Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate

Isabel Etxeberria Ramírez

Gero eta gehiago, gero eta gehiagotan. Etxean afaltzen ari garela, edo kalean nonbaiterako bidean oinez goazela, beren intereseko zerbaitez hitz eta pitz ari zaizkidanean, gaztelaniaz hitz egiten didate semeek. Harridura eta kezka sortzen dit horrek, baita lotsa ere, batez ere etxeko intimitatetik kanpo jendaurrean eta lekukoak ditugula gertatzen denean. Eta konturatu naiz zenbait estrategia garatu ditudala inkontzienteki, eta ikusten badut, adibidez, semeetako bat zerbait gaztelaniaz kontatzen ari zaidan bitartean espaloian aurrerago halako datorrela, hizpide duen gaiari buruzko galderaren bat egingo diot semeari —euskaraz, noski—, dena delako herrikidearekin gurutzatu behar dugun momentuan nire euskarazko jarduna izan dadin entzuten duena, edo semea une horretantxe euskaraz erantzutera bultzatuko dudan esperantzan.

Ez da broma. Seme nagusiak 13 urte ditu; txikiak, 8. Txikiagoak zirenean hizkuntza-banaketa bitxia egiten zuten jolasean ari zirenean, niri garai hartan (inuzente halakoa!) barregarria egiten zitzaidana. Demagun:

A: Ni pirata bat nintzen eta zu lapurra, eta altxorra lapurtu nahi zenidan.
B. Bale. Dime dónde está el tesoro!
A: Nuncaaaaaa!
B: Eta orduan nik ezpata magiko bat ateratzen nuen. Dime dónde está el tesoro o te daré con mi espada mágica.
A: Eta orduan nik nire lagun dragoiari deitzen nion. Dragón, ayúdame! Tenemos que quitarle la espada!

Banaketa argia da: narratzailearen ahotsa, argibideak, hizkuntzaren erabilera instrumentala, euskaraz; edukia, fikzioa, hizkuntzaren erabilera estetikoa, gaztelaniaz. Hau da, funtzionatzeko, euskara erabiltzen zuten. Baina adierazkortasuna bilatzen zutenean, gaztelaniara jotzen zuten. Zergatik? Garai hartan beren fantasiak eta asmakizunak elikatzen zituzten ereduak gaztelaniaz jasotzen zituztelako nagusiki, marrazki bizidunen, filmen eta bestelako bideoen bitartez. Haien begietara, piratak, lapurrak, dragoiak, superheroiak eta dinosauroak gaztelaniaz mintzo ziren.

Bada, semeak koskortzen ari dira, eta haien interesak (zaharrenarenak batez ere) gero eta lotuago daude ikus-entzunezkoetara: telesailak, bideojokoak, streamerrak, youtube shorts, tik-tokeko bideoak… Gaur egun haien artean eta gurekin dituzten elkarrizketak eduki horiei buruzkoak izaten dira neurri handi batean, horixe baita haientzat une honetan, guk nahi ala nahi ez, haien bizitzetako atal garrantzitsu bat. Hala, bada, seme nagusiak ilusio handiz bideojoko batean maila goragoko bat nola lortu duen esplikatzen didanean, gaztelaniaz azaltzen dit. Eta seme txikiak bere gustuko telesail batean pertsonaia batek beste bati egin dion zirtoa barre-algaraka errepikatzen didanean, gaztelaniaz kontatzen dit. (Eta hau esanda, zera bururatu zait: gure seme txikiarentzat umorearen eta adierazkortasunaren eredu nagusietako bat estatubatuar gidoigile batek ingelesez pentsatu eta beste norbaitek gaztelaniara itzulitako txisteak eta hitz-jokoak direla. Marka da, gero!).

Haien arteko elkarrizketek ere txikiagoak zireneko haiek gogorarazten dizkidate neurri batean, baina gazteleraren pisua are handiagoa da orain. Adibidez:

A: Badakizu egin ahal duzula una máquina para teletransportarte a tu casa cuando quieras?
B: Bai. Baina kalkulu hori egiten duzu eta izango zen super zaila.
A: Bai, baina nola egiten duzu la máquina?
B: Ez dakit.
A: Nola egin ahal duzun con arena de almas y agua un ascensor…?
B: Bai.
A: Ba jartzen duzu un ascensor de esos. Lurrean. Tiras un ender pearl y el ascensor sube el ender pearl, y se queda arriba y no se choca con nada. Pones al lado un pistón y una palanca. Imagínate que estoy super lejos. Le digo a X: X, por favor, teletranspórtame. Le da a la palanca, entonces el pistón se abre, toca la ender pearl y yo me teletransporto ahí. Ulertzen duzu?
B: Bai.

Hau da errealitatea, lagunok. «Hau da gure etxeko errealitatea» esan beharko nuke agian, baina egingo nuke inguruan adin bertsuko haur eta gaztetxoak dituzuenoi ez zaizuela arrotza egingo erretratua.

Inoiz zaharrenari ohartarazi izan diodanean («konturatzen al zara bost minutu daramazula niri gaztelaniaz hitz egiten?»), gaztelaniazko zerbait kontatzen ari zitzaidala erantzun dit. Eta ondoren: «Ni ez naiz itzultzailea, ama». Hori da, nire ustez, kontua: ez dutela zertan itzultzen aritu, beste hizkuntza batzuetako gaztetxoak aritzen ez diren bezala. Euskarara itzulita (edo euskaraz sortuta) jaso beharko lukete dena, baina erdarara itzulita (edo erdaraz sortuta) jasotzen dute gehiena. Haientzat inportanteak diren erreferenteak erdaraz iristen zaizkie.

Batek pentsa lezake halako edukiei buruz hizketan ari direnean bakarrik jotzen dutela erdarara. Baina konturatuta nago azken aldi honetan bideojoko eta telesailetatik kanpoko kontu pertsonalez ari direnean ere gaztelaniara pasatzen direla batzuetan. Eta etxe barruko erabileraz ari naiz; guri —guri!— erdaraz hitz egiteaz. Bestea, kalekoa, lagunen artean erdaraz aritzearena, galdutako borrokatzat jotzen dut aspalditik. Bada, dena delako kontakizuna emozioz jantzi nahi dutenean —etxeko lanengatik purrustadaka ari direnean, adibidez, edo eskolan ikaskideren bati gertatuko injustizia batez…— gaztelania erabiltzen dute tarteka. Beren diskurtsoa indartzeko gainantzezten dutenean, alegia, euskara motz-edo geratzen zaie, eta gaztelaniara jo behar izaten dute adierazkortasun bila.

Baten bati zalantza piztu balitzaio ere… Gure semeek gero eta gaztelania gehiago erabiltzeak ez du zerikusirik euskararen zailtasunarekin. Gure semeek lasai asko esan dezakete diezazuket, eta ez dute batere arazorik erlatibozkoak erabiltzeko. Gakoa beste bat da hemen: interesgarriak zaizkien eta erreproduzitu nahiko lituzketen edukiak eta hizketa moldeak erdaraz jasotzen dituzte.

8 Replies to “Semeek gaztelaniaz hitz egiten didate”

  1. Eskerrik asko, Isabel, gaia ateratzeagatik eta horren inguruan hitz egiterakoan erakutsitako zintzotasunagatik.
    Aitortu behar dut, bereziki sutzen nauen gaia da, eta nahiz eta neure buruari behin eta berriz esan “tira, lasai, aitortu behar duzu zure seme-alabek beste biografia linguistiko bat izango dutela”, hala ere, oso gogorra egiten zait errealitate hori.
    Nireak ez dira oraindik hasi, baina hori ere iritsiko da.
    Zer gertatu da edo ari da gertatzen? Erantzuna konplexua da, faktore askotarikoa. Hala ere, zure artikulua irakurtzeak zer pentsa eman dit.
    Nik neuk ere telebista ikusi nuen txikitan (asko!). Bai, egia da, euskaraz ikusten nituen marrazki gehienak, baina batzuk gaztelaniaz ere bai, eta, aurrerago, gauza asko ikusten/irakurtzen genituen gaztelaniaz. Hala ere, gazte garaian ez genuen gaztelaniara saltorik egin (jakina, modu batera edo bestera gaztelaniaren interferentzia egon da).
    Iruditzen zait euskaldun kontzientziaren lanketa asko apaldu dela, baita eskoletan ere. Gaur egun, “askatasuna” bultzatzen da, “ezin da behartu”. Gertatzen dena da, batzuen askatasuna besteenaren kontra doala.
    Ez nuke auzia “gatazka” gisa planteatu nahi, baina uste dut gure gazteei ere argi utzi behar zaiela, hizkuntza dominatuen kasuan, ez ezer egitea kontra egitea dela.
    Eta, gaur egun, munduko edozein tokitan bezala, hainbeste hizkuntzak inguratuta egonik, denok gara, ezinbestean, itzultzaile.

    Atsegin dut

  2. «Ni ez naiz itzultzailea, ama», eta zu (ama) al zara itzultzailea? Beraz, galdera horrekin erantzun behar diozu. Hark itzultzen ez badu, zeuk itzuli behar duzu. Zure etxean, zeuk ezartzen duzu erabili behar den hizkuntza. Semeek jaitsiarazi behar ote gaituzte espaloitik?

    Atsegin dut

  3. Ederra alea, Isabel. Eta oso eskertzekoa azken paragrafokoa, hainbeste errazte-makina ari zaizkigunean erratza pasatu nahian…

    Atsegin dut

  4. Aurreko belaunaldiei ere gertatu zaie hori: Saizarbitoriak askotan aipatzen du aitak “euskaraz!” oihukatu egiten ziela, familian erdaraz ari zirenean. Kike Amonarrizi ere noizbait entzun diot nolakoa zen bere garaian gazteen arteko giroa (erdaraz, noski), non eta Tolosan. Kontzientzia linguistikoa, esango nuke, beranduago garatzen dela eta, gure gizarte gero eta infantilizatuagoan, esango nuke aurreko belaunaldiekin baino beranduagora arte itxaron beharko dugula kontzientzia linguistiko hori garatzen ikusteko. Baina, beharbada, familietan ere hasi beharko dugu kontzientzia hori ureztatzen, noizbait erroak aterako baditu. Nola? Bakoitzak ikusiko. Baina “askatasuna” eta “ezin behartu” horiek badakizu zer ondorio dakarten oihanean: lehoiei eta gazelei askatasuna ematen bazaie eta “obligaziorik” (lehoia, ez ezazu jan gazela) ipintzen ez, gazelarenak egingo du.

    Atsegin dut

  5. Akaso (eta soil-soilik “akaso”), minecraft euskeraz erabiltzeak eta horren gainean berba egiteak lagundu ahal die bideo-joko eta hizkuntzez hausnarraldiren bat egiteko. Eurok zelan direan merkatuak bideratuak. Txikitan supermerkatuetako kutxetan karameluak eta txokolateak erosi nahi izatera bideratuak ziren antzera.
    Gure etxean horrelako frikikeriak egin ditugu eta lagun talde handiak egieteko ez, baina horren gaineko gutxieneko diskurtsutxu bat sendotzeko balio izan die..

    Atsegin dut

  6. Eskerrik asko Isabel, nik 40 urte ditut Bizkaitarra naiz eta nere inguruan hilobekin antzeman dut arazo hori. Ni euskaraz zuzentzen naiz beti baina beraien erantzuna beti edo ia beti erderaz izaten da. Zein da arrazoia? Hasteko, erdara da hedabideetan (bereziki interneten) nagusiki erabiltzen den hizkuntza… Nire garaian txikitan telebista genuen erreferente nagusietako bat etb1 zen baina gaur egun Netflix, Disney+ eta gainerako plataforma digitalak nagusitu dira (eskerrak gutxienez Primeran plataforma sortu duten) denak erderaz. Hau nola konpondu? Egia esan ez dakit eta oso kezkatuta nago honen inguruan… Funtsezkoa iruditzen zait, seme-alabei, hilobei … Euskara erabiltzeko arrazoiak ematea, erakargarria bihurtzea. Ze konponbide aurkitu genezake bestelak?
    Gutxitan idazten dut Euskaraz beraz barkatu egin ditudan akatsengatik.

    Atsegin dut

  7. Emakumea, argi dago zergatik geratzen zaizun: “Zergatik? Garai hartan beren fantasiak eta asmakizunak elikatzen zituzten ereduak gaztelaniaz jasotzen zituztelako nagusiki, marrazki bizidunen, filmen eta bestelako bideoen bitartez. Haien begietara, piratak, lapurrak, dragoiak, superheroiak eta dinosauroak gaztelaniaz mintzo ziren.” Nik hori saihesteko neurriak hartu nituen, besteak beste, eta sekula ez didate seme-alabek erderaz hitz egin, sekula ere ez.

