Tarzan gose! (Espainiako eskuindar baten manifestua)

Santi Leoné

Noizbait Jorge Luis Borgesek idatzi zuen –buruz ari naiz; beraz, ez dezagun arruntean baztertu aipua faltsua izatea, baina aipu apokrifoak inori egoztekotan, Borgesi egotzi behar zaizkiola iduritzen zait– seguru zela, hungarieraz ez jakin arren, hungarieraz ere espirituak behar dituen elikagai guziak aurkituko lituzkeela. Adibidea zen hungariera, bistan dena, eta haren ordez berdin paratzen ahalko zukeen suomiera edo errumaniera, konparazione. Euskara ere bai? Unearen arabera, erranen nuke nik, zeren aspaldi honetan gure elikadura burujabetzarako bidean ekarpen ezinbertzekoa egiten zuten zenbait argitaletxe –Meettok, Pasazaite, Igela– desagertu baitira. Guziak itzulpengintzari emanak, lehendabiziko bien heriotza aski isila izan da; hirugarrenak asots handiagoa atera du, euskarara Dolores Redondoren eta Toti Martinez de Lezearen testuak ekarri dituztenen eskutik etorri baita W. G. Sebald, Yukio Mishima, Natalia Ginzburg edo Ursula K. Le Guin euskaratu dituen argitaletxearen desagerpena.

Bilatzen hasiz gero, gure panorama literarioaren pobretze hori esplikatzeko hainbat arrazoi aurkitzen ahalko genituzke –errate baterako, poeta batek zera bota zuen, Euskal Herriko funtzionarioek liburuak erosteko duten zeregin historikoan huts egin dutela–; nik ez dut azalpenik, baina iduritzen zait agian ohartu garela –maiestatiko horren bidez batzuk ohartu direla erran nahi dut– elikagai anitz zakarrontzira botatzen ari garela eta horregatik, aukeran, hobe dela horrelakorik ez ekoiztea edo –Pasazaitekoen leloa gogoan: inportazioko liburuak– horrelakorik inportatzen ez segitzea. Iduritzen zait, bertze manera batean erranda, elikadura espiritualaz den bezainbatean burujabe izan nahi luketen euskaldunak aseko dituen goi mailako kultura sortzeko proiektua arrunt gutik hartu eta hartzen dutela serio gure artean. B2-ko mailatik goiti pasatzen den guziak pedante gisa seinalatua izateko arriskua du. Herriak Toti behar du euskaraz; Sebalden esaldi luzeak irakurtzeko asmo susmagarria duenak erdal itzulpenak ditu eskuar.

Aspalditik izan ditugun eztabaida eta polemika batzuek euskara estandarizatu normalizatua izan dute jomuga: letrakuntza erran izan zaio, mespretxuz, euskara batuari; euskara bastarta izen ustez glamurosoaren mozorropean euskainola aldarrikatu zuten duela ez hainbertze nork eta zenbait kazetarik non eta gure egunkari nazional bakarrean, eta ez zuten txalo guti jaso; eta orain, euskara sinplifikatzeko temarekin dabiltza batzuk jo eta su. Beti komunikazioaren izenean. Euskararen gaitasun komunikatiboa bulkatzeko aitzakian.

Literatura maite duen orok badaki hizkuntza ez dela funtzio komunikatibora murrizten, baina, bertzalde, zer nahi duzue erratea, nire ustez komunikazioa gainbaloratua dago. Gazte nintzelarik, bikotekidearekin jatetxe txinatar batera afaltzera joateko ohitura nuen. Afaria laguntzeko, bi ogi eskatzen genituen beti. Eta bi ogi eskatzen genituen aldiro, behin ere hutsik egin gabe, dos pan chino berresten zigun zerbitzariak. Komunikazioaren miraria gauzatu egiten zen, bistan dena, baina nire barneko bozak dos panes chinos xuxurlatzen zidan belarrira. Ez zitzaidan orduan bururatu, eta harrezkeroztik ez zaio nik dakidala inori bururatu gaztelaniak solas guzietan pluralaren marka paratzeko daukan joera erredundante amorragarriaren kontrako saiakerarik idaztea, ezta aditz irregularrak –quepo, cabría, cabré, cupe, cupiera– erregular bihurtzeko eskaerarik ere. Alemana sinplifikatuko dute fite? Borgesek ez zekien hungariera errazteko proiekturik bada? Ingeleseko phrasal verbs debekatzeko dekreturik ari dira inon prestatzen? Frantseseko eta katalaneko e guziak e normalera murrizteko planik inork?

Ni, Tarzan, zu Jane ere komunikazioa da, baina sentimendu erdi konplexuak dituen nornahik baliabide gehixeago beharko ditu barneko zer hori adierazteko. Baliabide gehixeago, edo bertze hizkuntza bat. Egia da eguneroko komunikaziorako –are gehiago, eguneroko komunikazio horretan, lau esalditik bi erdaraz egiten baditugu– euskara konplikatuegia dela. Euskarak hizkuntza naturala izan beharko luke antza, nahi dugun bezala mintzatzekoa eta sudurraren puntan paratzen zaigun bezala idaztekoa, betiere euskaraz idatzi nahiko bagenu. Eta idazten hasiz gero, zer nezesidade gauzak joan naiz etorri zara egin dugu baino gehiago korapilatzeko? 

Jar ditzagun aditz errazak, mundu guztiak erabiliko dituenak. Ez dut nik erran, Mikel Mendizabalek erran du, Berrian erran ere, eta harekin batera bertze intelektual batzuk etorri dira liburu batean euskararen zailtasunaren gaineko topiko zaharmindu guziak berritzera eta berrestera. Hau ere erran du: “Espainiako eskuindarra banintz, esango nuke egin behar dela euskara ahalik eta aberatsena, konplikatuena: horren alde egingo nuke”. Euskal kontserbadore berria deitu zidan behin Ameriketan dabilen izar batek; Espainiako eskuindarra naizela deskubritu dut orain.

Hiru egun pasatzen ahal ditugu ogirik gabe; poesiarik gabe, bat ere ez, idatzi zuen Baudelairek 1846ko Salonen. Ogia dioen tokian elikagaiak irakurtzen ditugun bezala, irakur dezagun literatura poesia dioen tokian. Auskalo. Gure panorama literarioa aski mehetzea eta gure hizkuntza aski sinplifikatzea erdiesten badugu –eta hala gerta dadin eginahal guziak ari da egiten hori saihesteko eginahal batzuk sikiera egin behar lituzkeen jende franko–, agian egunen batean itzarri eta zera erranen dugu, tripa-zorroa ukitzen dugularik: Tarzan gose! Baina egon gaitezen trankil, Borgesek bazekien eta ez zekien hizkuntzetan, hizkuntza serioetan alegia, beti izanen dugu zer jan eta zer edan.