Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak II

miel a. elustondo

Moskun, lehena ikusi genuen poliziari galdetu genion: «Nora eraman zituzten Txernobilgo suhiltzaileak?». Eta erantzun ere zigun, batere usteko ez bagenuen ere. Beldurra sartu ziguten, erabateko sekretua zela pentsarazi ziguten. «6. Ospitalea. Xukinskaian».

Ospitale berezia zen, erradiologiarentzat, eta ez zegoen hara paserik gabe sartzerik. Ateko emakumeari diru pixka bat eman, eta «Aurrera» esan zidan. Gero, beste bati ere galdetu behar izan nion, erregutu. Azkenean, Angelina Vasilievna Guskova erradiologo-buruaren bulegoan jartzera iritsi nintzen. Itzulingururik gabe galdetu zidan: «Haurrik baduzu?».

Eta zer esan behar nion? Ordurako konturatuta nengoen ezkutatu egin behar niola haurdun nengoela. Ez zidaten nire senarra ikusten utziko! Eskerrak argala naizen, inork ezingo luke ezer igarri.

«Bai», esan nion.

«Zenbat?».

Pentsatu egin nuen. Bi ditudala esan behar nion. Haur bat besterik ez nuela esanez gero, ez zidan sartzen utziko.

«Mutila eta neska».

«Hortaz, ez duzu gehiago izan beharrik. Ongi da. Entzun: zure senarraren nerbio sistema zentrala guztiz kaltetuta dago, burua guztiz kaltetuta».

«Ongi da», pentsatu nuen, «horrek esan nahi du are urduriago egongo dela».

«Eta aditu: negarrez hasten bazara momentuan bertan aterako zaitut. Ez besarkadarik, ez musurik. Ezta berarengana hurreratu ere. Ordu erdia duzu».

Baina ordurako banekien ez nuela handik alde egingo. Alde egiten banuen, berarekin joango nintzen. Zin egin nion neure buruari!

Sartu nintzen. Ohean jarrita zeuden, karta jokoan eta barrez. «Vasia!», hots egin zuten. Senarrak burua jiratu zuen: «O, tira, bukatu da! Aurkitu nau hemen ere!». Barregarri itxura zuen, 48 neurriko pijama jantzita baitzegoen, eta berak 52koa erabiltzen baitu. Mahukak motzegi zituen, prakak ere motzegi. Baina ordurako aurpegia ez zuen handitua. Nola-halako likidoren bat injektatzen zieten.

«Nora ihes egin zenuen?», galdetu nion. Besarkatu nahi izan ninduen. Medikuak ez zion utzi. «Jarri, jarri», esan zion. «Besarkadarik ez hemen».

Nolabait ere, txantxetan hartu genuen. Eta, gero, guztiak hurreratu zitzaizkigun, baita beste gelatakoak ere, denak Pripiatekoak. Hogeita zortzi ziren hegazkinean.

Senarrarekin egon nahi nuen, baina bakarrik, minutu bat besterik ez bazen ere. Gainerako mutilak konturatu ziren, eta nork bere aitzakia asmatu zuen, handik irten eta korridorean barna abiatzeko. Orduan, besarkatu egin nuen senarra, musu eman nion. Berak atzerantz egin zuen.

«Ez nigana hurreratu. Hartu aulkia».

«Horixe txorakeria!», esan nion, aulkia aparte utziz.

Hurrengo egunean joan nintzenean, etzanda zeuden, nor bere gelan. Korridorean ibiltzea galarazi zieten, baita elkar ukitzea ere. Horman jotzen zuten hatz-koskorrekin. Puntu-marra, puntu-marra… Medikuek esan zutenez, bakoitzaren organismoak diferente erantzuten du erradiazioaren aurrean, eta pertsona batek eraman dezakeen mina, beste batek ezin du. Medikuek gaixoak zeuzkaten gelako hormetako erradiazioa ere neurtu zuten. Eskuin aldera, ezker aldera, eta zorua. Beheko eta goiko solairuetako gaixo denak mugiarazi zituzten. Inor ez zuten bertan utzi.

Senarra aldatzen hasi zen; pertsona berria topatzen nuen egunero. Erredurak azalera etortzen hasi ziren. Ahoan, mihian, masailetan; hasieran zauri txiki zirenak, hazi egin ziren gero. Geruza bat osatu zuten; geruza txuri bat… haren aurpegiaren kolorea… haren gorputza… urdin… gorri… gris nabarra. Eta nirea zen hura dena! Ezina da deskribatzea! Ezina da idaztea! Ezina da jasatea.

Salbatu ninduen gauza bakarra izan zen oso arin gertatu zela dena; ez zegoen pentsatzeko astirik, ez zegoen negar egiteko astirik.