Dotazio, ezen ez zuzkidura?

Karlos del Olmo

Administrazioaren alorreko Langileen Kudeaketa azpialorreko gaztelaniazko «dotación» terminoak testu beraren barruan «dotazio» zein «zuzkidura» emanda agertzeak eragin ditu ondoko lerroak (bai eta itzulpen memoria beraren barruan bietara ordain izanak ere). «Lanpostu», «langile», «(lanpostu jakin baten izena) kopuru», «kide kopuru», «pertsona» eta bestelako ordain batzuek ere korritzen dute administrazio testuetan. Ezer baino lehen, esan dezagun ez garela aipatzen ari aurrekontuen alorreko «diru zuzkidurak» edo hirigintza arloko «zuzkidura elementuak», ezta eskifaiak edo tripulazioak ere, are gutxiago —hurbilago dagoen arren—, Euskaltermen araberako «unitate edo helburu jakin baterako polizia-kopurua» delakoa ere. Dena dela, aztergai dugun terminoaren bi tasun semantiko metatzen ditu azken honek: a) langile kopuru jakin bat adieraztea, b) langile horiek guztiak unitate (edo) zehatz batekoak izatea.

Definizioari begiratuz gero, erakunde ofizialetan ondokoak izan ohi ditugu:

  • lanpostua: hainbat irizpideren arabera metaturiko ardura (funtzio) sail bat, ezaugarri sorta definitu baten jabea. «Dotaziak» barne biltzen dituzte (lan)postuek.
  • (lanpostuen) dotazioak: postu bati dagokion unitateen kopurua. Eginkizun eta/edo ezaugarri elkarren ezberdinak izan ditzakete. Postuak funtzioetan oinarriturik eratzen dira, dotazioak atazen edo eginkizunen arabera, ordea.
  • funtzioa: zer egin behar den definitzen duen enuntziatu bat.
  • ataza, eginkizuna: nola egin behar den definitzen duen enuntziatua, funtziotik eratortzen da.
  • plantilla: erakundean diren lanpostuen dotazio guztiak.
  • (lan)postuen zerrenda: antolamendu tresna bat da. Plantilla kontuan izanda, giza baliabideak antolatu eta planifikatzeko bidea ematen du. Diren dotazio guztiak har ditzake, edo batzuk besterik ez.
  • aurrekontu plantilla edo plantilla organikoa: aurrekontuan langileei ordaintzeko dirua izendatuta duena.

Toki administrazioari dagokionez, Toki-araubidearen oinarriak arautzeko 7/1985 Legeko 90. artikuluaren arabera, «Toki-korporazio bakoitzari dagokio urtero, aurrekontuaren bidez, plantilla onartzea. Zerrenda horretan funtzionarioen, eta lan-kontratuko eta behin-behineko langileen lanpostu guztiak jaso beharko dira».

Seguru asko, aurrekontu plantilla edo plantilla organiko horretan dago «zuzkidura» terminoa langilea(k) aipatzeko erabiltzearen jatorria. Zein da gauza? Lanpostuen zerrendak ezin duela bere baitan jaso plazarik edo posturik baldin eta beharrezko aurrekontu zuzkidurarik ez badute.

Proposamena: orokorrean, «dotazio» erabiltzea, postu, lanpostu, langile, funtzionario eta enparauak beste termino batzuk ordaintzeko erabili ahal izateko.

Arazoa? Euskaltzaindiak ez duela onartu, oraindik, «dotazio» berba Hiztegi Batuan. Eta, horrekin batera, dotar eta desdotar, desdotación eta sailekoak erabaki beharrean geundeke. Zilegi litzateke tradiziozko «dotatu» aditza erabiltzea? Eta «desdotatu» asmatzea? Honelakoak agertzen direlako corpusetan: «Desdotar provisionalmente la transformación de dos plazas de técnico auxiliar de laboratorio en dos plazas de técnico especialista de laboratorio…», «La Administración opta por exprimir al máximo a los trabajadores que tiene a su servicio desdotando plazas y congelando la ampliación de las mismas». Azken batean, kolokazio hau ematea dateke gauza: «quitar la dotación, partida presupuestaria, efectivos...»?

One Reply to “”

  1. Eskerrik asko, Karlos, ondo emandako zehaztasun horien guztiengatik.
    Zure azken galderari dagokionez, ohartxo bat. Euskaltzaindiak onartua du “dotatu” hitza Hiztegi Batuan. Honela:
    dotatu, dota, dotatzen. du ad. Zah. h. dohatu; hornitu

    Eta “h.” horiek, nik ulertzen dudanez, Euskaltzaindiaren Hiztegiak dakarren esanahirako dira, ez orain agertu den premia berrirako:

    dohatu, doha, dohatzen 1 du ad. Ipar. Dohainen batez hornitu. “Jainkoak gizon batzuk dohatu ditu bertsolari izateko. Dohain onez dohatu nau jainkoak. Eskasik gabea, indar edo ahal guztiez dohatua”.

    2 (Era burutua izenondo gisa). “Nornahi bezain trebeak eta dohatuak. Mutil dohatu horiek aritzen diren gisan, nork ez luke nahiko pilotari izan. Pilotari, predikari dohatua”.

    Premia baldin badago, eta uste dut ondo arrazoitua dagoela premia, zalantza izan daiteke ea “dotatu”, “dohatu” edo “hornitu” hartzea komeni den. Edozein hartzen dela ere, ez dago arazorik des- aurrizkia erabiltzeko, “desdotatu”, “desdohatu” edo “desornitu”. Eta izena ere beharko da: “dotazio, dotatze”, “dohatze”, “hornizio, hornitze”.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina