Lastargiz inguratua

Estitxu Irisarri Egia

Informazioa serendipiaz iristen zaidala nioen aurreko sarreraren batean; inspiraziorako, ordea, akuilua behar dut gaur eta hainbat ikaslek ezagun duten ariketa bilakatuko dut bultzada, zenbait sare sozialetan ikusgarri dugun neskatoak bere buruari txirristan jaisteko ematen dionaren antzekoa. Zuzentzaile lanetan aurkitu eta zerrendatu ditudan hitz eta esapide batzuk dira. Ez ditut inoiz nire sorkuntzetan erabili eta gaur tartea emango diedala erabaki dut. Goazen bada, prokrastinazioa alboratu eta ezina ekinez egitera!

Herriko hiru emakumek digestiorako erabiltzen den ezamihilua saldu omen zuten gibela garbitzeko balio duen pareta-belarra zela esanez. Herritarrek maula larria zela iritzita, salatu eta epaiketa publikoa antolatu zuten herriko larrainik zabalenean. Epaimahaiaren aurrean erosleek eta saltzaileek hitz egin zuten, bakoitzak bere ikuspuntua adierazi zuen. Ezjakintasuna eta sorginkeria ziren mintzagai eta argudio nagusi; horiek ziren eztabaidaren haberik sendoenak. Epaimahaikideak: apaiza, alkatea eta herriko jauntxorik boteretsuena.

Luze joan zen kontua, herriko kide askok, guztiek ez bazuten egin, adierazi nahi izan zuten haien haserrea. Gautu eta lastagien artean akelarre itxura hartu zuen epaiketa hark. Hainbeste erretolikarekin nazkaturik, azkenean, jauntxoak mahaiari kolpe bat eman zion aski zela esanez. Epaimahaikideek alde egin zuten larrainetik. Hurrengo eguneko bandoan jakinarazi zuten maula-delituaz gain, sorginkeria ere egotzi zietela hiru emakumeei eta atxilo hartu nahi zituztela. 

Hiru emakumeak errekan kontu kontari arropa garbitzen ari ziren bitartean, koartza bat joan zitzaien herrian entzundakoak kontatzera. Ezin zuten atariko haizearen antzera hartu, maula egitea eta sorginkeria leporatu zizkieten! Horrek ez zuen urrun heriotza gartsua! Ez zuten denbora askorik bizirik jarraitzeko plana egin nahi bazuten, laster hasiko ziren haien bila herritarrak, justizia gosez eta ahoa betetzen zieten biraoz beterik. 

Erreka ondoko txabolan burusiak zituzten, identitatea ezkutatzeko buruan jarri zituzten. Arkatik gazta eta ogia hartu, soinekoen poltsikoetan gorde eta mendian gora egin zuten. Ezin zuten atsedenik hartu, ahal bezain azkarren egin behar zuten bidea eta lehenbailehen iritsi behar zuten ahalik urrunen. Egun osoa oinez igaro ondoren, gorputzak atsedena eskatu zien. Herri baten kapoaldeko kobazulo batean sartu ziren lo apur bat egiteko. Zaintza txandak antolatu zituzten guztiek ziurtasunez lo egin ahal izateko. 

Goiz eguzkitsu hartan itsasoa bare zegoen, buia antzeko batean loturik zituzten belarrekin egindako haien edabe magikoak. Haietako bat edan, balea bilakatu eta itsasoa zeharkatu zuten. Lur berrietara iritsi eta han berrekin zioten bizitza berriari. Hirurek elkarrekin, anonimotasunean. Ametsa zen, zaintzan zeudenek lo hartu zuten eta esnatu zirenean herrira bidean ziren, loturik. Ez zuten ihesbiderik. Herriko plazan lotu zituzten, zurez inguratuta. Bazekiten zer zetorren. Irakurle, baita zuk ere. Erre zituzten arren, beti pentsatzen dut erre zituzten haiek berriz datozela mundu honetara, gizateria hobetzera.  Lastargi horiek ez dira sekula itzaltzen eta gure inguruan daude. Beharbada bat zu zara.