“Eta biok”

Iñaki Segurola

Aspaldiko urteetan esan liteke halako joera bat gailendu dela euskara batu-bakandu ofizialean, eta ni idaztea eragozten duena. Horren zuztarra ideologikoa edo ideiazkoa izan liteke eta, zehazkiago esanda, euskaldun jatorren ustezko joera edo nahikunde gu-zale eta ni-aren ezkutatzaile edo lausotzaileak ekarria izango genuke eta ni-ren eragoztea. Horren eragina zeharo ukatu gabe ere, iruditzen zait beste ustezko jatortasun bat dabilela hor zinez lanean, eta da jatortasun gramatikazkoa: eta biok/hirurok… litzateke beti egitura jatorra, «euskal senaren araberakoa», eta sekula ez eta ni. Munduko letrakuntza edo hizkuntza ofizial idatzizko guztietan daude holako hobe-beharrezko sasi-arau edo hiper-orokortze behargabekoak, eskola edo tzaindi edo antzeko erakundeek aginduta sartuak, baina, hori aski ez dela, euskara bezalako galerako hizkuntzetan (galeran doazen edo datozenetan) hizkuntzaren gaineko hiper-kontzientzia (eta, beraz, «naturaltasun» falta) batek hizkuntza gailenarekiko etengabeko desberdintze edo desberdindu-beharrera egiten du bultza, halako moldez non hizkuntza gailenean ez bezalakoa izango baita beti onena edo jatorrena. Gaurko kasuari gagozkiolarik, eta biok erako egitura hobea edo jatorragoa izango da beti eta ni erakoa baino. Esan beharrik ez dago jokabide hau «erdarari begira» egoteko eta aukeratzeko beste modu bat baizik ez dela.

Gure belarriek minik haundiena hartzen dute agindupeko hiztun ez-naturalen ahotik hi/zu eta biok aditzen dutenean, halakoak ezinezkoak baitira gure gramatikan; biok hutsa edo hi/zu eta ni dira holakoetan esaten direnak. Min ematera iritsi gabe ere, asko harritzen gaituena da X eta biok egitura zenbateraino hedatu den liburu eta pelikulen tituluetan. Ez dut uste inola ere hiztun natural bati berez ateratzen zaion egitura denik; aitzitik, esango nuke norbait noizbait argialdi itsugarri batek jo eta ohartu zela «erdaraz ez bezalako» egitura bat badagoela halakoetan erabil litekeena belarriko min haundiegirik eman gabe: dakigunaren arabera, argialdi hori Bingen Amezagari etorri zitzaion 1953an Platero ta biok izeneko itzulpena egiterakoan. Ordutik hona indartu besterik ez da egin joera hori, kasik baitezpadakoa edo kanonikoa bihurtzeraino, hegoaldean bederen.

Kontuan hartu behar da, bestalde, anbiguoa dela eta biok egitura, eta ez dela beti eta ni-ren baliokidea, eta izan daitekeela eta hi/zu edo eta hura-rena ere. Hona hemen testuetako adibide batzuk (neure hizkeratik asmatzen ibili gabe): 2. pertsonarekin, Lizardi lurra ta biok elkarri munka zaudete; 3. pertsonarekin, Barbier lamina eta biak heltzen dira ur bazterrera, Zaitegi badoaz Sokrate ta biok. Zer pentsatu behar dugu orduan? Berariazko anbiguotasun baten bila dabiltzala literatoak eta gainerakoak eta biok erabili beharreko aginduari obeditzen diotenean? Inola ere ez, jakina, gogoan izanik bereziki galerako hizkuntza batean literatoak eskuarki «belarrimotzak» izan ohi direla: hots, begi-buruzkoak, agindupekoak eta hizkuntza natural orok berezkoa duen anbiguotasuna nekez jasaten dutenak.

Iruditzen zait belarrizko euskaldun bati X eta ni naturalagoa eta berezkoagoa egiten zaiola titulu batean X eta biok baino, eta ezin onets dezakeela X eta biok egituraren ia-derrigortze edo kanonikotzea. Azken esan-modu honek zerbait gehitzen duela dirudi, edo zerbait gehitu nahi lukeela gramatikalki, estilistikoki edo auskalo nola, baina, nere iritzirako eta belarrirako, zinez gehitzen duena halamoduzko jator-gehigarri bat besterik ez da. Izan ere, badirudi eta biok/hirurok… egituran nolazpait jakina izan behar duela –aurretik aitatua izan delako edo hizketako egoerak erakusten duelako– beste pertsona bat partaide dela sintagman (eta perpausak adierazten duen esankizunean), eta informazio jakin-beteegia ez emateagatik uzten dela adierazi gabe eta bi-, hiru– edo dena delakoarekin ordezkatua bezala. Adibidez: hizketako egoera batean, inork aurretik deus aitatu ez badu edo mintzaideentzat informazio ezezaguna baldin bada, Mikel eta ni atera ginen txapeldun esango du mintzo denak; aitzitik, jakina baldin bada ni dioena dela txapeldunetako bat, Mikel eta biok… esan ahalko du ni horrek; edo joera nagusiak horiek izango dira bederen. Titulu batean, jakina, ezin egon daiteke aurretik deus aitaturik eta jakinik, eta hargatik esango nuke naturalagoa dela eta ni erako egitura erabiltzea.

Euskara galbidean sentitu zuen Xalbadorrek bere inguruan, baina haren baitan euskara ez zen oraino galerako hizkuntza, ez zen agintaritza baten esanera erabiltzekoa, eta bai hizkuntza bizia eta bihotz-belarriz zuzenean sentitua. Gaurko jardun honi buru ematerakoan, haren 1974ko bertso-sail baten tituluarekin oroituko gara: Jainkoa eta ni.

4 Replies to ““Eta biok””

    1. Hor nonbait idatzi dudanez, begi-belarriak aspertu zaizkigu tituluetan, IA DERRIGORREAN, “X eta biok” ikusten edo entzun-ikusten. Ez dut esaten “ezinezkoa” denik ezer, baina askoz naturalagoa egiten zait titulu batean “X eta ni”. Hori hala da nere gramatikan eta Xalbadorrenean. Saiatu naiz esplikatzen afera honen giltza nontsu dagokeen.

      Atsegin dut

  1. Ados, Zegurola… edo atres… Oraingoan asmatu duk: hiperkorrekzioa da, inondik ere, galbidean dagoen hizkuntza baten gaitzik nabarmenetako bat, eta ebitatu egin behar da, edo saihestu… Ekidin, ez, ordea.

    Atsegin dut

  2. Egia esan, horrela planteatuta, nahiko hizpide alferra deritzot honi .

    Egia da Iñakik aipatzen duen “jatortasunerako” gehiegizko joera bat badagoela batzu(e/o)-ngan, baina joera hori, batez ere idatziz, hizkuntza gutxitu guzti-guztiei gertatzen zaie, hainbat hizkuntzalarik aspaldi frogatu zuen bezalaxe; ez bakarrik euskarari. Ez dezagun, hortaz, gurpila asma.

    Esate baterako eta adibide hurbil bat ipintzearren, flamenkoa askoz garbizaleagoa da Belgikan, Holandan baino. Beraz, euskara idatzian gertatzen den hori ESPERO DAITEKEENA da, eta diglosia, prestigio falta, eta abarrekin batera datorkio.

    Nire ustez, auzi hau era orokor batean tratatu beharra dago, bestela nork bere apeta ezinikusiei baino ez dielako begiratuko.

    Bestalde, eta tituluei erreferentzia egin dela-eta, askotan esan izan da tituluek iradokitzaileak izan behar dutela. Hortaz, seguruenik, “X eta biok”, duen anbiguotasunagatik, askoz iradokitzaileagoa izango da “X eta zu” zehatza baino. Ondo ibili denok.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina