aberasgarriak oztopatzen baititu.

6 Replies to “Baloreen balioa edo nola kudeatu erredundantzia hizkuntzaren garapenari begira”

  1. Erabat ados. Eta espero dut bideren bat aurkituko duzula hausnarketa hau Hiztegi Batuaren arduradunei helarazteko.

    Atsegin dut

  2. “Lerdoak baino ez ditu gauzen balioa eta baloreak nahasten.”

    Ez dakit ba, adibide hori zertara datorren. Dotorea behintzat ez da. Edo ni naiz sentibera jarri dena?

    Nire iritzia emate aldera: uste dut kontu honekin zenbait gauza, guztiz desberdinak, nahasten ditugula. Bata, nola egin behar den hiztegi bat (edozein), beste bat, nola egin behar d(it)uen Euskaltzaindiak bere hiztegia(k), beste bat, nola hitz egin behar dugun euskaraz eta ondo hitz egin nahi badugu, beste bat, zeintzuk diren kalko “onak” eta zeintzuk “txarrak” (esango nuke balio/balore bereziketa gaztelaniaren kalkoa dela… baina again oker nago, ez dut kontua aztertu, baina esango nuke ingelesez, adibidez, ez dela egiten, etab.), beste bat, ea nolako tradizioa dugun euskaraz filosofiaz hitz egiteko (eta idazteko), beste bat, ea nolako tradizioa dugun euskaraz edozertaz eztabaidatzeko inor deskalifikatu gabe… Eta abar (luzea).

    Buruz ari naiz, baina Joxe Azurmendi behin baino gehiagotan mintzatu da “balorea” eta “balioa” desberdintzen duen pentsamenduaren kontra, neuk behintza entzun izan dizkiot horrelakoak, baina ez hiztegigintzazko edo hizkuntzalaritzazko testuinguruan, filosofiako diskurtsu baten barruan baizik. Alegia, faktu hutsa da gaur egungo euskaldun guztiz gehienek bi hitzak ondo bereizten dituztela; ondo egiten dute? Ez dakit, baina hortaz hitz egin ahal izateko hitz biak erabili behar izaten dira (ditu), hain zuzen ere… Filosofia hitzen bidez egiten baita, hitzen adiera desegokia eta hizkuntzaren tranpak salatzeko egiten bada ere. Hizkuntza tranpaz beterik dago. Eta abar eta abar.

    Har dezagun kontu hau filosofiaz.

    Atsegin dut

    1. Eskerrik asko zure iruzkinagatik Pruden. Ezer baino lehenago, nik ez dut inor mindu nahi izan nire artikuluarekin eta, norbait mindu bada, barkamena eskatzen diot ezer baino lehenago. Zuri sentiberatasuna piztu dizun adibide horretan “balore” eta “balio” hitzak ez daude erabilita zentzu metalinguistikoan, eta adibide interesgarria iruditu zitzaidan, hain zuzen ere, bi kontzeptu bereizteko erabiltzen baitira bi hitz horiek.

      Bestetik, ez dakit non dagoen kalkoa “balio / balore” bereizketan, gaztelaniaz hitz bakarra erabiltzen baita bi kontzeptu horiek adierazteko. Kalkoa nonbait egonez gero, euskaraz ere, bi hitz baditugu ere, hitz bakarra erabiltzea litzateke. Ezta?

      Azkenik, zuk oso ondo esaten duzun bezala, hona ekarri duzun Joxe Azurmendiren eztabaida posible egiten duena da, hain zuzen ere, euskal pentsalari batzuek bi hitz horiek bi kontzeptu desberdinekin lotzea.

      Atsegin dut

  3. Eskertzen dizut oharra, Igone.

    Gaia biziki interesatzen zait, baina hain juxtu ere ez hizkuntzalaritzaren edo hiztegigintzaren aldetik, filosofiatik baizik. Hori dela dela behar bada zeure eta neure iritzien artean, besteak beste, badago ere ikuspuntu desberdintasun handi bat. Eta ez dakit hau lekurik egokiena den horretaz aritzeko.

    Baina hitzaren (euskarazko) egokitasunaren aldetik ere zerbait esango nuke, agian hurrengo batean lasaiago. Momentuz, hiipotesi bat: uste dut “balorea” dela gaztelania-jakin-gabe-euskaldun-batek-ulertu-ezin-duen hitz tipiko horietako bat, zentzu horretan (ere) esaten nuen dela gaztelaniaren kalko bat (agian “kalko” baino “barbarismo” edo “mailegu desegoki” esan beharko nuen). Beharbada hori kontuan hartzea muntazkoa izan daiteke auzi honetan. Dena den, ez dut inongo asmorik zurekin (oro har, inorekin) hiztegintzaz, corpusen erabilerez eta abarrez polemizatzeko. Ez da nire arloa. Ohar hau ere argibide huts gisa ematen dizut, ez polemizatzeko asmoz.

    Azken galdera bat, dena den, probokazio (txiki) gisa-edo: nola itzuli beharko litzeteke euskarara Espainian proberbiala bihurtu den esaera hau: “El valor de los valores”? Posible da esaera hori ulertzea Espainaiko (gaur egungo) kultura eta mundu sinbolikoaren berri zehatza izan gabe?

    Azken hori ere polemika asmorik gabe diot, gaiaren askotarikotasuna nabarmentzearren, besterik ez.

    Atsegin dut

    1. Ezer baino lehenago, ez Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan, ez eta Euskaltzaindiaren Hiztegian “balore” hitza ez da hartzen “mailegu desegokitzat”, bietan jasotzen baita hitz hori. Kontua da Euskaltzaindiaren Hiztegian, esanahiak esleitzeko orduan, esanahi bakarra jasotzen dela hitz horretarako.

      Bukaera aldera egiten dizkidazun galderak, ez dakit galdera erretorikoak diren edo niri zuzendutako galderak diren. Lehen galdera da nola itzuli beharko litzatekeen “El valor de los valores” esaldia. Eta hau litzateke erantzuna:
      HIZTEGI BATUAREN ERABAKIAREN AURRETIK HAINBAT MODUTARA ITZUL LITEKE ESALDIA
      – Baloreen balioa
      – Balioen balioa
      – Balioen balorea
      – Baloreen balioa
      HIZTEGI BATUAREN ERABAKIAREN ONDOREN (HBren erabakia beteta)
      – Baloreen balioa
      – Balioen balioa
      EUSKALTZAINDIAREN HIZTEGIAREN ONDOREN
      – Balioen balioa (Araua hertsiki beteta)
      – Baloreen balioa (Bakarrik arauaren aurrean insumiso jokatuz)

      Uste dut garbi geratu dela artikuluan nire ikuspegia dela azken itzulpena litzatekeela zehatzena euskaraz, eta ez litzatekeela mugatu beharko hori egiteko aukera.

      Egiten didazun azken galdera dela eta (Posible da esaera hori ulertzea Espainiako (gaur egungo) kultura eta mundu sinbolikoaren berri zehatza izan gabe? ), ez dakit oso ondo zer esan. Espainiako kulturan murgilduta bizi garenez, bai aipatu duzun gaztelaniazko esaldia eta bai goian eman ditudan itzulpen guztiak uler ditzakegula uste dut nik.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina