Alfabeto silabikoaren amaiera?

Aiora Jaka Irizar

Aurreko hilabeteko artikuluan aipatzen nuen zein zaila den hizkuntza bat ikastea hizkuntza horren hiztunek inolako kontzientzia linguistikorik garatu ez badute. Ni bizi naizen herriko bi hizkuntzez ari nintzen, criaz eta inuktitutaz. Gaurkoan, kanpotarroi bi hizkuntza horiek ikastea zailtzen digun —eta, ondorioz, hizkuntza horien iraupenean hil edo biziko eragina duen— beste faktore bat aipatu nahi nuke: idazkera sistema. Azaldua dut dagoeneko blog honetako beste sarrera batean criek eta inuitek idazteko erabiltzen duten sistema silabikoa James Evans izeneko misiolari anglikano batek asmatu zuela, XIX. mendearen erdialdean, Kanadako ojibwa hizkuntza transkribatzeko. Hasiera batean alfabeto erromatarra erabili nahi izan zuen ojibwa hizkuntzako soinuak idazteko, baina hots haiek letra latindarretara ondo moldatzen ez, eta hogeita hamasei karaktereko sistema silabiko bat garatu zuen azkenean. Idazkera sistema hura berehala hedatu zen ojibwa hiztunen artean ez ezik baita Kanadako beste hizkuntza batzuetako hiztunen artean ere, eta, XIX. mendearen bigarren erdirako, bere egina zuten bai criek, baita Quebeceko inuitek ere, eta, gaur egun, horixe da cria eta inuktituta idazteko erabiltzen den sistema.

Eta hain zaila al da ba idazkera silabiko hori ikastea, artikuluaren hasieran iradoki dudan bezala? Ez horixe. Pazientzia, denbora eta motibazio pixka bat nahikoa dira inuktitutaren nahiz criaren alfabetoak ikasteko. Arazoa, beste behin ere, testuinguru soziolinguistikoa da, erabilera, baliabideak, teknologia… Idazkera silabikoak oso ondo funtzionatu du mendebete inguruz, criek eta inuitek inguruan cria eta inuktituta beste hizkuntzarik ez zutenean, irakurtzeko zeuzkaten testu ia bakarrak Bibliako pasarteak eta kantu erlijiosoak zirenean, gutunak nahiz mezu pertsonalak baizik idazten ez zituztenean.

Gaur egun, ordea, idatzizko kultura bisualak munduko txoko ia guztiak okupatu dituenean eta ingelesak munduan duen nagusitasuna eztabaidaezina denean, zenbatekoa da cria, inuktituta eta beste hizkuntza «txiki» batzuk idazteko garatutako sistema silabikoaren bizi-itxaropena?

Herri honetako cri eta inuit gehienak harro daude beren idazkera sistemaz: beren identitatearen parte da (beste behin ere, kolonizatzaileek «inposatutako» ezaugarri bat kolonizatuaren identitatearen parte garrantzitsu bilakatu da). Arazoa da, bereziki crien kasuan, hiztun gehienek ez dakitela beren hizkuntzan idazten. Eskolako irakaskuntza-hizkuntza ingelesa da adin batetik aurrera (9 urtetik aurrera, inuiten kasuan; 7 urtetik aurrera, crienean). Inuktituta eta cria atzerriko hizkuntza moduan irakasten dira, guri ikastolan ingelesa irakasten ziguten bezala. Alfabeto silabikoa irakasten da, noski, baina bigarren hezkuntza bukatzea lortzen duten ikasleak ez dira gai izaten silabikoz idatzitako liburu bat naturaltasunez irakurtzeko. Criak eta inuktitutak, beraz, ahozko hizkuntza izaten jarraitzen dute XXI. mendean. Herritar ia guztiek erabiltzen dute bata zein bestea beren eguneroko ahozko jardunean, baina, idazteko orduan, denek jotzen dute ingelesera. Eta, idatzi, egunero idazten da; ez soilik eskolako umeek edo bulegariek, baizik eta herritar guztiek. Facebook, esaterako, oso-oso popularra da herrian. Dena gertatzen da Facebooken. Baina Facebooken silabikoa instalatzea gauza konplikatu samarra denez, eta, gainera, inork ez dakienez oso ondo silabikoz idazten, Facebooken den-dena idazten da ingeles hutsez: ekitaldi baten iragarpenetik hasi eta maitasunezko mezu intimoenetaraino. Bai crien aldean, bai inuitenean.

Eta zein da soluzioa? Ba ez dakit ez ote den beranduegi soluzio bat bilatzeko (ingelesak ordezkatuak baititu jada hizkuntzaren erabilera-esparru asko eta asko), baina nik egingo nukeen lehen gauza idazkera silabikoa alde batera uztea litzateke, eta cria eta inuktituta alfabeto erromatarrarekin idazteko sistema sendo bat garatzea. Badago dagoeneko silabikoa «gure» alfabetoan transliteratzeko modu estandarizatu bat, baina, crien kasuan behintzat, ez du inork ezagutzen eta, ondorioz, Facebooken eta halakoetan agur hitzen bat criz idatzi nahi duenak ahal bezala transliteratzen du, ingelesaren fonetikari jarraituz (Quebeceko crien lurraldearen izen ofiziala ere ᐄᔨᔨᐤ ᐊᔅᒌ/Eeyou Istchee da, nahiz eta, transliterazio sistema estandarizatua erabiliz, Iiyiyiu Aschii behar lukeen).

Sistema estandarizatu hori bera, nahiz gaur egungo ahoskerara moldatutako beste sistema bat, baina alfabeto erromatarrera egokitzea hil edo biziko pausotzat jotzen dut halako hizkuntza mehatxatuen kasuan, hori egin ezean ingelesak ordezkatuko baitu hizkuntzaren idatzizko esparru osoa, eta, pixkanaka, baita ahozkoa ere (Groenlandiako inuitek, adibidez, ez dute inoiz sistema silabikorik izan; hizkuntza idazten hasi zirenetik, alfabeto erromatarra erabili dute, eta, gaur egun, hizkuntza askoz ere osasuntsuago dago hemengo inuiten artean baino). Badakit txinerak, arabierak eta beste hamaika hizkuntzak arazorik gabe iraun dutela bizirik beren idazkera sistemari eutsiz, baina ez naiz orain hasiko hizkuntza handi eta sendo horien eta criaren, inuktitutaren edo Ameriketako beste edozein hizkuntza autoktonoren arteko indar-alderaketa egiten.

Badakit oso gai delikatua dela, eta halako proposamen batek hautsak harrotuko lituzkeela crien eta inuiten artean, baina, gure hizkuntzarekin alderaketa eginez, ezagutzen ditugu euskara batua sortu zenean euskalki desberdinen arteko hiztunen artean izan ziren ika-mikak, nork bereari eutsi nahi ziola-eta. Idazteko modu estandarizaturik asmatu ez bagenu, euskaldunok ere erdaraz idatziko genioke elkarri oraindik ere, garai batean egiten zen bezala.

4 Replies to “Alfabeto silabikoaren amaiera?”

  1. Hil honetan ere miresmenez irakurri dut, Aiora, zure ekarpena. Bédard-Jakatarrek izotz artean beste hemezortzi hilabete egiten badituzue, 31eskulariek Quebeceko hizkuntzalariek baino gehiago ikasiko dugu criaz eta inuktikutaz; eta, bide batez, euskararen egoeraz gogoeta hotza (zinez hotza, -11ºCtan!) egiten lagunduko diguzu.
    Hil honetakoan, zure artikuluko azken paragrafoak harritu nau. Alfabeto desberdina identitate-marka gisa sentitzeak (eta idazteko arazoak izateak) gehiago gogorarazi dit XXI. mende-hasiera honetako fonetismo lokalen loraldia, joan den mendeko 70eko hamarkadako euskalkien erresistentzia baino.
    Hona fonetismo lokalen loraldiaren (eta, nire ustetan, norabide okerraren) adibide bat, Busturialdeko Hitzatik (2015-02-02) hartua: “MB 2000 taldea, Alde Zaharreko Haitz Nagusije, Sareginek Feministen elkartea, Txikitzerik gurasoen taldea, Sahararen alde lan egiten duen Besalde, Bermeoko Gazte Asanblada eta Amnistiaren Aldeko Mugimendua dira Kabidxe erabiltzen duten taldeak”.
    – Bermeoko gune sozial garrantzitsu bati “Kabidxe” izena ipini zaio. Euskara batuan “Habia” izango litzateke, eta 70eko hamarkadan Bermeo inguruan bultzatu zen ereduak aurrera egin balu “Abia” izango zatekeen; gaurko Labayru-ereduan “Habia”. Eta nik Bermeon ikasi dudan euskara fonetikoan “Abíjjie”. Baina “Kabidxe” da.
    – Elkarteetako baten izena “Haitz Nagusije” da. 70eko hamarkadan Bermeo inguruan “Atxa Nagusia” idatziko zatekeen. Nik “Atxanagosijje” entzun eta ikasi dudan toponimoaren bertsio berria da: Atxa Haitz bihurtu da, eta Nagosia Nagusi, baina fonetismo bermeotar identitarioa gorde gura izan da, kasu honetan beste aldaera grafiko batekin: Kabidxe / nire gustukoagoa / Nagusije.
    – “Sareginek” elkartea “Sareginak” litzateke euskara batuan; 70eko hamarkadan “Saregiñak” idatziko zatekeen; gaur Sareginek, palatalizazioarekin irakurtzeko bada ere.
    – Ariketa-jolas bat egingo dugu hirugarrenarekin. Nire hurrengo lerroak irakurri baino lehen, irakurri berriro (hemen berton, lerro batzuk gorago) Busturialdeko Hitzako berria, eta saiatu bilatzen zein den izenean fonetismo lokal identitarioa duen hirugarren elkartea…

    Aurkitu duze?


    Hirugarren fonetismoa “Txikitzerik” elkartearen izenean dago. Ez da irakurri behar /txikítzerik/, baizik eta /txikitzérik/ edo /txikitxérik/; 70eko hamarkadan Bermeon “Txikitarik” idatziko zatekeen; euskara batuan “Txikitarik” nahiz “Txikitatik”. Baina Txikitzerik da.

    Aiorak dioen moduan, oso gai delikatua da. Hautuetan sentimenduak islatzen dira; nahia eta ezina. Eta susmoa dut Euskal Herrian, kontu honetan, atzerapausuak ematen ari garela.

    Atsegin dut

    1. Oso interesgarria eta pertinentea zure gogoeta, Gidor. Eskerrik asko gurekin partekatzeagatik. Arrazoi duzu: nork bere hizkuntza edo hizkera nola idatzi ez jakiteak zerikusi handiagoa du ziurrenik euskalkien berezitasun fonetikoak transkribatzeko azken aldian egiten ari diren/garen ahalegin ez beti ondo asmatuekin. Nik euskalkien eta batuaren arteko hika-mikak aipatu nituen, hizkera estandarizatu bat izan arte euskaldun askoren arteko idatzizko komunikazioa erdaraz egiten zelako (gaur egun criek Facebooken nahiz email pribatuetan nahiz eskolako jakinarazpenetan elkarri ingelesez egiten dioten bezala) eta, nahiz eta batzuek deitoratzen duten batuaren ondorioz euskalki edo aldaera batzuek “atzerakada” jasan dutela, argi dagoelako hizkuntza estandarizatu izan ez bagenu euskarak ez zukeela bizirik iraungo.

      Criek ere badute arazo hori: Quebecetik hasi eta Kanadako mendebaldeko probintzietaraino hedatzen da crien hizkuntza. Hemengo cri batek nekez uler dezake Saskatchewaneko cri baten hizkera. Quebec barruan ere, iparraldeko eta hegoaldeko cria bereizten dira, eta bateko eta besteko hiztunak ez dira ados jartzen Quebeceko cri guztientzat balioko lukeen aldaera batu bat sortzeko. Arazo hori ere konpondu beharko dute egunen batean (ordurako hizkuntza guztiz galdu ez badute), baina, hori baino lehen, komunitate bereko kideek elkarrekin idatziz komunikatzeko gai izatea lortu beharko lukete. Eta alfabeto silabikoa traba handi bat dela iruditzen zait.

      Artikuluan aipatu ez nuen beste kontu bat, aurreko hilabeteko sarreran iradokitzen nuenarekin lotua neurri batean, “cri-berriak” izatearen beharra da; alegia, komunitatera bizitzera etortzen diren kanpotarrek cria ikastearen garrantzia. Cria alfabeto erromatarrez idatziko balitz, kaleko kartel guztiak irakurtzeko gai izango ginateke, adibidez, hona bizitzera etorritako kanpotar guztiok. Berehalaxe jakingo genuke, esaterako, “chipihchii” hitzak “gelditu” esan nahi duela; orain, ordea, hemengo zuri gehienek ez dute ideia zipitzik ere nola irakurri behar den “stop” seinaleetan ageri den “ᒋᐱᐦᒌ” hitza. Adibide hutsal bat besterik ez da, baina, hizkuntzaren desagertze-arriskua hainbesterainokoa denean, hizkuntzaren biziraupenerako traba izan daitekeen oro saihestea komeni da.

      Atsegin dut

  2. Aiora eta Gidor,

    Lotsa dexente ematen dit zuen bien testu zehatz eta dotoreen ondoren neuk zerbait gaineratu nahi izatea, baina aspaldi ikasi nuen lotsa ez dela gauza ona.

    Harira. Identitatea eta alfabetoak. Identitatea eta grafia. Grafia (ortografia) jakin bat, identitate-zeinu gisa. Ideia horiei buruan bueltaka nenbilela, gogoratu dut behin irakurritakoa (eta, berriro, ezin dizuet estekarik eman, ezta erreferentzia erdi-zehatzik ere), alegia, Errusiako Iraultzaren ondoren Hizkuntzaren Akademia Sobietikoak (hau da, Akademia Inperialaren oinordeko zuzenak) Tsarraren garaian proiektatutako eta behin-eta-berriro atzeratutako ortografia-erreforma ezarri zuen errusierarentzat. Hau da, Leninek Tsarrak asmatutako erreforma gauzatu zuen. Eta, jakina, automatikoki, erbesteko errusiar “zurien” (hots, “gorrien” kontrakoen) artean, ortografia zaharra sakralizatu zen. Eta exilioko astekariak (Parisen edo Londresen argitaratzen zirenak) ortografia zaharrari fidel atxeki zitzaizkion. Hil arte. Alegia, azken exiliatu zaharrak bata bestearen atzetik hil ahala, desagertu ziren beren argitalpenak, desagertu zen beren grafia. Baina, eta hau da klabea, komunismoa erori ondoren (1989an) berpizkune-kimu bat egon zen, ortografia zaharra eta “legitimoa” berrezartzeko saio bat. Porrot egin zuen. Baina ez osorik, nonbait. Non iraun zuen ortografia zaharrak? Bada, egunkarietako eskeletan, hileta-oharretan, kanposatuetako hilarrietan, zenbait dendaren eta jatetxeren izen eta errotuloetan…

    Alegia, gutxi gorabehera, gure artean ortografia “sabinianoak” bezala. Hots, Etxeberria´tar Jon Kepa bezalakoak, egunkarietako eskeletan, kanposantuko hilarrietan, zenbait jatetxeren izenetan… iraun zuten. Batzuetan, erre gangardun eta guzti.

    Aiora, agian zure herri hortako lagunentzat nahiko izan daiteke ortografia zaharrari herriko batzokiaren errotuloan eustea, kanposantuko hilarrietan, aldian aldiko hitzaldi solemneetan, eta abar. Esaiezu ere dela, itxura guztien arabera, errusiarrek eta euskaldunek hori egin zutela.

    Esaiezu une traumatikoa izan zela. Baina gainditu zutela.

    OHARRA: Errusiaren ortografiaren historiaz ezer okerrik esan badut, zuzendu dezatela horretaz dakitenak. Pozik entzungo diet, izan ere, irakurketen oroimena oso traidorea da. Bon, oroimena traidoera da, tout court.

    Atsegin dut

    1. Pruden, guztiz ados zurekin. Behin joan nintzen herriko crien meza entzutera, eta apaizak (kanadar zuri anglofono anglikanoa) Bibliako pasarteak silabikoz idatzita jasotzen zituen fotokopia eman zidan, meza jarraitu ahal izan nezan (laguntzaile criak zituen apaizak, noizbehinka otoitz kristauak criz errezitatzen zituztenak). Jarrai dezatela otoitzak eta Biblia silabikoz irakurtzen (horixe izango da inoiz criz idatzitako libururik luzeena), eta jar dezatela batzokiko errotulua ere silabikoz, baina, egunerokoan, esango diet egin dezatela euskaldunek eta errusiarrek bezala.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina