Literatur lanen izenburuen itzulpenaz (I)

Xabier Olarra

Izenburuaz agertzen denez edozein literatur lan mundura, arreta eta errespetu berezia merezi luke, jakinda idazle batek —gaur egun beharbada argitaratzaile edo editore batek behar baino esku luzeagoa duela badirudi ere—, seguru aski, oso ondo pentsatu duela bere lanari zer izen jarri. Baina hori izaten al da itzultzaileon jokabidea? Gaiari axaletik begiratuta ere, berehala konturatuko gara maiz samar hartzen ditugula bestelako bideak, oso badaezpadako arrazoietan oinarrituta maizegi.

Izenburuarena izan zen James Joyceren Ulysses itzultzeari ekin nionean aurre egin behar izan nion lehenbiziko arazoa. Aldez aurretik konpondutzat joko du askok. Baina zer egiten dugu izenburuekin eta izen bereziekin? Bistan da makina bat aldiz jokabide bitxi askoekin topo egiten dugula, are «itzulpen» deitzea batere egokia ez den modukoekin.

Bestalde, askotan gertatzen zaigu euskarara itzuli ez diren hainbat literatur lanen izenburuak aipatu beharra, eta hor hasten dira komeriak. Biderik errazena, noski, itzuli gabe uztea da, baina ez dut ukatuko, ahal izanez gero, erosoagoa dela irakurlearentzat horiek guztiak bere hizkuntzara itzulirik aurkitzea, nahiz eta beharbada nola edo hala «finkatzen» direnak ez izan erabat asebetegarriak norberarentzat. Erosoagoa da, printzipioz, Jainkotiar Komedia (nolabait finkatua, nahiz eta eztabaidagarria izan) erabiltzea ezen ez Comedia, Divina Commedia, La Divina comedia, Divine Commedie jatorrizko bien eta gure aldameneko bi hizkuntzetan eman zaizkionen artean aukeratzen ibili beharra, edo bakoitzak bere gisara ematea. Edo Dekameron, itzulia daukagunez geroztik, holaxe aipatzea, eta ez Decameron, Il Decamerone eta abarren artean aukeratu beharra.

Adibide horiek, noski, klasikotzat dauzkagun horien kasuetarako balio dute, baina behin hortik ateraz gero, seguru aski, aiseago onartzen dugu literatur lan baten izenburua literatur lan hori sortua den hizkuntza berean emanda irakurtzea, hurbil samarrekoa bada eta irakurleari lagundu baino gehiago traba egiten ez badio betiere. Esate baterako, ez dugu inolako problemarik Jonathan Franzen estatubatuarraren lan nagusiak The Corrections, Freedom edo Purity horrelaxe aipatzeko. Gaztelaniaz, berriz, pedantekeria nabarmena litzateke izenburu horiek ez ematea itzulirik diren bezala: Las correcciones, Libertad edo Pureza. Eta, era berean, ez litzateke oso praktikoa izango (alor espezializatu batean ez bada) Dostoevskiren Hobena eta zigorra aipatzeko, Internetek eta Google Translatek ematen dizkigun aukerez baliatuz, Преступле́ние и наказа́ние, edo transkribaturik Prestupléniye i nakazániye ematea gaur egungo artikulu batean (euskaraz edo gure inguruko hizkuntza batean, noski).

Munduko gauzarik errazena dirudien arren egilearen nahiari estu atxikitzea, ez da beti hala izaten. Eta izenburuen itzulpenean, hiru jokabide mota bereiziko nituzke: a) Itzulpen «zuzena» b) egokitzapena c) ordezkapena.

A. Itzulpen «zuzena»

Ikus dezagun, adibidez, zein izaten den gure jokabidea izenburuan izen bereziak dituzten literatur lanen kasuan.

Horrek ematen du errazena. Bere horretan utzi, eta kito: Madame Bovary, Gatsby Handia, Francis Macomber, Lolita. Orduan, Ulysses ala Ulises? Ala Ulise?

Gure inguruko hizkuntzetan zer egin duten ikusita, Ulysse (fr), Ulysses (de), Ulises (es), Ulise (it), Ulisses (cat), Ulises (ga) euskaraz ere, azkenean, hala ematea erabaki nuen, «itzulita».

Badirudi alferrikako kontuetan burua nekatzen ibili nintzela, baina kontua da orain dela 50 urte normaltzat har zitekeen bezala The Murder of Roger Ackroyd gaztelaniara itzulirik La muerte de Rogelio Ackroyd ikustea, ez dago esan beharrik gaur egun ez genukeela aise onartuko. Orduan, pertsona(ia) baten izena duen izenburu bat denez Ulysses, ez al genuke itzuli gabe utzi beharko?

Badirudi, kasu honetan, gure inguruko hizkuntzetako joera nagusia dela, nobela baten izenburutzat baino gehiago, Homeroren pertsonaia baten izentzat hartzea Ulysses, eta, horrenbestez, hizkuntza bakoitzean izen horrek duen izenburua jartzea Joyceren liburuari (itzultzea, nolabait esateko, tokian tokiko hizkuntzara).

Ikus ditzagun beste adibide batzuk:

2.- The Great Gatsby > Gatsby le magnifique > El gran Gatsby > Gatsby handia.

3.- The Talented Mr. Ripley > Monsieur Ripley > El talento de Mr. Ripley > Ripley trebea.

4.- Ripley’s Game > El juego de Ripley > Ripley s’amuse > Ripleyren jokoa.

Bistan da batetik bestera badirela aldaketak, ez ordea oso larriak, eta funtsean, hizkuntza bakoitzean itzultzailearen —edo editorearen— gustuaren arabera eginak direla aldaketa xumeok.

Frantsesera egindakoetan aurkitu izan dut nik jokabiderik «libreena». Hortxe bertan, Ripley’s Game = Ripleyren jokoaren kasuan, «jokoa» —apustua dena, gutxienez— «jolas» (dibertsio) bihurtzeak gehiegizkoa dirudi, batez ere kontuan hartzen badugu joko/jolas hori, kasu horretan, hilketa dela. Jatorrizko hizkuntzako «game» horrek bi adierak ditu, eta baita «ehiza» adiera ere. Horregatik, ezin esango dugu frantsesezko «s’amuse» oker emana dagoenik, batez ere, itzultzaileari, pertsonaiaren barruan sartuta beharbada, hilketa «jolas» gisa hartzea zilegi iruditu bazaio.

Bestalde, aipatzekoa da euskarara Mr. Ripley ekartzean > Ripley soila bihurtu duela itzultzaileak, Ripley jauna bere jauntasunaz gabeturik. Nabarmentzekoa da, baina hurrengo baterako utziko dut kontu hau.