Leku-izenen deklinabidean araututako zenbait bitasun: anakronismoa?

Alfontso Mujika

Kontsonantez amaitutako leku-izenen deklinabidean, aukeran uzten du Euskaltzaindiaren arauak e epentetikoa erabiltzea edo ez leku-genitiboan, adlatiboetan eta ablatiboan: Eibarko zein Eibarreko, Eibarra(t) zein Eibarrera(t), Eibarrantz zein Eibarrerantz, Eibarraino zein Eibarreraino, Eibartik zein Eibarretik (baita motibatiboan ere, Eibar(re(n))gatik, baina hori ez da leku-denborazko kasua, eta utz dezagun alde batera).

1979koa da araua, eta 35 urte eta gehiago igaro dira dagoeneko. Garbi dago azken 35 urteotan euskararen estandarizazioak hainbat urrats egin dituela (aurrerantz, gehienbat, ezta?). Horregatik, duela 35 urte zentzuzkoa izango zen, ziur asko, aukera bat baino gehiago uztea zenbait kasutan, orduko egoerari erreparaturik. Gaur egun, ordea, errealitateak erakusten du bide bat nagusitu dela, argi nagusitu ere. Beraz, jo daiteke iritsia dela unea garai batean zentzuzkoak ziren zenbait bitasun bazterrean uzteko, ia anakronismo bilakatu baititu denboraren joanak.

Gaur, esan daiteke halako hibridazio bat gertatzen dela epentesiaren erabileran. Batetik, leku-genitiboan (Eibar(re)ko) bizi-bizirik daude bi aukerak. Ez hain nabarmen Eibar adibidean (idatzizko erabileran alde handiz da nagusi Eibarko moldea Eibarreko moldearen aldean), baina bai kanpoko leku-izenetan (Parisko zein Pariseko, agerraldi-kopuruari dagokionez, parekatuta ageri dira; beste kasu batzuetan, denetarik dago, eta aldaera bat zein bestea izan daiteke nagusi: Laosko/Laoseko, Doverko/Doverreko, Suezko/Suezeko, Hondurasko/Honduraseko, El Salvadorko/El Salvadorreko). Garbi dago egungo egoeran ez dagoela oinarririk, erabileran oinarriturik, bitasuna gainditutzat jo eta baztertzea aldezteko.

Bestelakoa da, nabarmen, adlatiboetako e epentetikoaren kasua (Eibar(re)ra(t), Eibar(re)rantz, Eibar(re)raino). Euskal Herriko leku-izenetan beretan, Eibarko eta Zarauzko aukerak nagusi izanik ere Eibarreko eta Zarautzeko aukeren aldean, alderantziz gertatzen da adlatiboetan: Eibarrera eta Zarautzera aldaerak askoz gehiago erabiltzen dira Eibarra eta Zarautza baino (beste kontu bat da ahoskera: [zarautza] esatea guztiz arrunta da hizkera batzuetan, baina baita [etxea] esatea ere, nahiz eta etxera idatzi. Beraz, ahoskera ez da hemen nahastekoa). Eta are nabarmenagoa da aldea beste adlatiboetan: Eibarrantz, Eibarraino, Zarautzantz, Zarautzaino aldaerak hutsaren hurrengo dira Eibarrerantz, Eibarreraino, Zarautzerantz, Zarautzeraino aldaeren aldean. Egiaztatu nahi baduzu, galdetu Google anaia handiari.

Kanpoko leku-izenei dagokienez, ia erabatekoa da e epentetikoaren erabilera: Madrila eta Parisa aldaerek badute oraindik tokitxo bat gaur egungo testuetan, Madrilera eta Parisera nabarmen nagusi izan arren. Baina Atenasa, Singapurra, Doverra, Galesa, Calaisa, Milana, Budapesta gisakoak hutsaren hurrengo dira –edo erabateko hutsa– Atenasera, Singapurrera, Doverrera, Galesera, Calaisera, Milanera, Budapestera aldaeren aldean. Gaur egun, euskaldun batzuentzat –askorentzat, esango nuke, baina frogarik gabeko irudipen hutsa da–, Milana gisako formak (Milana joan da), idatziz, ez bakarrik bitxiak baizik eta ulergaitzak ere badira, ez baitute ikusten halakoen atzean NORA dagoenik.

Idazle gutxi batzuk, bestalde, saiatzen dira, borondate onez, koherentziari eusten: Eibarko eta Londresko esan eta idazten badut, epentesirik gabe, berdin jokatu beharko dut gainerako kasuetan ere: Eibarraino eta Londresaino. Baina ez dut uste egungo euskara estandarrean Londresaino idaztea inori berez ateratzen zaionik; hau da, iruditzen zait koherentzia nahiak eragindako artifizialtasuna dela.

Horregatik, uste dut iritsia dela unea Euskaltzaindiak duela 35 urte hartutako erabaki hura (ez hura bakarrik, baina hari buruz ari gara gaur) berrikusteko eta gaur egungo erabilera arauan islatzeko, leku-denborazko kasuetako e epentetikoaren simetria beldurrik gabe hautsita. Hau da, egungo Eibar(re)ko, Eibar(re)ra(t), Eibar(re)rantz, Eibar(re)raino, Eibar(re)tik aukera-parrasta murriztea eta e epentetikorik gabeko aukera kentzea adlatiboetan. Hau da, honela uztea:

Eibar(re)ko, Eibarrera(t), Eibarrerantz, Eibarreraino, Eibar(re)tik.

Izango da bazterretan heretikotzat joko nauenik eta euskara batuaren harroinak pitzatu nahia leporatuko didanik. Ez ahal nau Euskaltzaindiak eskumikura egotziko!