    Atsegin dut

  8. Berandu nator, bai, baina ezin diot eutsi erantzuteko tentazioari. Izan ere, oso interesgarria iruditu zait zure artikulua, Isabel. Eta, egia esan, inguruan (gure alabaren ikastolan, batez ere) egunero-egunero ikusten dudan egoera deskribatu duzu, hau da: guraso euskaldunak seme-alabekin erdaraz egiten, nahiz eta seme-alabak ere euskaldunak izan, noski; gurasoetako bat erdalduna duten familietan, zer esanik ez (honen haritik, adierazgarriak dira euskararen bilakaera soziolinguistikoari buruzko analisietan ageri diren emaitzak).
    Aitor dut, hasieran kosta egiten zitzaidan halako egoerak ulertzea, baina ohartu naiz gero eta orokorragoak direla. Hortaz, gure kasua esplikatzen ahaleginduko naiz, apaltasunez, inori leziorik emateko inongo asmorik gabe: gure neskatoak 7 urte dauzka, eta, txikitatik, euskaraz egin diogu, hau da, euskaraz bakarrik, naturaltasunez, ezer planifikatu beharrik izan gabe, horixe baitugu gure eguneroko hizkuntza. Gure alaba, beraz, euskalduna da, euskaldun elebakarra, alegia, eta, hala izaten jarraitzen du, nahiz eta gure ingurua erabat erdalduna izan (halakoa da familia, neurri batean, eta bizilekua, EAEko hirigune erdaldunenean bizi baikara). Horixe lehen pausoa, beraz. Halakoa al da zuen etxeko hizkuntza-egoera, Isabel? Barkatu ausarkeria, baina ez dut uste.
    Horrekin, dena esanda legoke, nire ustez, baina, badaezpada, jarraituko dut gure egoera linguistikoaren xehetasunak aletzen: gure alabaren hizkuntza eta gurea kontuan hartuta, aisialdian euskarazko ikastaro, ekintza, ikuskizun eta emanaldietara joan izan gara beti, eta hori ere hautu natural-naturala izan da, baina ez, inola ere, hautu erraza (bide batez, esan beharra daukat sekula ez dudala ulertuko nola den posible gure erakunde publikoek diru publikoz programatzea aisialdiko erdarazko ekintza eta emanaldiak, haien helburu baldin bada, edo hala diote behintzat, euskararen biziberritzea; imajinatzen al duzue halakorik Katalunian?). Tira, esan bezala, gure hautu hori ez da erraza izan, korrontearen kontra igerian aritu behar izan baitugu gure hiri erdaldunean, eta erakunde erdaltzalek gidatutako erdarazko programazio itogarrian. Hautu horrek, jakina, berekin ekarri du erdarazko zirku, magia-emanaldi, film, antzerki-lan eta abarretara joan ezina, baina, esan bezala, hautu naturala izan da, nire inguruan, nik dakidala, familia bakar batek ere egin ez duen hautua (hortik “kontuk etaa”!!!); baina, era berean, aukera eman digu erdaldunek (eta, tristeena dena, euskaldun ugarik) ezagutuko ez dituzten zenbait kultur-adierazpen ezagutzeko eta gozatzeko, hala nola Gure Zirkua, Ene Kantak, Janus Lester, Potx eta Lotx, Kidam magoa, Imanol Ituiño, ipuin-kontalari zoragarriak eta abar eta abar. Horra euskarazko erreferente zenbaiten zerrenda txiki bat. Hor dago aldea.
    Etxean, bestalde, ETB3 baino ez du ikusi nahi alabak; azken urteetan, ahalegindu gara bestelakoak eskaintzen (boing, clam eta Disney, batzuetan gaztelaniaz, beste zenbaitetan ingelesez); berak, ordea, euskarazkoa nahi, eta, alde horretatik, arazorik ez.
    Baten batek pentsatuko du hori guztia etxeko hizkuntza-plangintza zehatz baten emaitza dela, baina, benetan, ez dago halakorik.
    Azkenik, eta badaezpada norbait kezkatuta badago ere, gure alaba gero eta hobeto moldatzen da gaztelaniaz, gure harridurarako hala erakusten baitigu horretarako premia duenetan (amona, bizilagunak, dendak,…), eta, zoritxarrez, horrek azalpen bakarra du: Ikastolako jolastokiko murgiltze-eredua… erdarazkoa!!!
    Laburbilduz, niri arrotza egiten zait zuen erretratua, Isabel, erabat, baina badakit gurea dela salbuespena, eta berriz diot, kosta egiten zait hau dena ulertzea. Horregatik, bukatzeko, lerro hauetara ekarri nahi ditut soziolinguista bati oraindik orain irakurri dizkiodan hitz hauek: «kezka dut ez ote garen ari zenbait aukera alferrik galtzen».

    Atsegin dut

Utzi iruzkina