Eztabaida faltsuaren osteko nahasmendua

Eider Beobide Urkizar

Duela bi larunbat Oiartzunen izan nintzen, Hitzen Lihoa ekimenaren Herri kultura vs. kultura garaikidea: eztabaida faltsua? izeneko solasaldi mamitsuan. Izenak aditzera eman dezakeen moduan, ertz askoko poliedro batez aritu ginen, gai korapilatsu asko eta ikuspegiz betetako iritzi pila. Solasaldi kolektibo horretan hiru ordu eta erdiz aritu ginen kulturaz, arteaz, ezkerraz, abangoardiaz eta kulturgintzaz. Zaildu zitzaizkigun definizio hertsiak eta nahastu popular, klasiko, herrikoi, tradizional, komunitario, kolektibo eta herri kultura hitzak. Erabakiekin baino galdera gehiagorekin iritsi nintzen bueltan etxera, nahiz eta gai ugari sakon ukitu izan.

Asko ginen bertaratutakoak eta puntu ezberdinetatik gentozela iruditu niri: baziren kulturgile deiturikoak, musikariak, artista plastikoak eta ez-plastikoak, programatzaileak, grafiteroak, aktore eta zuzendariak, bertsolariak, kultura zinegotziak, argitaletxeetako editoreak, gurasoak, kuriosoak. Itzultzaile bakarra nintzela pentsatzeari uko egin nahi izan nion. Hizlariak arteaz bizitzeko “apustuari” buruz eta artea dinamika kapitalistetan ulertzeaz aritu ziren. Artisten prekarietatea aipatu zuten, baita askatasun artistikoa zenbateraino murrizten duen profesionaltasunak ere. Orokorrean arteaz ari baziren ere, itzulpengintzarekiko loturak ezin nituen saihestu.

Sortu zitzaizkidan lehen zalantzak: Itzulpengintza ere kontsidera liteke artea? Kultura behintzat bai, ezta? Hizlarietako batek militantziaz hitz egin bezain pronto lotu nuen itzulpena horrekin ere. Kasu batzuetan, dudarik gabe. Beste batzuetan… zalantzak. Nik neuk ere mila buelta eman dizkiot soldatapeko lanaren dinamikaren arazoari: noiz ari naiz ni erabakitzen (askatasun artistikoz edo zentzu politikoz) eta noiz da biziraupena? Lehen kasu horretan kobratzeak askatasuna edo zentzua kentzen dio erabakiari? Nola hartu erabaki zintzoak merkantilizazioan guztiz sartuta egonik? Ez da erraza itzultzaile autonomo izatea, eta ondo dakigu hori askok. Ez da erraza tarifak ezartzea, zer nola kobratu jakitea eta enkargu benetan ezberdin eta erakargarriei ezezkoa edo baiezkoa ematea. Profesionaltasuna autonomo edo soldatapeko izatearekin lotu ohi dugu, baina kulturari (militantziaz edo sinesmenez) eskainitako itzulpena ezin da profesionaltasunetik ulertu? Posible da hemen kulturari eskainitako itzultzailea izatea eta irautea? Itzulpen “kulturalak” —nolanahi dela ere hori— beste lanekin tartekatzea desprofesionalizatzea da, edo horiek kobratzea despolitizazioa izan daiteke? Zerk egiten zaitu profesional, zerbait argitaratzeak, Euskadi Sarietarako hautatua izateak, irabazteak, jendeak zu hala ikusteak eta onartzeak?

Itzultzaile autonomo izateari utzi nion duela hilabete gutxi, baina jarraitzen dut literatura itzultzen, poesia enkarguak hartzen, interpretazioren bat egiten edo sinesten dudan ekimen politikoetarako testuak itzultzen, besteak beste, ez bereziki diruaren truke, ez bereziki diruagatik. Kudeatzaile eta itzultzaile nabil orain enpresa batean eta beste aldetik ezagutu dut mundu hau; lana itxaron eta jasotzetik lana nori bidali erabakitzera igaro naiz. Ez da erraza eta ez dut ongi konprenitzen txanponaren beste aldea, ulertzen baititut kanpotik egon daitezkeen zalantzak eta ezinegonak eta saiatzen bainaiz ez errepikatzen lehendik ikusi eta jasandako botere harremanen dinamikak.

Gustatzen zait hala ere iparra ez galtzea eta zergatik itzultzen dudan gogoraraztea neure buruari. Horretarako balio didate halako larunbatek, kulturarekiko loturaz baliatu eta helburuak zein ditudan oroitzeko. Gustatuko litzaidake pentsatzea kulturaren eta literaturaren utopia ez dela desagertu. Gustatuko litzaidake espazio publikoaren benetako erabilera publikoa egotea; liburutegirako sarrera edonork eta edonoiz izatea, esaterako. Etxe baterako aukera den-denok izan ostean behintzat. Gustatuko litzaidake kritikotasuna sustatzeko lekuak edukitzea, erakundeetan ikusi ohi dugun burokrazia dinamika larri samarra baita langile klasearen aurka eta horren kontra antolatzeko espazio politiko, autonomo, militante eta autogestionatuen beharra ezinbestekoa baitugu kultura bultzatzeko helbururik badugu. Izugarri pozten nau adibidez azken urteetan irakurle taldeek gaztetxeen defentsa egin izana, antolakuntzaz eta hilabetero haietan kultura egin eta literatura kritikarako elkartzen dira eta. Zuek bai kulturgileak zuek!

Solasaldiak hausnarketarako tartea eskaini zidan eta kritikotasunari buruz ere badago zer esateko. Monsieur Lecrêpe raperoak badu abesti bikain batean zutabe gogor bat: «Eszena honek hemen barruan hesteetako mina jartzen dit, euskaraz egin dena ez dago eta kritikatzerik». Ezer gutxi gehitu dezaket nik. Kulturari buruz hausnartzeko larunbateko moduko ekimenak halabeharrezkoak direla esanez amaitu nahiko nuke, eta azpimarratuz itzulpengintzari buruz ere asko dugula pentsatu, elkarbanatu eta kritikatzeko; segi dezagun, beraz, hemen idazten, partekatzen eta ekimenak bultzatzen, kritikotasuna sustatzea kulturaren eta langileon garapen kolektiborako tresna baita.

Utzi erantzun bat