Hizkuntza jokoan

Jaime Altuna Ramírez

Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, milaka lagun jo eta ke ari dira GTA bideojokoan. ‘Grand Theft Auto VI’ jokoak mundu osoan piztu du ikusmina handia eta gurean ere ez dira gutxi auto lapurreta handiaren unibertsoan murgilduta daudenak. Baina beste baterako utziko dugu bideojokoen gaia, gaurkoan beste joko esparru bati buruz hitz egin nahi dudalako: kirolaz.

Duela hiru aste Universitat Oberta de Catalunyak antolatutako “Joves, esports i llengua” jardunaldian izan nintzen Jone Miren Hernandez antropologoarekin batera. Euskal Herrian 2016tik garatu ditugun D ereduko kirola, Euskara Kirolkide eta Hizkuntza eta genero olatuak eraldaketaren bidean ikerketa-ekintzako proiektuen emaitza nagusiak aurkezteaz gain, une honetan Katalunian kirol arloan egiten ari direnak jasotzeko aukera izan genuen. Hizkuntza gutxituak kirolean lantzeko gako interesgarri asko aipatu ziren, baina nire apunte koadernoan bi kontu azpimarratu nituen. Eremu honetan askotan errepikatzen diren bi ideia dira eta, okerrak izan gabe ere, Bartzelonako jardunaldian argi geratu zen ñabardura batzuk egin behar zaizkiela.

Lehen ideiak hizkuntza gutxituen sustapena eta entrenatzaileak uztartzen ditu. Kirol arloko hizkuntza plangintzetan aplikatu izan den premisa nagusi batek entrenatzaileen zentralitatea azpimarratzen du. Baina egin diren ikerketetan ondorioztatu da figura horren egoera nahikoa prekarioa dela. Borondatezko lanean oinarritzen den zeregina izateaz gain, gazte entrenatzaile gehienek duten (hizkuntza) formazioa eta dituzten (hizkuntza) baldintzak ez dira egokienak eta, gainera, kirol klubek lan handia egin behar izaten dute entrenatzaileak topatzen. Argi dago, beraz, ahul samarra dela horrelako baldintzetan daudenengan euskara sustatzeko estrategiaren pisua jartzea eta entrenatzaileak erreferente linguistiko gisa aritu ahal izateko klub eta kirol mailako egiturazko antolaketa sendoa osatu behar dela.

Bigarren ideia hizkuntza teknikoarekin lotuta dago. Kirolariekin aritu izan garenean maiz aipatu izan diguten kontua da: zaila da entrenamenduetan edo partidetan euskaraz aritzea kirol disziplina horretan erabiltzen den terminologia euskaraz ez dagoelako. Baina Euskal Herrian egin ditugun azterketa etnografikoetan ondorioztatu dugun moduan, Katalunian ere kirolean hizkera teknikoaz gain bestelako hizkuntza-baliabide batzuk mobilizatzen direla argi ikusi ahal izan dute. Hauek azpimarratu zituen Maite Puigdevall soziolinguistak: emozionalitatez betetako adierazpenak (haserrea, tristura, alaitasuna, urduritasuna…), gorputz-jardueraren kudeaketari zuzendutako azalpenak eta helburu nagusia konplizitatea eta gizarte-loturak sortzea duen hizkera.

Bartzelonatik bueltan, 2022an amaitu zen Euskara Kirolkide ikerketaren ondorioak errepasatu nituen. Besteak beste, kirol klubetan euskara potentzialitate handiko eragile ahula dela idatzi genuen:

Potentzialitate handia du kluben errealitatean eta euren testuinguruan presentzia handia duelako eta jada hainbat kirol dinamiketan txertatuta dagoelako. Kluben historian ez ezik, kluben orainaldian ere kokatuta dagoelako; kezka eta interesa pizten dituelako; kluben hobekuntza-prozesuetan euskara txertatzeko ahaleginak egiten ari direlako. Potentzialitatea haur, nerabe eta gazte euskaldunekin lanean ari direlako jada. Halere, egoera ahula du euskarak gaur egun kirolean eta kirol klubetan. (…) Ahula, askotan behin-behinekotasunak definitzen duelako bere presentzia; ahula, askotan borondatearen (edota pertsona jakinen jarreraren) baitan geratzen delako bere erabilera. Ahula, izaera sinbolikotik harago joatea zaila delako. Eta ahula, oraindik ez delako argi antzematen zein den kirolaren papera euskararen biziberritze-prozesuan (Euskara Kirolkide)

Hamar urte joan dira Udaltop topaketan “Nork eta zer egin genezake gazteen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko?” galdera luzatu zenetik. Gerora, ikerketa gutxi batzuk, zenbait plangintza eta bestelako ekimenak egin dira, baina oso isolatuak eta jarraipen handirik gabekoak izan dira. Jauzia Gara estrategiaren aurkezpenean Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen kirol-klubetan euskararen presentzia indartzeko ekimen berriak garatuko dituela. Zehaztapen gehiagorik ez dugunez, itxaron egin beharko da, baina argi dago kirol esparru osoan (ez haur eta gazteen eremuan soilik) egiturazko hizkuntza-plangintza sendoa garatzea beharrezkoa dela: kirol agente eta hiztunen beharrak oinarrian hartuko duen programa bat, corpus linguistiko zabala landuko duena, lege-araudi sendoa edukiko duena, baliabidez ondo hornitua egongo dena eta Euskal Herri osorako izango dena. Estadio handietan Txoriak txori abestea edo Kortabarria eta Iribarren irudi ikonikoa gogoratzeko asteburu bateko kirol jarduera guztietan ikurrina astintzea baino, euskaraz jokatu ahal izateko zerbait gehiago egin beharko dugulako.

Utzi erantzun bat